Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Welcome

 

Welcome to the Basque Country irakurri dute ontziko bisitariek zaldaina gurutzatu dutenean. Zuriz idatzita ageri da horma urdinean, eta argi irakur daiteke S letra estaltzen duzun arren hormaren kontra jarrita. Ez zara polita, baina ezin esan itsusi zaudenik: belaunetarainoko gona, bota garaiak, eta sama berotzen dizun polo beltza. Bidaiariak jaitsi ahala tentetu zara, gona txukundu eta bezeroengana zuzendu, ingelesez: «Ongi etorri Bilbora. Lorena dut izena, zuen gidaria izango naiz txangoan». Irribarre atsegin batekin aurkeztu duzu zeure burua, deitura aipatu barik. Lorena Gordillok ez du oso basque ematen. Dozena bat bisitari dira, adinean aurreratuxeak; fin berba eginda, zaharrak direla esango zenuke lagun artean. Gobernatzeko errazak, lehen begiratuan behintzat.

        Portugaletera joan zarete. Andra Mari eliza ederra da eta pentsamendu maltzurra etorri zaizu azalpenen erdian, zapatu gaua gogoratuz. Eliza inguruko galtzadarrizko maldetan ez dira oraindik erabat desagertu parrandaren hondarrak. Aitorregaz bero-bero eginda ikusi bazintuzte euripean adi-adi dituzun britainiar jaun-andreek!

        «Hau da Zubi Esekia edo Bizkaiko Zubia. Gisa honetako lehena munduan. Alberto Palaciok eraikia, 1893ko uztailaren 28an inauguratu zuten». Buruz dakizun erretolika kontatu diezu, anekdotak eta guzti, zenbat errematxe dituen, zein zailtasun izan ziren jasotzeko. Lehen froga ondo irten da: «Gehienontzat Portugaleteko zubia da, baina kontuz errekaz bestaldean hori esanez gero!», denek barre egin baitiote txantxa inozoari.

        — Badago gora igotzerik?

        Herri guztietan dago iturri eta lerdo bana, eta turista talde guztietan egon behar du azkar ustekoak, jakina. Astelehen goiza da, ez zaude azaltzeko zubia ez zutela horretarako egin eta hura kudeatzen duen enpresak dirua egiteko jarritako astakeria dela igogailua. Gaurko egun lorrinarekin zer demontre ikusteko asmoa dauka ba?

        — Bai, noski —erantzun diozu—, baina aparte hartu behar duzu sarrera.

        Beste gizon bik jarraitu diote agure hippyari. Gainontzekoek umeek zirkuan bezala zeharkatu dute itsasadarra transbordadorean, ezin hunkituago. Zorabiatuta heldu zaizu agureetako bat, eta mela-mela amaitu duzue denok Churrucaren monumentuan Abrarantz argazkiak eginez. Eskerrak minibusean berogailua indartsu dabilen.

        Umeen moduan erregutu dizute kantatzeko. Besterik ez genuen behar. Diego txoferrak galdetu dizu zer gura duten. Bilbainadak aipatu dizkiezula esan diozu. Diegok ez daki ingelesik, baina polito kantatzen du. Gaitzerdi. Portugaleteko zubia zeinen dotorea den kantatu die Areetako eta Neguriko jauregien artean zabiltzatela.

        Dena dago kolapsatuta. Avanzada, Arrontegi, Txorierritik ere sarreran arazoak izango dituzuela esan dizu Diegok. Erreka ertzetik jotzea erabaki duzu. Zerbait kontatu ahalko diezu behinik behin. Ibaizabalez beste aldeko burdinazko paisaia dekadenteak logura dakarkizu. Zirimiriak lausotzen dituen lantegien eta garabien ingeradak lo-kuluxka baterako gonbita egin diete lehorreratu berriei ere.

        «Zail da duela mende bat baino gehiago hemen zelako padurak izan ziren irudikatzea, baina XIX. mende aurreko dragatze lanen aurretik ere portu naturala izan du luzaroan Bilbok» itzarri dituzu une batez, lokartzearen errua ere zuri botako dizuten kezkaz. «Gorde irudi hau, eta Bizkaiko beste itsasadar handia, Urdaibaiko erreserba bisitatzen baduzue noizbait, gogora ezazue zelangoa izan zen hau». Turismo bulegoko liburuxketan Mundakako argazkia topatu du norbaitek, eta besteei erakutsi. Orduan pena dela esan dizu atzealdetik emakume batek, hain ederra zen ingurua horrela galtzea. Pena zuen aitarena dela esango zenioke, Labe Garaien parean zoaztela. Eta esango zenioke ACB altzairutegiak aurrejubilatuz bete zuela herria eta zuk, eta lagunek orok, tanga gainetik ageri zaizun tatuaia baino txertatuago daramatzazuela ontzioletako buzoak.

        Irribarre egiten diezu, ordea, irakatsi dizuten gisan: atsegin. Hemendik abiatzen da erreka zeharkatzen duten azken gasolinoetako bat, animatu gura baduzue, esan diezu zubiko abenturazaleei. Denek egiten dizute irri, eta Diegok bidaiariak seduzituak ditu bere kantekin. Itzulizkiezu, itzulizkiezu berbak diotsuz, Bilbora etorri zen ingelesaren abenturekin.

        Leihotik begirada galduaz uzten dituzu atzean Lutxanako alde biak, itsasadarraren zein alde ote den itsusiena erabakitzeke. Ondo begiratzen baduzue mea-zamatokia ageri da oraindik, handik zekarten minerala... Hondoa jotako ontzia very pathetic dela entzun duzu, eta euskaldunen umore berezia aipatu dutela iruditu zaizu: ondo ei datorkio eremuari desert izena.

        Handik iritsi zitzaizuen Gerla Handia irabazteko burdina, ingelestxook! esango zion gustura Pasionariaren erretratua karrajoan zeukan amama Isabelek.

        Ooooo, egin dute denek titaniozko eraikina agertu denean. Ezer buruz badakizu, inguru horren deskribapena da: museotik hasi eta Abandoibarra berria, eta bidenabar, aita Arruperen zubia eta unibertsitatea. Jesuitek ondo irakatsi zizueten zer eta zelan goraipatu.

        «Hamar minutu baino ez» esan diezu, gero joango gara errekaz beste aldera argazkiak egitera. Ez dituzu umeak maite. Arriagatik Boulevardera, kafea hartzera. Bidebarrietan gelditu dira, Zazpikaleetan ia sartu barik. Pozik dator zahar koadrila, mafiaren kolpe latzena jo balute legez, tabako kartoiz gainezka. Bizkor sartu dira minibusean eta gura duzunean alde egin dezakezuela diotsute. Kaferik hartzeko astirik ere ez dizute eman. Euritakoen azpitik dabiltza bilbotarrak, bizkor, postaletan agertzeko berariaz paratuak balira bezala.

        Guggenheim museoan argazki gehiago. Deituko ote dizu Aitorrek? Oraintxe egitea ez legoke txarto, eguna zertxobait alaitzeko. Museoan gora eta behera utzi duzu artaldea, eta erlojuari begiratu. Erdia baino gehiago eginda. Ea biao laburra egiterik duzun bazkalostean, astea gogor dator-eta.

        «Frank Gehry arkitektoaren lanak hiriaren biziberritzea sinbolizatzen du, eta desindustrializazioak ekarritako etsipenaren aurrean garaipena. Ibaiari lepoa emanda bizi zen hiriak itsasadarra berreskuratu zuen, eta Guggenheimen titaniozkoak ezin hobeto erakusten du ziutatearen eta errekaren arteko batasun hori». Raquel ikusi duzu, fakultateko laguna. Turismo bulegoan dihardu beharrean. Begirada bakarraz ondo ulertu diozue elkarri. Pin txikiak ditu azafata-jakan itsatsita: union jacka, Espainiako eta Frantziako banderak eta ikurrina. Ez zenekien Raquelek euskaraz zekienik. Postura egingo zenuke ez dakiela zuk baino gehiago.

        Berak ere ondo ikasita dakar lezioa. Fenix hegaztiaren moduan sortzen den txoria ei da Bilbo: «Franco osteko lehen urte alaien ostean etsipenak hartu zuen hiria: terrorismoaren urterik gogorrenek eta enpresa indartsuenen porrotak langabezia, miseria eta heroinaren urterik ankerrenekin bat egin zuten. 90etan hasi ginen (Areetako kaskarinaren «ginen» horri erreparatu diozu, zein sineskor irten zaion ahotik) argia ikusten eta museo honek 1997an XXI. mendera katapultatu gintuen». Ingelesez horrela esaten ote den zalantzan dago.

        Oteizaz maiteminduta datozkizu bisitariak. Erakusketa bikaina dela diote, eta basque soul horren kontuei oso interesgarri deritze. Txundituta daude artistarekin. Zuk, Euskodisney esan duzu ahapetik, ez dizute entzun. Tentazioak tentazio, ezin diezu lilura birrindu.

        Zuk ez baina Ertzaintzak bai. Polizia-sirenak gailendu zaizkie trafikoaren eta euriaren hotsei, Euskaldunara heltzen zaudetela. Atzera begira Oteizaren afixaren parean dator txalupa. Txangoa itsas-museoan amaitzeko falta zen ukitua, pentsatu duzu. Museoko moilan pilatu da jendea, kuxkuxean. Normala den, erakustaldia den, zer jazotzen den, itauna itaunaren atzetik datorkizu.

        — Han! Gorpu bat!—oihu egin du norbaitek.

        Berehala heldu da polizia-ontzia.

        — Hilda dago? —galdetu dizu morboz andre batek.

        — Bai.

        Errekak jitoan zeroan gorpua. Hazita dator, itsasbeherari ekiten dion orduan.

        Turista ez dago konforme:

        — Baina, beraz, hilda dago?

        Iaz Buenos Airesen egon zela oporretan esan dizu lagunkoi, berari ez diozula sekreturik zertan gorde. Besteak ea konfliktoarekin zerikusirik daukan. Aztoratzen hasi zara, eta hemen ez direla Txile ez Argentinakoak jazotzen ihardetsi diezu. Ez duzu Bidasoaren berri. «Han ere hori esaten zuten», zure aldameneko begiluzea sartu da tartean, ingelesez zeinen ondo dakien erakutsiz, ez dela hain arraroa, tarteka-marteka pasatzen dela, eta bera Euskaldunan zebilela angulatan egoten zela han eta behinola saretik tiraka zerraldoa atera zutela, baina ez ei zen inon agertu, suizidioen berri ez ematea baita egunkarien politika.

        Eta hik zer demontre dakik suizidioa, istripua edo senarrak kalitu duen norbait ote den, babalorea! Listuaz berbak hobeto irensten direnez arnasari une batez eutsi eta laster abiatu beharko dutela esan diezu bidaiariei, bueltako ferrya galduko ez badute. Gero isildu egin zara, ehizarako prest dagoen piztiari ez baitzaio enbarazu egin behar. Denek batera egin dute argazkia, gorpua ontziratzen zutela. Ez duzu begiratu gura izan.

        Carola garabiaren aldamenean azken argazkia egitera xaxatu dituzu, bisita horren tragikoa amai ez dadin. «Garabia, miss? Ez ezazu txarto hartu, baina Southamptonera garabi baten argazkiarekin banoa etxetik irten ere ez naizela egin esango didate. Eta euripean!».

        Hilde. Hilde izeneko bat falta dela esan dizute minibusera igo zaretenean.

        — Non sartu da ba?

        — Erreka ertzetik joan da.

        — Ziur?

        — Dudarik gabe.

        Lasaitzeko eskatu dizu Diegok, makillajea zimurretan gelditzen zaizula bestela. Olabeagako bide estutik eroan zaituzte, eta zuri Portugaleten legez piztu zaizkio begiak orain txoferrari. Zorrotzaurre, hiriko industriaren azken bilgune eta house eta progressivearen maitaleen aterpe. Besterik ez zenuen behar. Bilbainadak kantatzen dituen makinetoa.

        Hilde karraka topatu duzue.

        — Barkatu, ibilian berandutu egin zait.

        Pankarta erakutsi dizu. Itzuli egin diozu: Don't play with Norway. Ingelesez ere hoskidea da leloa. Norway? Baina fakultatean ez dizuete Olabeaga-Norvegia konexioaz arean irakatsi. Manchesterretik datorren Arklow View atrakatu da Zorrotzan, eta Limerickeko Panda. Txatarra dakarte. Deustuko kanalean Mike, altzairu-bobinak deskargatu eta Stavangerrera doa. Ezin jakin. Antiojoak sikatu eta bezeroaren alde egin duzu. Gezurren bat esan diozu Hilderi, eta aita norvegiarra duela esan dizu pozik.

        — Hurrengo batean etorri beharko duzu, auzoa lasaiago begiratzeko.

        — Bai, itzuli behar dut norvegiarrekin egotera. Eta aita ere ekarriko dut.

        Bar Noruega aurretik pasatzean esan dizu baduela ostatua non hartu, behialako bikingoen gisan. Alaba ikusita, laurogei urtetik gora behar ditu aitak. Hobe bai, bizkor etorri.

        Ziztu bizian egin duzue atzera Santurtzirakoa. Enpresak enkargatutako sardinak prest dauzkate portuko tabernan, baina ez zaizkizu asko fio bisitariak. Sardina freskue.

        — Arrantzatu eta jan?

        — Bai; kontserbak, utzizkiezue norvegiarrei.

        Hilde izan da sardin-janean Diego eta zurekin gelditu den bakarra. Besteak zorroen barrenean tabako-kartoiak ostendu eta portu ondoko estankoan sartu dira.