Lucio Arregi
Goizero bezala kalera irten denean, Lucio Arregik aitaren egin eta zerura begiratu du. Hodei ilunak ikusi ditu, erpuruari muin eman ostean. Agureak jaka urdina eta txapela ondo estutu, eta makilari bermatuta abiatu da Zabalbiden gora. Presaka dabil jendea beharrerantz. Metroko atariko inurritegiaren inguruan ahal zuen apurra bizkortu du pausoa, kalea zulatzen diharduten beharginen zaratak gogaituta. Muzin egin dio eskularrudun mutilak eskaini dion doako berripaperari, badauka bere izparringia inork eman barik ere. Goizeroko butxadura dago Santa Clara eta Mazustegi kaleen artean: autoak bigarren ilaran, banatzaileak zama-lanetan, furgonetekin bidea oztopatuz, gidariak haserre eta autobusak tipi-tapa gorantz eurentzat gordetako erreian.
Egunon esan dio kioskoko saltzaileak txanda egokitu zaiolarik.
Jaunak halan emon erantzun dotore gizonak, eta apaletik hartutako Deiaren alea ordaindu du.
Atseden txikia egin du atzera, makuluari bermatuz, atzera bideari ekin orduko. Urteek gizonik artezena ere higatzen duten arren, Lucio Arregik dotoreziaz darabiltza trajea eta gorbata. Urteak daramatza ohitura berdinei atxikita.
Umeak ardura handi barik ikusi ditu, solas eta txantxa, eskolara bidean. Poztu egin du neska-mutilak euskaraz entzuteak. «Holan seine, zuok segidu euskeraz, ze gure denporan itxi be ez euskuen egiten...» Nicolasek horrelako zer edo zer esango zien, ziur. Nicolasek maite du gaztetxoei euskaraz egitea, baina ez da gai luzaro jarduteko. Francoren erruz ahaztu zuela dio. Luciok isilik begiratu ditu ikasleak, ez da inoiz horren gizon zabala izan. «HBkoen umeak, ziur» pentsatu du. Koldo, Idoia eta Arantzazu bilobak koskortu samar dauzka, gutxitan zuzentzen zaizkio euskaraz. Ikastolan polito ikasi bai, etxean, berriz, antzina baztertu zuten. Euren aitari ere ez dio sekula aititaren gaztetako suhartasunik igarri. Gaztetxotarako ahaztu zuen behinola ikasitakoa, eta ahalegin gutxi berreskuratzeko. Anaia zaharrak, Sabinek ekarri zuen Jose Luisek falta zuen odola, EGI klandestino hartatik. Jakingo ote dute euskaraz harenek? Azken urteetan urak baretu diren irudipena dauka, etortzerik izan ez zuen amaren ehorzketatik hona batez ere. Telefonoz egon ziren azken aldian aipatu zion bisita eta bilobak ezagutzearena, baina osasun makal horrekin... Inoiz onartu egin badu ere, orain beldur da ez ote duen semea gehiago ikusiko. «Politika zikin hori!» irten zaio Arregiri. Segidan, atzera jaso du begirada, herabe, barkamen eske ustekabeko beroaldi harengatik. Oharkabean heldu da Begoñako elizaurrera Lucio Arregi. Gero, pauso motelez, mezatara sartu da, goizero bezala.