14
Ahots buzoian Maiterenak emakume zaharrago batena dirudi.
«Imanol?», entzun nuen. Eten luzea gero, okerrekora jo eta, ohartuta, telefonoa kakotzera zihoala iruditu zitzaidan. Beharrik, jarraitu egin zuen, ordea: «Zer zabiltza? Faustinoren ilobak deitu dit, ez zaiola gustatu zu abisatu gabe agertzea El Vergelen. Ahazteko zaharrak esandako guztia, burua nahasturik duela».
Dutxako txorrota zabaldu nuen, eta itxaron egin nuen ura pixka bat berotu zedin. Ispiluan, hanpatua ikusi nuen neure aurpegia, puztuak betondoak ez ezik baita masailak ere. Ez zen esnatu berri nintzelako. Inoiz berriro izango ez nintzena zen. Esti umea autobusera lagundu eta erosketak egitera joana zen. Laidak irteera zuen ikastetxetik, etxalde-eskolaren batera, eta ez zen iluntzera arte helduko. Denboratxoa zen hiria esnatua zela, eta hiriarekin batera baita gure etxea ere. Komunetik entzuten nituen ongien ohiko zaratak: inora joateko adinik ez duten umeen orroak, kaniletatik behera doan ura, telebista bat piztuta goiz-goizetik.
Ez nuen erredakziotik pasatu beharrik, zuzenean joango nintzen liburu aurkezpenera. Honelakoetan ez da erraza ohiturak ezarritako arrastotik ateratzea. Aretoan bildutakoa ahal den eta txukunen eman, argazkilariarekin hitz egin eta elkarrizketa egilearekin. Hahor nigatik espero dena. Urak gorputz osoa bero diezadan utzi. Txorrotaren indarra sentitu buru gainean behera, bizkarra epeltzen, berotzen, erretzen igarri, jarioa lepotik, soinetik, zangoetatik behera. Aparra harrotu esku artean. Ilea gozatu, bularra, sabela, zakila, barrabilak igurtzi, ipurmasailak, uzkia. Ura, aparra, ura. Kanilak, hodiak, kolektoreak, ubideak, urtegiak. Saihetsak ezagutu, besoak, bernak, oinak, galtzarbeetaraino igo, atzamarrak xaboitan irristatzen sentitu. Aspertuta nengoen horrelako liburuekin, ez nafar ez gaztelau, guztiez enpo, ez zitzaidan errege bakar bat gehiago sartzen kolkoan. Ez nuen ulertzen obsesio hura, borondate politikoa hamahiru, hamabi, hamaikagarren mendera eramatearena. Nazkatuta nengoen estetikarekin berarekin, arranoekin, zigilu lakatuetatik berreskuratutako zaldunekin, Erdi Aroko azokekin, ovni batetik heldutako izakiak baino arrotzagoak zitzaizkidan denak.
Errealitatea oso bestelako zerbait da. Zaldun agaramontarraren tokian etxekoen diruak bilduta Ekuadortik heldu berri den emakumea bizi da goiko pisuan. Hiru seme-alaba utzi ditu Guayaquilen. Caixako bulegoak garbitzen eta ametsetan ematen du eguna, denak ekarriko dituela esaten dit eskaileretan topatzen nauen aldiro. Ahizpa datorkio datorren astean. Ez dut ur hotza maite. Erre arte zabaltzen dut giltza. Larregi beti, orban gorrikarak ateratzen dizkit azalean. Hotzetik nahastu. Aparra desegiten ikusi oinen ondoan, lainoak ematen dute. Volkswagenerako aulkiei azalak jartzen ematen dute eguna errege-erreginen jopuek orain. Haurdun gelditzen direnean, bota egiten dituzte, eta beldurrak lotutako beste batzuk sartuko dira haien tokian, oraindik merkeago. Erresumako muga gotorlekuan orain ez dago bufoi izeneko inor, baina Nicolaek ere berea dakar goizeko hotsen sinfonia honetara. Leihoan bestaldean sentitzen dut, ahalegintzen da errekaduetan, bestelako zereginetan dabilen jendea alaitzen, errumaniarra da. Dozena erdi bat pieza baino ez dakizki, soinuak ere ez dio laguntzen, zaharkitua du, mailatua pasta nakaratua, eta horiexek jotzen itxaroten dio iluntzeari. Begiratzen badiozu, hortz zuri ederrak erakusten dizkizu. Inoiz Europa ekialdeko film grabatuak pasa izan dizkiot DVDan.
Txorrota itxi eta historia noiz bilakatzen den akigarri etortzen zait, non dagoen inork zehazten asmatzen ez didan muga. Ez dut teoriarik, asealdia da beharbada, beteta nagoela, gogaituta. Desberdindu beharra dudala, nahi ditudala bereizi Juanita eta Faustinoren kontaketa eta maila sinbolikoan ere ingurukoen artean neurri kezkagarria hartua duten mitoak. Juanita Ardanazen bizitza berregin, lanera lagundu hirira, horma arrailduaren kontra bortxatzeko lagundu etxera, haren eskuak sentitu ibaiko uretan hormatzen, ospelak egiten, lana, laidoa, larderia, eta Arga aho zulotik behera, egunsentiarekin batera lixiba egitera ibai ertzera jaitsitako emakume baten arrama, gorpu bat dagoela latsarri artean, laguntzeko arren hura handik ateratzen.
Ur jarioa soinean behera joan zain, marrazki bat egiten dut atzamarraz manpara lausotuan. Lauki bat, gurutze bat duela barrenean: Larraingaingo hilerria. Eskuinaldean, orban bat: magal aldera etzanda dagoen artea. Eremu bat zarratzen dut gero arbolaren inguruan. Goitik behera datozen ur tantek zauriak egiten dizkiote mapari. Berehala ezabatzen dut dena.
Eta mundu osoan gizon bakar bat hartaz norbait gogora dadin oihuka. Ateratzeko emakumea handik, urtegiak harrapatuta betirako galduko dugun memoriaren zoko, troka, desleku hartarik. Ilobak burutik ongi ez dagoela sinetsarazi nahi didan gizasemea, gurpildun aulkian bizitzaren ibaian behera. Bere adinekoren bat ikusi eta begira-begira gelditzen zaion iceberga, garai bateko parrandaren bateko laguna identifikatu nahian, zimurretan eta begiradetan igande arratsalde hartan Irañetan edo beste tabernaren batean topo egindako mutil bipil hura ezagutu nahi izango balu bezala. Norberaren itzalaren ikusle mutua izan, bizitakoa berriro pasatzera egin, eta ezin asmatu kateatuta ematen, ezin gertaeren sailkatze kronologikorik egin, guztiak ahanzturaren bazka dira, eta hemen udaberriko elurra bezain garbi dena udazken arratsa bezain erraz iluntzen da han, eta ezer ez da dirudiena.
Itzuleran, barrenak hustu ostean egoitza aurrean egindako aitorpena datorkit:
«Poztu ere egiten duk bat izualdian, gizakion ankerkeria izango duk, badakik. Besteak hiltzen ikusteak, ez zakiat nola esan, hurrengoa norbera izan daitekeela etortzen zaik, baina era berean biziago gaudela sentiarazten ziguk».
Iragana orainera ekarrita, lortzen denean bederen, dena da mandoagoa, kolore biziagoak hartzen ditu berez txepelkara zenak, lausoa, azalera ateratzean, hazi egiten da. Eta orain, nori ardura dio orduko maitasun zaparrada hark, nor da gai muga pasatzearen ilusioa berpizteko, non dago ametsa, lilura, kezka gazte haien indarra.
Nola esan zuen?: «Denbora gure ezjakintasuna da borrokan ari zirenen aurrean».
«Zuen historiaz ezer ba al dakigu barren, Faustino...».
Nahiaren adabakiz eta bidaia atalez osaturiko giza paisaia. Inondik ere irabazteko egindako trabesa. Mugaz haraindi, bilerak eta arma horniketa. Hemen, ahal zena. 1944ko urri hatsarrean, berrehun lagunetik gorako taldea igaro zen Ezterenzubitik Orreagara, 54. brigadakoak denak. Aurreneko tiroak, Itzaltzun, Lasako mendate horretan, Polizia Armatuaren kontra. Bi polizia eta hauen itula-lanak egiten zebilen guardia zibila hil. Gatibuak hartu. Asko zirela-eta, banandu beharra. Faustino Abaurrepera heldu zen, han artatu ziren zaurituak. Egun berean, tiro gehiago Bidankozen, San Fernando inguruetan, América batailoia zutela aurrean. Tenientea eraitsi zuten, baita lau soldadu gehiago ere. Hildako makiak ez zituzten inon izendatu, hauei ere hilerriko hormetatik kanpo lur eman zieten. Baina oso gerora jakin ahal izan zuten. Laino sarrian berriro muga igaro aurretik askatu zituzten bahituak.
Hori da historia, kea. Lurruna. Lausoa.
Egon, hortxe dago egon. Ekartzen lanak. Mito zaharretako ardi larruarena gogoratzen dit honek, ontzurrez betetako mintzarena, non edo non lurpean gordea. Norbaiten lorratzak behar lurra urra eta urra, larrua, eta noski, urrea agerian uzteko.
Berlinen, behin erreportaje bat egin nuelako dakit, Gertz izeneko artista batek, Jochen Gertzek, performance xelebre bat burutu zuen ez aspaldi. Jakin zuenean Alemania nazian 2.146 hilerri judu suntsitu zirela, berak eta lagun egin zuen ikasle talde batek Saarbrückengo plazako galtzadarriak ebatsi zituzten. Gauetan, harriak hartu eta hilerri bakoitzaren izena idatzita atzean, bere tokira itzultzen zituzten. Handik urte batzuetara Monumentu Ikusezinaren plaza izena eman zitzaion Saarbrückengo zabaldi nagusiari.
Hori hemen egitea badagoela begitantzen zait, Gazteluko enparantzan. Hesi itsutuen gainetik jauzi egin, parking berrien gainean eraikitzen ari direnetik harriak hartu, eta gauero dozena bat harrotuta, historiak gurean arrastaka eramandakoen izenak jarri orpoan, berriro beren tokira bueltatu aurretik. Badakit nork lagunduko lidakeen horrelako erokeria bat burutzen. Badakit noren izena idatziko dudan aurrena.
Non dago muga, ordea? Zergatik erregeak ez eta Faustino eta Juana bai?
«Hik memoria maite duk, ez historia», entzun behar izan diot behin baino gehiagotan Estebani.
«Non dagoen aldea galdetzerik ba al diot berorri?».
«Oroimenak funtzionatzen duen auzoa, hori memoria duk. Estua duk, ordea, historiatik bereizten duen saihesbidea. Nahikoa duk ezagutu duana, entzuna bada ere, ahaztea, bidean bestaldera pasa eta megapoli beldurgarri horretan sartzeko».
Iaz ama hil zitzaigunean, hamaika mezu jaso nuen. Ordenagailua piztu orduko besarkatzen ninduten adorerako deiak guztiak. Lagunenak batzuk. Laguntzat ere ez nituenenak asko. Tartean, jakin ezazu non itsatsita gelditzen zaizkizun hitzak. Ahazten ez ditugun artean hildakoak ez direla hiltzen zioen batek. Halako zerbait gertatzen delakoan nago, etxekoak ez badira ere, Juanita eta erregeen kontu honekin. Bata, nahikoa izan da agure baten hitza ahanzturara kondenatutako emakume bat, edo behintzat honen izena azalera ateratzeko. Besteak, behin eta berriro aipatuagatik, sakonegi lurperatuak daude mendeetan gainetik pasa eta pasa aritu arren bizitzara agertzeko.
Bainugelatik lausoa sute bateko leihoetatik bezalaxe ateratzen zela, oinutsik egin nuen sukalderakoa. Bizarra egin behar, ez ahaztu. Atetik sartu orduko, sudur-mintzak hartzen dizkizun kafe urrina. Estiren oharra mahai gainean, erosi beharreko gauzekin. Agurrean, «musu bat».
Maiteri deitu nion.
Jaso dut zure mezua.
Zer ibili naizen errepikatzen dit, emakumea haserretu egin dela, gehiagotan sartzen ez uzteko aginduko diola harrerakoei, gainera, gizona ez dabilela ongi burutik, urduritu egiten dugula. Badakigula Faustinok zer esan nahi zigun eta uzteko bakean esanda moztu omen dio, erantzuteko aukerarik gabe.
Eta zuek, zer moduz zabiltzate?
Oraintxe bukatzen. Akabo hemengoa. Enkargatua ere pasa berri da, eta gauzak jasotzen hasteko agindua eman digu. Astelehenean bertan datozela hondeamakinak, eliza, etxeak eta hilerritik geratzen dena eraistera.
Memoria ahanzturaren laguna da.
Izatez, ez gara gure iraganaren jabe ere, baina. Hutsa behar da zerbait gogoan izatetik, nola ez dakizula, zabortegian betirako ahanzteko.
Amaz oroitzen naizenetan irriz ageri da beti, ingurukoak nahi gabe ere kutsatzen mahaiaren bueltan. Esku hezurtsuak, orain txoria, orain zuhaitza, airean keinuka. Badakit ez zuela eguna irri zuriz ematen, baina hala ageri zait, gazteago zeneko gertaera bat antzezten. Beste guztia galdua da. Menturaz denbora gutxi igaro da oraindik, horregatik izango da, baina amaren hortz handiak, ahanzturaren bidean. Hemendik urte batzuetara Laida ez da amonaz oroituko. Soiltzen, xaretzen, kolorea galtzen joango da hartaz duen irudia, eta senideok joaten garenean, orduan hilko da. Kalera goazenean gelako atea emeki zarratzean, ate ondoko giltzari sakatuta itzaltzen den bonbilla bat bezala.
Ari naiz opari eman zenidan liburua amaitzen.
Memoriaren mekanika: ez nintzen berehalakoan ohartu zertaz ari zitzaidan.
Zer egin didazu, Imanol. Piccoli eta Mastroianni erotu egiten dira Albaniako lan horretan.
Ez nizun zu zora zaitezen eman...
Amaren irribarrea ikusten diot Maiteri telefonoaren, uhinen, espazioko enegarren geruzaren bestaldean, gomazko goanteak lurrez lohi, katiuskak lokatzetan errotuta. Paisaia beldurgarria zinez: bonbek sabela lehertuta bezala, zuloak han-hemen erakusten hilerria. Lauzak elkarren gainean pilatuak. Batzuk, izena dutenak, batu eta Nagorera igotzeko dira, senideek hala nahi badute. Gehienak, kanposantuko hormakoekin nahastuta, bertan utziko dituzte, batek daki ur gezetako zein animaliaren gordeleku izateko.
Zaindu zaitez, osorik behar zaitugu jarraitu nuen, neuri ere irria entzuteko moduan.
Ez zegoen astirik. Berandu heldu zen Faustino eta berandu honen deia. Han geratuko zen Juanita Ardanaz, baina ez agurea loa galarazteraino estekatzen zuen ardura. Ez nuen kontatu gabe utziko istorio hura. Idazteak hori du: letra bakoitzarekin forma hartzen du ordura arte kaosa, lainoa, oroimen zati izan dena. Idazten ditugunean bakarrik egiten ditugu, neurri batean, istorioak gure. Nituen datuekin erreportaje polita neukan. Argazkiak eginak nizkion. Larraingaingo hilerrikoak ere hor zeuden. Juanitarenak, eskanerretik pasatuta, nahiko kalitate zuen. Neure esku zegoen, beraz, norbaitenean egotekotan, azkenaldian gogoa hartu zidan emakumeari bizitza luzatzea.
Zaude pixka batean entzun nuen.
Oscar zen, pozarren amaitu zutelako. Banekien agindutakoa obratu orduko enpresatik alde egiteko amorratzen zegoela.
Che, geratuko gara zer edo zer hartzeko?
Baietz erantzun nion. Nik ere banuen gogoa berarekin egoteko. Gainera, Graf Spee Bilboko blokeoan egon zela bota behar nion.