—12—
Serenity Starreko tripulazioa herrian azaltzen hasi orduko ez zen falta izan erauntsi osteko uriolekin izututako arratoiak ikusi zituenik. Baina, oro har, airearen itzal balira bezala jokatu zen hasierako asteetan marinel abandonatuekin. Edwin, aljeriarretako bat eta pare bat ukrainar mozkote izan ezik, gorpuzkera handiko gizonak ziren gehienak. Herrian ikusita, alkandoretan, oinetakoetan, orrazkeretan zen ezagun nortzuk ziren.
«Jende zintzoa dirudi».
Bahametarako egokiagoak ziren atorra koloretsuak eta larru iluneko jakak, hebilladun zapata zabalak, bekokian albo baterantz jausten zen ile sarri argia, beste garai bateko manerak zituzten guztiek.
«Trauskil gizajoak!».
Denborak bere lana egin zuen arte.
Egunetik egunera barnerago, portutik gora, azoka inguruan agertzen hasi ziren, kale artean erakusleihoen aurreetan, erdialderaino iritsita maizenik, metro-zuloan sartu eta Bilborakoa hartzeko normalean.
Begiekin jaiotzen dela ohartu zen jendea orduan.
«Elektrotresnen eskaparate aurrean, zer erosteko?».
Estua da errukitik ezinikusira dagoen aldea. Halakoxeak gara. Metroko txartela ordaintzen zutelako hasi ziren susmoak, ez hesi mekanikoaren gainetik jauzi egiten zutelako.
«Txori txikirik ez dutela?».
Uriarteren dendan jakin nuen superreko kontainerretan sartzen zirela gauez, bazela izen eta guzti ematen zen dendari abegikorrik, iraungi eta botatzeko janaria poltsetan txukun gorde eta eskura ematen ziena. Erantzuna, atoan iritsi zen. Horrexegatik egiten nion uko inorekin eztabaidan katigatzeari. Mintzo zitezen uzten nien, isiltasunez erantzuteko beti, azkazalei begiratzen nien bitartean, arinago haz zitezen eskatzeko, behingoz nahikoa hazi begi haietan labana gurinetan bezala sartzeko.
«Mutua duk biloba, Mateo?».
Harekin nengoela, ez nuen ondoegi ulertzen entzuten nionean gero eta urriagoak zirela janari sarrerak lokalean, Nazioarteko Sindikatuak ez zuela asmatzen ate egokia jotzen armadorea soldatak ordaintzera behartzeko, egoera hartan ezinezkoa zirudiela Serenity Starrek zeraman zama edota ontzia bera saltzeak. Kontua da egunek aurrera egin arau hasiera batean sendoa zirudien giza-sarea ahultzen zihoala. Krisia aipatzen zen, nola lagundu besteri etxean dagoenean premia. Eman beharrekoa eman zela, gainera nola segi laguntzen egia bazen hain harro zebiltzala, ikusi zituzten bezala ikusita, eskatu eta ematen ez zienei zemaika.
Etxerakoa ordaintzea zen bestea, hegazkin txartel bana Kievera.
«Mutua duk biloba, Mateo?».
Eta Chisinaura. Eta Aljerrera. Eta Manilara.
Ukrainarretako bi portura bidean etxe ondotik igaro ziren batean, ea hitz egingo nien galdetu zidan aitite Mateok, jakin nahi zuen bazen ongarririk artean biltegietan, behintzat hura saltzeko.
Eta mutuak berba egin zuen.
— Nola heldu zarete?
Errioaren bestaldera luzatu zuen atzamarra gizonetan zaharrenak, zilarrezko katea eskumuturrean. Astiro hitz egiten zuen, urduritu egiten ninduen esaldirik sinpleenak behin eta berriz errepikatzen zituenean. Zigarroa atera zuen jakako poltsikoan zeraman pakete gorritik.
Ingeles motza zuen.
Itxaroteko keinua egin eta eskuko telefonoa erakutsi zuen, gogo handirik gabe adierazteko nahikoa zutela dei bat egitea nork eraman agertzeko beheko moila ertzean. Lehenengoan isiotu zen kiskeroa.
Lotsorra gaztea zen, ez zuen zirkinik ere egin Mateo Vallejok ahal bezain bizkor beste janari partida bat igorriko ziela aginduta ere.
— Eta gasa. Butanoa, kuzinatzeko.
Aitonaren hitzak itzuli nituen. Ahaleginduko zela dena azkartzen.
— Ea aste honetan bertan bidaltzen dugun.
Esango nuke kostatu egiten zitzaiela esaten niena ulertzen, eta beharbada ez zen hizkuntza arazoa.
Abran, kartoizkoak ziruditen ontzi luzeek ur lohietan ezin geldiago. Itsasaldetik zetorren haizea, muinoen berdearekin nahaste. Zama-moilako garabiek irrintzi egin zuten, burdinazko xaflen danbada entzuten zen portuko zorua jotzen zuten aldiro. Errioan barneragoko moilan, egurra metatzen jarraitzen zuten. Gas biltegiak margotzen ari ziren, osterantzean makaldua zegoen dena, nahikoa zen kamioien joan-etorriari erreparatzea.
— Eta ongarria?
— Aterea —esan zuen zaharrenak.
Ur putzuak zabaldu ziren zeruan.
— Ura —jarraitu zuen.
Gogotsu tira egiten zion zigarroari.
— Tankeetan duguna kutsatzen hasia da, lastakoarekin nahastu zaigu sukaldean erabiltzekoa.
Hala ulertu nion birritan galdetuta. Mateo Vallejok ez zuela itzulpenik behar begitandu zitzaidan, baina.
— Urik ez —esan zuen gazteenak.
— Laguntza behar dugu —errematatu zuen zaharrenak.
— Non dabil Edwin? —atera zitzaidan.
Atzamar luzeak etxe arteko bidea bilatu zuen, balkoien eta kalatxorien artean zeruaren zikinak zikinago bat jo eta itsaso txatal bat agertu zen arte.
— Bazkaria gertatzen.
Arratsalde hartan galdetu zidan Mateo Vallejok, larunbat berundu bat zen, ea lagunduko nion.
Haurren hotsak baino entzuten ez diren orduan atera ginela etxetik akordatzen naiz. Elkarri hitzik egiteke egin genuen erdialderainokoa, zer zerabilen galdetu gabetanik. Zigarroa pizteko gelditu ginen. Berotzen hasia zen, laino artetik jo egiten zuen artean eguzki apalak. Goizeko arropak aldatuak zituen Mateo Vallejok, dotoreago zihoan nabarmen. Tarteka tabako usaina zetorkidan. Jaberik gabeko zakur bat izan genuen atzetik, kartoi zahar batzuekin entretenitu zen arte. Uriarteren dendatik aurrera malda gozoagoa egiten den hartan ekin zion bizkorrago joateari. Eztula agertu zitzaion arren, nik pentsatu aldean erraz kentzen zion lurra oinari.
— Laster gara, Nerea, hortxe da.
Inor gabeko kafetegi argitsu bat, mahai txukun batzuk zituela barrenean. Hormetan Toki Onako dekorazioarekin zerikusirik ez zuten paisaia ederrak: itsasargi baten burua olatu zurden artean harro, zelai ezin berdeago bat, ontzi txiki bat itsaslabar ilunetatik gertuegi. Esku bat airean ongietorria ematen. Heldu ginenerako, Tere bakarrik zegoen bere kikararekin. Hustutako kikara bat norbait iritsi zain.
— Bertakoak beranduen —agurtu zuen aitite Mateok.
Egia zen, Mateo Vallejoren begiak zituen Terek.
— Zaude lasai, gizona. Eta neska polit hau?
Denbora zen inork ez ninduela horrela hartzen. Zain egon nintzen, berehala akordatu zen nire izenaz. Luze gabe, zurea agertu zen, eta amarena ere bai. Gaixotasunaz hitz egin zuten. Horrela ezagutu nuen Tere.
Leuna zuen azala, askozaz emakume gazteago batena begitandu zitzaidan. Sudur-mintzak lore morez gozatu zizkidan usaina zuen. Adinez Mateo Vallejo baino zaharragoa izanagatik, sasoiko zegoen. Ez dakit zenbatgarren aldia zen elkartzen zirena, ez dakit zertarako eraman ninduen aitite Mateok, ez dakit zer egiten nuen bien artean han, baina ez nengoen deseroso ere. Gozoa zen berbetan.
Elkarrekin egon ginen ordubetean asko hitz egin genuen, Terek batez ere. Alferrik pasatzen utzitako denboraz solastatu ziren, ezagutzen ez nituen izenak atera ziren, «egin behar dugu bazkari bat denok ezagutzeko». Mateo Vallejo inoiz ez bezala ikusi nuen, ez zen atzean geratu.
— Nahi baduzue hemen egin dezakegu, badut toki aproposa. Ez badizue ardura denok honaino etortzeak.
Egun hartan izan zen.
— Argazkiak ekarri dituzu?
Terek aurrezki kutxako ikurra zeraman gutun-azala atera zuen larruzko poltsatik. Irribarre egin eta lau argazki utzi zituen bistan, kafe kikaren ondoan. Gizon bera agertzen zen guztietan, bizar zuri handia zuen fraide bat. Gorde ezin izan nituen izenak eman zituen Terek, atzamarra gainean ezarrita. Familia izenak guztiak, beste garai bateko hotsa zutenak.
— Esan nizun, igualak zarete.
Bizarra estali zion eskuaz fraideari. Azkazal zaindu margotu gabeak.
— Ikusten?
Konturatzerako, jendez bete zen kafetegia. Haurrak mahai artean jolasean.
— Akabatu behar nau andre honek! —esan zidan aitite Mateok Terek entzun zezan.
— Zuretzat ekarri ditut. Kopiak dira.
Mateo Vallejo poltsikoan sartzen saiatu zen argazkien zorroa. Ezin izan zuen. Disimulurik gabe egin zuen irri, umoretsu zegoen:
— Eskutik eraman beharko dut aita.
Etxera heldu ginenean, logelan gorde zuen Terek emandakoa. Arropak ere aldatu zituen. Bodegan zituen ur bidoiak orgatxoan zamatu eta moilarako bidea hartu zuen.
— Zu hemen.
Ez zidan utzi laguntzen.