Pedro Aretxaga
Irratiz jakin du autobideko ilaren berri. Errepidetik jarraitu du, sasoi gogorretako aurrien parean: txatarrazko mendiak, kristal hautsizko lantegiak, gasbide agortuak, mineralen garraioko hodi uherrak, eta inoiz jausi behar ez ziren hormak borroka galduen pintadekin. HB, PSOE, Nuklearrik ez, PCE, EE. Hondea-makinek ahaztutako murru bakoitza ezagutzen du Pedrok.
Lutxanatik aurrera, Nieves herdoila ageri da Erandioko aldean hondartuta. Galindoz gaindi La Iberiararantz Navaleko azken beharginak ikusi ditu kalean, buzoak soinean eta pneumatikoak pilatzen. Itzulera nondik egin zalantzan egin du porturakoa, gaur ere bidea moztuko dute.
Arabella C-k ikatza Pasaiara. Bremer Saturn aginduen zain. Laudio amonio sulfatoarekin Waterford-era. Nieves B-k edukiontziak Algecirasera. Doerte-k edukiontziak Dublinera. Rheintal-ek edukiontziak Tiburyra. Cgni Chagres Dunkerquera. Arreta handi barik begiratzen du eguneko operazioen zerrenda. Luzea da, erdibidean galdu egin da. Thor Pilot. A San Petersburgo irakurri du. Leningrado dakar parentesi artean. Asteburuan libratuz gero aitagaz Zugaztietara itzultzea polita litzatekeela bururatu zaio. Denbora da Larrañetako funikularrean igo ez direla, xanpainez bustitako indaba-jana egiten.
Kaian galdu du begirada Pedrok. Abra aurrez aurre dauka bere zabalean, Luzero lurmuturreko murruak itxita. Moilan, hozkailu biltegi berriak, zubi-garabiak, arku-garabiak, ro-ro arrapal haiek, gordailutegi frankoak eta, bukaerako estazioak edozertarako prest, sueltoko likido zein solido, edukiontziak...
Transtainer-garabiek atseden barik dihardute beharrean, 20 eta 30 tonako edukiontzien garraioan. Pedrok zigarroa atera du apur bat lasaitzeko, lana amaitu eta ahalik eta bizkorren autobidean behar du atzera. Nekatuta hasi du astea, eta gasolioa gorantz etengabe.
Arklow Bridge Immingham-dik gariarekin. Dornum Newportik altzairuzko bobinekin. Wilster Avonmouth-etik burdina-txatarrarekin. Sidsel Knutsenek gasoila Amsterdam-dik. Dakartik Berkay N (Turkiako bandera) 1.723 tona burdina-txatarra.
Babo hura han sartu ote da? Zoroa edo desesperatua behar du. Ausarta, edozelan ere. Portuko hesian hurbildu zaio neska afrikarra, etsita, galdetzeko mesedez, inork ez dienez arean esaten. Badakite ez zela Kanarietan lehorreratu. Itxaron egin zuten eta berririk ez. Eskifaia gezurretan dabilela ontzian inor ez zegoela esanez, Dakarren igo baitzen. Eta itsaso zabalean... pentsatu ere ez duela egin gura diotso odolez gorritutako begi ilunekin begira. Sentitzen duela baino ez dio ihardetsi Pedrok, saiatuko dela baina hori Poliziari, abokatuei, epaileei esateko. Berak edukiontzi batzuk jaso eta berehala alde egin behar duela.
Kanarietan ez zen inor jaitsi. Ferrolen ere ez. Polizoirik ez, desagertzerik ez. Edukiontziak ondo zigilatuta dauden begiratu du Pedrok, eta portutik irteteko paperak prestatu ditu. Ez du arazorik gura. Bidaia luzea dauka oraindik.