12
Norberarekin eraman behar hori, hildakoak diot. Badu gaitzetik dauden zuloak hutsik utzi eta katabutak bizkarrean lotuta geure egin izan ditugun parajeak abandonatu beharrak, nork daki nora bidean. Eta horretan zebiltzan, bakoitza bere erara, hilerrietakoen senitartekoak bai, baina baita Maite eta Oscar ere, lanbideak berarekin daraman beharrak horretaratuta. Ni ere, Faustino Ibañez ezagutu nuenetik, ez nenbilen oso aparte. Hor banuen beste istorio bat, eta hau ez zen Escher eta Langsdorffena bezain urrunekoa egiten.
Baziren bi aste ez nintzela Rochetik pasa, ez niola Estebani deitu ezinezkoa zitzaidala esateko ere. Nik ere banekien nahi gabe zabarra izaten.
Juana Ardanaz Larraingaingo hilerriko hormaz landa lurperatua zegoen, itxura batera hazita zetorren Argara bota zuelako bere burua 1944ko egun lauso batean. Istripuarena, baztertu beharreko hipotesia zen. Hala izatera, ez zegoen arrazoi argirik kanpo aldean hobiratzeko. Nik hasieratik hartu nion egia itxura handia Faustinoren bertsioari, zergatik hasiko zen gezurretan gizona, kontatu zigun bezala kontatuta gainera, begi hotzak su hartuta. Bestalde, suizidak lur bedeinkatutik kanpora ehorztea orain arterainoko usadioa izan da Eliza Katolikoarentzat. Bere buruaz beste egin zuen ala esku batek eutsi zion urpean birikak ur hormatuz bete zitzaizkion arte, horretara jarrita ere sekula argituko ez nukeena zen. Azken beltzean, hain munta handikoa al zen? Han zeuden Ezkabako gotorlekuko hilerriko guztiak, ilaran, eguzki eta elur, haize eta sapa, gaixorik edo tiroz hilak, borondate ukaldi batek noiz aterako. Gerraosteko Iruñean hamaika halako izango zen, irabazleen harrokeriari jaten eman behar-eta. Maitek gorpua lurpetik ateratzeko ahalegina egingo zuela, ez nuen zalantza izpirik. Baina hori, ahalegina. Ez zuen erraza, zer esan behar zion hustutako herriak suntsitzen ari zirela hartutako jarrerarengatik gero eta kritika gehiago jasotzen ari zen enpresari? Burura ekartze hutsa ezinezkoa zen: «Begira, bada ia ehun urteko agure bat Iruñeko zaharretxe batean Larraingaingo hilerri kanpoan ezagun bat duena, berrogeita lauan hila, bai, inon ageri ez den gorpu bat, eta makinak eta langileak behar ditut hura handik ateratzeko, ezin dizut esan zenbat denbora beharko dugun, zer esango dizut, lau-bost egun, eta hala ere ezin esan seguru agertuko den».
«Hilerri kanpoan, non?».
«Non da hor nonbaiten?».
«Han utzita ere, zer? Historia aldatuko al duzu horrekin? Ez da gerra garaikoa ere!».
Astearte hartan, neure buruari lehentasun gisa huraxe jarrita agertu nintzen Rochera. Beti bezala zegoen guztia. Hormetan, Afrika mendebaldekoak ziruditen kolore biziko margolan naif berak, sinatu ez zituen esku batek margotuak. Gizakirik gabeko paisaiak, kostalde berdeak, orban hori batzuk. Komunera igotzeko atean iltzatutako kontzertu, hitzaldi eta gainerakoen afixek salatzen zuten soilik denboraren ihesa.
Esteban bakarrik zegoen.
Agertu haiz. Deitzekotan izan ninduan bart gauean. Hau hiretzat nian gordea.
Ilundutako marmol zurizko mahaiaren gainean utzi zuen orriak bere burua kizkurtzera egin zuen, papera hezetasunak hartzen duenean bezalatsu.
Inork ikusteko beldurrik gabe zabaldu nuen:
«George Steer britainiar kazetaria The Times egunkariak igorrita heldu zen gerrara. 1937ko apirilaren 6a zen, asteartea, Donibane Lohizunetik atera zenean HMS Beagle ontzian. Itsaso zabalean Almirante Cervera gurtzeruak eta Admiral Graf Spee korazatuak Bilbora jangaiak zeramatzan Thorpehall britainiar zamaontzia geldiarazia zuten. Gertaeraren berri izan zuenean, torpedoak igoarazi eta hau askatzera abiatu zen HMS Beagle. Halaxe jarraitu ahal izan zuen aurrera Thorpehallek».
Nondik atera duk?
Kazetariok gauza bat duzue txarra: ez dakizue adiskidetasuna eta lana bereizten.
Atlantikoko abenturari ekin baino ia bi urte eta erdi lehenago frankistei laguntzen ibilia zen beraz Graf Spee Bizkaiko Golkoan, Bilbora kanpotik sar zitekeen edozein laguntzari bidea blokeatzen.
Gaixo Langsdorff! Estebanek irri txikia disimulatu gabe.
Urteengatik, Oskar Escher ez zela orduko hartan tripulazioan ondorioztatu nuen. Gazteegia behar zuen artean, hamalau bat urte. Eta zer. Garratzetik izan zezakeena kenduta, banuen aitzakia polita Oscarri adarrean zerbait esateko. Azken batean, ez zen Hego Hemisferioko abentura hartan hemen egiten ibili zenaz oso bestelako zerbaitetan ari Graf Spee. Jaurlaritza setiatuak kanpotiko laguntzarik ez zezan jaso ahalegintzen hemen; han ontziak ozeano hondora bidaltzen, Estatu Batuetatik Britainia Handira armak eta populazioak behar zituen bizigaiak hel ez zitezen.
Eta beste gauza bat jarraitu zuen. Nik ez zakiat zen edo ez, baina hire Langsdorff hori, maite ditek Blood&Honour-eko kaskauts horiek. Lardaskan aritu nauk, eta sinetsidak, estimu handitan ditek.
Beti izan du Estebanek oso berea historiaren azpilduretan galtzea.
Galdera bat badiat hiretzat esan nion.
Kikara hutsetik koilaratxoa hartu eta esku artean jolasean nerabilela egin zuen kokotsaz keinua.
Bota.
Hildako baten bila nabilek.
Beste bat?
Hau gurea duk.
Mahaian bi kafe pausatzen dituen esku ezagun bat, ke mehea dariola.
Juana Ardanazez Faustinok esandakoa xehatu nion, hark kontatuta bezalaxe. Esteban ez zen harritu, banekien antzeko gehiago entzuna zela. Ordainetan, makiak ekintzaileak Iruñetik Pirinioez bestaldera pasatzeko zuen sareaz hitz egin zidan, hirian jendea hartzeko zeuden etxeez, Iratiko trenaz, Agoitzeraino erabiltzen zutena. Gero, igarobideak, «lau bai gutxienez», eta Graf Speez eman zidan papera hartu eta boligrafoa atereaz mapa marraztu zuen atzealdean («ez zaik inporta, ezta?»), eta xehetasun gutxiko karta zuri hartan, mendien bila zihoazen lau gezi iparrerantz: lehena, Garde eta Jaurrietatik gorakoa; bigarrena Zaraitzu eta Irati ibaien artean kokatu zuen, Itoizko urtegitik iparraldera; hirugarrenak Erronkaritik mendebaldera jotzen zuen, eta Olagueraino heltzen zen; azken sektorea, berriz, Etxalar eta Amaiur artekoa zen, eta hau esanda, lau, bost aldiz, biribil obsesibo bat marraztu zuen aurrez zirriborratu zuen geziaren gainean.
Mugalarien izen batzuk ere ezagutzen direla gaineratu zuen («nahi baduk, lortuko diat dokumentazio gehiago, argitaratua zagok»). Nabaritu egiten zitzaion, gustura ari zen. Bazekien zertan zebilen.
Demetrio Larralde, Tomas Labairu, Anso abizeneko bat... dozena pare baten izenak, bazaudek. Berandu habil baina. Gehienak harrak gobernatzen dauzkak.
Faustino Ibañez, ezaguna egiten zaik?
Bazitekeela mugalaria ez izatea erantzun zidan, baizik eta «batetik bestera armak hartzera edota Carrillo, Lister eta enparauen ikastaroetan parte hartzera» zihoazenak Iruñetik herrietara laguntzen zituzten horietako bat izatea, «Juana bera bezalaxe».
Yague jeneralaren soldaduak Oiartzundik Erronkarira, Polizia eta Guardia Zibila herri eta hirietan, beti neguan ibili behar, bost-sei eguneko lana izaten zuan herrietaraino iristea... hori ez duk bi lagunekin egiten.
Makiaren azpiegitura Entreprisse Forestier du Sud-Ouest-en oinarritzen zela azaldu zidan. Itxura batean baso lanetan aritzen zen enpresa bat. Hauxe izan omen zen ataka erabiliena mugaz honantz sartzeko. Bazekien Lantz aldean lur sailak ere erosi zirela, pago egurraren aitzakiarekin jendea eta puskak eramateko batetik bestera, Kintoko txofer bat tarteko.
Hotel Continental eta Villa Castilla Pauen, Tournefeille-ko etxaldea Tolosa kanpoaldean, Santa Garazi, Urepel edota Arrosako chantier-ak, berehala ohartu zituan diru asko behar zela hura guztia mantentzeko, ez zuan erraza.
Zer gogoratuko ote du Faustinoren buruak honetaz, han behean, El Vergelen heriotzari itxaroten dion bitartean? Larritu egin nintzen. Tarteka gertatu izan zait. Esku artean zerbait duzula ohartu eta presa horrek lotu: ez ahal da ni iritsi artean hilko.
Gainera, ez ahaztu beste gauza bat. Sarea zulatua zegoan, Berbintzanako Txatoak bide bazterretan garbitutako edozein gizajok baino zulo gehiago zitian. Ausarki erori zuan jendea harako hartan.
Banuen Faustino nondik bideratu. Galderak zuzenegi eginda, Estebanek esandako guztiak aipatuz gero, litekeena zen ordura arte esandakoak ahaztu eta izutzea, okerreko zerbait ulertu eta atzera jotzea.
Ez dakik onena aumentatu nion azkenik.
Ezin nion gorde. Estebanek, ez askotan ere egon ginelako, baina ezagutzen zuen Esti. Lehertuko zitzaidan hesteren bat bestela.
Esti duk, ez ziotek lan kontratua berritu.
Ez al zebilen elizaren eskola batean sukaldari. Baietz, arazorik gabe endemas, azaldu nion.
Atzo arte.
Arrazoirik bazegoen galdetu zidanean askatu zitzaizkidan barruak, eta tripekin batera, behazuna.
Gogoan duk urtegiko hilerriez egin nuen erreportajea? Zeharka baino azaltzen ez nuen gizon bat, Artzapezpikutzako gizon handia, herrena? Hahor duk arrazoia, kargua bezain potoloa. Ez nian onberegi atera, antza, tentetik gorako hura.
Gogoan zuen, bai.
Hori eta Artzapezpikutzak 1,6 milioi euro kobratuko dituela urpean geratuko diren eliza eta hilerriengatik. Ez ezak heure burua engaina, Imanol. Eliza azpijokoekin egin dela herritarrena den ondarearen jabe idatzi huen.
«Zure senarrari esaiozu ea lasai dagoen emaztea langabeziara bidalita».
Comedias kalea itotzen zuten banaketa-kamioien artean irten nintzen. Neure burua Burgalés ostatuko beira-leihoan islatuta ikusten nuela, erredakziora deitu nuen. Beranduago joango nintzela esan nion Gemari, baten batek nigatik galdetuz gero hamabietatik atzera egongo nintzela, orduan hots egiteko. Zer nuen. Itoitzera nindoala.
Atarian bertan agurtu nuen Esteban.
Autoaren giltzak praka gainetik ukitu, eta udaletxe plazatik behera Arrotxapeako zabalera abiatu nintzen, han utzi nuen bezperan.
Motorra martxan jarri eta irratia automatikoki piztu orduko, kutxatik atera berri nuen diskoa eman nion ahora. Hala egin nuen Agoitzerainokoa, errepidearen gorabeherez ohartzeke, ni ez nintzen beste batek gidatuta bezalaxe. Irudi bakarra gelditu zitzaidan: lirain goratua zetorren garia. Soroak uhin argiak egiten zituen muinoetan.
Bazuen zerbait Aita Donostiaren Oinazez hark, azaltzen asmatzen ez nuen zera tristea.
Konturatzerako, horma aurrean.
Basoak berdetuta zetozkidan mendi magaletan behera. Egurrezko pasabidea Irati errekaren gainean. Eta arbola artean, hilerriak, errai erakusle. Larraingaingoa baino ez zen falta, itxuraz, heldu eta batera Maitek esango zidanez. Apiril hondarretan hasi eta berrogeita bederatzi egunetan buruturiko lana. Etxeak dagoeneko eraisten hasiak ziren. Kamioien joan-etorria etengabea zen. Guardia Zibila, makiaren garaian bezalaxe, errepide bazterrean edonon. Gezurretan aritu beharra, ezagutuko ez ninduten esperantzan beti. Nonbaitera deitzen entzun Patrol-etik: «Arellano Martinez, Imanol. Forentsearen laguntzailea da». Izena hartu zidaten. Laster hasiko ziren Itoizko azken biztanleak indarrez ateratzen. Egunkarietako argazkiak, ez zen zaila asmatzen zein izango ziren.
Soledad non ote zebilen. Burlata, Barañain edo Mendillorriko parkeren batean imajinatu nuen, senarrarekin emandako uneez arintzen egunak. Haurrak, helduak, adinekoak; dendak, etxeak, lainoak; oro ezezagun. Laurogeita urterekin bizitzen ikasten berriro.
«Bizitza osoan zaindu ditugu».
Ez zen ulertzen erraza. Ia bost hilabete ziren urtegia betetzen hasiak zirela, «froga gisa» zioten, baina ezarian ura gero eta gorago, urpean geratuko ziren herrietan artean jendea bizi zen arren. Leherketek eta kamioien gurpil gaitzek harrotutako hauts grisa hosto gainetan pausatuta. Landa-marrubiak bide ertzean.
Zer dugu?
Ez naiz horretara jarri.
Metalezko kutxak estalkirik gabe bata bestearen gainean pilatuta. Eguzkia laino artean berotzen. Oscar, garraioan izerditan.
Zerrendan ageri da?
Esan dizut, ez dut betarik hartu.
Itxitura gainera zalu igo eta besoak funanbulista baten antzera zabalduta, bira osoa eman nion hilerriari.
Zuk non ehortziko zenuke?
Sarreratik patarrerantz, arte ihartu bat tente, adatsa malda aldera zuela. Nire itzalak izututa, sugandilak harri zapalaren gainetik mugitzea erabaki zuen. Liken berdekarak harrietan. Gurutzerik jarri ote zioten?
Gurutzea komunista bati?
Izan zitekeela erantzun nion Maiteri, zergatik ez. Ez zen aurrenekoa izango. Gerra osteko larderiazko giro hartan, edozer, eta zer zikinagoa hildakoei amets izan dutena ukatu eta bortxaz norbereganatzea baino. Erreferentziaren bat, pentsatu nuen, gurutzea ez bazen beste zer edo zer. Hesola bat, zutoina («alferrik, egurra berehala usteltzen da kanpoan»). Elkarren gainean jarritako harri moltxoa. Mugarri gisako kare haitz bat akaso.
Harri mokor tenteturik ez bueltan.
Lurrera jauzi egin eta errotik erauzi nituen inguruan zeuden landare urriak, muluak eta lahar arantzatsuak. Adaxka hautsiz eta harri txintxorrez garbitu nuen buruan nerabilen alorra. Maitek eta Oscarrek berean segitzen zuten, nire jardunari jaramonik egin gabe. Portugesetako baten hondeamakina txikiak atzerantz egin zuen, horma jo zuen arte. Maiteri entzunda, banekien beste kolore bat hartzen duela lurrak lehendik harrotua izan den tokietan. Urte gehiegi igaro zen, ordea, aire poltsak egoteko.
Jateko modukoa zegoen.
Maite, Maite... beha hona.
Itxurosoa atera zen fotoa: bi eskuen ederra pala kirtenari helduta.
Gauza bat zuen ona lanerako: duin baina errukirik gabe ukitzen zituen Maitek gorpuzkinak.
Berriro igo nintzen hobiak inguratzen zituen horma apalera. Izerditan nengoen. Bidean nentorrela, 35 gradu markatzen zuen autoko termometro digitalak. Arratsalde gazteko beroa lurrari kolorea jaten.
Arbola baten itzaletan, zer moduz?
Lurra gorrail ageri zen, kendu ez nituen txilar bakan batzuek dotoretua. Suge azal zahar bat izpi lehorren artean utzia.
Eta ikusi egin nuen. Itzal bat, zorua lixibaz marruskatu izan balute bezala. Gainera, harroago zegoen inguruan baino.