19
Ez dira galderarik gabe so egiten dizuten begi beratuak gehien harritzen zaituztenak, botila barruan agertu zen paperaren kolore bereko eskuak baizik, luzeak eta zainduak, zorrotik atera duen ogi koskorra papur egin eta usoei orain honi, orain hari doitasun salomonikoz banatzen ahalegintzen diren esku horiek, eraztun ikusgarria duela ezkerrekoak eri nagian. Laurogeita hamarretik gora izango ditu, baina ez da gaitza egiten gizona gaztetan nolakoa izan den imajinatzea. Garaia, planta apartekoa, izan da nor ez aspaldi arte.
Ano bana mokoan, lehentxeago samaldan hurreratu zaizkion usoak sakabanatzen hasi direnean eseri natzaio aldamenean. Biurrun doktorea den galdetu diot, («hala naiz orain arte»), neure burua aurkeztu dut, zer naizen zuritu gabe. Badakit kontsultatik pasatako baten bat naizela datorkiola, bezeroren baten semea bestela, jakin badakit ohituta daudela medikuak horretara, besterentzat ezagun izan eta diosala egiten dioten gehienak ez ezagutzen.
Giro dago. Apaldu dira aurreko asteetako bero zakarrak, hodeiek bere onera ekarri dute eguraldia, labea azkenaldian. Biok aulki zurian garelarik, usoez hasi zait solasean, usoez eta hiriez, nola behar dituzten batzuek besteek, («frantziar burgesiari zor zioagu hau ere, ezinezkoa duk bata bestea gabe ulertzea»), garbia du ahotsa («eta alderantziz»). Atsegina da Biurrun, adeitsu ari da, eta inondik ere behartu gabe, alarguna dela aitortzen dit, lehen emazteak egiten zuen bezalaxe egunero jaisten dela, beti ordu bertsuan, usoei jaten ematera («berez Gazteluko enparantzara, baina obrekin, usoak ere honantz mugitu dira»).
Ez dut Juana Ardanaz ekarri nahi hizpidera oraindik, habaila eman behar diot, gauza txikietan bada ere, ezarian biluzten utzi, ager dadin gizona bere sotilean. Basarrosak haizearekin nola, hala gizona bere hitzekin. Eleen dardarak eroraraziko dizkio azken orriak, apaingarririk gabe agertu arte. Hainbeste urteren ondoren, ez da presaka aritzeko kontua. Mintza dakidala usoez eta birikez, arnas aparatuko gaitzez, desagertzen ikusi eta berriro entzuten hasiak diren tifusaz eta tuberkulosiaz («kanpoko jende honek ekarri ditu, desastrea da»), bizitza osoa eman du horretan. Orain semeak duen bezala, izen handia izan du berak ere. Eta hiriko sendagileen artean semea aurkitzea erraza izan delako aurkitu dut nekerik gabe urteengatik hilda zegoela uste nuen gizona.
Histoplasmosia, badakizu zer den? galdetu dit.
Birikei erasaten dien mikosia dela azaltzen dit, hirietako usoei leporatzen zaien gaitza («garai batean oso zabaldu zen, higiene baldintzak okerragoak zirenean»). Ez sinesteko dena eransten du baina, badirela beste arrazoi batzuk ere, «inoiz bere gordinean azalduko ez dizkigutenak», dio.
O Barqueiron izan zen, opor egunen hasieran. Estiri agindu bezala, ez nuen hildakorik eraman maletan. Trukean, berak ez zuela lan konturik aipatuko hitz eman zidan. Itzuli arte ez zen beste zerbaiten bila hasiko. Bideak berak emandako hartaz hitz egin genuen haranzkoan, iraganeko osteren oroimenez, Laida ezin eraman izanaren penaz («seguru egon nahi dut biok bakarrik ez aspertzeko gai garela»). Esandakoa bete nuen. Lurpeko bakar bat aipatu gabe iritsi ginen, onik ustez. Ez neramatzan, baina han zeuden. Goiz batez, bera iratzarri gabe zegoela artean, uraren hotsez esna ez zedin, dutxatu gabe jantzi eta ostatuko nagusiak neuretzat beren-beregi piztutako makinako kafea ohi baino arinago hartuta moilaraino jaitsi nintzen. Hutsik zegoen herria, itsasorako beharra zutenak atereak ziren.
Autoa hartu eta Bareserantz egin nuen. Ez dakit nola, hala uztartu zitzaizkidan buruan solterik nerabiltzanak. Rügengo labarrak ez zirela oso bestelakoak izango otu zitzaidan, hil aurretik ikusi beharreko paisaia horietako bat behar zuela nolanahi, Friedrichek iradokitzen duen neurrian, kasualitate anker eta guzti. Bi gizon eta emakume bat hutsaren aurrean, eta margolariaren erotzea, bakartzea.
Orduantxe erabaki nuen Segundo Biurrun topatu behar nuela. Zor nion Maiteri. Berak, Faustinoren hitza besterik ez izanik, Juana Ardanaz topatu arteko adorea batu zuen. Nik, aldiz, azken koska behar nuen oraindik istorioa zarratzeko.
«Maite, identifikatua sentitu zarelako izan da?».
«Zer diozu?».
«Zergatik ez duzun amore eman. Gizonezkoa balitz, berdin jokatuko zenukeen?».
Segituan konturatu nintzen zer esan nion.
«Imanol...».
«Ez didazu erantzungo?».
«Bai».
«Berdin?».
«Ez, berdinago».
Sakelakoa hotelean ahaztuta, faro bideko taberna batetik deitu nion Maiteri. Lotsatu egin nintzen ezer hartzeke telefonora jotzea zuzenean. Kafea eskatu nuen berriro. Irakiten zegoen ur lohi mehea. Leihotik, behiak larrean bazkan. Ez zuen hartzen. Lo egongo zen seguru asko.
Segundo Biurrunen aldamenean nagoela, ez diet inongo xarmarik aurkitzen hegaztiei. Urrumak berak urduritu egiten nau. Zirinduta daude inguruak, baita aulki gainak ere («arropa erretzen du, hori du txarra»). Elkarren artean ezin berdinagoak zaizkit uso guztiak. Hanka falta duena soilik bereizten dut aldran. Ikustekoa da nola zamatzen duen pisua epaitondo gogortuaren gainean.
Badakizu nor zen usozale amorratua?
Nor.
Dvorak.
Bi dituela Antonin Dvorakek zaletasunak azaltzen dit, uso mezulariak eta lokomotorak.
Ez al da ederra? Makinek, usoek bezalaxe, pertsonen arteko harremanak hobetuko zituztelako itxaropenez bizi zen konpositore bat.
Zeruari begiratu dio, izotz egun argietan itsasoa bezain urdin. Hodei handi bat Diputazio jauregi atzean. Itzala aulkira hurreratzen, egunkari abandonatu bat aurreko jesarlekuan. Gayarrera joan zela esaten dit, 2001eko Errege egunean, Behe Silesiako Filarmonika zelako jotzen. Errepertorioan, Chopin, Moniuszko, Strauss («semea, noski, nik hala ere Richard nahiago dut»), eta tartean, baita Dvorak ere, eslaviar herri aire bat.
Polkak, valsak... badakizu, Radetzky martxarekin itxi eta ergel guztiak txaloka. Gabon inguruan gustatzen den errazkeria horietako bat.
Ahoa bete gabe, ez dela hori berak zinez maite duena aitortzen dit, baina ez duela hemendik atzera aukera larregirik izango musika zuzenean entzuteko, eta horregatik.
Itzaltzen ari naiz.
Itzaltzen.
Stabat Mater ezagutuko duzu, noski. Badakizu sarri joaten zela Londresera. Behin, Albert Hall-en, ehun eta hogei instrumentista eta laurehun kantari zuzendu zituen. Bai, Antonin Dvorakek berak. Ikustekoa izango zen, ez duzu uste?.
Herio eta Dontzeila etorri zait lipar batez, zinemara gehiagotan joateko aukera izaten nuenean ikusia. Txilekoa izan daitekeen paraje bakartu batean, itsasargia eta labarrak, jo du etxeko atean gizonak laguntza eske. Hartu dute etxekoek abegikor, eta arian, urte batzuk lehenago bera torturatu zuen militarra ezagutu uste du etxeko emakumeak ahots gozo hartan. Halaxe jakinarazten dio senarrari. Ordu eta erdiz ikuslearen larriarekin jolasten da, hala dabil itsasargia lainotan, susmoari kostatu egiten zaio senarraren eta ikuslearen sinesgogortasuna zulatzea. Nola izango da gizon hau deabru hura. Bidea atzerantz egin, beste hainbatetan bezala: zinema, antzerkia, hari-kuartetoa. Polanski, Dorfman, Schubert. Gizon jantzi, sentibera, gozo, basarrosa hau da benetan botiletako paperak sinatu zituen medikua?
Minak zein gauza eder sortzeko balio duen, gezurra dirudi, ezta? Erdi Aroko testu batekin ari zen Dvorak bi egun baino ez zituen alaba hil zitzaienean. Orduan ekin zion tristura isurtzeari bere bidea egiten hasia zen lan hartan. Etena ezinbestekoa egin zen. Hurrengo urtean bigarren alaba hil zen, Ruzena, pospoloak egiteko fosforoaz pozoituta. Eta hilabetegarrenera, semea; Otik zeritzan. Hiru urte zituen nafarreriak eraman zuenean. Bi hilabete betetzerako amaitua zuen Stabat Mater.
Eguerdiko karilloia. Zama lanak Caritasko tonbolan. Miragarria da entzutea Biurrun doktoreak zeinen zehatz gogoratzen dituen izenak, datak, xehetasun oro. Musika klasikoa maite dudan galdetzen dit. Beharbada aspertzen ari naizela agure zahar baten bakarrizketarekin.
Ez naiz ausartzen solasa eten eta zertara heldua naizen esatera. Igande eguerdia zen Maitek deitu zidanean. Zotinka entzun nuen bestaldean.
«Hemen dago, Imanol, hemen dago».
Martin Rosen hilobitik bertan aurkitu zuten («metro eta erdira egon da, biak buruz buru»).
Eta ez dakit azkenera heldu zela ohartu zelako edo bakarrik zegoelako ari zen negarrez.
«Topatu beharra nuen, nik ere Juanaren istorioa idatzi beharra nuen, Imanol».
Lasai egin zezan utzi nion. Malkoak euria muinoan behera bezala isurtzen, eztarria, bihotza, sabela estutzen zidan isiltasuna, Dvoraken malura guztiak baino mingarriagoa. Aurreneko aldiz, egun haietan guztietan bakarrik utzia nuela sentitu nuen.
Albanian gutxienez.
«Neurekin daramat liburua, irakurri behar dut lasaiago».
Kutxa etxean utzita, Mercadereseraino lagundu nion. Argiak apalik zeuden. Plazatxo hustuan agurtu genuen elkar. Deituko genuela agindu genuen. Zortzi urte ziren ez genuela horrelako estuturik hartzen.
Ezpain haietan itotzeko gogoa.
«Badakizu gauza bat, Imanol? Zuk zeurea idatzi ahala nahi izan du Juanak berak irten handik».
Ez nintzen ausartu berarekin amets egin nuela esaten. Nolakoa zen galdetuko zidan, zer gertatzen zen, eta banekien ez nintzela kontatzeko gai izango, lotsatu egingo nintzela.
Handik atzera ezer ez zen azken asteetan bezala izango. Denok gindoazen nonbaitera. Bera, udako oporrak hartuta, Bretainiara lehenbizi, eta Donostiara gero, unibertsitatean ikastaro bat emateko eskaintzari baietz esanda. Oscar zuntz optikoa botatzera seguru asko, auskalo nora. Eta ni... ahal nuena salbatzera. Hasteko, letrak eta hildakoak ahaztu eta haitzez eta itsasoz betetzera barnealdea. Nahi behintzat.
Itzultzen garenean, ordenatu hori mesedez esan zidan Estik telebistaren alde banatako apalategiei begira, era kaotikoan pilatutako liburuak eta filmak nonahi.
Berak esan gabe ere, erabakia nuen ahal zen neurrian dena errazago bihurtzea, konpromisoei ezetz esaten hastea, urteetan hartutako zama arintzea. Kapuscinskik arrazoi du: atsedenik onartzen ez duen lanbidea da hau, baina zulora ninderaman, Rügengoen aldean amildegi beltzetan behera nindoan. Erortzen uztea nuen errazena.
Aspaldi ilunduta zegoen Maite gurera heldu zenerako. Oscar gabe etorri zen. Laida ohean, jaisteko esan nion Estiri, gauza bat nuela erakusteko. Urteak ziren Maite ikusten ez zuela. Bion artean igo genuen kutxa. Hitzak oso behartuta etorri ziren, ez zen garai bateko hartatik ezer geratzen. Arrastaka eraman nuen armairu barnera. Bestearen gainean utzi nuen. Tapan, errotuladore beltzez markatua «Juana Ardanaz» zuen idatzia letra larriz. Eta data. Ez nuen ireki eta kaskezurra esku artean hartzeko adorerik bildu, ez nion gustura egingo nukeen keinu hori erakutsi nahi Estiri. Alde egin zuenean, Maite oso ongi ikusi zuela aipatu zidan, ez zen gehiago luzatu. Hezurrak ere, Maite eta bion arteko zerbait zela eman zidan aditzera. Ez zidan esan «atera hezur horiek berehala etxe honetatik», baizik eta «ordenatu liburu, bideo eta dvd horiek mesedez». Dena ez zegoen galdua, hala ulertu nahi nuen behintzat.
Gau hartan, berandu arte egon nintzen ordenagailu aurrean, Iruñeko makia Larraingaingo hormaz kanpoko bi hilobiekin lotzen. Erabakia hartua nuen, Juana Ardanazen istorioa soilik kontatuko nuen. Martin Rosena, nola esan ezer galdetu nienen artean inork ez bazuen inondik ezagutzen.
Berandu zen oso Estebani hots egin nionean. Banekien, jaikita harrapatu nuen. Apal heltzen zitzaidan haren ahotsa. Topatu nuela egin nion oihu, topatu genuela Juana, han zegoela.
«Hik jakingo duk-eta, zer egiten da garai hartako hezurrekin?», bota nion ahotik hortzera.
«Salda eder baterako baduk, ez? Hoa oporretara, zain ezak ondoan duan hori, Imanol...».
Juana ere botilarekin agertu zen. Mediku agiririk ez, ordea, belaunburu bien arteko bonbilla zapalean. Hilkutxa desegin zuen bezalaxe bihurtu zuen hauts denborak botila muturra zarratzen zuen kortxoa, eta kortxorik gabe, baita barruko papera ere. Seguru geunden horregatik, hezurdura emakume batena zen.
Ez nuen aurreko egunetan buruan erabili nuen amorrurik sentitzen, ezta espero nuen lasaitua ere. Eta banuen arrazoirik odolak galtzeko. Rosena kontatu ezean, Juanaren botila hutsik, ezin Biurrun medikua inon aipatu. Izen eta abizenez salatzeko, Faustinoren hitza ez nuen nahikoa berme, nahiz eta neuk neure aldetik ez nuen ote-otean egoteko arrazoirik. Ongi geratuagatik, erdizka kontatuko nuen istorioa zen Juana Ardanazena. Hiltzailearen faltan, historia bera hiltzaile. Larderia bestela. Dena konpondu zen bezala, mutu egon behar. Areago, ezin nuen biharko egunean inor Segundo Biurrunen arrastoaren atzetik jarri.
Ez eleberri batean ez bada.
Ez letra hauetan ez bada.
Zaude seguru, Dvorak ez da bakarra gainera, oinazea da artearen motorra gogorarazten dit.
Oinazearena, benetan dio. Gainera, Fernandoren egia da arterik behinenak minetik jaten duelakoa.
Sarasaten eserita gaudelarik, asko dira osasunagatik ez bada familiagatik galdetuta, Biurrun agurtzen duten gizon-emakumeak. Adinekoak gehienak, inguruetako bulegoren batean sartzen den gazteagoren bat tarteka («eman goraintziak semeari»). Aurreko egunetan, O Barqueiroko egonaldian ongi pentsatu eta hobeto erabakiagatik, ez dut asmatzen ezer esaten. Biluzik ager zedinean menderatu nahi nuen. Basarrosak berak sorgindu nau.
Ari gara, baina ez didazu esan zer nahi duzun agure zahar honengandik.
Zuk orain hirurogei urte lur eman ziezaieten agindutako neska-mutil batzuen hezurrak ditut etxeko armairuan, eta ez da ezergatik, baina emazteak enbarazu egiten dutela eta handik aterako ditudan eskatu dit, kirastu egiten dituztela gainean esekita ditugun arropak. Ibili naiz galdezka. Ez dute seniderik, eta ulertuko duzun moduan, nonbaiten utzi behar ditut. Zuk ezagutu zenituenez biak, pentsatu dut ea hartuko zenituen denboralditxo batez zeurean, nik zerbait egin bitartean, diot.
Bizitzarekin lotzen dituzten zubiak behar dituztelako dira onak zaharrak inoren arrastoa ateratzen.
Imanol Arellano esan duzu duzula izena? Arellano burdindegikoa?
Osabagatik ari da. Ezagutuko du, ez dira bata bestearengandik urruti ibiliko hautestontzietan. Ezetz diotsot, ez diot aukerarik eman nahi.
Jakina, Arellano asko dago Iruñean.
Nik orain bezala, Segundo Biurrun bilatu eta aurkitu zuen Martin Rosek Juanaren heriotzaren berri izan eta gutxira. Niri bezala, ez zitzaion zaila egin; Biurrun doktorea, gaztea izanagatik, bazen nor orduan Barañaingo behe-ibarrean eraiki berria zen ospitalean. Eta ospitalean dioenak orduko Iruñean dio. Aho bizarrik gabe, bazekiela berak hil zuela Juana botako zion Rosek braust muturrera. Arrotxapeatik ezagutzen zuen Juanak, asko lagundutakoa zen Martini berari ere. Orduan desagertu zen Ros. Orduan asmatu zioten tuberkulosiarena eta horregatik eraman zuten egun batzuk lehenago Juana ehortzitako paraje berera. Bidea egina zuten. Horregatik ez du Larraingain inguruetako inork ezagutzen izen hori. Hori da pentsatzen dudana. Hori da Faustinok kontatuko didana egunen batean, beldurrak eta ezjakintasunak lotutako ilobaren gainetik pasa eta laino artean, mugaldeko ataka arteko bordan iluntze batean aizaroan hitzordua jarrita esango didana. Eta hori da astia duen batean Maiteri eskatuko diodana, etxean ditudala eta munduko denbora guztia, bilatzeko laguntza, baina erre eta sakabanatu aurretik, mintzarazteko hezur haiek, jartzeko hizketan, seguru nagoela badutela zer kontatua. Nola hil zen Martin Ros jakin nahi dudala, esaterako.
Galiziarantz abiatu nintzen goizean, gaur hamabost, Segundo, hortxe atzean dugun postetxean sartu nintzen. Esti autoan gelditu zen, irratiko kanala aldatzen atea danbada artegaz zarratu nuenean. Eta telegrama bat idatzi nuen, neure bizitzan bidali dudan aurrenekoa. Badakizu nora? Horra behera, «El Vergelerako da», esan nion leihatilako langileari. Ez nuen sos asko gastatu beharrik izan, gutxi behar bainuen esateko nuena esateko. «Juana aurkitu dugu» idatzi nuen eskura eman nion paperean, letra larriz. Laburregi iritzita, «mila esker denagatik» erantsi nion.
Badakit ez dela hor etengo. Ezagutzen dudanagatik, eta lanbide honetan ikasten duzun zerbait da, pertsona batzuekin aski da bi arratsalde egotea nahikoa ezagutzeko, badakit amuari helduko diola Faustinok, orain dela aste batzuk nik berarenari heldu nion bezala, eta berandu baino lehen, deituko didala. Badakit ilobaren eta zaindarien morroiloak hautsi eta dei bat jasoko dudala erredakzioan, hurbiltzeko hara, kontatzeko Juanarena ongi, erabaki behar dugula zer egin hezurrekin. Lur eman edo erre eta haizeari eman jaten, baina non. Hemendik gutxira ura baino ez da egongo Juanaren sorterrian, eta buztangorriak, eta zarboak, eta txipak, loinak eta amuarrainak. Makalen eta haltzen buruak Giacomettiren eskulturak balira bezala aterako dira ur azalean gora, laban, aizto, ganibet halakoak, airea tarratatzen. Mariorratz bat hegan geldirik. Txilarra eta mulua den tokian, ihiak haziko dira. Erbi ohantzeak diren zuloetan, igarabak, uhandreak, zapaburuak. Usapalak hegan diren haizebean, norbaitek uretara botatako zapata bat agertuko da igerian. Paisaia xelebrea gurea, Faustino. Ikusi behar duzu zer egin duten, nola bihurtuko duten zuen garai bateko izu eta ilusioen aldea Konstantzako aintzira, edo Comokoa, edo gertuagokoren bat nahi baduzu, Legutio, ongizatearen uretara begira. Hurrengo udaberrian igoko zaitut, turistentzako potinak, belaontziak, uretako motorrak hasi aurretik, kirol portua eraiki baino lehen. Ez da garai txarra jendeaz akordatzeko, orduan ikusten dira ezpondetan beherako ureta bizian zarboak buztana astintzen, eta ongi so eginez gero, harriak azpikoz gora irauliak.
Oscarrez oroitu nintzen:
«Kontzientzia txarraren aspirina».
Faustinori telegraman idatzitako hitzek bahitu naute, «Juana Ardanaz, urtegiak irentsi aurretik aurkitu dugu» esan behar diodala erabaki dut. «Etxean daukat, Segundo. Baita Martin Ros ere». Ezpainak zabaldu ditudanean ez zait horrelako ezer atera, ordea, gogotik mihirakoan mudatu egin dira hitzak, kazetariak mendekariari hartu dio aurre:
Aspaldiko istorio bat osatu nahian nabil diotsot Biurrun doktoreari, emakume batena, eta jakin dut zuk ezagutu zenuela.
Gozoa du begitartea, gutxik bezalako malgua. Zimurrek hosto baten zainak dirudite. Ogi muturrak esku artean papur egiteari utzi dio.
Lagun badiezazuket, plazer handiz. Nola zuen izena esaten badidazu...
Galtza gainean barreiatu zaizkio birrinak. Uso lotsagabe batek izterrera igotzeko keinada egin du.
Juana Ardanaz esan diot.
Esku zartaz uxatu du. Hegalen astintze bortitza aurpegitik gertu. Indartsuago du ahotsa, garbiagoa arras.
Ez dut ezagutzen.
Ez zenuen Larraingaingo Juanita ezagutu? saiatu naiz berriro.
Amultsutasuna bihurritu egin da ebakeran, barruak une batez hitza zikinduta.
Harritu egiten al zara dudan adinarekin jendearen izenik ez gogoratzea?
Erlojuen mekanikak huts egin du, begira-begira dudan arren bi kutxa bete hezur jokatuko nituzke ez nauela ikusten, zabalik ditu itxian begiak Biurrunek, eta nik badakit han dagoela, Langsdorff gau hartan City hoteleko ohe gainean bezala, Friedrich bera bezala, Rügengo labarretan, inoiz zoriontsuago izan zen garaietan, itsaso azalak itsutzen diola dena. Horregatik ez du ikusten ondoan eseri zaion gizonak paper bat ateratzen duela bi toles eginda, eta karpeta magalean, zabaldu egiten duela. Ez du ikusten fotokopia, agiri itxuraz zahar baten kopia, atzamarra izenperaino luzatu eta erakustera egiten diola. Garai hartan hala zen, hodei jiteko bi marra biribilez inguratua, ongi irakur daiteke sinadurako izena, eta ez dio ezer, ez du ikusi, mihi gabe jarraitzen du. Esan nahi nioke begira zer atera dugun zuloa eginda uretan, azken asteotan Montevideo aurrean Bigarren Mundu Gerrako ontzi bat, Graf Spee korazatua atera nahi duten bezalaxe erauzi dugu hondo hotzetik, arian uretan zuloa eginda, Maite Andueza izan da, baina isiltasunak bezatzen gaitu biok ala biok. Papera karpetan gorde dut. Eta hitzak ez datoz. Ez datoz, eta behar lukete, egunero bainabil eurekin lehian, benaz behar baititut Historiaren zabortegira bidean askatutako istorioak kontatzeko, behar ditut Oscarri egunen batean idatziko nuela hitz eman eta amaitzen ari naizen eleberri hau halakotzeko, orain, zer eta, ausaz gehien behar ditudanean ez agertzea erabaki dute, eta etorri barik joan egin dira, joan urtegiari ahoa ixten dion hormatzarrerantz, gurgurai barrenean behera galdu, ito, urmindu; xirripak, errekak, uraskak, mendi negarrak, ozeanoak diruditen ibaiek eramanda bezalaxe.