Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—13—

 

Hitlerren marinelen bizitzaz arduratzen hasi emigrazioaren mila istorioetako bat kontatu didatelako. Harako hartan ibaiak eramandako emakumea osatu zahar egoitzan ikusitako argazki batetik. Horra zertara etorria nintzen Rochen Maite eta Oscar topatu nituenetik.

        Kontua da harrapatuta nindukatela istorio biek.

        — Konturatuta zaude beti hildakoak dituzula tiraka? —egin zidan gaztigu Estik zertan nenbilen aipatu nionean.

        Jakin, banekien. Arrazoi zuela aitortu niola dakit, hegazkin bat pasa zela leihoan alderik alde, halako hari zuri bat lainorik gabeko zeruan, zabaltzen, listen, desegiten ari zena, baina behin honezkero hala beharko zuela. Gero besarkatu egin nuen, min eman arte estutu nuen. Ez nuen galdu nahi, inori ez esateko izua nion bakardadeari. Lapiko hondoetako ur kondarrena, egindako tomatearena, koipe zaharraren usaina eskuak, ilea, sabeleko azala osoro hartzen, oraindik ere. Hala saiatu nintzen beso artean nuen soin txikiari haren beharra nuela helarazten, esaten ausartzen ez nintzena esaten, hitzik gabe erreguka ez nazala utzi, ez nazala utzi arren, ez naizela gai bakarrik ekiteko bizitzari. Egurrezko zoruaren krakatekoa oinpean. Besoen indarra, giharren dardara, eta azkenik, ezarian, arrunt berandu sentitu nituen bi esku ahur, hatzak gehiegi kakotu gabe nire bizkarralde pixka bat makurtuan. Sofa gainean etzanarazi nuen, eta sugandilak banituen eskuak azken harripearen bila, hartzaren atzaparrak iruditu zitzaizkion, Laidaren hiru txerritxoen otso puzlariarenak, zakar ari nintzaiola, zer nuen, poliki joateko. Nahiak tentatuta baino errukia nagusitzen delakoa, eta atzamar urduriak gerrikoa askatzen, kuleroak eranzten, oinetakoak zoruaren kontra, krokodiloaren haginetan gatibu dagoen hegazti zuria haren lepoa, harrapatua nuen, baneraman Afrika barreneko ibairik lohieneko ur uherretan behera.

        — Lasaitu zaitez, Imanol.

        Abaildua zuen aurpegia, nola ez zuen izango. Lehenaz gain, lanetik bota zutenetik bera arduratzen zen batez ere etxeko gorabeherez eta Laidaz. Zimelduak zituen ezpainak, lehorregiak, hondarrezkoak. Musu bortxazko batez busti nizkion.

        — Beldurtu egiten nauzu horrela jartzen zarenean.

        Hegazkina ezkutatua zen. Bidaiariak imajinatu nituen, buruak aulkien belarrietan, edo metakrilatozko leihotik begira, aspermenak lotuta, orgatxo berotik azafatek pixkanaka aterako zituzten bandejen pozean. Behean, gehienek ezagutuko ez zuten hiri bat, behialako egitura militarraren marra geometrikoak, harresi lerroak, gotorlekuen izarrak, osoro goizarenak ez ziren ordu haietan ubel.

        Erdiko hatza aurrena, erakuslea gero lerratu nizkion barrura. Ahoa zabal, Estiren arnasari ausiki egitera bezala egin nuen. Hortzak nituen aurrean, tarteka kanpora ateratzera egiten zuen mihia. Zabalik, bata bestearengandik milimetro batzuetara baina ezpainak ukitu gabe segitu genuen, jolasean kosk egiten aireari. Likinaren beroa atzamar kakotuen muturretan, Estiren aldakak mugitzen sentitu nuen, lagundu egin nahi nion, erritmo berean hasi nintzen neu ere haren ondoan. Keinu zakarrez aterarazi zizkidan arte.

        — Utzi niri.

        Begiak bildu, sigi-saga doazen inurriak diruditen orban zuriak betazalen barne aldean, esandakoa egiten ahalegindu, eta aratinik, olatuaren zain gelditu nintzen. Haren eskua sentitu nuen barrabilak laztantzen, zakil lokartuan azalari gora eta behera eragiten. Hildako txepetxa zen ordea iratzarri nahian zebilena, hegoak bilduta. Ezin egonik, neuri zihoazkidan eskuak haren azalaren beroaren bila, hezegune irekietara. Egoteko geldirik eskatzen zidan, uzteko berari, baina segundoak orduak ziren, laztanak indargabeak. Mailu nahi nuen, labana gozo, off-ik gabeko perkutore, baina ezin. Ikusia nintzen ostatuko kafe makinaren atzetik erortzen labezomorroa zoru gainera. Bizkar gainean egon zen luzez, zango kakodunak airean alferrik astinduz. Tabernariaren zapatapean amaitu zen dena. Oskol hautsia, krakateko lehor bat. Halaxe sentitu nintzen. Behartuta erakarri nuen haren burua, ezpain mintzak, mamiaren gozoak sentitu nituen zabaltzen, mihiaren beroa neure baitan nahi, atximurka txikiak titiburuetan.

        Irratia piztuta utzi genuen sukaldean. «Bluesak behin haur bat izan zuen, rock and rolla da haur hori», esan zuen gizon jakintsuak.

        — Ez arduratu, botikengatik izango da.

        Baina ardura amorru, ezin eta lehertu beharreko indar mataza nuen, nola askatu asmatzen ez nuen korapiloa sabelpean bildua. Neu ahalegindu nintzen, zakar, gozo. Nahi, behar nuen hustu. Alferrik.

        — Ez dio axolarik, hurrengoan izango da —lasaitu nahi izan ninduen masailean musu emanda.

        Gero janzten hasi zen.

        Ezin nuen galdu.

        Barregarri behar nuen larru gorritan sofa gainean, arropak bil-bil eginda alfonbratik kanpo. Herbal sentitu nintzen. Hildakoa baino biluziago autopsia gelan, marmolezko mahaiaren hotza bizkarrezurraren, ipurmasailen, izterren, orpoen kontra, hildako zakila esku bilduan. Stryker zerraren ebaki biribila. Hezur errearen usaina. Kerik aterako litzateke?

        Egongelako mahaitxoaren gainean, arrebak Marokora joan zenekoan ekarritako lanparatxoaren ondoan —larru tindatuan, hennazko marrazki bat: buztan luzeko hegaztia lore baten gainean—, Faustinori itzuli beharreko argazkia.

        — Hildakoen berri ezin ba bizirik ez dagoen batek eman.

        Begira ari natzaio. Laurogeita hamaika urte dituela esan dit. Kontuak ateratzen ditut: hamabikoa da. Hogeita lau urte zituen gerra hasi zenean. Hogeita hamarretik gora makiari laguntzeari ekin zionean. Nahi baino urte gehiago Frantzian, autoentzako balaztak egiten zituen lantegian.

        — Balaztak eta, nola da txasisetik gurpiletara doan pieza hau...

        — Ez zinen ezkondu?

        Irri egin du, ordura arte inoiz ikusi ez diodan bezala. Nahi gabetanik zoriontsuagoa izan zen garai batera behartu dut. Tolosan dabil, Garona ertzeko kaietan pasieran, agur honi, adio hari, eta asteburuetan Langedoc-eko landa herri lasaietan, bizikletari eragiten inpresionistei jasotzea ahaztu zitzaien zelai naroen artean. Neska ilehori bat doakio aurretik. Buruaz atzera eginda, suzko adatsa airean, ulertzen ez dudan zerbait diotso Faustinori. Bizikleta biak arinago doaz orain. Automobil urdin bat igaro zaie aldamenetik, bozina jo du. Mitxoletek malko gorriak dirudite belazeetan.

        — Frantsesekin ez zuan erraza —eta Faustinori ezpain mintza zabalagoa egiten zaio.

        Eta ezkondu ezetz, baina ozta, andregai bat izan zuela aitortzen dit, esposatzeko zeudela gaixotuta hil zena.

        — Sylvine zian izena.

        Eta Sylvine apuntatzen dut koadernoan, zergatik ez dakidala.

        Iloba aurrean ez duela, lasaiago dago, begiradan antzematen zaio. Bi begi txiki eta ilun betaurrekoez bestalde, eta leihotik sartzen den argiagatik niniak handitzen zaizkionean, putzu bietan barrena, bihotza ikusten zaio, nire antzera, hain da txarra disimulatzen. Badakit, ez dut lortuko iristerik, baina hurbiltzen utziko balit, bidegurutzeraino besterik ez bada ere, bera Frantziara eta Juana Ardanaz 43ko abenduan betirako hemen utzi zuen bide bururaino...

        — A, argazkia!

        Kopiarik egin diodan galdetzen dit, beha geratzen zaio. Argazkian ez da enmarketik kanpo erakutsi zuten adorearen itzal mendrenik ageri. Ikurrik eta epikotasunik gabe, zortzi neska-mutil gazte baino ez dira Sanferminetan, begira dagoenarentzat zorionekoa dirudien klikada batean harrapatuak. Eta haur bat: Juan Antonio.

        Juanaz dakiena kontatzeko eskatzen diodanean, ea zerbait aurreratu ahal izan dugun erantzuten dit.

        — Gezurra esan nizun lehengoan: ez nabil han lanean. Egunkarian ikusi zenuen artikuluaren egilea naiz.

        — Niri joko didak. Begira ezak zer esku dituan.

        Lotsagorritu egin naiz. Izter gainean ezkutatu ditut ahur beraxkak. Larraingainen izan naizela esanda atera naiz lakiotik, besteak lanean ari direla, zula eta zula, eta hilerriko horma gainera igota, onkologoak metastasiari nola, lurrari erreparatu diodala, eta malda aldera dagoen arbola bakarra begitandu zaidala hildako batentzako aterpe egoki. Bestela, deus ez. Satorrek urteetan obraturiko habia, pasabide eta tunel sistemak. Dena harrotzea ezinezkoa izango dela.

        — Adurra izan zian, izan ere.

        Ez da espero dudan hitza. Adurra.

        — Zergatik diozu hori?

        Eta orduan hasten zait, pitika, gainontzekoak kamerari so, elkarri sorbaldatik helduta daudela, argazkiko emakume irribarretsua mugitzen. Umea ere bertan uzten du, eskutik aske, eta Juana badoa, kalean behera musikarien osteko aldraren atzetik, zerbait ahaztu balitzaio bezala egin eta itzultzen den arte, eta badator:

        — Nik, ez nahi beste, gerra aurrean ezagutu nian. San Gregorio kaleko Euskaldunako barran aritzen zuan, zerbitzatzen. Larraingaindik etorri berri behar zian. Orduan neska asko biltzen zuan horrela herrietatik Iruñera, ostatuetan aritzera. Lana zegoan, eta euskaldunak ere behar zituan, San Nikolasen-eta.

        Banekien non geunden, dena ongi bidean ezer galdetu beharrik ez dagoen unera iritsiak ginen. Iloba aurrean izan genuenean baino errazago, solasa berez zetorren, euri ura mendi negarrean behera bezala.

        — Badakik, tabernetako zerbitzariekin-eta gertatzen dena, denei ongi egin eta gaizki ulertuta, asko zirela harekin tematzeraino txoratu zirenak. Nahi gabe ere sorgintzen zitian hark bezeroak barra atzetik. Hauen artean etxe-laguntza egiten zion burugorri bat zegoan. Juanitak ez zian ezer nahi harekin, baina gauetan, tabernako ateari giltza emanda, besteak lagundu egiten zioan etxeraino. Kontua duk halako batean behartu egin zuela, eta hona aipatzen nian adurraren lehen haginkada: Juana hezur berritzen utzi zian. Hala pasako zuan harena, beste askorena bezalaxe, baina gerra ere ate joka zela, erreketeetan sartu mutila. Kasernara ere iritsi zuan gertaeraren berri, eta artean Juanari handitua igartzen ez zitzaiola ezkontzera behartu zitian kapitain batek. Orduko gauzak, badakik. Mutilarenean jarri zituan bizitzen, haren etxekoekin. Ez zitean ez haserretzeko ez maitemintzeko betarik hartu. Burugorria Irun hartzera bidali eta joan orduko zuan bueltan. Gotzainak berak bedeinkaturiko kamioian ekarri zitean etxe atariraino, egurrezko kaxoi batean, detente bala paparrean eta tiroa bekoki erdian zuela.

        Orduan ohartu nintzen eskuko dardarizoaz.

        — Begiak bezalako egiak dituk hauek.

        «Izango ez dira ba» esan nion behakoarekin, «ez zaitez orain gelditu Faustino».

        — Juan Antonio jaio zenean ostatuko lana utzi eta herrira itzultzekotan egon bazen ere, hemen geratu zuan. Nik nire iritzia diat, baina ez iezadak galdetu zergatik. Burugorriaren amak egindako gonbitari uko egin, sorgin zahar bat, eta handik aterata, Arrotxapean jarri zuan bizitzen, Errotazar karrika buruan, Navascuestarren etxean. Badakik non den, pasta fabrika zian bertatik bertara, Kale Nagusiko Armendariztarrena. Etxalde ederra zuan hura, harlauza zapalez eginiko patio zarratu harekin. Egunez Argako latsarrietan aritzen zuan, arropa enkarguz garbitzen. Ilunabarra lisaketan ematen zian, edo adabakiak josten. Ezagutu behar zuan giro hura. Egun autoak uzten diren zabalgune horretan, dena hesola eta zintzilikatutako maindire eta arropa. Ordain zezakeenak hala egiten zian, emakume haien esku uzten zian lixiba. Andre haiek hazi zitean Juan Antonio, «alargun gorriaren» semea.

        Hasi da argazkiko emakumea itzal zuri-beltzezkotik mamitzen, orain ez zait batere erraza egiten Juana paper uhertuan irriz ari zaidan aurpegian errenditzea. Mina gordetzeko ahalmena duen begitartea du. Burugorriaren abizenaz galdetzen diodanean, ez du asmatzen ez izenik ez deiturarik ematen, galdua da, gordea, arratoia zabor artean bezala kukutua urteen tolesduretan.

        Eta kanpora atera dezadan eskatzen dit, haizea behar duela, ikasi duela belarri artean ez hitz egiten. Ez kezkatzeko zaindariengatik («nahi izatera, bazkalordura arteko bulda ditek gatibuek»). Pasabideetan barrena, segurtasun handiko presondegi batetik ihes egiten laguntzen ari natzaion gizona naiz, nik kontatzen ez badut denborak tarrazean bere estoldetara eraman eta betirako itoko duen historia txatal bat dudala aulki gurpildunean garraioan.

        — Eta zeu, zer moduz zaude?

        — Bizitzen aspertuta.

        Kanpoan gaude. Kanporago nahi du baina, aurreko eskoletako mutilak atsedenaldian dauden aulki aurretik pasa eta joan den larunbatean Maiterekin egindako bidera bultzatzen nau, arbolapean. Aulkitik bera da ni naramana, orain ez hainbestera arte eskutik helduta Laidak eraman izan nauen bezalaxe.

        Poltsatik atera eta Layanan erosi ditudan pastatxoen kutxa utzi diot magalean.

        — Gozo beharrean ikusten nauk ala?

        Ezetz esan gabe, ez dudala jakin zer ekarri aitortu diot.

        — Juanitak berak egiten zitian ederrak.

        Aulkia trabatu gabe doa estratan aurrera, akaziapean. Hesiaz bestalde, udaberrikoak emanda, udakoak eskaintzeko gertu negutegiak. Alanbre, aliketa eta mailu, bi langile ari dira burdinak sendotzen. Gelditu beharra izaten dut hizketan hasten den aldiro.

        — Urte zailak izan zituan benetan. Jendea erori egiten zuan, Otxoa, Juaniz, Yesa eta hauei heriotza zigorra jarri zietean, eta ez balitz Olaetxea gotzainarengatik harrak gobernatzen ziratekeen. Galanta duk, zeini eta Elizari eskerrak eman beharra! Ehun bat lagun izango gintuan. Eta alderdikoa ez bazen ere, kostalde horretatik zetorkigun jendea mugara hurbiltzen asko lagundu ziguan Juanitak. Trenean egiten zian Agoitzerainokoa. Gero mugalaria heldu artean Artozkin gordetzen zitian, edo Usozko zeran, Artxabalen, edo Larraingainen bertan, lastategian. Baina esan diat, adurra zebilkion atzetik.

        Zorte txarrarena berriro ere.

        — Ez zian gizonekin aldi onik. Baduk lehendik gertatutako gauzak berriz gertatzen zaizkion jendea, txarra bada aiseago. Juanitak ez zian atsedenik ezagutu. Tamalez, lehen burugorria bezalaxe, etxeko arropak garbitzen zizkion ospitaleko mediku bat tematu zitzaion, harekin behar zuela eta harekin behar zuela. Biurrun izeneko bat, Segundo Biurrun. Atzetik ibiltzen zian, baina Juanitak ez gizonik behar. Medikuak ez zioan bakerik ematen, eta hura ez izan isiltzen diren horietakoa. Behin, plaza betean, bereak eta asto beltxarenak bota zizkioan. Hortxe galdu zuan. Ez ziotean gizona laidoztatu izana barkatu. Ahoz aho zabaldu zuan emakume ahoberoarena. Moralgabea zela, matxanberoa, gorria... Biurruni aurre egin eta ez zituan hamabost egun pasako goiz batean, hortxe, horkoxe latsarrietan agertu zenean, ur azalean itoa.

        Eta buruarekin atzeranzko keinua egin du, Arga aldera.

        — Batzuek izotzetan irrist egin eta erori egin zela esaten hasi zituan, beste batzuek bere burua bota zuela. Bere buruaz beste Juanitak? Gezurra eta zikina. Biurrun bera ez bazen izan, berak hilarazi zian. Ordurako ez zuan edozein, hark kendu zioan bizia. Ezagutu beharra zagok nola ibiltzen zen jende hau orduan. Gau hartan Juanitak ez zian etxean lo egin. Auzoak zaindu behar izan zian Juan Antonio. Esadak, zein joaten da, berdin dik, orduan ere, zein joaten zen gau erdian lixiba egitera?

        Egia da Maitek dioena. Arrosa kolore horrekin, Toscanakoa dirudi Irujo etxeak, hiru arkupe handi lehen solairuan, berdea balkoitik balkoira, huntza ez den beste igokari bat, ur jauzia balitz bezala erortzen. Baratze zainduak inguruan. Ur turrusta txiki bat. Toscanako istorio bat, Piamontekoa, Emilia-Romagnakoa faxistekin eta komunistekin, Novecenton bezala.

        Pasta kaxa zabaltzeko agintzen dit, bat hartzeko diost. Ezin diot ezetz esan, mutu nago.

        — Apaizek bahitu zitean gorpua, etxekoak tarteko. Orduan hala zuan. Sorterrira eraman zitean, eta gurutzerik gabe, lorerik gabe, hilerriz kanpo ehortzi zitean, hala esan zigutean orduan. Aitzakia, bazitean. Senarra martiria izanagatik, bera gorria zuan, eta suizida. Horregatik esan nizuen handik ateratzeko, bigarrengoz ito ez dezaten.

        Koadernoa eskuan, disimulurik gabe, gero kontatua berregiten lanik emango ez zidaten apunteak hartu nituen, lerroz aise jauzi egiten zuten gertaeretan laburtu nituen Faustino Ibañezek kontatu berri zidana. Izen bakarra idatzi nuen, Biurrunena. «Segundo Biurrun, medikua», jarri nuen. Eta Irujo Etxeko ate parean, idazten ari nintzela jakinda, nahita bota zidana ondoren.

        — Iraganean mina dago, egun beldurra.