7
Friedrichekin eta honen margoekin lotzen ninduen bilurra eteteko garaia iritsia zen. Batean eta bestean lardaskan arituta ikusi ahal izan nuenez, ez zuen sakonegi teorizatu artearen eginbeharraren gainean. Utzi zituen idatziak ere ez ziren horrenbeste, eta koadroak, Rügengo labarrena eta besteren bat izan ezik (egun Hamburger Kunsthalle-n dagoen Ibiltaria laino itsasoaren gainean) ez zitzaizkidan bereziki miragarriak egiten. Hitz bitan, ez nuen aitzakia nahikorik Caspar Friedrichez idazteko. Ez nuen asmatzen nola lotu behar nuen Hitlerren armadako marinelen istorioarekin. Areago, ez nuen artikulua egiteko gogo mendrenik ere, nahiz eta ikusitakoaren arabera, sinbolistek aurrena eta Max Ernst-ek eta surrealistek gero, aitzindaritzat jo izan dutela jakin. Banuen lehenagoko lanik.
Ordenagailua piztu eta «Friedrich» zioen karpeta zabaldu nuen. Nituen artxiboei begiratu bat ematea nahikoa zen azken egunetan pilatutako anabasak hartutako neurriaz jabetzeko: erreprodukzioak, datu biografikoak, hitzaldiak, tesien laburpen dibulgaziokoak, neuk egindako lotura subjektiboak (Rügengo labarrak margotu zuen urte berean, 1801ean, alemaniar erromantizismoaren publizista nagusia, Wilhelm Humboldt Euskal Herrian zen)... urrunegi joana nintzen Oscarrek nahi gabe erakutsitako amuari helduta. Azken batean gordeko nuen artxibo bakarra ireki, haren esaldiena, eta Friedrichen gogoeten artean bikainena aukeratuta, itzuli egin nuen: «Bil itzazu begiak, koadroa lehenbizi zure izpirituaren begiez ikus dezazun. Gero, agerraraz ezazu egunez zure gauaz ikusi duzuna». Pantaila itzali eta erredakziotik atera nintzen. Elkarrizketa nuen Maisonnave hoteleko kafetegian lanik ezagutzen ez nion brasildar zinemagile batekin.
Ordubete egon ginen ia.
Porto Alegre, Rio, Manaus, baina batez ere Sao Pauloko Zinema Pobreari buruz eman zidan informazio zaparradari forma nola eman barrundatzen ari nintzen poltsikokoak jo zuenean. Esti zen, Laida neuk jasotzeko, zeharo aldrebes ez bazetorkidan behintzat, bera ospitalera zihoala hautsez ipurdi.
Lehengusua esan zidan oso larri dago, bihar bertan irekiko omen dute.
«Ireki» esan zuen, haurtzaroan harategiko egurrezko mahaian barru agerian ikusten genuen txerria nola, arkumea bezala kakotik zintzilik, irekita, azkenaldian ia igandero patata, tipula eta tomate xafla egosien gainean labean sartzen dudan haztegiko urraburua edo lupia bezala, olioa, gatza eta baratxuria, buztanetik zakatzetara ganibeta zabalaz irekita.
Betidanik gustatu izan zait kalea autobuseko leihotik ikustea. Beste neurri bat du denak aulki goratuetatik, Bruno Diegues zuzendariarekin izan nuen elkarrizketak berotuta ohartu nintzela horretaz uste dut. Kameraren begia oso da bestelakoa handik, goitik beherakoa, zenitalera iritsi gabea baina.
Txapitulapean, adineko emakume bat jasotzen dugun artean neska beltzaran batengana doakit begirada. Jira eta buelta, urrats lasaia du, inorako presarik gabe, inor zain ez balu bezala. Autobuseko kristala tarteko, begiradek elkar lotu dute une batean.
Zer zara? galdetu zidan Estik batak bestea ezagutu genuen egunean.
Erantzun asko etorri zitzaidan lipar batean: lotsatia baina ausarta, apala baina harroa, goibela baina eroa, petrala baina gozoa...
Kazetaria naiz esan nion.
Eskuak jolasean hasterako, zertan aritzen nintzen azaldu nion. Izan zitekeela okerragoa esaten entzun zidan, nik behintzat banituela aukerak erredakziotik ihes egiteko, «zure modukoekin sarriago egoteko», bota nion lotsagabe.
Beste bat nintzen orduan.
Xelebreak zarete gero esan zidan, munduan beste muturretik heldutako pertsona batekin egoteko aukerak izan, aurrez aurre inor gutxiri egingo dizkion aitorpenak jaso, kafea ordaindu eta kalera. Seguru asko berarekin gehiagotan egongo ez zaretela jakinda. Horrelako aukerekin bestelakoak beharko zenukete izan. Ez zarete maitatzen errazak.
Hamar urte daramat Estirekin.
Ez dakit beste bat egingo dugun. Ez gabiltza ongi.
Orain etorri zait:
Nik zu beti maiteko zaitut esan nion handik gutxira.
Ez esan hori. Hori ez da inoiz jakiten erantzun zidan. Negua zen eta istripua zegoen autobidean.
Erredakziora igo eta neukan denbora kalkulatu nuen: ez nahikoa erreportajea eta elkarrizketa osorik eta ganoraz burutzeko, ezta hain urri ere ezer ez egiteko. Halaxe jakinarazi nion Gemari alboko mahaian. Erredakzio nagusira deitu, beste egun bat beharko nuela abisatu, bi orrialde gordetzeko eskatu eta banaketa nola egin pentsatu nuen. Argazkiak txukun antzekoak ziren, eta titulua banuen: «Ohiko zineman objektua dena, horren begia da gurea». Kontzeptu zailegia zela iruditu zitzaidan. Beste bat topatu beharra zegoen bada ez bada ere. Elkarrizketaren sarrerakoa egin nuen, grabazioa egiaztatu: dena ongi, ozen eta garbi entzuten zitzaion. Erdi portugesez, erdi gazteleraz, ez nuen arazorik izango. Artikulurako, aldiz, nekerik gabe atera nituen puntu nagusiak. «Etzi», pentsatu nuen. «Egun hobea duk, gainera. Etzi emango ditek filma, eta publizitate moduan ere funtziona lezakek, merezi dik», lasaitu nuen neure burua.
Ia ordu erdi nuen Laida jaso aurretik. Bilatzailearen gunea zabaldu eta «Graff Spee» idatzi nuen. Oker. Berehala zuzendu nuen: «Graf Spee». Ia hirurehun mila sarrera eman zizkidan. Espero bezala, han agertu zitzaidan Hans Langsdorff bera, argal, planta oneko, itsasgizonen uniforme zuriz, militarren sonbreiru zapala eskuan zuela. Buenos Airesko hoteleko ohe gainean imajinatu nuen, banderan bildua, tiroa zuela lokian. Dena zuri-beltzean, odolaren gorria izan ezik, maindire garbien artean behera, zorurantz. Zer aurkituko zuten, hurrengo goizean iratzartzera joanda ala gauean bertan, tiro hotsak asaldatuta? Nolanahi ere han nuen, irribarrez, gizatiar, burdinazko gurutzea zuela ezkerreko paparrean. Ontziaren argazki asko zegoen: kanoiekin harro batean, tiroka bestean, ketan, zauriak erakusten istriborrerantz etzana, eta urpeko kamera batez hartua, baita Montevideo aurreko uren hondoan ere. «Uruguaiko Gobernua», zioen albiste batek, «Graf Spee lehorrera ateratzeko asmotan dabil». Gero, bi bideo ere topatu nuen. Batak La Platako batailako irudiak jasotzen zituen, ingelesez. Bigarrenak halako zirrara eragin zidan: Ingrid Langsdorff zen, Hans Langsdorff kapitainaren alaba, aitak Buenos Airestik bidalitako gutuna irakurtzen.
Datuak, gutxi-asko, ez ziren elkarren oso bestelakoak. Itxura guztien arabera, 1.050 ziren marinelak eta 44 ofizialak osotara Alemaniatik atera zirenean, eta Oscarrek kontatuta bezala, hasiera batean elkarrekin egon baziren ere, Argentina osora zabaldu zituzten ostean. Herri batzuetako kontakizunak arrunt ziren zehatzak, Mendoza aldekoak-eta, nola aritu ziren mahastietan. Non bizi izan ziren zehazten zen, auzoen izenak ematen ziren, batzuen lanbideak eta ezkontza datak, edota zer elkartetan batu ohi ziren. Foroetan, emaztearen osaba bertako tripulaziokoa zela eta zerrenda osorik eskatzen zuenik bazen. Urrunetik heldutako gizonen arrastoa legendan sartzen zen, eta aleman itsaspekoen berri ematen zen Necoechea, San Cayetano, Tres Arroyos eta Miramarko hondartzetan. Mitoa errealitatearekin nahasten zen. Beldurra miresmenarekin. Kasinoetan ba omen zebiltzan hiru atzerritar ile hori, denbora gutxian, inork oso ongi nola ez dakiela zeharo aberastu zirenak: «Okertzeko beldurrik gabe esan dezakegu idatzi zuen kazetariak ordukoan, hiru gizon misteriotsuak Graf Speeko marinel ohiak direla».
Langsdorffen heriotzari buruzko datuekin sortzen ziren zalantzak. Bere buruaz beste egitearena ez da, antza, hain garbi dagoen gertaera. Bada honetan guztian nazien zerbitzu sekretuen eskua ikusten duen ikerlaririk ere. Langsdorff, webgune guztietan hala esaten da, ez ohiko soldadua zen, profesionala, «gerra humanizatzen ahalegindu zen horietakoa». Zergatik ez esan: erromantikoa. Horregatik Friedrich. Horregatik Rügengo itsaslabar zurien deia.
Jaiotze eta heriotza datak apuntatu nituen paper batean. Kontuak atera nituen. Izutu egin nintzen: Langsdorffek La Platako borrokan zuen adina dut ia. Gizon heldua ikusten da Montevideoko argazkietan, ia agure bat zirena baino zaharrago diruditen marinelen artean, hildakoen kutxak kanposantuko lur gainean direla.
Hilketa politikoan pentsatzeko zioak badira egun ere. Haren irudia zuritze asmoz ez bada, nor hasiko da hori ikertzen baina? Itsasoko gentleman-a izan arren, kortsario erromantiko bat, nork du egun adorea Alemania bentzutu eta kondenatuko ofizial bat defenditzeko? Hilketa balitz ere, ez litzateke azken batean beren arteko zerbait? Molaren hegazkina Gasteizera bidean meteoro bat bezala amildua. Badakit, ezin dira konparatu. Barruak ere, behar dira: Graf Speek III. Reicheko arranoa zeraman brankan, hegoak Tarifatik Stalingraderaino zabalik eta esbastika erdian, garaiko argazkietan ikusten da. Langsdorff ez zen Escher. Langsdorff berak hautatutako lanbidearen gatibu zen; Oskar Escherrek ez zekien zer egingo zen gurutze oker harekin. Hamazazpi urte zituen ontzian bortxaz sartu zutenean. Biziraun. Ez zen beste asko bezala Europara itzuli Hitlerren armadan gerran segitzeko. Bizi. Ez zuen marinel ohien meza-bazkarietan parte hartu. Desegin, ahaztu nitaz. Marinela urtu eta gizona argentinar egin zen, zapatariak gazteleraz, eta urteak egin zituen, ongi ikasi ez zuen arren.
(Argazkietako batean marinel aldra handia ageri da atoiontzi gainean igota, denak kamerari so. Graf Spee betirako utzi eta Buenos Airesera iritsi ziren unean aterea dela dirudi. Portuko tximinietan kea ikusten da. Gizonak, denak dira elkarren antzekoak egungo begiarentzat. Kurlinta baten antza nork izan lezakeen nabil. Escher, hor zaude?)
Joan beharra nuen. Neure benetako izenez sinatu eta galdera idatzi nuen, foroko norbaitek laguntza ematerik baldin balit ere: «Gure aitona Graf Speeko marinela izan zen, Oskar Escher deitzen zen. Inork ezagutu zuen?».
Tiradera zabaldu eta botikarik banuen begiratu. Seroxat-a amaitzen ari zen.
Telefonoak jo zuen.
Imanol, hiretzat abisua Gemak.
Maite zen:
Zurekin egon beharra daukat.