Gaueko artistak
Ia denok gaude. Karlos baino ez da falta, eta inor gutxi harritu da. Txarli Txarli da.
Frantxik, Ioiok eta Mikelok badaroate ordu laurdena hemen, eta ni oraintsu etorri naiz.
Erreparatu diozue? Txarli, Ioio, Frantxi, Mikelo... eta ni. Marka da! Ni ere kolega ei naiz, baina eurek bakarrik dituzte izengoitiak. Noizean behin izena laburtu eta Jani deitzen didatenean ere, eskerrak eman behar dizkiet, konfiantzaren sexismoan harresia urratzen hasi garelako. Gerra-izenik ez, ordea. Gizon kontua da hori, nonbait.
Zoratu egiten naiz Karlosek Jani deitzen didanean. Erakarpen hori amorruz sentitzen dut sarritan, txolinaren gisan sentiarazten baitit bere lidergoak. Tipo jatorra da, egon izan gara biok bakarrik eta zoratzeko modukoa da, baina bere buruarekiko konfiantza harrokeriaren muga-mugan dabil. Mutil ederrek ez duten umore puntua dauka. Gainera aurpegiz ez da horren polita, ez da kalean jirarazten zaituztenetakoa ipurdia begiradaren parekoa ote daukan ikusteko. Karlosek ez du gutxi zaintzen bere burua, gerri bueltatik garagardo arrastoa desager dadin. Itxura, beste horrenbeste: ia astero desberdin etortzen zaigu, batean kokospekoa utzi duela, bestean patillak honela edo horrela ebaki dituela, hurrengoan arrakada aldatuta, uztaitik urrezkora eta hortik zilar itxurazko amnistiaren ikurrera. Berba asko egiten dutenen akatsa dauka: euliak ahoan sartzea, perla bikainenen artean kaka zipriztinak.
Aurten utzi du ikastetxea eta moduluren batean dabilela uste dut. Beharrean ere hasi da motorrarekin. Jadanik ez diot lotsarik, gainetik kendu ditut txolinkeriak. Konfiantza apur bat ere badaukagu, nire kalterako: ez dut lehengo zirrararik sentitzen, nahiz eta lantzean behin liluratzeko gauza den oraindik. Okerrena da berak badakiela. Beldurgarria da zelako kontrola daukan; kabroia da horretan, bati baino gehiagori burua eta bihotza galarazten.
Ba horixe, Karlos bakarrik falta dela. Bere gainean txarto esanean hasi denean Ioio, hor dator. Apur bat irrikaz nago, badira aste bi arean ez dakidala Karlosi buruz.
Hau dezepzioa! Uniformez dator, ezelango berrikuntza barik: zapatila beltzak, bakero beltzak eta kirol-jertsea. Ea oinetakoen lokarriak lotzea egokitzen zaion, makur dadin, ze sudadera zabal horrekin ipurdirik ere ez zaio nabarmentzen.
Txarli, zerbait jazo zaik? Aldatzen habil. Hamar minutu berandu baino ez. Gizondu egin haute hamazortzi urteek, txo!bota dio Frantxik, txikitako lagunak.
Zelan demontre ikusiko nuen ba asteburuan Karlosen urtebetetzea izanik? Majo ibiliko zen alproja parea betiko tabernetatik urrun, sekulakoa botatzen!
Banaketa izan diat. Gero ere agertzeko esan zidak nagusiak. Jai hartu duzue unibertsitarioek gaur ala? Denak zabiltzak pizza-eskean eta etxean mozkortzen! Gau gogorra datorrela ematen dik.
Unibertsitatearen jeloskor da Karlos, laguna ostuko diolakoan-edo; aurten arte ikasgelan beti elkarrekin ibilitakoak. Espero dut motordun txuloputa ez bihurtzea. Makarra zantzuak baditu, eta unibertsitatera sartu ez denetik harroago dabil. Frantxik Karlosek ez daukan aurpegi polita dauka: begi bel-beltzak, orraztu barik eroatearen itxura daukan ile kirrua, musu biribilduetatik kokotsean estutzen zaion azal beltzarana. Eta irribarre kutsakorra. Ni baina, Karlos zale beti. Kosta zaio hemen nagoena konturatzea horratik. Gu hauentzat lagunak gara, edo okerragoa dena, burkideak. Eta besterako bestarako besteak, Portun edo Galerietako diskoteketakoak. Gora iraultza!
Jani, hi ere hemen? Ño, gure institutu sasoian ez zunan neskarik animatzen gau-lanetan.
Obariorik ez ukitu gero! Zuen sasoian... instia iaz utzi huen-eta!
Ioiok esandakoa egia bada, berandu gabiltza, ez? Mikelok diplomaziaz hoztu nahi izan du sua.
Izan ere, ez zen bizkorregia izateko jaio koitadua, eta gure artean dagoen kimikaz konturatzerako...
Lasai, jarraitu ditiat pare bat aldiz, eta berdin-antzeko ibilbidea zaukatek. Hori bai, batzuetan zipaio furgona bat atzeraxeago gelditzen duk, eta horrekin ibili beharra zagok kontuz Karlos beti buruzagi. Ioio, zenbat esprai hartu dituk?
Lau bat esprai pote izango dira, eta bizkar-zorroan elkarren aurka jotzean ateratako soinuak bete-betean igo dit adrenalina. Ez da sentsazio razionala; bere horretan huskeria izan liteke margotzera irtetea, eta arriskua ere ez da handia beste kontu batzuekin alderatuz gero... Hala ere, ezin zirrara berezi hau uxatu.
Txirritxua? bota du Frantxik.
Berandu gabiltzala-eta, bidean erretzea erabaki dugu. Ez dakit presaka emandako zupadak lasaigarri diren edo kontrako eragina daukaten: erretzea, ondokoari pasatzea eta ingurura adi ibiltzea, dena batera. Niri behintzat ederto sartu zait, eta lizun begiratu diot Karlosi nire listuz bustitako paper zatia ahoratzen.
Badaezpada itzuli arina egin diogu auzoari. GETekoak oraindik ez dira gurean sartu. Ofizialki, Garbiketa Espezialeko Taldea dira, nahiz eta, egiten dutena eginda, Garbiketa Etnikoko Talde izena eman jendeak alkatearen garbitzaile kutunei. Ioioren lehengusu Iñaki zabor-biltzaile dabil, eta berari atera ei dio noiz eta zenbatero irteten den patruila berezia gure arte-lanak ezabatzera. Ondorioz, gehienezko iraupenaren alde egin dugu: euren atzetik joan eta ezabatu ahala guk berriz pintatu.
Geu ere egunean-egunean narrasagoak gara, lau pintadagatik dagoen egurrarekin, ezin detaileei erreparatu. Gainera, ahalik bizkorren ezabatuko badituzte, ezin hasiko gara espraiak xahutzen sekulako graffitia egiteko, ezta? 80ko hamarkadako batailatxoen zaleek aipatzen dute auzoko horma bat zatika banatuta zegoenekoa, elkarte bakoitzak bere pintada koloretsua egiteko. Guri Belfasteko muralak bezain urrunak zaizkigu.
Zabalbideko tuneletik joan gara Txurdinagara, Santutxu sobera pintatua baitago eta gaur ez bada, bihar etorriko direnez grisez garbitzera. Lurpebidean bertan ikusi dugu GETekoen lehen lorratza. Zorua bustita dago oraindik, baina pintura grisa arin lehortzen denetakoa da. Zelango irudia osatuko zuten, euren makina tuneleko atean eta tutu malguz eta pinturaz barrura jotzea, atean ertzainak zelatan daudela.
Hara Karlos, pasa duk irakaslea ortografia ikas dezaan!, baina oraindik igartzen duk hire independendentzia pinturaren azpian.
Denok egin dugu barre, Karlosek berak izan ezik.
Ioio, utzidak espraia. Beste aldean nork pintatuko du?
Neronek hartu dut potea, aritzea lakorik ez baitago nerbioak uxatzeko. Bero sentitzen dut gorputza. Badakit pasa berriak direla eta hauxe dela etorriko liratekeen azken lekua, baina bestalde ez da horren berandu eta beste norbait baletor... ez dut atsegin oinezko arrunten batek edo bestek zelango izuz begiratzen gaituen. Batzuei harroago izatea eragiten die, gangartu egiten ditu, bestela ments duten zerbait lortuz bezala. Nik ez dut barrabil faltarik.
tele-puzza kaka-kola
zabor-kontratuak, zabor-janaria: ABLEei sua!
Karlosek begirada kontraesankorra egin dit pintada ikusita, kontraesana berea du ostera. Badakit, nire ikasle lekutik hori esatea erraza da. Esan izan diot inoiz gazteria hipotekatzen ari dela berak eta motorrak gehiago edan dezaten.
inoiz jo nahi baduk etzak inoiz jo!
gora emakumeon borroka
Politago irten zait, lerro artezagoa, letrak ere biribilago... nabarmenegi, beharbada, neska batek idatzi duena.
haginak edo hortzak, baina erakutsi
Amaitu dudanean berea burutzear dabil Karlos, beharrean zorrotz samarra izan baita beti. Amorruz begiratu diet beste hirurei, nireari jaramonik egiten ez ziotela ikusita, baina Ioiok begi-kolpez eta isilik bestaldera so egiteko agindu didanean nik ere ezin izan dut irribarrea ostendu. Pintadatik atzeratu denean barrez lehertu gara laurok. Karlos ere arin konturatu da bere INDEPENTZIAz.
Ostia! Astakirtena nauk barre egin du berak ere.
Besteak aurrerantz doazela, Karlos eta biok bizkar-zorroan espraiak sartzen gelditu gara eta atzetik jo dugu, eurekiko tartea utzita. Ni, pozarren.
GETekoak nondik dabiltzan baduzue ideiarik?
Parkeko pintadak garbitzen ibiliko ditun. Beharbada hik egindakoren bat...
Ez, ni Santutxun bakarrik ibili izan nauk, eta inoiz Boluetan. Baina hara ez dituk jaisten garbitzera ere. Ia ez zagok pintatzeko lekurik!
Ño, oraindik eskerrak eman beharko zizkienagu! barre egin dugu eta oso gustura sentitu naiz bere aldamenean.
Gero zorroa bizkarrean hartuta besteen urratsera hurbildu gara. Ioiok horma eder askoa ikusi du nonbait.
vicente, zenbat langile balio ditu zure autoak?
Letra handi-handitan idatzi du, eta diana itxurako lardaskeria batean izena sartu gura izan du. Ez dakit horregatik atxilotuz gero mehatxurik leporatzerik ote daukaten, zer den ere ez da igartzen eta. Frantxik beste esprai bat hartu eta berak bai, itxurosoago marrazten du. 'V' letra kapitularrez hasi du troskista zahar eta aberats berriaren izena.
Ole! hire ABLE-buruak eskerrak eman beharko zizkidak! Ziur inork ez diola hain mezu kuriosorik idatzi! Karlosi begira biribildu du Frantxik bere marrazkia eta erreberentzia egin digu.
Ukitu berezia dauka, lar berezia ausaz, nor izan den asmatzeko modukoa. Artista da, ordea, eta noiz izan da artistaren lana erraza, non eta Euskal Herrian? Sarritan kaskotik joaten dela uste dut, asko ezagutu ez arren. Badirudi Arte Ederretakoen faunan oso ondo murgildu dela.
Ioiok antzina amaitu du lana eta Frantxiri asmoa gelditu behar izan diogu, bere esku balego beste inora joan barik etxe guztia goitik behera margotu luke eta, behin eta berriz hobetze aldera, Monty Pythondarren filmean bezala. Konbentzitu behar izan dugu, kontua dagoen bezala, hainbeste atxiloketa eta gezur, enpresaritxo horrek ez duela hainbeste arrisku merezi.
Egia da, beldur naiz. Besteak ere badirela uste dut, nahiz eta ezin asmatu egin beharraren kontzientziak ala arrisku zantzu horrek bultzatzen dituen. Edonondik ager daiteke otsoa.
Aldapa jaitsi dugularik, kontuz joan gara itzulinguruka, hurbil baitago ertzainen kuartela bere kamera eta guzti. Hiri osoan leku garbirik egotekotan, polizia-etxea da: auzo onean, adreilu gorrizko eraikin itxurosoa daukate, Ertzaintza sofistikatuagoa baita, europarragoa, lorategi eta guzti kasernan.
Gabriel Aresti kalean behera jo dugu. Hutsik dago, inoiz autoren bat pasatzen da; osterantzean goizaldean gaudela ematen du eta ez dira hamarrak baino askoz gehiago. Esandakoa, Europa. Gauez, lapurrak eta mozkorrak baino ez dabiltzan eremua. Gaizkileago bihurtzen gaitu auzo honek.
nire aitaren etxea defendatuko dut,
ze nirea daukadanerako...
gabriel: lehen hobea zen etorkizuna
Diesel hotsa entzun dugu eta izerdi hotzak geldi lotu gara, geure baitara bilduak besterik ezean. Ikaragarria da zelan ohitu garen zarata horretara, autoez eta motorrez arean jakin barik ere. Diesel usaina, atearen hots metalikoa eta sirenak desberdintzeko gaitasuna ere barru-barruraino sartuak ditugu. Kale egin dugu: itxuraz furgoneta arrunta izan da.
Ostia, zelango beldurra! Auzo puta honek uzkiko zulotik ematen du gero! Mikelo izan da.
Nik taupadak baretzen nahikoa neukan. Erregelaz egindako auzune dotorea da, kale zabalez eta parkez josia, bizitza gutxikoa, auto-eskolako autoz betea egoten da, praktiketan, hortik atera kontuak. Ikastetxeengatik ezagutzen dute gehienek; tira, eta gurasoak etxean direnean bikotearekin lupetzetan ibiltzeko Santutxuk ez dituen berdeguneak ere badituelako.
Ioioren institutu ondotik pasa gara parkean. Askotan esaten du GU ikastolako burbuilatik irten barik gaudela, beste mundu batean bizi garela. Potrozorri fina ere bada:
AEKn urteak egin eta zertarako? AEKkoekin hitz egiteko!
Beti egiten diogu erdaraz... gure artean egiten dugun legez, bestalde. Egia da gainera, elkarren ondoan bizi izanda ere, ez dakigula ia ezer bere jendeaz. Egitxuekin amorru edo amorru-maitasun harremana behintzat badago baina erdaldunekin... Ioioren antzeko kasuan bakarrik, gugana etortzen direnean.
Inguru honetan GETekoek jadanik lana egin dutela ikusi dugu. Joan dira hil batzuk Andonirekin egon nintzenetik. Alegia, egon-egon. Gau bakarra izan zen, uneko beroaldia. Gero gurasoen herrira joan zen uda pasa eta... ez dut esango minik hartu ez nuenik. Amorrua behintzat, horrela alde egin eta berririk ez. Zorionez ez zitzaidan sakon-sakon sartu ere. Gurago bihotzeko min guztiak horrelakoak balira!
Bizkar-zorroa zabaldu dugu espraiak ateratzeko... Frantxi berea astintzen hasi da, eta Karlos ere makurtu da bizkar-zorrora. «Isilik!», eten du kontua Ioiok, parkeko hesitik gora lekorean begirada galdurik.
Eurak dira, ezta?
Argi urdina ematen du, itxuraz parkeko sakonunean dabiltza. Beldurtzen hasi naiz eta Mikelo ere ez dut gustura ikusten. Karlosek begirada zolitu du, ikuspuntu hobea ahalbidetzen dion muino txikiraino igoz.
Kontuz aizak! xuxurlari egin dio errieta Mikelok, izuak irentsi beharrean.
Balentria eginda, gugana itzuli da, ez jakin ausarti ala burubako dabilen. Ala ni inpresionatu guran. Irribarretsu dator, ni behintzat ez nau konbentzitu. Euren atzetik joan gura du, pintadak ezabatu ahala gu gibeletik berriz margotuz... Jota habil ala?
Ikusten bagaituzte, bizkor banatu eta auzora galopan. Baina bitartean, egin dezagun behingoan barre euren kontura.
Okerrena da Ioio eta Frantxi limurtu dituela, eta mutilak lerdoak izanagatik, ez naiz neskaren aitzakiatan gelditu koldarkerian. Mikelo ere barrabilak oka egin beharrean dago.
Paiten urmael ertzetik pasa garenean, bikotea ikusi dugu zirritan.
Ostia, hemen papaoenak ere ikasten du inbidiaz Ioiok.
Txikitako ikaskidea ei da mutila, ez oso bizkorra nonbait. Edo bizkorregia agian. Neska ezagutzen dut, baina ez dut kokatzen non.
Beherantz jarraitu dugu, GETekoak eta bizkartzainak noizbehinka bistaratuz. Banan-banan ezabatzen dituzte pintadak, pintura grisa gainera botata. Atzo bertan itsatsitako afixek ere fusilatzen dituen ur txorrotadaren errekastoan behera amaitzen dute. Atzetik, parkearen bakardadean lasai, ertzain-autoa. Hau ez da etsaien territorioa.
Frantxik ez du espraia gorde eta sutsu dabil beharrean, besteek alde egin bezain laster. Morboa izango du arriskua horren hurbil ikusteak, behin eta berriz gelditzen gara bere zain. Parkearen amaierara heldu gara.
Zotz, hemen polita idatzi nian ba! Frantxik.
Ioiok komedia biribildu gura du eta kiroldegiko tunelean adierazpen askatasunaren gainean dihardu. Laguna ere 68ko bihurtu da, eta honokoa zirriborratu du:
faxisten isiltasunaren aurrean, gora irudimena!
Txarlik berriz:
hasieran hormak garbitu zituzten
gero jendea fusilatzeko erabili zituzten
Neroni ere berotzen hasi naiz, begirik galdu barik, beti ere. Gazteak. Emakumeak. Zapaltzaileak. Zapalduak. Torturak. Espetxeak. Horma horrek eman zezakeen guztia eman du. Gelditzen zen azken tartean kitedla etseb utarigeb idatzi du gure artistak.
Bihar alkatea etortzen bada, ez die soldatarik ordainduko GETekoei!
Barrezka hasi zaizkit denak, eta gaurkoz behar fina egin dugula iritzita, bertan behera uztea erabaki eta kiroldegiaren bueltan auzorakoa hartu dugu.
Orduantxe entzun dugu diesel motorearen zarata berriz ere, metro batzuk falta zaizkigula oraindik. Sirena barik datoz, argia itzali barik. Karrakari ekin diogu eta bigarren zarata beldurgarria entzun dut, furgonetaren hots metalikoa, atzeko atea zabaltzeko irristan dela. Ez dakit ziur norantz jo duten besteek, Karlosek eta biok inora begiratu barik gurutzatu dugu bidea eta auzoko aldapan gora hasi gara.
Geratzeko agindu du gizon armatuak. Behin eta berriz entzuten ditut «geldi, geldi» berbak garunean, ito beharrean kalean gora goazela. Etxarte batzuetatik sartu gara eta izkina batean lotu, arnasestuka. Ez dirudi auzoraino sartu direnik.
Ene, eskapada ederra egin dinagu!
Bai, ni han behean bizi nauk eta... besteak zera, uste duk...?
Ez, libratuko zitunan haiek ere. Furgonak basati atzerantz jo ez badu ez zitunan harrapatuko... Hori bai, hobe arin alde egitea. Zertan ibili garen ikusita barre handirik ez diten egingo. Guk bai, baina bihartik aurrera.
Arrazoi du, bihar izan beharko du, ze oraingoz etxalde iluneko patioan gaude. Kaleak hutsik eta agian gure bila dabiltzala jakinda.
Ez dakit luzaro egon garen, ni gustura nenbilen behinik behin, gurasoen kontzientziak astindu nauen arte. Ikastegun bezpera, eta etxeratu barik: histeriak jota daude deskuidatuz gero. Arriskua pasa dela badirudi ere, gure trikimailuak erabiltzen ere jakin behar dugu. Bere gizontasuna aterata, etxeraino lagunduko nauela bota dit. Feminista, ez mamala horratik. Kalean gora joan gara pizzeriarantz, motorra duen lekuraino.
Ez dinat uste motorraren bila dabiltzanik.
Bai zera, kasko gorriarekin euretakoa emango duk!
Barre zoragarria eskaini dit eta pizzen kaxa jatetxean utzita haraxe igo dut ipurdia, bere atzean. Oso kitzikagarria da. Beldurra banu legez indartsu besarkatu dut; nire bularrak ez dira handiegiak baina ondo estututa igartzen dituela uste dut. Bai, bera ere gustura doa! Bide laburra behar zuen nire etxerakoak eta itzulinguru ederra egin du auzoko kaleetan. Isil antzean joan da, hasierako hiruzpalau berbetan jabetu baikara ez geniola elkarri entzuten. Eta hala ere isiltasun atsegina da, sama eder hori begi-bistan eta bere adatsa nire aurpegian. Itzulinguru eta guzti, laburregi iritzi diot bideari. Berak ere bai, menturaz.