Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Dionisio Ramirez Condado

 

— Iritsi zarete, beraz.

        — Adar jotze gutxiago, e, Ramirez! Goizean nobedaderik?

        — Ezer gutxi. Gure gizona etxean egon da ia denbora osoan: goizean goiz ikastolara eroan, betiko tabernan gelditu, inorekin berbarik ez, badaezpada albora begiratu kafea hartzen zuela, Correoko orrialdeak pasatu, kioskoan Gara erosita zuzen etxera. Betikoa. Eta gero ordenagailuan, hamaikak arte. Esan diezue sistemetakoei...

        — Aspaldi esana dago hori, Ramirez. Nik uste honezkero ibiliko direla morroia dabilen foroak eta mezuak ikertzen. Besterik?

        — Hamaiketan bisita: Idoia.

        — Ostia! Ez dakit gure gizona zer den: bizkorregia edo erabat ergela.

        — Bat gehiago behintzat ez da. Edo arriskutsuegia edo bere matrimonioa baino hauskorragoa. Baina susmoa dut gezurretakoak ote diren irrintzi eta oihu guztiak.

        — Film pornoetako teknika? Hori da begirunea, bidenabar lasai konspiratzeko intzirien azpitik. Tira, printzipioz maitale arruntak, ez? Guri horrek bost. Eguerdian...?

        — Hortxe dator manboa. Idoiak metroa hartu eta gure gizonak autoa atera du aparkalekutik, izkin egingo zigulakoan.

        — Bo, bo, oraindik amarru zaharrekin? Geltoki bi, ezta?

        — Hori da. Abandoko estazioan batu dira atzera... gaur bazkari polita zeukaten, gainera: Larrabetzun.

        — Lehengoan ere hortxe afaldu zuten. PNVkoekin?

        Amerikanoa eta Giputza agertu dira. Agirretxu sukaldariak prestatu die erreserbatua.

        — Mendezek honezkero pasatuko zizuen ezer, ezta? Zeozertarako lortu genuen zerbitzari sartzea.

        Argentinoak? Menua bakarrik: zizka-mizkak, entsalada, arrain-zopa eta bisigua edo azpizuna. Errioxa, Arabakoa noski.

        — Eta ordaindu peneuvistek, bistan da.

        — Bistan da. Betiko moduan batasunoak ondo elikatuz eta bazkari onena emanez.

        — Lan ona, Ramirez. Ea zer daukaten esku artean, eta zer dakarren arrastiak. Nire kontu filtrazioa.