Eduardo Herrero
Argi esan zioten: Hau ez da zure moduko norbaitentzat pentsatutako lana. Gazte jendeak egin ohi du. Ikasten dabiltzan bitartean lagungarri zaie, ez askoz gehiago ordea. Inondik ere ez familia aurrera ateratzeko beste. Gure aldetik, prest bazaude, ederto.
Gustura bidaliko zukeen popatik putakumea. Sintzeritatea eskertu behar ziola zirudien, gainera. Baina berriz ere burua makurtu, baietz labur erantzun eta beharrari ekin zion biharamunean.
Ezinbestean hartu du. Derrigor. Langabezi saria amaituta beltzean ibili beharra dauka, autonomoetan alta emanez gero zulora doa-eta artez. Antzina ibili gabeko hiriko bazterrak ezagutzen hasi da atzera. Egunik egun jarraitu du egunsentia atzeratzen. Atzo Iralako ataritik ateratzean eguzki printza txikiak sumatu zituen, gaur San Adrianen ilun dago oraindik. Baina bezeroek lehen orduan behar dute egunkaria.
Eta kazeten ostean beste banaketari ekin behar. Kontuak oker doaz: zorrak geroz eta gehiago, Edu gaztea adinean gora, gastuak berdin, buruko minak ere bai, eta autoak aurki hartuko du Eduardok berak behar duen baja. Ultzera gaiztotu egiten zaio auto berria hartu beharko duela eta hilabete amaieran zeinen gutxi aurreztu duen jakinik. Lasaigarri bakarra dauka: aitak ezin ikustea egoera honetan. Sasoiz hil zen hamahiru urterekin Labe Garaietan mutil sartu eta buzoko orbanei hain harro erreparatu zien gizona.
Zorrotzatik Gurutzetara. Hemen inguruan bizi zen Enrique, makinak atzamarrak zanpatu zizkiona. Eta non dira besteak? Gerardok taberna jarri eta itxi egin behar izan zuen. Jose Miguelek aurrejubilatzea lortu zuen apur bat gehiago jarraituta. Rafaren negozioak ere porrot, eta gero bestea etorri zen, emaztearekin etetea eta hori guztia. Paulino izan zen zerbait egin zuen bakarretakoa. Nork esango zukeen hain galduta zebilen soldadoreak eurek baino aterabide hobea topako zuenik? Barakaldoko eraikuntza-enpresa batean sartu zuen lehengusuak, zinegotziak, eta denbora gutxira erosi zuen etxea errekaz bestaldean, Algortan edo Sopelan edo hor nonbait. Baina tira, ez litzateke haren larruan ere jarriko, egun osoa bizkartzaina segika. Kaskotik makal dabilela da entzun duen azkena.
Martxa jaitsi eta motelago jarraitu du Eduardok, horrela autoaren zarata ere apalduko delakoan. Gero alkandorako poltsikotik zigarroa atera, bolantea eskuz aldatu, su eman eta irratia piztu du. «Ea zer berri dakarren egunak», esan du tabakoari atxiki luzea emanez gustura.