Andoni Heredia eta Laura Rekarte
ANDONI HEREDIA
Metro geltokiko atarian jantzi ditu eskularruak. Ez ditu datozen sei hilabetetan kenduko.
Isilik banatzen dio honi eta hari. Eta biri batera, jendea pilatuz gero. Ezker-eskuin. Zorro berri bat zabaldu, plastikozko estalkia kendu, eta beste eskukada bat hartu. Erritmikoki, bizkorregi ere ez. Isil, berba bakanen bat beste aldeko lankideari. Begiak mintzo dira. Hotz da ahoa zabaltzeko.
Euskaldunak eta erdaldunak, eta beltzak eta zuriak. Eta gorriak eta arrosak, hango eta hemengo. Pausoa moteltzen dute doako egunkaria hartzeko. Edo bizkortu, banatzaileei itzuri egiteko, euren atzetik segika hastekoak balira legez.
Hotzak dago, gorputza gogortzen nabari du, eta urduri. «Berandu dabil», pentsatu du. Edo galdu du betiko? Beharrean ditu eskuak, zalantza garunean kokatzen zaiola. Erritmikoki, bizkorregi ere ez. Gaur beste norabait joan ote da? Gaixorik dago? Edo lanetik bota dute?
Azkenean iritsi da. Urrundik presaka sumatu dio pausoa. Eta berari soilik egingo liokeen moduan, itxaron egin dio, bazterrean gorde dio beste inori emango ez dion alea. Berandu dabil gaur, bai, metroko berogailuaz ezaxola gabardinako botoiak askatu ere ez ditu egin. Ilea nahasixeago dakar menturaz. Baina zeinen eder musua! Begiak urduri, oinak zalu, gogoa artega.
Modako zapata takoidunak kontuz jasoz hurbildu da eskaileretara. Eta egunkaria hartzea ahaztu zaio.
LAURA REKARTE
Mukuru doa metroa. Egin du jarlekua topatzeko era, edozelan ere. Aldameneko bidaiariaren kazetara joan zaizkio begiak, Eskandalua San Mamesen: 0-3 dakar titular larriak. Geltokian sartzean ia igarri ez duen berogailua nabaritu du, izerdi hotzaren gisan.
Hiri txikia da hau, laburrak dira metro bidaiak. Laburregiak, beharrera zoazela ohartzeko. Eskailera mekanikoetan gora makillajea begiratu du une batez kristalean. Trakets samar dauka begietako marra. Baditu bost minutu laneko komunean atontzeko. Gero, kaferako tartea bezain mugatuta dauka bainugelakoa.
Atarian, bulegoan, eraikineko igogailuan, korridore luzean, nagusiaren ahotsa entzuten du edonon. Jose Antonio Echevarria, eskola zaharra eta enpresa modernoa. Alde guztietatik goraipatzen dizkioten ezaugarriak.
Lehoiak katututa. Defentsan negargarri, eta erasorako gaitasunik ez, diote irratiko tertuliek. Aste gogorra izango den susmoa dauka Laura Rekartek.