Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—9—

 

Pantaila piztu eta lanean hasi orduko, bitan jo zuen telefonoak nire bila. Kilker elektrikoak baino bost bat minutu lehenago entzun nuen aurrenekoa, gertatuko dena aurrez sumatzen duzun une horietako batean. Espero duzunaren itzala ustekaberik gabe heldu zen. Esti zen eskolatik. Tonuan igarri nion zer esango zidan: «Lehengusua hil da». Isiluneak errepikatzera behartu zuen. «Lehengusua hil da», esan zidan berriro. Ez ginen sobera luzatu, egunkari bateko erredakzioa, harrigarria bada ere, ez baita galdera batzuk egiteko tokirik egokiena.

        Eskolako sukaldetik patiora aterata ikusi nuen, hura ere hitz egiteko gogorik gabe, begiak arian betetzen. Erlojuan erreparatu nuen. Eguneroko lapiko industrialen kiratsa. Utzia zen arren, lankideren bati eskatutako zigarroa piztuko zuen seguruenik, jolastokia mugatzen zuen burdinazko hesi berdean bestaldeko autoen joan-etorriei beha. Baloi bat, punpaka porlan gogorrean. Orduan hustuko zen lasai. Anaia balu bezala maite zuen. Etxean hazia zuten gurasorik gabe geratu zenean. Begien gorria apaldu arte itxarongo zuen ostera ere pertz, kazolara eta zartagin artean sartu aurretik. Izebaren semea zen, ez amarena, lanean jarraitu beharra zegoen. Eta esan gabe ulertu nuena, neu ere amaraunean nengokeelako: adinkide izateak dakarkizun izua. Hemen da. Orain zauden bezalaxe, itxuraz osasunez ongi, halaxe harrapa zaitzake datorren astean. Ez da pena soilik. Asko du beldurretik ere keizuak. Zeu izan zintezkeen. Beste nonbaiten, zeu zintuzketen orain hizpide maite zaituztenek zeu satorretara zoazela. Laidarekin zer gertatuko litzatekeen, hori ere hitz egingo zuten.

        Bigarren deiak aurrenekoa ahantzarazi zidan, solasaldiak iraun zuen artean bederen. Maiteren ahotsa zen, beste azantza batzuen artean igerian. Jendearen mintzo goratuak entzuten ziren, edalontzien talkak eta kafe makina baten lurrun hotsa. Agoitzen zegoen, erreka aldera leihoak zituen ostatu batean, ulertu ahal izan nionez, eguraldiak hartaratuta. «Galanta da: hobiak urez beteta daude», entzun nuen, «ezin da lanik egin». Hamaiketakoa bukatzen ari omen ziren, eta laster zetozen bueltan. Leihotik begiratu nuen: ateri. «Ba hemen gogotik egin du», jarraitu zuen. «Bero sapak trumoia ekarri du bart gauean mendialdean».

        — Larunbat arratsaldea libre duzu?

        Neure bostean egin nituen kontuak, lanekoak, etxekoak, Esti eta Laida. Ordurako lehengusua bakean utzia izango genuen, gu gabetan erroak bota zitzan lur berrian. Konponduko ginela atera nuen. «Ongi da», esan nion.

        — Lauretan El Vergel atarian, Arantzadin.

        Kanpoan, telefonoa kakotu orduko hasi ziren lehen tantak erredakzioko kristalaren kontra, elkarren arteko lasterketa eroan, zein azkarrago erlaitzera iritsi. Izan zen berehala jaiki eta leihoa zarratu zuenik. Euri lainoak Ezkabari kapelua ezarri gabe, oso goitik zetozen. Euria elizako dorrean behera irristatzen, orratza, haurlauza, burdinazko hesia jotzen. Erauntsi epela hiria inguratzen zuten pentze, soro berdetu eta etxeen hezurduren gainean. Euria ohartu orduko guztia betetzen, espaloi ertzetako hodiak eta etxe berriak doazeneko obretako hobiak. Euriaren emana logeletako kristalen kontra, aterpe eta autoen kontra, euria jendearen, euritakoen eta aterkien kontra. Praka barrenak bustitzen, bidea utzi eta aterpe bila doan ama gazte hori, eskutik daraman umea blaitzen. Nonbaiten, euria errepideari distira ateratzen. Autoa azkar jartzeko errepidea Agoizkoa.

        — Zatozte kontuz —atera zitzaidan.

        Beharrik, ez zidala entzun esango nuke. Artean hizketan ari nintzela, telefonoaren klika aditu nuen.

        Mahaitik jaiki eta leiho zabalera hurreratu nintzen. Bozina jo eta jo bat edo bat. Kalean, barazki banatzaileak utzitako kamioiak irteera oztopatzen zion auto urdin bati. Euripean, gizon bat automobiletik atera eta dendan sartu zen. Handik laster, gizon bera eta kamioilaria izango zena pentsatu nuena espantuka trabatutako autoaren aurrean. Txorimalo bi hiriko alor batean, haizeak besoak astintzen zizkiela, dena Nanni Morettiren film bat ikusten ari banintz bezala. Lehen, Laida jaio aurretik, gehiago segitzen nuen zinema. Astean bi-hirutan joaten nintzen Golemetara. Maite nuen erritmo hura, kultura saileko ohiko lanez gain tarteka kritikak ere egitea.

        — Azkenaldian ez duzu ezer idatzi zinemaz —gogorarazi zidan ez aspaldi Estik.

        Isiltasuna. Erabateko isiltasuna bat-batean. Eta neu, lurrin hotsik ezin entzunik, laino artean bezala oinez, urrats sendoz erredakzioa zeharkatzen. Ohartzerako, neure mahaian nengoen berriz ere.

        Goiz hartan gainerako egunkariei begiratua emateko beta hartu nuen. Labur pare bat osatu nuen agendatik ateratakoekin. Hurrengo egunean argitaratuko zen erreportaje baterako argazki egokiak aukeratu eta oinak idatzi nituen. Ordu biak jo orduko eskaileretan behera nintzen. Esti ez zen etxetik pasako, zuzenean zen ospitalera joatekoa, osaba-izebekin batzeko. Umeaz ez neukan arduratu beharrik, lagun batek hartuko zuen etxean biok itzuli arte.

        Bakarrik bazkaldu nuen. Jangartxu nenbilen, ohitura txarretara moldatua nintzen azkenaldian, gainera erortzen ari zitzaidan etxetik ihesi. Nahikoa izan nuen ziri-mokadu pare bat eta ia aparrik gabe atera zidaten garagardo txepeldu batekin. Alde egin nahi nuen ahantz orduka asaldatzen ninduten irudietatik, ez nuen nahi haien gatibu ibili, Estiren lehengusuarekin pasatako une guztiak bata bestearen atzetik, alferrikako mailukatze batean. Nireak ez, besterenak ziren momentu haiek. Bazterrean geratu eta erauntsia pasa arte itxaron, gehiegi sartzeke, sufrimenduaren ore hartatik atalik hartu gabe, neure ez, besteren, aldamenean egon behar zenerako. Hori eta ez besterik zen nitaz espero zena, eta horixe zen egingo nuena.

        Ez ninduen, haatik, minaren kudeaketak gehiegi kezkatzen. Gainera, sentimenduek gainditzen dituzten jarrerak aztertuko ziren, banekien beste osagai batzuk ere aterako zirela, hilaren emazte ohia joan den gorpua ikusi eta familia agurtzera, horrelakoak. Neuk ere nahiago horrela hierarkia, erosoago.

        Kafe hutsa eskatu eta Maiteri deitzea erabaki nuen. Etxean harrapatu nuen, telebista aurrean loeroan. Larunbatekoa nirekin hitz egin ostean lotu zuen, antza, gizonaren ilobarekin pentsatu baino azkarrago mintzatzea lortuta. Ezin izan omen zion Catachun esan zidana baina askoz gehiago atera, Faustino Ibañez deitzen zela osaba eta gerra osteko konturen bat zela bakarrik, gizonak ongi ezagutu izan zuen Larraingainen dagoen norbaiten gorpuaz. Iloba bera ere agertzekoa dela, bitartekoak egiteko. Ez omen dio tankera txarrik atera, hitzez motz baina egoki, «osabaren nahia betetzen ari delako susmoa dut», esan dit. Ez espero izateko gauza handirik, elkarrekin bazkaldu genuenean esan zidan bezala, zaharra omen da oso.

        «Gerra osteko konturen bat». Nahigabe bada ere, lagunari baino kazetariari ez ote zion deitu Maitek.

        — Laurogeita hamaika urte ditu —zehaztu zuen.

        — Eta burua?

        — Aldika. Batzuetan bai, besteetan ez. Hori dio ilobak.

        Ordaindu eta neure buruari atseden unerik opa egin gabe jo nuen kalera. Atarian auto baten argia, orain bai, orain ez, keinuka. Bi gizonezko itxurako barnean, neuri begira. Euriak usain guztiak zaharberritu zituen, eskertzen zen. Faustinok amuan harrapatu nahi baninduen, ongi heldua nion, preso nengoen. Istorio hark ez zuen ausaz egunkarira ekartzeko adinako intereseko ezer izango, baina hala da arraina bazara eta beitarekin batera burdina okerrari eusten diozunean. Dena den, gauza bat: hildakoek badute zu beren kareleraino igotzeko indar hori, hildako batzuek esan nahi dut. Husten ari den hilerria, bizidunen barnean zerbait erretzen duen hezur multzo bat eta ezezagun bati egin beharreko telefono deia, elementu tentagarriak ziren ahaleginik egin gabe ihes egiten uzteko.

        Erredakzioan inortxo ere ez. Bazkaltzera joanak ziren denak. Etsi-etsian, Friedrichek ez zuen tokirik idatzi nahi nuen istorioan. Berriro irakurri nuen:

        «Goetheren laguna, gaixo depresiboa, lotsatia zen izaeraz Friedrich. 1835ean, 61 urte zituela, bihotzeko batek eskuin eskua maingutuko zion. Handik atzera, ezingo du gehiago margotu. Haren obrak urteak dira ez dutela garai batean izan zuen oihartzunik. Uzkurtua, bakartua, azken urteetan etxekoak ere ondoan nahi ez zituela hil zen 1840an, Dresdenen».

        Dresden. Aliatuen bonbardaketek suntsitu zuten hiria 1945eko otsailean, baita hilerriak ere. Hildakoak danbateko bakoitzarekin ateratzen zirela hobietatik diote bizirik irten zirenek kronika harrigarrietan, behin eta berriz zartatzen zutela zartatua bonbek.

        Irakurlea nahasteko baino ez zen izango.

        Ezabatu egin nuen. Friedrichena bakarrik. Oskar Escherrek eta Graf Speeko marinelek kontatu beharreko istorioa zuten. Hamasei-hamazazpi urte zituzten haietako askok, eta gutxik bezalako fedea Langsdorffengan. Aitatzat zuten guztiek.

        Areago, bada Hans Langsdorff kapitainak ez zuela bere buruaz beste egin dioen ikertzailerik ere, Berlingo kantzelergoak berak hilarazi zuelakoari eusten diona.

        «Bai ala?».

        «Ez duk aurrena izango».

        Jarraitu nahi nion hariari. Hitlerren zerbitzu sekretuak Buenos Airesen, Langsdorffen logelaren bila City hoteleko pasabideetan, esbastika gabeko bandera inperial bat tolestuta besapean. Ebaska zabaltzen den atea, beste pistola bat. Eskura nituen biografia txatalek ez zuten, hala ere, hori horrela izan zela sinesteko ikerketa lerro fidagarririk eskaintzen itxura batera.

        Inondik ezagutzen ez nuen Cori Arroyo izeneko baten e-maila nuen ordenagailuko postan. Bitan pentsatu gabe zabaldu nuen. Argentinako Rosariotik idazten zidala zioen. Graf Speeko marinelen istorioak liluraturik omen zuen bera ere, eta nik eskatutakoari zuzenean erantzuterik ez zuen arren («sentitzen dut, baina ez nuen zuen aitona ezagutu. Galdezka ibili naiz, hemen ez du inork gogoan. Segi bila. Seguru gizon aparta zela, Graf Speeko tripulazioko guztiak bezala»), Julia Grosz izeneko ikerlari batek erdietsitako zerrenda eransten zidan, korazatuko agintari eta marinel guztien izenekin («hahor non duzun aitonarena, hirugarren orrian»).

        Agiria jatorrizkoaren kopia zen, bost orrialde eskaneatu eta luzetara aterata, bitan zabaldua bakoitza. Erreskadan zetozen idazmakinaz jotako izen deiturak, eta orri bakoitzak zigilu bat edo bi zekartzan. Zuriune bakoitzaren amaieran, data eta sinadura. Pantailan handitzekoari eman, eta letrak pixka bat desitxuratuta agertuagatik, ez zitzaidan zaila egin Oscarren aitonaren izena aurkitzea. Cori Arroyok esanda bezalaxe, han zegoen Oskar Escher, 1922an sortua Bremenen, marinel huts.

        Esker oneko erantzuna idatzi eta berehala eman nion igorri ikonoari. Oscar ez zen ari, bistan da, gaiztakeria handirik gabe inoiz burutik pasa bazitzaidan, bere iragana edertzen. Graf Speeren datuak biltzeko antolatu nuen artxiboa aurkitu eta argazkietako bat zabaldu nuen. Nor zen ez nekien, baina zetorkienagatik inongo izurik erakusten ez zuten gazte haien artean zegoen Oskar Escher. Handik urte gutxira Maria Merenson ukrainarra ezagutu orduko maiteminduko zen Oskar Escher, alaba euskaldun uzkur harekin ezkonduko zaion bera. Historiaren uharak biloba berriro ere Europara itzuliko zela jakin gabe hil zen, hemendik ikusita beste guztien antzeko, gehienak gehiago ikusi ez zituen lagunen artean ezkutatzen zitzaidan marinel anonimoa.

        Begitarte ezaguna aurkitu nahi izan nuen atoiontziko marinelen artean. Aitonaren antza duela esan izan zidan Oscarrek. Alferrik.

        Hurrengo egunerakoak entregatuak nituen. Materiala aurreratzen ari nintzen. Egunak eta gertaerak, behingoz, bat zetozen. Lasai nenbilen alde horretatik, hain lasai non El Vergel egoitzako gizonarenak gogoa har ziezadan utzi nuen berriro. Urduritzen hasia nintzen. Nor zen, baina? Zer nahi zuen aspaldi abandonatutako hilerri hartarik?

        Bilatzailean Faustino Ibañez sartu eta izenak arakatu nituen. Beste milioika lagun bezala, gure gizona izan zitekeenaren arrastorik ez sarean. Izen bereko besteen artean ez zitzaidan zaila egin ohartzea han ez zegoela. Faustino Ibañez bat agertzen zen, baina Bilbon, Ibañez Rementeria Faustino, ordaindu gabeko trafikoko isunen zerrendan. Nireak laurogeita hamaika urte zituen eta ezinduta zegoen Iruñeko zahar egoitza berrian, zaila du gurpil gainean radarrarekin jolasean ibiltzeko.

        Itsutzen ari nintzen, ezagutzen nuen neure burua, gauza txikiekin obsesionatu eta hutsa behar dut loari orduak ebasteko, ingurukoak ez zaintzeko, urteetan txeraz gordetako harremanak zuloan behera amiltzen uzteko. Pentsatze hutsak hotzikara sortu zidan. Beharbada azkarregi eman nion baietza Maiteri. Joan zedila egoitzara Oscarrekin, gustura lagunduko zion. Atzerantz egitea pentsatzen ari nintzen telefonoak jo zuenean aldameneko mahaian.

        Ez nintzen, agidanean, urduritzen bakarra. Barka eske artean, Maite zen berriro. Ilobak deitu bide zion, joatea erabaki baldin bagenuen arren hutsik ez egiteko esateko, siesta ordua dela, eta gu bagoaz ez dela oheratuko gogorarazteko, zain izango dela, eta zerbait bada deitzeko mesedez.

        Ohi baino lehentxeago atera nintzen erredakziotik. Hirian erreparatu gabe egin genuen espaloian aurrera biok. Nik eta nire urdail zuloak. Beranduegi ohartu nintzen. Tanatorioa, ohiko bidetik joanda, bertan nuen. Jende ezagunaren gorpuzkerak sumatu nituen atarian, kalakan eta erretzen. Giltzerdi egin eta etxe artetik, parketik sartzea erabaki nuen, ibilbidea bortxatu eta pixka bat luzatzea, jende artean oinez, burua arintzea, hutsik gelditu arte. Bero handia egingo zuen gau hartan ere, leihoak zabalik lokartzen saiatuko ginen. Etorbide zabaletan ibili nintzen, hirian ni bezain anonimoak izan behar zutenen bila. Zakurra ateratzera irtendakoen artean paseatu nuen. Espaloietan, arbolen usainpean, giroak tentatutako gazte asko, azterketa egunak ziren arren. Presaka zihoazen bi oin parek aurreratu ninduten semaforora iritsi aurretik. Elkarrizketagatik, zinemara zihoazen. Zebrabide zabal batera iritsi nintzenean, ibilitakoa desegitea erabaki nuen.

        Zortziak paseak ziren tanatoriora heldu nintzenerako.