Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—5—

 

Kanposantu hustuen erreportajea hasieran pentsatuta bezalaxe kaleratu zen, igandeko gehigarrian eta koloretan. Hura egiteko ez ginen bigarren ostera hartan, hasieran asmoa zegoen bezala, Larraingaineraino iritsi ordea. Ibarrean beherago ibili behar izan genuen, lanak atzeratu xamar zebiltzan eta ez ziren artean bertaratuak. Bestalde, elkarrizketak ere behar nituen, eta hildakoek, agian bai idazleari, baina kazetariari ez diote hitz erdirik egiten.

        Orduan jaso ez nuen oro batzen eman ditut hondarreko egunak, eta pena dut, kaleratu ez genituen argazkiak aurrean ditudalarik ere, ez naizelako gai fotograma guztiez oroitzeko, ezin ditudalako harako une guztiak nahi bezain taxuz jaso, sekuentzia osatu, eta neu naiz orain Maite, eta neu nago, buzoa, eskularruak eta musu-babeslea kentzeke, eguna joan eguna etorri zulo hartan gerriraino sartua, metalezko palatxoa eskuan dudala, egur ustel artean ez hezur nagusiak, karpioak, metakarpioak eta atzamarrak bereizten baino, zer den zur ilun, zer hezur ilundu identifikatu nahian. Pintzel txikia atera eta pitotx-ileen gozoaz hezurrei atxikitako lurra kendu. Ruik —Rui Mosteiro, Viseuko beltzaran alai bat— Maiteri eskura emandako hezurrak oihal laru batez banan-banan garbitu eta berunezko kutxatxo batean sartzen, izena eta identifikazio kode bat zeraman kutxa txiki bat. Mekanikoa, espero baino normalago dena. Oscarren ondoan zerraldo ustelduen ezpalek tontor itsusia osatzen dute, oihal zikinak tarteka.

        Hatsa hitzetara ekarri nahi: zokoa eta lurra, erdibana.

        Eta Oscarren atzean, metalezko kutxa koloretsu gehiago, estalkirik gabe, auskalo noren gorpuzkinak jasotzeko ahoa zabalik. Eta beterik izango zirela ondorioztatu nuen beste multzo bat ate ondoan pilatuta, Nagoreko hilerri berrira noiz eramango.

        Pentsatu aldean, astiro doa dena.

        Maite peoi, Maite peritu, Maite auzitegi-antropologo hilek ezer esaten ez didaten herrian. Eguzki errea egunetan. Eta izerdia plastikozko goanteen azpian, azala egosten, atzamarrak, ahurrak beratzen, eskumuturrak erretzen, zer egiten duzu hemen Maite, utz ezazu basamortu elkor hau, itzul zaitez itsasoaren hatsera, jan behar bazaitu izan dadila Mediterraneoko kresalak, Bartzelonako autoen joan-etorriak, Graciako amodio eroren batek. Lur utziaren usaina birikak berotzen, hezurrak, giharrak, ehunak, zainak, aortak kiskaltzen, atera beharra daude baina, norbaitek atera behar ditu, ezin ditugu hemen utzi, zerua bezala gainera datorkigun ozeano urdin, berde, uher honen atzaparretan betirako.

        Esan zidan argazkilari batek: «Urtegietan ezinezkoa duk taxuzko fotorik ateratzea, ura oso uherra duk».

        Gorpuzki guztiek ez dute adurra alde izango gainera. Gehienak, berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzatenak, hobi komun batean sartuko baititu Proiektu, Teknologia eta Lan Hidraulikoetarako Zerbitzuak. Gutxi batzuk izango dira izenarekin aterako direnak azalera.

        — Esan, Soledad, esan.

        — Badakizu zer den hau guretzat? Tristura handia, hildakoak gure familiaren parte direlako.

        Etxean hartu gintuen. Harrizko atari freskoan errekarriz eginiko zorua, heldu berrien pauso urduriak zurubian gora eta kiskilurrin usaina sukaldean. Altzariak. Arropez eta txipi-txapez beteriko kaxa beteak ate ondoan pilatuak. Burdina eskuan, lisaketan harrapatu dugu. Azkenak izango dira. Leiho zabaletik, urtegiko horma, haranari bidea ixten.

        Ezkondu ondorenetik darama bertan.

        — Bizitza osoan zaindu ditugu...

        Zaindu. Behakoetan, Soledadek eutsi egiten die nireei karroin hautsizko bi begi txiki haiekin.

        — Ama hil zitzaigunetik ez naiz behin bakar batean igo hilerrira, ez diot egundo inori aitortu; beharrik egon ez delako, azalpenak zertarako.

        Horregatik, Soledad, zer da hildakoak zaintzea? «Zainduko ditu lurrak!», esan nahi diot. Ez naiz ausartzen, ordea. Egur ziria hankapetik aterata, kili-kolo nabil aulki herrenean, eta orain bai, egin orduko ohartzen naiz neureaz:

        — Kalte-ordainei buruz gauza bakarra entzun dut, gorpuen leku aldaketa doan egingo dutela.

        Azkenean sinetsi egingo dut badela bizidun guztion baitan halako orratz moduko bat, bakoitzaren erregaiaren depositoan zunda, bizitzatik zenbat erre dugun uneoro esaten diguna. Soledadena azkartzen ari zen hildakoen kontu harekin, hutsera iristen ari zen, hala ari zitzaion abisatzen argia, ziur nengoen, gertuago ikusten zuen haiekin bat egiteko unea. Gehiago esango nuke, ez zitzaiola gehiegi ardura.

        — Zertarako eraman behar dut senarra Nagorera bertakoekin egundo inolako harremanik izan ez badu?

        Sasoi batean, suak hartzen ninduen amarekin norbaitengatik solasean, nola hil den galdetu eta «tristuraz» erantzuten zidanean, tristura ez baitzen, estuan, eritasun bat. Hil bihotzekoak jota hiltzen zinen, edo minbiziaren karramarroak birikak janda, edo auto batek errepide urrun batean harrapatuta, baina ez begia ilunik zuelako. «Nola tristuraz, tristura ez bada gaixotasun bat!». Urteak dira etsi nuela. Bada bizitzeko gogorik ez eta itzaltzen, itzaltzen, itzaltzen, bihotza ilundu eta tristuraz hiltzen denik. Soledad izango da aurki, datorkit, horietako bat.

        Garraldakoa dela bera diost, eta horra egonezinaren muina. Zapi bat atera mahuka barrenetik eta anpulu ikusezinak xukatzen ditu. Dena ongi bidean, bihar emango dizkiote senarraren hezurrak, hala esan dio Maitek aurrena eta Oscarrek gero, kutxa batean sartu eta Nagorerako bidean jarriko dutela, berak kontrakorik ez badio behintzat. Izena daraman harria gorde egingo diotela agindu diote, horman sartuko dutela, txukun, garbi, baina ez dutela inolaz ere zulo komunera egotziko, berari badagokiola hobi duin bat («Eliasi bai, urteengatik»).

        — Nagorera ez. Garraldara eramango dut, han egon dadila nahi dut, ni hiltzean haren ondoan lurpera nazaten.

        Hil ostean ere elkarrekin.

        Elur egun bat zen, berdotza. Haizea iparraldetik sartua, behor ernaiaren sabela zirudien zeruak, berun koloreko. Herrikoez beste, dozena eta erdi bat lagun bildu ziren, oinak lokatzetan, negargura dardarez bisutsetan. Ospelei igurtzika, haizea legez datorkio akordura Soledadi arratsalde hura. Elurra ari zuen soroetan eta hilerriko hormaren bizkarrean, elurra baratxe teila, barruti eta hilarri gainetan, elurra tximinietatik ateratzen zen ketan zuritzen, elurra, nola dio Joycek, nola gero John Hustonek testamentuan, elurra entzuten zuen unibertsoan barrena ilaunki erortzen, eta erortzen, ilaunki, beren azken buruko jaitsiera bezala, bizi eta hil guztien gainera. Bidea zarratuta zegoen eta lanak izan zituzten kanpotik zetozenek herriraino iristeko. Gehienek ezin izan zuten Agoiztik gora pasa. Apaiza traktorearen zurdan igota ekarri behar izan zuten.

        — Erromako obispoa zirudien.

        Handik lau egunera agertu zen eguzkia. Urtutako gazta handia zirudien zeru urdin arrearen ekialdean.

        Barre osteko isiltasuna, bizidunen artean amarauna ilaunki ehuntzen. Harraskan alderik alde, lokarria. Lokarrian, zapiak eskegita. Zapian, marra gorri-urdinak. Marra artean, orban ilun bat.

        «Erabakiak tristura sortu du inguruetan», idatzi nuen artikuluan. Artziko eta Longidako haranetako erretorearen hitzekin sendotu nuen tesi nagusia: «Hau guztia ez da esaten duten bezain sinplea, hildakoei gertatzen zaien guztiak eragina izango duelako bizidunengan. Hildakoen kaltetan egiten dena, bizidunen kalterako ere izango da».

        Lorez dotoretutako gurutzeen argazki batez lagunduta, zazpi hilerrietan ehortzitakoen zerrenda eman nuen: «Orbaitzen dauden 170 gorpuetatik hamarrek soilik izango dute oroitarria Nagoreko hilerri berrian; Itoizkoak, 45etik hamabostek; Muniaingoak, 16tik hiruk; Nagorekoak guztiek, berrogeita batak; Gorrizkoak, 11tik batek; Artozkikoak, 130etik 40k, eta Larraingaingoak, 24tik hiruk».

        1940tik atzera hilobiratutakoen izenak jasotzeko lana hartu nuen, eta nik ere, gobernuak ez oso bestela, horiexek salbatu nituen. Gainontzekoak kaxa bakar batean bildu eta honen tibia haren buruarekin bat eginda, beste honen eskua beste haren oinarekin, hobi komunera egotzi nituen, denak bat.

        Atariko katetik Soledaden txakurrak hutsari egiten zion zaunka.

        — Nora joan behar dut orain?

        Horrelakorik ez esateko, alabak. Leihora hurreratu da, koskan dagoen landare bakarra laztandu du.

        — Hemen hilko da hau, itotzeko betarik gabe, egarriz.

        Gerizpetan egoteko giroa dago, baina kamioiak gora eta behera doaz, uzten duten hauts arrastoarengatik ikusten da nondik doan bidea urtegian barrena.

        Batzuetan bakardadeak ez dizu bakarrik zaudela erasotzen.

        — Nora? Iruñera ez bada, behin bakarrik atera naiz hemendik.

        Norbaitek uso artera bultzatzen nau. Plaza baten erdian nago, platanondoak inguruan, katedral neogotiko bat duen zabalgunea, eta oztopo-moztopoka, oinatz txikiz eta presatuz amaren ohar oihuen artean inoiz harrapatu ezin ditudan hegaztien atzetik nabil. Automobil gutxi kale artean, oraindik urteak behar ditut nerabe izateko ere.

        — Donostiara joan ginen eztei bidaian. Ez naiz urrunago iritsi.

        Iraganaren oraina.

        — Zuek ezagutuko duzue, noski, hondartzak, Artzain Onaren katedrala-eta... polita da hura.

        Telebista gainean marko berdinetan sartutako bi argazki daude. Batean Soledad bera ageri da, zutik eta beltzez, aulkian eseritako gizon dotore batekin, ezkontza egunekoa dirudien erretratuan. Bestean Soledad berriz, ezkontza egunekoa hau ere, baina beste batzuenean. Koloretakoa da argazki hau, bestelako soinekoa darama. Zoriontsuak diruditen ezkonberriak ditu alde banatan. Aurre-aurrean, neskatxa bat, Soledaden eskuak sorbaldan dituela. Loreak magalean. Bestean ez bezala, irribarrez daude guztiak.

        — Ez daukat kexatzerik, esaten didate beraiengana joateko, baina nola ba...

        Etzidamu eramango dutela esan du alabak. Gela prest du. Eta bilobak pozarren zain, gauza piloa dutela amonari erakusteko.

        Amaren ongi iguala da alaba.

        Aulkiaren bizkarrean utzi du zapia. Malkoek errea diote azala begi ondoetan. Barkatzeko, ez digula ezer eskaini orain arte, zerbait hartuko dugula. Estimatuta dagoela, lanik ez hartzeko gugatik. Zoragarri gaudela horrelaxe, entzuten. Harriz zamatutako kamioi horien joan-etorrietara ohitu den behi jendea larrean.

        — Eta aire gaiztoak edo trumoiak jotzen badu zer utzi behar dituzte, hor part botata, Nagorera igoko dituen kamioia noiz etorriko?

        Bizidunak nola, hala uda atariko zaparradapean edozein errepide bazterretan, hirira eramango dituen autobusaren zain.