Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—11—

 

Zuhaila kanpo hormetan, ilunagoak teilatuko metal xaflak fatxadan behera, kubikoa izanagatik neurrikoa, kanpotik beste nonbaitekoa dirudi hemengoa baino, akazia hazi, izei bezatu eta zelai zaindu artean arkitektoak eztiki utzia. Argitsua, hirian bertan dago, eguneroko batetik besterako joan-etorrietatik urrun. Ezarri dioten izenaren jabe da, El Vergel. Zozoak inguruko zelaietan. Hesi aurreko estratatik, ertzetako belar zantarren artean, neska gazte bat dabil txakurra pasierara aterata.

        Atariko toldopeko aulki gorrian aurkitu genuen iloba behar zuen emakumea. Ordu-orduan iritsi ginen. Beldur nintzen, esku-estutzea ez zen hotzegi gertatu ostera. Tartea zainduagatik, eta hamaika horrelako janda naizelakoa esan dezaket, ez nion errezelo gaiztorik hartu.

        — Biok zabiltzate orduan han lanean?

        — Biok —erantzun zuen Maitek niri begiratu gabe.

        Gezurraren arrastoan sartua, berari utziko nion etor zitezkeen galderei arrapostu ematen, baina beharrik, ez zen besterik egon. Hirurogei bat urteko emakumea zen, sotila eta, itxura batera, lana beltz egindakoa: eskuetan zuen ezagun. Presaka zen, antza. Edo bestela ez zuen gehiegi luzatu nahi. Eskaileretan gora gindoazela, osabak Faustino duela izena azaldu zigun, ez duela seme-alabarik ez seniderik, ilobak bai, «bakan batzuk,» eta telefonoz Maiteri esanda bezala, etxean alabak nik idatzitako erreportajea irakurri ostean piztu omen zen «su txiki hau», esan zuen. Isilik egotea zegokidan, gezurrei ekinda, ezin aitortzen hasi ni nintzela egilea. Karraju argian aurrera gindoazela, aurrez esandakoak errepikatu zituen, gerra osteko kontu bat dela, «osabak ezagutu zuen emakume bat, han lur eman ziotena». Zaintzaileetako bat agurtu eta entzun ez baina erraz interpretatu nuen zerbait galdetuta, egindako bidetik itzuli ginen. Ezkerretara jota, besteak baino zabalagoko ate baten aurrean gelditu ginen azkenik.

        — Ez gara luzaro egongo —gaztigatu zigun—. Arrunt zahartua dago gizona, ez da nekatzea komeni.

        Baietz erantzun zion Maitek, nola bada, ez ginela inori gogait eragitera etorri, entzun beharrekoa entzutera baizik.

        Lau lagun baino ez zeuden egongela zabalean. Karta jokoan bi, telebista itzaliaren aurrean hirugarrena. Faustino leiho ondoan genuen zain, kristalaren bestaldetik sartzen zen udaberri arratsaldeko argitan.

        — Hauexek dituzu, osaba.

        Gurpildun aulkian zegoen eseria, artilezko jertse gris mehe bat eta txandal praka urdin batzuekin. Akitu itxuraz, kirola egitera behartzen dutela aitortu zigun, («garai batean gazteak fraidekietan bezala, buruak lanik egin ez dezan»). Iloba atera zen orduan, zakarregi («ez ezazu astapaolarik esan»). Betaurreko handiak zeramatzan, kristal nabarrekoak. Iharra zen gizona, zaintsuak eskuak, zimurrek zizelkatutako aurpegi luzexka, zuria eta eroria. Arnas hots ozenen artean begiradak ihes egiten zion, esan beharrekoak etorri berriekikoak baino garrantzi handiago duenean bezala.

        — Eseri, eseri —gonbidatu gintuen—. Ezin dizuet deus eskaini, hemen, badakizue...

        Laguntzaileetako batek telebista piztu zuen. Nor berera, gonbidatuak kalaka. Entzun ez nion zerbait murtxikatu zuen ahopean Faustinok.

        — Larraingainen zabiltzate orduan.

        — Ez han bakarrik...

        — Irakurri zidaten zertan ari zareten.

        Aldameneko mahaitxo baten gainean zegoen gutunazala gertura zekiola eskatu zion ilobari. Argazki zahar batzuk atera zituen barrenetik.

        — Hau naiz ni —esan zuen erakutsi nahi ez zuen erretratu bati ezin itzuri eginda, koadrila batean muturreko gazte argal bat seinalatuta.

        Zubi gain batean zeuden, ibai handia zutela atzean. Ondoan glaces zioen gurditxo bat, zuriz jantzitako gizon bat tiraka.

        — Non zaudete, Frantzian? —ausartu nintzen galdetzen.

        — Okzitaniako Tolosan.

        — Aspaldikoa da.

        Azpialdean behatzeko agindu zidan.

        — Noizkoa jartzen du?

        Esku dotore batek ifrentzuan lumaz idatzitakoa irakurri nion:

        — Toulouse, 1943.

        — Hala izango da orduan, 43koa —errepikatu zuen—. Pont Neuf deitzen diote, Garona gainean. Ederra ibaia.

        (Argazkigintza: irudiak gelditzeko makina denbora gelditzekoa ere bada).

        — Frantzian zinen 43an? Lanean? —bota nion.

        Ez nuen lo harrapatu.

        — Beste lan batzuetan.

        Ohartzen hasiak ginen. Faustino uharte txiki bat zen egoitza aseptiko hartan, besteengandik askatu eta aulki eta guzti ibaian behera zihoan iceberg bat. Geu aurrean ginelako hasia zen berregiten historia txatala. Etxekoak gogaituta zeuzkala hamaika bider entzunda, behar zuen kontatu ostera bizitako hura betirako gal ez zedin.

        — Entzun...

        Ezarian zetozkidan Ibañezen biografia osatzeko behar nituen datuak. Azalpena hemen, ziztada humano bat han. Nahasian, flashak eta zehaztasunez doitutako gertakariak, nahitaez ordu laurden edota hiru minutu lehenago esandako pasadizo batekin lotu behar nituenak, entzulearen lana zen hori. Ilobaren ezinegona sumatzen hasiak ginen, eta Faustino klandestinoaz osaturik nuen marrazkia oso ahula zen artean, zirriborro lauso bat.

        Sartu ginenean baino hobeto nengoen behintzat. Zerbait bagenekien. Aditzera ematen ari zenagatik makian ibilia zen, ez ausaz mugaz bestaldetik igaro eta mendi aldeko erasoetan, ez zuen horren argi esan, baina bai gutxienez laguntzen, Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Asturias aldetik zetorren jendea bestaldera pasatzen, mugalari lanetan.

        — Bidetik atera gabe osaba, ez dira zure bizitza entzutera etorri. Esaiezu zer nahi duzun.

        Bazen solasaldi hartan ilobak harrapatu ezin izan zuen zerbait, ordea. Orain eman, orain eten, orain enpatxatu, mataza egiteko batere samurra ez zen haria zen Faustino siesta ordua amaituta aretoa jendea betetzen hasi zenean. Haurrek arrunt urduritzen zutela konturatu nintzen. Inoiz umerik hazi ez duen pertsona bat izan behar zuela begitandu zitzaidan. Ez nion galdera hori egingo.

        Beste argazki bat hartu zuen.

        — Begira, hau da Juanita.

        Lau ertzak higatuak zituen argazki zuri-beltzezkoan, gazte talde bat ageri zen, festa giroan itxuraz. Aurpegi ederreko neska baten gainean ezarri zuen atzamar luzea. Mutur batean, berriro ere argazki hegian irribera, Faustino bera, ezkerreko eskuan duen botila batetik edontzi batera ardoa dirudiena ateratzen.

        — Zer Juanita da? —ilobak.

        — Hauxe da ba Larraingainen dagoena! Juana Ardanaz.

        Faustino bera bazen jardunaren muina, berehala ohartu ginen erretratu hartan batzen ginela denok agurearen gogora, soineko estanpatuz eta oinetako ilunez jantzita ageri zen emakume haren bitartez elkartzen ginela laurok etorkizun gertuko ez dakit zein plazatan. Maitek eta biok hala erabaki eta nahi bagenuen, behintzat, zain genituela Juana eta Faustino.

        — Ez dut Juana agertzen den besterik.

        Ardaila gelan gero eta itogarriagoa zen, eta ez Faustinorentzat soilik. Lasai hitz egiteko aukerak unerik une erretzen ari ziren. Inguratuak geunden. Itxura guztien arabera, ez genuen egunik egokiena aukeratu. Larunbat arratsaldea familiaren kontzientzia lasaitzeko ordua zen.

        — Atera nazazu hemendik —agindu zion ilobari, aulkia higitzeko keinua eginda.

        Argazkiak azalean sartu, altzoan hartu eta pasilloetan barrena abiatu ginen txoko lasaiago baten bila. Zergatik ez ginen gelara igotzen proposatu zion ilobak. Laguna omen zegoen bertan («erreketeen Lacar tertzioan ibilitako bat, sinesten lanak ditu niri tokatzea ere»). Bi eraikinak batzen diren pasabide kristalduetako batean agertu ziren behar genituen aulkiak eta mahaia. Arantzadiko estrata ikusten zen bertatik. El Redín eskola harantzago. Kepixaz eta makila eskuan zuela, egoitzako gizon bat, Txantrearantz oinez.

        — Nora doala uste ote du horrek...

        — Zer zenioen Juanaz? —galdetu zuen Maitek haria galdu baino lehen.

        — Han dagoela lurperatua, Larraingainen. Atera egin behar duzue.

        — Han bada ez dugu han utziko, zaude lasai.

        Bekozkoz begiratu zion. Eskua aihotz.

        — Kanpoan dagoela, putain.

        — Nola kanpoan?

        Saiheskia mozten ariko balitz bezalako tanka ostera ere aulki ertzean.

        — Hilerri kanpoan. Hainbeste jogurtek burua umetu egin dizue ala?

        Arrazoi garbirik gabe petraldua zen. Elkarrizketa hura zegoenean uztea zela egokiena aipatu zuen ilobak. Joateko agindu zigun. Sakonagoak egin zitzaizkion zimurrak lepoan.

        — Zaudete!

        — Hauek ez dakite zertan zuk beste jakin —ahalegindu zen lasaitzen—. Dena azaldu beharra diezu. Bestela badoaz.

        Lasaiago ekin zion handik atzera, ez zela gizon bera esan zitekeen. Haatik, hobe denontzat, ez zen barkamen eskerik egon. Ez zen beharrik izan, elkarrizketak berak ekarri zuen solasa bere bidera, eta hala jakin ahal izan genuen Juanaz ondorengo egunetan jakin izan genuen guztia. Sortzez Larraingaingoa zela, baina Iruñean zebilela lanean gerra ostean. Faustino eta lagunak ezagutu eta tarteka hauen sare klandestinorako ere lantxoak egiten aritu zela. 1944ko neguan hilik agertu zen, «hemendik bertan, ibaian». Bere buruaz beste egin zuelakoan, sorterrira eraman eta hilerriko hormatik kanpo ehortzi omen zuten. Hura ez han ahazteko esateko deitu zigula, ateratzeko handik urtegiak betirako azpian zapuztu baino lehen.

        — Inork gutxik gogoratuko du hura han dagoela. Nik bai. Bada sekula ahazten ez den jendea.

        — Eman diguten zerrendan agertuko da.

        — Elizarenean? Esan dizuet, atzo jaioak ematen duzue. Juanitak ez zuen bere burua bota.

        Artzapezpikutzatik ateratako orria zen genuen bakarra.

        — Hil egin zuten.

        Isilune pisua.

        — Hil egin zuten —esan zuen berriz.

        — Nortzuek? —sartu zen larritzen hasia zen iloba.

        Betaurrekoak kendu zituen. Arrosatuak zituen begiak, amaraun likidoa niniak biltzen. Isilik gelditu zen. Aurrean nuen baina denboraren beste gelaren batera joana zen. Beharra, gosea, heriotza. Nerabeek harria jaten nola ikasi zuten ikusten ari zen, jaiotzen zirenean oilaskoek baino gutxiago pisatzen zuten haurrak, gorrotoa eta larderia erakusteko hamaika bide.

        Kanpoan, katu batek sare gainetik egin zuen.

        — Seguru jakin ezean, ez dago ongi izenik ematea —gaineratu zuen emakumeak.

        — Isilduko al zara?

        — Eta familiarik, badu? Alarguna, seme-alabak?

        — Seme bat zuen, Juan Antonio, baina Ameriketan bizi da.

        Argazkian Juanak ez zuen itoek izaten duten begitartea. Alai ageri zen, zazpi-zortzi bat urte izango zituen haur baten aldamenean.

        — Hauxe da Juan Antonio.

        Nekatua zegoen. Joatea genuen onena. Argazkia eskatu nion, ea utziko zidan kopia bat egiten.

        Kanpoan, zuhaitz gerizpearen bila ekin genion. Hitzordua zuela-eta, oinez egingo zuela Txantrearakoa esan zidan Maitek. Zer egin behar nuen nik. Estiren gurasoenera joatekoak ginen merienda egitera, hala genuen ohitura hartua hamabostean behin, aitona-amonek umeaz ere goza dezaten. Erlojuari eman nion begia. Mugitu beharra nuen helduko banintzen. Zubiraino lagunduko niola agindu nion. Arantzadiko estratan aurrera, itzal gozoa ematen zuten akaziek, indi gaztainek eta abantzu eskola parean adarrak zeruan katigatuta zituen zumar bakartiak. Baratzeetako negutegiak. Zelai argien errea. Hitz gutxi egin genuen ibaira bitartean. Begiko nuen inguru hura: Toscanakoa dirudien Irujo etxea, egun lantegi-eskola bilakatua; honen atzean Maurice Ravelen lagun frantximantek kostaldean edo Amikuzen laketzeko moduko etxalde neovasco bat; aurrez aurre, Galiziakoa izan daitekeen garaia, lau isurkiko teilatu eta guzti, eta Arga hegian, kaputxinoen komentuaren bestaldean, Karpatoetako baserria: Europako landa arkitekturaren buketa, ehun metroan bildua.

        Agurtu aurretik, argazkia atera nuen gutunazaletik.

        Biok begiratu genion Juanari.

        Bioi begiratu zigun Juanak.

        — Zer tankera hartzen diozu?

        — Ez dakit.

        Egoitza behealdean, japoniar gereziondoen azpian utzia nuen autoa hartzera joan nintzenean, Faustinoren itzala ikusi nuen errezelen bestaldean, Maitek eta biok agurtu genuen tokian bertan. Harri bat jo nuen ostikoz, hotsa entzun zezan. Iloba zuen atzean. Eskua altxatu eta diosala egin nienean, bietako inork ez zuen imintziorik egin.