Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Rally Bilbao

 

Asteroko elkarretaratzea amaitu ostean ez dabil jende askorik herriko plazan. Alde zaharreko tabernetatik heltzen da berbaro mehea, ezer gutxi hamar urte lehenago egon ohi zen giroaren aldean. Roberto Garai bezperako partidetako emaitzei begira ari da egunkarian auto barruan, atea zabalik. Kanpoan berbetan dihardute beste bi gidarik.

        — Etxera —erdaraz esan dio autoan sartuz batera gizonak.

        Handia eta zaharra da, gorputz sendokoa. Ibilera baldarrez igo da, bizarra egin barik eta ile apurra urdinduta. Hirurogei urte bota lekizkioke, baina hamar gehiago edo gutxiago ere izan litzake. Txikiteoan ibili dela sumatu dio, alkandorako goiko botoia aske eta musua gorri.

        — Bigarrena naiz ilaran. Aurreko gidariarekin joan behar duzu.

        — Baina zuk eraman ninduzun lehengoan. Horrek ez daki non bizi naizen ere!

        Roberto saiatu da gizonaz oroitzen. Alferrik. Asko dira herritik baserrietara edo auzora eroaten dituenak. Baliteke asteburu hordiren batean Erletxeko putetxetik irteeran eroan izana. «Urtean birritan igo eta gogoratzea gura ditek!» pentsatu du. Baina horiez oroitu egiten da gehienetan, inbidia perbertsoz. Herriko sekretuek ez diete ihes egiten taxi-gidariei.

        — Lasai, gizona, berak ere arazo barik egingo du bide bera. Esaiozu eta eroango zaitu. Toño!, tira gizon honekin.

        Baserritarra gogoz kontra irten da autotik eta aurreko taxian joan da. Heldu da lehen lekura Roberto. Beretzat izango da hurrengo bidaiaria. Ilundu badu ere, baliteke azken bidaia bat egitea etxeratu orduko. Astea ez du lar ondo hasi, gasolioa gora batetik eta espero ez zuen txangoa auto-tailerrera bestetik. Jai hartzeko zuen zapatua ere erabili beharko duela pentsatu du.

        Egoera oker litekeela dakar egunkariak, petrolioak oraindik goia jotzeke daukalako. Ustiapen eta birfintzean dauden mugimenduak islatzeko ezintasuna salatu dute petrolio konpainiek... Ekialde Hurbileko gatazkek bere horretan dirauten artean ez da petrolio merkerik aurreikusten... Garraiolariek gasolioaren zergak arintzea eskatu diete administrazioei... Gaiaren nondik norakoez gehiegi jakin barik irakurtzen du egunkaria, gasolioa zer arranok garestitzen duen aditzeko ahaleginean.

        Athleticen gorabeheretara itzuli da. Bizkaiko edozein taxi-gidarik herriko kaleak ezagutzea bezain beharrezkoa du futbol-taldeaz gutxieneko jakituria bidaiariarekin berba egin gura izanez gero.

        — Egunon —autoan sartu zaio gizona.

        — Baita zuri ere.

        — Aireportura joan beharra daukat.

        — Loiura, beraz?

        — Bai.

        «Tira ba, azkenean kontua ez diagu hain txarto amaituko!» esan du berekiko, gauzak hobe bidean jarri zaizkion seinalea dela sinetsi guran.

        — Atzean ezer eroaterik behar duzu?

        — Ez, premiazkoak eskuko maletatxoan daramatzat.

        — Goazen ba.

        Zalantzan izan da hasieran, bidaiaria berbetarako gogoz ote dagoen. Buruz albisteen gainbegiratua azkar egin eta ez du gizonarentzako kontu egokirik aurkitu. Mendi eta baserrietara axolagabe begirada galduta doa, ispilutik Robertok noizean behin egiten dion begiratuaz ohartzeke edo ezikusia eginez. Gustura edo, gutxienean, inork molestatzerik gura ez duenaren patxadan doala ondorioztatu du gidariak. Eta bakardade horretan, ez da haren munduan sartzen ausartu. Lanbide honetan diharduenetik asko ikasi du jendearen jesartzeko era, begirada edo keinuak irakurtzen. Bera ere isil samarra izan baita beti, jakin ere jakin egin behar da horratik besteak gustuko duen mintzagaia aurkitzen. Hori ez da erraza gure herrian, baina zorionez gehienei erraz antzematen zaie berbetan hasi eta segidan. Eta bestela, hortxe dago Athletica.

        Irratia baxu piztu du, erabateko isiltasunak jasangaitzak direlako. Baina albistegia hasi orduko amatatu behar izan du, telefono dei batek lasaitasuna hautsita. Bere bakardadean barneratuta zihoala, ezustean hartu eta aulkitik mugiarazi du bidaiaria sakelakoaren doinuak.

        — Esan, Jorge. Aireporturako bidean. Estutxo baina garaiz hegazkina hartzeko. Lasai, gizona. Zer? Zelan? Benetan?

        Gura barik ere ispilutik jarraitu ditu Robertok bidaiariaren aurpegi aldaketak, hasierako seriotasunetik osteko ustekabera eta azkeneko bozkariora. Izan ere, taxi-gidariak izpirituak bezalakoak dira eta behar baino askoz gehiago entzuten dute. Baina Robertok ez du utziko horrelakoetan, muturluze, lankide askori ematen dioten erantzun haserrekorra jasotzen. Neurria hartua dio kontuari, zer-nori-noiz galdetu. Erraza izan da oraingoan, amua bota aurretik ekin baitio bidaiariak, ordura arteko berbakera lehorra erabat aldatuta:

        — Milioia. Milioia irabazi berri dut, laguna. Beste lanik bai ala badaukazu gurekin etortzerik gaur gauean?

        Loiuko aparkalekuan deitu dio Robertok emazteari. Asko maite duela, eta litekeena dela lanean berandutzea. Lasai oheratzeko. Baietz, ziur aski asteburua lasai hartu ahalko dutela. Gorka eta Itsasori musu bana.

        Bidaiaria bere adineko gizon batekin agertu da, trajez eta gorbataz jantzia. Pertsona grisaren traza hartu dio Robertok, batetik bestera alde handirik ez dagoen exekutiboetako bat, aldeak izugarriak izan daitezkeela jakin arren. Eta badaki exekutibo horiek guztiek, beren grisean, gainontzekook baino putakume handixeagoa daramatela barruan. Zelango handia ote den asmatzea da gakoa, poltsikoan darabiltzaten kreditu-txartelen arabera.

        — Bilbao —esan du hasperenka.

        Morroi berezia begitandu zaio Robertori, bere buruan egindako putakumeen galerian sailkatzeko zaila: zaharregia trepalari hutsa izateko, harroegia eta zabalegia izaeraz inoren ordezkari ibiltzeko... baldin eta azken merkatu-estrategiak hortik ez badoaz.

        Uste bezala, ondo ezagutzen du Bilbo. «Sibarita bat» pentsatu du Robertok, Artxandako tunelek taxia Salve zubira jaurtiki eta Colon de Larreategi kaleko jatetxerantz joateko agindu dionean, euskal sukaldaritzako txoko garestienetakora. Bidaiariek laster ekin diote elkarri zorionak, txantxak eta bizkarreko kolpetxoak emateari, hura ospatu beharra dagoela eta dena ederto irten dela, aspaldion egindako operazioetatik —berba hori erabili dute— biribilena izan delako, eta denak ei daudelako pozik. Ustezko bozkario eta jatortasun horretan esaldi oso neurtuak sumatu ditu hala ere Robertok. Gidariaren beraren presentziak eragindakoa agian, baina azpian elkarrekiko erabateko mesfidantza ere badagoela iruditu zaio taxistari.

        Jado plazako jatetxe txinatarrera joan da, besteak restaurant ederrean utzita. Uste baino errazago topatu du asko molestatzen ez duen aparkatzeko leku bat, eta eroateko tailarinak eskatu ditu, okela eta curry saltsarekin. Afari luzea izango dutela uste du, baina jende modu horrekin ezin jakin; posible da lehen mokadua eskatu eta zerbitzatu orduko sekulako eztabaida hasi eta bezeroak berehala alde egin gura izatea ere. Ezinbestekoa du beraz han inguruan zain egotea. Larruzko tapizerian ezer ez jausteko kontuz jan ditu tailarinak aluminio paperezko ontzian, tarteka-marteka jatetxerantz jasoz begirada. Dena ondo doa, nonbait. Hiria isilik dago, auto gutxi dabil, eta jatetxetik ere ez dator hots handirik. Afari-modua eginda, korrokada txiki batek ihes egin dio eta dudan egon da, aulkia atzeratuta biao txikia egin edo kaferen bat hartzea, gaua luzatuz gero ere. Afaria pisua izan da, ohi bezala platerkada ederra atera baitiote txinatarrek. Eta halaxe, aldameneko tabernara irten da autotik, apur bat ibiltzea komeniko zaiolakoan. Abandoko kafetegi txikira zuzendu ditu urratsak. Leku egokian dago, autoa begi-bistan, eta gorbatadunen jatetxea ere ikusmiran, irten bezain laster euren zerbitzura egoteko. Lasai hartu du kafea, eta berdin hartuko zituzkeen beste bizpahiru, hartara jarriz gero. Kirol-egunkariko orriak azkar pasa eta autora itzuli da. Aulkia atzerantz bota du atseden apur bat hartzeko, lorik ez hartzea erabakita badaezpada.

        Segi trankil gizona.

        Oharkabean lo hartu du Robertok, pentsamenduak emaztearengana eta hark berotutako ohera joanda. Kanpoan daude biak, ondo janda eta edanda ez okerrago, itxuraz. Kanpotik etorritakoak alkandoraren goiko botoia askatu du eta biek ere kendu dituzte gorbatak. Lehen bidaiaria hurbildu zaionean puru garesti usaina hartu dio hatsean.

        — Segi patxadan hortxe, eta geroxeago etorri La Ochoarenera gure bila.

        — Eroango zaituztet hara.

        — Ez. Gau giro polita lotu da.

        Eta euren artean jarraitu dute:

        — Bilbo modukorik ez diat inon ezagutu, eta ez diat bilbotarra naizelako esaten.

        — Baina hi ez haiz Bilbokoa.

        — Izatez Durangokoa, beraz Bilbokoa banintz bezala. Madrilen ederto bizi nauk, baina sorterria modukorik ez zagok. Edozein kanpotar inteligentek aitortuko dik hori. Badakik zer eskertzen duten bene-benetan?

        — Sukaldaritza?

        — Bai, urdailetik irabazten ditiagu lehendabizi, baina benetan maite dutena lasaitasuna duk. Goizeko hiruretan hirigunetik trankil-trankil ibiltzea, inolako arrisku barik, paseoan. Hori luxua duk sasoiotan. Halaxe esan zidaan lehengo batean bezero amerikano batek, hori luxua dela; eta ni betikoaz hasi ninduan: euskal senaz, hitza betetzeaz eta hori guztia, ze batzuek zarata baino egiten ez duten bitartean asko lagundu diagu beste batzuek kanpotik herri honen irudia hobetzen, e, ezer eskatu barik, nahiz eta gero esker txarra baino jaso ez hemen eta... Zertaz ari ninduan?

        — Amerikanoaz.

        — A, bai, ba horixe esan nioan morroiari, eta nirekin enpresako beste ordezkaria zegoan, badakik Pinilla eta Negurikoen taldekoa, eta hark ziotsok: bai, baina bakea azalekoa da, sir, terrorismoagatik. Fenomeno demostratua da, terrorismoa dagoen lekuetan delinkuentzia baxua dela beti... eta antzeko zaborra zabaltzen hasi zuan, eta amerikanoa ere gogaitarazi zian bere pitokeriekin goizeko ordu txikietan.

        — Zer espero jende horrekin? Negoziotarako ere ez ditek euren herria goratzen.

        — Entzun, entzun hark bota ziona: Joño, hemengo terrorismo residual horrek horrelako eragina badu delinkuentzian, patentatu eta esportatu egin beharko zenukete! Atera kontuak, adiskidea, ni barrea eutsi guran eta beste majaderoa zur eta lur.

Heros kalean nekezago topatu du Robertok taxia uzteko txoko bat, bazter batean, Otxoa pubeko joan-etorriak jarraitu ahal izateko. Barruko lurruna eta trabestien kanten hotsa iristen zaizkio atea zabaltzen duten aldi bakanetan. Negozio polita egiten ari dela errepikatzen dio Robertok bere buruari, bikotearen ibilerek autoan arrastorik utziko dioten beldur den bakoitzean. Zer gerta ere, plastikozko poltsak ipini ditu atzean, gin-tonicen batek okerreko lekuan amai ez dezan.

Afaria luze joan bada, tabernetako ibilera amaigabea izan da. Herostik Henaora. Juan de Ajuriagerra. Mazarredo. Autoan sartzerako balantza latza dakartela baino ez zaio bururatu, eta Guillermok —lehen bidaiariaren izena ikasi du— zer ahoskatzen duen ulertzeko lanak baditu ere, berehala ulertu du etxera joateko gaztigatu arte Miguel Angelena dela aginte-makila. Kokainak arteztu dio alkoholak okertutako berbakera.

        Zalantza izpirik gabe agindu dio Miguel Angelek:

        — Palancara.

        Robertok duda egin du, ez ondo ulertu ote dion, bere burua bilbotartzat jo arren azken urteotan hiritik ibili ote den baino, behinolako kale alaia heroinak eta erabateko gainbeherak aspaldi irentsi zuela ez jakiteko.

        — Aspertuta nagok hoteletako eta egunkariko iragarkietako puta silikonatuez eta ilehori tindatuez! Zer ordaindu hura egiten duten sexuaren funtzionario hutsak dituk neskato fin horiek! Tira ezak Cortesetarantz, Raimundak oraindik ere profesioari dedikazioa eta beharrezko berotasuna ematen dio-eta.

        Zabalburura iristerako borborra jaitsi eta baretuko diren itxaropena dauka Robertok, eta ahalik eta semaforo gehienetan gelditu da. Jaiak makalaldirik gabe jarraitu du auto barruan.

        — Hire moduko golfoak, gutxi —esan dio Guillermok Miguel Angeli, plazako itzulia eginda Cantalojasko zubia zeharkatu dutelarik.

        Gustura beheratuko luke autoko segurua, atzekoek koplak aterako zizkiotela jakin ez balu.

        — Batzuek janariak erakartzen ditik, besteak kaleen lasaiak eta segurtasunak. Ni kale honek erakartzen naik: El Gato Negro, Palanca...

        Antzinako sasoiez diharduela pentsatu du atzera ere Robertok: «Ez ote da konturatzen zelan dagoen kalea?». Neoia han-hemen, eta izkina egiten duten bakarrak afrikarrak.

        Baina gorbatadunak ondotxo daki non eta noiz dagoen. Besteek baino irudi hobea ez daukala iruditu zaion lokal baten aurrean gelditzeko agindu diote atzetik. Kaleko prostitutak hurbiltzerako atean barrura joan dira, eta egoera aztertzen saiatu da Roberto: Cortes kale erdian dago Mercedes honen barruan, goizaldeko ordu txikietan eta... orduantxe irten da Miguel Angel soineko estua jantzita daroan emakume lodia besotik dakarrela. Adina ezkutatu barik ere dotore ibiltzen da oinak leherrarazi behar dizkioten takoien gainean, eta lotsarik gabe nabarmentzen zaio haragi biguna saredun media horietatik.

        — Erdu lasai barrura zeozer hartzera, gizona. Gau osoa gure moduko golfo parea jasaten eta, hartuko duk trago bat. Sar hadi Raimundarenean, Angelitoren lagunak nire lagunak dira-eta. Angelito, billete bat utziko didak?

        Ardi baten otzantasunaz pasa dio billete urdina. Mutil bati eman dio,

        — Auto hau ukitu ere ez, argi?

        Ijitoak irrikaz eutsi dio diruari, ibilgailuaren kontra eserita. Ijitoen eta beltzen artetik pasartea egin eta tabernara sartu da Roberto ere. Sexu usaina dario aretoari. Neoia nongura, larru beltzezko sofak eta berogailua indartsu, gizon bakoitzak neska bana —bi ere bai batek edo bestek—inguruan, txantxei irriz. Argi moreek kulero, tanga eta kortse zuriak nabarmentzen dituzte. Neskak baino nagusixeagoa dirudi tabernariak, eta parpailadun sujetadoreak ez dio jadanik inoiz izan zitueneraino jaso bularrak.

        — Hartu nahi duzuna —esan dio Robertori Guillermok—. Baina golferiarik gabe, e, zuk gizon txintxoa dirudizu-eta.

        Hogei urte eskas dituen ilehoriak eskutik helduta eraman du aretoaren iluntasunean barna. Ura baino ez duela gura esan du, gidatu beharra aipatuz zelan edo halan, eta korapilo moduko bat igarri du eztarrian. Botilaren muturra mahukaz garbitu, ahoratu eta barra gainean utzi duenerako, Miguel Angel ere desagertua da. Poztu ere egin du horrek neurri batean, laster amaitu eta alde egingo dutelakoan.

Raimundak zigarroa eskatu dio tabernariari. Robertok ere adore hartu du taburetetik.

        Whiski bat. Gutxi, baina ona.

        Badaki autobidean egon daitekeen kontrol bakarra Guardia Zibilarena dela, eta horiek ez dabiltza alkoholemia kontutan.

        Pattarrak eztarria berotuta piztu zaio argia: «Raimunda, noski! Nork esan, hainbeste urteren bueltan!». Soldadutzara orduko ekarri zuen aitak, kintako beste batekin. Juan Andresi egokitu zitzaion Raimunda. Eta Robertori...

        Zelan dabil Regina?

        Zupada luzea eman dio Raimundak zigarroari. Gero begiratu barik hasi da berbetan:

        Regina? Ez dituk gazte eder hauek atsegin ala? Argalak, pottolak, bulartsuak, gerri estuak, ilehoriak, beltzaranak... eta Reginaz diostak? Laguna, egidak mesede, ez gaua izorratu. Regina! Puta galanta! Nori axola dio? Ez nuke bere lekuan egon gura, ez gero! Baina banengo ere, hor konpon, akabo buruhausteak! Hauek guztiak, berba erdirik ulertzen ez didaten eslaviar sorta, beste norabait doazelakoan? Reginak ondo ulertu zuen erretiratu behar zuela, di-da, azken zamalkaldi hark zuetariko edozeini ateratako orgasmoa baino hobea behar zuela. Eta izango zen, alajaina! Puta zaharra!

        Malmasingo tunela atzean uzterako indar betean jarri du autoa Robertok. Zintzo-zintzo doaz bidaiari biak atzean, haurtxoen moduan lo. Ehunekoz betetako kartazala pasa dio Guillermok, beharrezkoak hartzeko. Fakturarik ez.

        — Eta berbarik ere ez.