Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Mamadou Bal

 

Eguneko azken orduak geroz eta gogorragoak dira jadanik. Aipatu zidaten lagunek. Esan zidaten, gosearekin zetorrela herrimina, eta orduan izan behar nuela indartsuen, burua lasaitu eta beste norabait eroan.

        Familia daukat gogoan. Hiru egun barru berba egiteko gelditu ginen, erraz irudika ditzaket, ostera, ilunabarrean ospakizunerako prest. Telefonoz diharduen beste horren modura, pozez bera ere, aurpegian bertan nabari inbidia. Wolofez esan diot prezioa, berak ere besteren bat darabilen arren. Niri bost. Toucouleurrez telefonoz soilik egin dut azken hilabeteotan.

        — Mamadou, eman hiru donete, pipak, txikle bi, fritos matutano eta... hik cheetos pelotazos, ezta? Ba hori, eta cheetos pelotazos pakete bat.

        Plastikozko zorroan esku koipetsuak sartu eta jan irten dira mutikoak lokutoriotik. Ordubete falta gautu dezan. Baina ez nago ospakizunetarako. Herri hotz, euritsu eta fedegabe honetan Ramadana oso desberdina da.

        Ismaelek arraina arrozaz jarriko zuen ziurrenik. Salifen lagunari, Youssouri, agur esan behar diogu. Ausarta da tipoa. Pisukideak dira familiako ohiko jaitik hurbilen daukadana. Hemengo etxeko izpiritualitatea, ordea, hutsaren hurrena... kaleko begirada eta susmoak baino hobeak dira, behinik behin. Ismael, adibidez, sererea da, eta begirunez bizi gara.

        Hala eta guztiz, balantzaka igartzen ditut sinesmen errotuenak, hori barik ere. Barauak ez dakarkit betiko barne bakerik. Dirua da ia dena hemen. Ulertzeko eskatu dit Ismaelek, pobreagoak direla natiboak, eusteko horratik eta ikusiko dudala, hemen ere zer nolako ospakizunak dituzten. Gabon kristauak ikusgarriak direla esan dit, argi pilo bat eta janaria nongura. Baina niretzako daukat, Afrikako Ramadaneko ilunabar koloretsuen kopia garestia baino ez dela izango.