Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

1.600 kilometro

 

Urri amaieran itsas aldetik haranaren gainera agertu gura duen egunsentiarekin borrokan ari da gaua, igandetik astelehenerako goizaldean. Baso itxiak inguratzen du hiru eta hiru sei erreiko asfalto tartea, eta lo dago pagadi, harizti eta pinudizko paisaia isiltasunean.

        Basurde bat aurrena eta gero piztia txiki bat izan dira oihanetik jalgi eta autobideko patxada apurtu dieten bakarrak. Ez da horrenbeste azken istripua jazo zenetik.

        Zaila da hiriaren hurbiltasuna asmatzen Gaztelatik datorren bidearen beltzean. Apurka-apurka ugaldu dira farolak Laudiotik aurrera eta, A-8aren lotura gunean, haranak zulo zabal hartara jaurti balitu bezala, erdi itsututa ibili da Jose, erretina hartaratu artean. Irratia piztuta dakar, kilometro batzuk lehenago bolumena ia hutsera apaldu duen arren. Zurrumurru fin horretara ohituta gidatu du gau mutuan, hiriko argiek distira egin dioten arte. Lotan etorri den Nereari ere begietan min eman diola igarri du. Jose ez da oroitzen beragatik jaitsi duela irratia. Samurtasunez begiratu dio, labur, berriz bideko seinaleei adi jarri aurretik. Doi bat motelago jarraitu du, radarrak erne egongo direlakoan. Goizaldeko une horietan absurdua ematen du radarren kontuak. Nahiz eta ordu pare batean inurritegia bizi-bizi egongo dela badakien, zaila da hiri handiko kaosa eta estresa irudikatzea. Eskumatik kamioi baten argiak iruditu zaizkionak begiztatu ditu ispiluan. Metro askoan ez du beste ibilgailurik ikusi, baina radarrari ezin azaldu bidea hutsik dagoela. Egunez ibiltzen diren milaka kotxeen ibilia arautzeko tresnek beste mundu batekoak dirudite kamioilarien, banatzaileen eta gautxorien errepideetan. Furgoneta bik hartu diote aurrea, gauekoen zentzugabekeriaz zerabilen hausnarketa arinetik ateraz. Egunkari baten banaketa-autoa lehenengoa, bestea Mercabilbaotik abiatua ziurrenik, arrainez eta ortuariz betea.

        Josek ere gogoz sakatuko lioke azeleragailuari, Nereari bost minutu arinago oheratzeko balioko balio. Gizonak baditu bere lan-ardurak, neskarenak baino larriagoak segurutik. Nerea, maitagarria ez eze, zorte gutxikoa da, eta hartutako jarrerak are xarmantago bihurtu du Joseren begietan. Asierrek bai, hark izan du zortea Nerea ezagututa. Ondo daki hori mutilaren aitak. Ondo dakien legez, edozein egunetan amai daitekeela Asierren zorion handiena, Nerea munduko nesketan maitagarriena izanda ere. Argi gorde gura du ideia hori Josek, zer gerta ere. Baina ez du semeari itxaron egingo dion esperantza galtzen; itxaronaldia luzea ez izatea espero duen neurri berean. Mintzalekuko berbak lar sinetsi gura ez arren, irribarre hark sortzen dion poza pizgarri zaio infernuko zuloan. Kolpea gogorragoa izan daitekeela jakinagatik ere.

        Autobideko irteeraren bila abiatu da erreirik errei, eta lehenago argiek bezalatsu, bolantearen mugimendu bortitz batek guztiz iratzarri du neska. Gizona bere buruarekin haserretu da, beharrizanik gabe horrela gidatzeagatik, ez baita zakarkeria Joseren ezaugarri.

        — Barkatu, iratzarri egin haut.

        — Ez lasai, erdi itzarrik nengoen. Bagaude, ezta?

        — Bai, laster etxean. Begira argi haiei, Abusuko parkekoak ditun.

        Irribarre egin du neskak. Bilbon izandako Ibilaldian ikusi zuten Josek eta Mirarik lehenengoz semea Nerearekin, eta oraindik ere lotsa apur bat igarri dio irri hartan Josek. Ez ziren aise hurbildu neskarengana, harremana hasi eta gutxira eroan baitzieten semea. Elkarrekin luzaro dabiltzan bikoteetan ez bezala, egun batetik bestera egin zuten elkar ezagutzea. Zaila izan zen bai Nerearentzat bai senar-emazteentzat. Amarentzat une latzetako makulu bihurtu zen. Josek beldur handiagoa zeukan, Mirariri oinak lurrean eusten lagundu behar izaten baitzuen. Zer leporatu behar zioten semearen alde dena ematen ziharduen neska hari, egunen batean beste norbait ezagutu zuela esanez baletor? Esker txarrekoa zen guraso lana: une onetarako sobera zeuden, eta drama hauskorrenetan hor egon behar. Josek ez zuen behin ere ahaztu gura bere lekua, Nereak zalantzarako ateak ixten zituela pentsarazi arren.

        Bisitatik irtenda pausoa bizkortu du autora bidean. Barruan sartuta, Asierren eta guardia zibilen begiradatik urrun, negarrez hasi da. Zalantza egin du gizonak hasieran, gero besoa pasa dio lagunkoi, neska zotin-dardaretatik babestuz, eta jarraian, bere lekura itzulita, martxan ipini du autoa.

        — Egin lasai, egin ezan negar lasai.

        Denbora asko joan da ordutik, izan da negar eta barrerako betarik amaiera gabekoa zirudien bidaian. Etxetik minutu gutxira daude jadanik. Hotza nabari zaio sortzear den udagoieneko egunari, nahiz eta autoan berogailua jarrita eroan.

        Asteburu osoan atsedenerako tarterik gabe, unibertsitatera joan behar du neskak ordu gutxiren buruan. Makillaje apur batekin agian mozorrotuko ditu begi-zuloak. «Nekez ikusiko haute nik gaur ikusi baino ederrago» berekiko Josek. Burutazioaz lotsatuta, agure gordin sentitu da. Nerearen ederrean pentsatze hutsa erdeinagarri zaio. Azken geldialdiaren ostean, kasu, aulkia atzeratu eta lo-kuluxka egiteko leihorantz kuzkurtu delarik neska, goitik behera egindako begiratu azkarraz lotsa. Ipurdi polita nabarmendu dio jarrera horrek, eta bazekien besoez eta buruez babesten zebilen bularren naroaz. Bost axola munduko izarrik ederrena ez bada, semearentzat ez dauka inork Nereak beste argi. Eta gurasoei ere sartu zaie bihotzean.

        — Arazorik? —galdetu diote guardia zibilek bide bazterrean zegoen bikoteari.

        Luzaro egon da Jose ahalegin hutsalean autoaren matxuraren nondik norakoak asmatu guran. Garabia deitzear zeudela agertu dira uniforme berdedunak, eta hasierako harridura eta ardurak errespetuzko solas laburrera bideratu dituzte. Agente gazteak ziren, adeitsuak. Motorra begiratu eta aitaren batean konpondu diete arazoa.

        — Bost kilometrora gasolindegia dago. Hobe duzue badaezpada botila bat ur erostea.

        Eskerrak emanda alde egin dute aita-alabatzat hartu dituzten biek. Ertzainak izatera, kostako zitzaiela isunetik libratzea pentsatu du Josek. Baina orain, etxera heltzear, Espainiako oroitzapenak urrun gelditu dira.

        Semaforo gorrian stop eginda, ibilgailua ralentian, udaltzain-autoa ikusi dute eskumatik abian. Ondoren zabor-biltzaileen kamioia. Enbragea askatu eta azeleragailuari eraginda, orroka egin du autoak aurrera, baina motorra ez da gelditu. Jose lotsatu egin da berriro ere gidatzeko bere era traketsaz. Nerea gustura doa, eta gizona, estuasuna joanda, berbetarako gogoz, gairik topatu ez arren.

        Azkenean auzoko kale estuetan sartu dira. Norabide bakarrekoak izanik, itzuli handia behar du Nerearen etxera joateko. Hantxe bertan uzteko galdegin dio neskak:

        — Oinez berehala iritsiko naiz.

        Aitatasunez gizontasunez baino gehiago, Josek ez dio jaramonik egin.

        — Gaua dun eta hotz zagon. Ateraino eramango haut. Auto zahar honek erantzuten baldin badu behintzat.

        — Eskerrik asko.

        «Hiri» esatekotan egon da, semearengatik egindako guztiagatik, baina «ez horregatik» lehorra irten zaio. Isilik egin dituzte azken metroak. Nerearen atarian zalantzan egon da, baina ez du motorra amatatu.

        — Tira, gutxi bada ere egin ezan lo.

        — Gustura sartuko naiz izara artera. Inori esateko zagoz zeu be, lotarako astirik bai?

        — Dutxa bizkorra eta beharrean sartu behar dinat. Ez arduratu. Badakin, ezer behar badun, deitu lasai telefonoz.

        — Bihar egongo naiz Mirarirekin. Amamaren hiletara Jon Egaña ekarriko dutela uste dut.

        Musurik gabe elkar agurtuta, kaleko hotza sartu zaio neskak autoaren atea zabaldu duenean. Berokia ixteko beta hartu barik, aparkatutako autoen artetik artez joan da etxeko atarira. Giltzen bila dabilela ahotik darion lurrunetan ikusi dio azkenez adats horia. Apur bat itxaron du Josek, zer edo zer ahaztuta-edo itzultzen ote den.