Otxarkoagako azoka
Zer da hori?, seinalatu zenuten leihotik.
Deustuko eskola. Jesuitena.
Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek.
Ijitoak, esan nuen lotsaturik.
Gabriel Aresti
Haritz Garmendiak karpeta buru gainean jarri du lurpebidetik irten bezain laster. Errepidearen azpitik, unibertsitatetik autobus geltokira darama halamoduz argiztatutako pasabideak. Ez du inorekin topo egin tunel estuan; irteeran afixa batzuei begira gelditu da, euria noiz atertuko zain. Koloretsuak dira musika kontzertuen iragarkiak, garagardo eta ron markek antolatutako unibertsitate-jaienak, eta baita ezker abertzalearenak ere. Horien gainean zailxeago nabarmentzen dira fotokopia-dendetako eskaintzak eta ikasle-pisuen oharrak: Nazioarteko pisuak (Italia-Portugal-Holanda) beste pisukide bat behar du, Agirre leh. ingurua / Neska euskalduna behar dugu Ibarrekolandan pisua osatzeko / Filologiako ikaslea pisu bila Sarrikon edo Deustuan / San Inazion pisu handia (120 m), gela bat libre, 200. Telefono zenbakiak hartzeko tentazioa izan du, orduantxe aterpetuko lukeen txoko hori edukitzea zoragarria izango delakoan. «Potrojorran egoteko inori azalpenik eman barik». Euripean eskailerak igo eta markesinan hartu du babes. Eskola orduan txikarra egiteak erruduntasunaren zaporea eta lege haustearen lilura dakarzkio oraindik, jadanik unibertsitatean, gurasoek ordaindutako jesuiten ikastetxe garestian ibili arren. Zuzenbideko eskolari luzetsita, kaleranzkoa hartu berri du. Nora joanik gabe, askatasunera heltzen ez den askapen hutsaren antza dauka.
Eskua luzatu du autobusa ikusi duenean, gelditzeko. Azken aulkietara joan da. Erdi hutsik badoa ere, litekeena da Deustuko zubiaz bestaldeko geltokietan betetzea, eta jendea pilatzen den inguruan egokituz gero, atso zaharren bat igarriko du aldamenean zutunik, lekua utziko dion mutil jatorraren esperoan. Discmanaren entzungailuak jarri ditu, musika hautatzeaz arduratu barik. Mikelek utzitako hip-hopa hasi da bere belarrientzat bakarrik. Leihoaren kristal gandutua mahukaz apur bat sikatu du burua erosoago kokatzeko eta lasai asko eman zaio kontenplazioari. Euskaldunatik gorde zuten garabi bakarraren ingerada azaldu da langar eta behe-laino artean, errekaren gainetik nabarmentzen den Jauregiaren atzean, eta merkataritza zentro berriko beharginak, kanpoko nahiz bertoko, jo eta ke. Abandoibarrako lanak ez ditu euriak ere geldiarazten.
Arte Ederretako museo aurrean gelditu da autobusa. Inoiz existitu ez zen hiria irakurri du Haritzek atarian, erakusketa bat, omen. Kale Nagusira irten da. Prozesioan doa trafikoa, semaforo eta udaltzainen kolpera tipi-tapa. Banatzaile motodun bat ikusi du kotxe artetik pasatzen; oina lurrera eroan, eten laburra egin eta ziztu bizian joan da. Autobusak pauso motelean jarraitu du; berehala bete da jendez, berokiz eta euritakoz. Lehenak jesarri eta gainontzekoek leku egokiena topatu, heldulekuei sendo oratu eta etsipenez daramate ibilgailuaren ibili geldoa. Ez dirudi inor artegatzen duenik, hain gutxi Haritz. Une honetan denbora da gutxien axola zaiona.
Dendak, dendak eta denda gehiago. Zara. CK. Benetton. Mandarina Duck. La Perla. Aseguru-etxeak, bankuak, BSCH, Deutsche Bank, Barclays. Espainiako bandera besteak baino gehiago bustitzen ari da Zerga Agentziaren eraikineko balkoi luzean, urteen joanean han dirauen armarri frankistaren zaintzapean. Promod, Loewe, banku gehiago. Auto dotore baten iragarkia dakar Errekalde zumarkaleko markesinak. Eskola-uniformezko neskatxa egokitu zaio zutunik aldamenean: galtzerdi urdin ilunak eta gona berde laburra, alkandora zuria eta bularraren kontra esku biekin heltzen duen karpeta dauzka zabaldutako anorakaren azpian. Belarritako uztai handiak modako datozela otu zaio neskak begirada itzuli orduko.
Zubi gainean hiri grisa argitu da. Txikiak dirudite erreka ertzeko autoek, faroak piztuta. Uribarriko etxe-blokeek bertigoa sortu diote. Errepidea egiteko moztu zuten mendi zatiaren amildegitik begiak baztertu eta barrura itzuli da Haritz. Zorua tantaka bustitzen duten euritakoak gorputzera hurbilduz, estuasunetik irteteko prestatzen ari dira bidaiariak. Jertse lodi gainean panazko jakaz jantzitako gaztearen haserre aurpegia ikusi du, inor bustitzeko ezaxola euritakoa zabaldu duen ile laburreko andreari begira. Amaren adina kalkulatu dio, baina kaoba koloreak itxura modernoagoa ematen dio. «Arrakada handiak, eta ilea gorriz tindatzea ere!» pentsatu du, aurreraxeago beroki lodian bilduta doan andre edadetuari erreparatuta.
Tabernak, tailerrak. Tximinia luzea parke erdian, Etxebarriako antigoaleko fabrikaren ikur bakar. Artagan gozotegia, Mallonako etxe garestiak. Begoñako Andra Mari, Bizkaiko zaindari.
Euria indartu egin da auzoan sartu direnean. Kaleak estuak dira. Enbragea erretzen, geldiro doa autobusa, bigarren ilaran aparkatutako autoek utzitako pasaleku estuetan milimetroak neurtzen. Auzoko aldapek asfaltozko haranak dirudite, elkarren segidako etxetzarren erdian, erlauntzen gisako zabaleran. Hip-hop doinuek irensten dute Santutxuko itolarria: euri zipriztinetatik gora jaso du begirada, eta hamalau-hamasei solairuko hormigoizko oihana dauka. Ozta-ozta gainditu dute fruta-banatzailearen kamioneta. Galiziarren tabernak beteta daude, Celta de Vigotik datorren olagarro eta piper beltz usaina har dezakeen irudipena dauka Haritzek.
Auzoan autobusera igo den andre mordoa ikusita harritu egin da. Lehen bai, inoiz pentsatu zuen 13. linea mikrokosmos txikia zela, eta lagun ez eta ezagun doi-doi ziren jende horren taldekoa zela. Hizkuntza-eskolatik itzuleran, adibidez, ordu berean autobusean sartu eta euren bizitzak irudikatu izan zituen: begiz jotako neska ohi baino geltoki bat lehenago edo geroago jaitsiz gero, etxera ordez mutil-lagunarekin gelditu zela esan gurako zuen, edo adiskideren batekin biharamunean luzituko zuen atorra erostera zihoala. Nahiz eta inoiz berbarik egin ez, elkar ezagutzen zutenen multzo xelebrea zen, ordu berean autobusa hartzeak biltzen zituena. Ondokoen solasera ihes egiten zion oharkabean belarriak, euri egunetan batez ere, ibilgailuan estu-estu joanik. Baina antzinako kontuak ziren haiek, metroa auzora heldu aurrekoak. Horregatik harritu da orain andre horiek ikustean. Adin batetik gorakoak gehienak, zein ote dute helmuga?
Boluetarantz jaisten, Santutxuk are erraldoiago dirudi, Artagan muinoaren tontorrean altxatutako kalexka eta etxe itzelen artean. Beste aldean Txurdinagako zelai eta berdeguneak ageri dira, ekaitz zakarrenak ere kikiltzen ez dituen korrikalariak goizeroko kilometroak egiten.
Leiho gandututik hiriaren amaiera ageri zaio Haritzi urrunean, Boluetatik Etxebarrira errekak marrazten duen meandroan. Irudi lauso hori baino zailago zaio imajinatzen inoiz han aduanarik izan zenik, eta handik egin zuela birramamak hirian sarrera. Fundiciones Boluetan dihardu oraindik osaba Roberrek, hilabete gutxi barru erretiratzekotan. Alferrik saiatu da fabriken gainetik Gorbeia eta Anbotoko tontorrak asmatzen, Ibaizabalen haran luzearen amaieran. Horren ordez, kalearen muturrean dauden furgonetei erreparatu die: azoka-eguna da.
Poltsikoan txanpon asko ez du, baina jaistea erabaki du Haritzek. Bide luzearen karrerapean gorderik gelditu da, langarra noiz baretuko zain. Inguruko kafetegietako bateko atea zabaltzean lurrun epela hartu du. Jendea dabil aterpean, apur bat urrunxeago dauden salmenta-postuetan baino gehiago menturaz.
Honek hotza, euria eta babazuza, denak hiltzen ditu, morena! Euro eta erdian berakatz-burua!
Euro eta erdian, zoratu egin gara!
Ene, eskutatik kentzen dizkidate; euro eta erdian berakatz-burua, guapa!
Agiraka, soineko ilunez jantzitako ijitoak beilegi koloreko balantza txikian pausatzen ditu behin eta berriz berakatzez betetako poltsatxoak. Merezi duen altxorra daukatela-eta, arkupe haietako denda, taberna edo etxeen atarietatik kanpora dabilen jendea limurtu guran dihardu andre gazteak.
Gainontzeko salmenta postuak ondoko plazan daude. Aste osoan aparkalekua izaten dena bitxikeriez eta gutiziez betetzen da azoka egunetan, alde guztietatik agertzen diren furgonetetan salgai.
Lantzean behin beste ijito batzuk hurbiltzen zaizkio, erauntsitik ihesi. Plazan beharrezko postua ez eta behingoan beraiek ere gurako luketen lekua egokitu zaio neskatxari, euri-jasatik babestuta. Egunetako bizarra daukan gizonari erreparatu dio Haritzek. Furgonetan sartzeko eginahalean dabil tripontzia, saldu gabeko generoa babespean jarri ostean beti ere. Anaia edo semea, harekin etorritako gizona beste muturrean dago. Marra zuridun trajea soinean, urrundik nabarmentzen du bere burua gangster ukitu leun baina ezin dotoreagoz. Idun jasoko polo beixaren gainetik galtzen zaio adats kirru gominatua, eta urrezko katearen eta eraztunen distiraz dabil.
Plazara bidea hartuta konturatu da emaztea behar duena gizona baino are ederragoa dela: beltzezko emakume hark ostu dio begirada Haritzi, irudia liraintzen dion traje taxutu harekin, gehiegi izan barik neurriko kanpaidun prakekin eta zango luzeak lerdenago egiten dizkioten takoi fineko botekin. Kulunka ibiltzen da pauso tinkoz. Ile ondulatua jaisten zaio exekutibo jakaren atzetik, dotoreziaz ixten zaio gerrian bularrak doi bat tentetuz. «Hori da makillatzea!» otu zaio Haritzi. Badaezpada ere aurrerantz jarraitu du, gehiegi begiratu barik, irudia buruan ondo gordetzen saiatuta, gaztaroko odola borborrean.
Salmahaiak plastikoz estalita daude, eta salgaiak ahalik eta txukunen agertzen saiatzen dira. Euritakoek daukate arrakasta handiena, baina gura beste oihal eta arropa dago erakusgai, tanga ñimiñoenetik neguko jertse lodienera. Oinetakoek ere ez daukate itxura txarrik.
Kalitatezko larrua, señora, 20an. Hau zapata-dendan 50ean erosiko duzu, 20an hemen.
Hori, larrua? Gizona, lehengo astean 15ean zeneukan eta.
Tabernetako dantza-musika, flamenkoa edo telebistako hit-en zaleek ere badutela zer topatua aldarrikatzen dute bozgorailuek. Olibondoen azpiko maitasunei eta hirugarrenek urratutako itxaropenei kantatzen dieten leloak eta zaldi ankerrak egindako kalteez mintzo diren ahots urratuak dira.
Umetan amamarekin joan ohi zenean ez bezala, azokak exotikoago bihurtu direla begitandu zaio, buru-zapia daroaten emakume magrebtarrak eta begi zabaleko hegoamerikarrak ikusi dituenean. Larregi hurbildu barik egin du mahairik mahaiko bidea Haritzek, saltzaileek, ijito zein egaxo, etxekoandreei dei egiten dietela aprobetxatuz. Bero-beroak diruditen galtzerdi eta eskularruen mahaiak eman dio atentzioa. «Patrikako bost eurokoarekin erosketa polita izango da» pentsatu du, baina ez du atera.
Eta orduan erreparatu dio imitazio dotoreko prakak saltzen dituen postuari.
Haritz baino etxe batzuk gorago bizi zen Cristina, Otxarkoagan, familia handi batean, bizpahiru ahizparekin logelan. Hamaika urterekin neba-arrebak, lagunak, asteburuak imajinatzen zizkion, norekin eta zein baldintzatan bizi zen edo antzeko aurreiritzi barik. Auzoko bazter gorde haietan ikusi zuen, neskek olgetari utzi eta solasaren eta txutxumutxuaren marra zeharkatu berri duten sasoian.
Udako hastapenean oporren tartea zen ikastolan ere. Ikaskide guztiek alde egiten zuten aroa zen: bigarren edo hirugarren etxeetara, gurasoen jatorriko herrietara ere bai, batek edo bestek aitita-amamaren baserrian baitzeukan hiri erdaldun honen beste muturrean zegoen Lurreko paradisua, eta bazen inori esan barik al pueblo joaten zenik ere. Haritzek, klase-ertainean ondo txertatua ertainaren ertainean, gorantz begiratu ezinik, etxean bertan ematen zituen orduak, kalera irten eta topatzen zuenarekin olgetan.
Mutilei irrikazko edo maitasunezko kanta flamenkoak abesten egon ohi zen neska-koadrila, esku-zartaka. Blokeko mutil batzuk hasiak ziren neska haiekin noizbehinkako solas eta txantxetan. Haritz gaztetxoen taldean zegoen, iruzkin lotsagabeei herabe begiratu, entzun eta baloiarekin jarraitzen zutenekin. Ez zen futbola San Joan bezperatako jolas bakarra. Sutzarrerako biltzen zituzten traste zaharrez gain, gerrikotan zen gizondu ez baina umea mutikotzeko bideetako bat. Ezkutaketaren antzekoa, baina haren alderantzizko olgeta zen gerrikotan ibiltzea: bakar bat denen bila ibili ordez, denak ziren batek ostendutako gerrikoaren bilatzaile; norbaitek aurkitutakoan, ziztu bizian irten behar zuten besteek hasierako lekura itzuli arte, honek atzetik gerrikoaz jotzen zituela. Tentsio handiko jolasa zen, eta gerrikoa ausartenek topatzen zuten beti, beldurtiak ez baitziren abiapuntutik lar urruntzen: gerrikoa harrapatuko ez bazuten ere, hark ere ez zituen harrapatuko.
Ekaineko egun luze hartan, San Joan sua atondu antzean utzita, gerrikotan jolasteko proposatu zuen norbaitek, Luis basatiak edo Albertok edo Rafak, seigarreneko poliziaren semeak. Egun sargoria izan eta belaunetik behera ebakitako prakak zeramatzala konturatu zen Haritz: erre egiten zuen gerrikoak hanka biluzietan joz gero. Baina berandu zen damutzeko, zer esanik ez arropak aldatzeko. Zorteko ibili zen: lehen txanda bietan gerrikoa topatu ez arren zigorretik libratzea lortu zuen, hanka bizkor eta gerri abilekoa baitzen. Bigarrenean Albertok aurkitu eta indarrez astindu zuen gerrikoa, Haritzek ordea, hankak gora jasoz jauzi egin eta arineketan jarraitu zuen, uhalari ihesi. Hirugarren txandan berak topatu zuen: mendeku zalea ez bazen ere polito eman zion ordaina Albertori. Zapladak eta gerora erakutsitako ubelak argi utzi zuen bete-betean eman ziola. Baina mutil gogorra eta noblea zen, eta kexu txikiarekin onartu zuen zartailua. Gorkak ez bezala: orduan ere haserretu egin zela oroitzen da Haritz, aitzakia argi izan ez arren: salbalekura heldu eta gero ere jo egin ote zuen edo gerritik gora joan ote zitzaion eskua edo indartsuegi izan ote zen... bazuen beti muturtzeko aitzakiaren bat, nahiz eta inork jaramonik egin ez. Eta horrek are gehiago sutzen zuen. Behin baino gehiagotan etorri zitzaien Angela, denak lagun izan behar zutela eta semea ez baztertzeko aginduka. Baretu zen azkenean Gorka, ijito haiek biak agertu zirenean.
Guk ere jolastu gura dugu.
Isilik geratu ziren. Inork ez zuen ijito haiekin olgetan hasi gura. Areago, berehala igarri zuten jolasak eman zuela berea. Baina inor hasi ez berbetan. Ez ziren ezetz esaten ausartzen, jolasean hasiz gero, borrokatarako baino ez zela izango sumatuta. Susmoa zuten horrexen bila ez ote zetozen.
Nik ezin dut, berehala joan beharra daukat esan zuen Jonek, beldurti.
Besteren batek bide koldar bera hartu zuen, amak etxera sasoiz igotzeko agindu ziolako.
Denok joan behar duzue ala zer? harrotu zen ijito nagusia.
Ekin zioten behingoan jolasari, eta beti bezala haserre amaitu zuten. Eurak baino urte pare bat gazteagoak izanagatik, mutiko gogorrak ziren ijitoak eta indarrez zerabilten gerrikoa. Seigarreneko Rafa izan zen aurre egin ziena, mutiko beltzaranetako batek polito berotu ostean. Gerritik gora jo zuela aurpegiratu zion.
Baina hik salto egin dualako izan duk.
Zer gura duk ba? Denok egiten diagu jauzi badaezpada!
Ondo zagok, baina nik ere ahalegindu beharko diat ematen!
Baina ez duk gerritik gora uhala jasotzerik!
Ez diat nik jaso, hik jaso duk, salto egitean! Gero beheranzkoan jo bahau gerrikoak, hire kalte, etxekalte!
Argi zegoen jolasak eman zuela berea, baina zailago zirudien han bertan muturka ez hastea. Ijito gazteak kontrolpean zerabilen egoera sutzen ari zen Rafaren aurrean, baina berba txar batek okertu zituen kontuak. «Mekaguendios ijitoa!» entzunda patxada galdu zuen mutilak:
Erretira ezak esandakoa, kabroi horrek! Jainkoari irainik ez, gero! Gura baduk, kaka Ama Birjinarentzat, baina Jainkoaz, ixo, argi?
Zur eta lur entzun zioten euren adinean ia jaramonik egiten ez zioten arrazoi hari, batzuek ospa egiteko esaka, besteek bero, hura ukabilkadaka amaitu behar zela sinetsita. Rafarekin batera Luis eta Alberto gangartu ziren. Haritzek isilik ikusi zuen zelan uxatzen zituzten mutiko biak, harropuzkeriaz puztuta.
Ondo, eta orain zer?
Orain lehengusuekin etorriko dituk, eta ni ez nauk hemen egongo itxaroten.
Zer, etxera hoa ala beste nonbaitera joango gaituk?
Ni etxera, kolega. Hau txungo jarri duk. Kakanarru hori Txerotarrenetakoa dela uste diat. Ostia txarra, hi, droga kontuak-eta...
Egun batzuk geroago, gurasoentzat egunkaria erostetik bueltan, etxe-orratzetako batetik doinu flamenkoak iritsi zitzaizkion.
Barruko penai be eztotsan orain eusten begidxen
Nok sorginddu hau holango eder dauen latzidxen
Ze kalok emon jon mosu nireik gure ez deidxen?
Urrun, ta urrun, ta urrun, ta urrun, ta urrun jun
Lerelere lerelere
Ez zen entzuten zuen lehen aldia, auzoan arrunta zen irratia ozen jarritako musika aditzea. Esku-zarta hura, ordea, musika-ekipo batetik barik zuzenean jotakoa iruditu zitzaion. Sentimendu kontrajarriak zekarzkion horrek guztiak. Ikastola, familia, lagunen ingurutik hain urruna zen musika hura ezagutzen ez denaren aurrean izan ohi den beldurrarekin nahasten zitzaion, musika bezain asago zirenez hura kantatzen zuten jendeak. Etxetik berrehun metro eskasera bizi arren.
Mitxaia non lotu dona betiko maitasune?
Egidxe bakarra ete zan zaldidxen erantzune?
Dana erun dona, ginena ta ixen behar gendune
Urrun, ta urrun, ta urrun, ta urrun, ta urrun jun
Lerelere lerelere
Beren-beregi hara joan barik, itzulinguru txikia egin zuen kanta nondik zetorren asmatzeko. Neska-mutil taldea zen, ahotsei erreparatuta. Eta berbek maitasunaz eta desamodioaz ziharduten, eta ihesaz eta hiesaz, eta heriotzaz. Txaloen zarataren artetik ulertu zuen apurra oso tristea zela begitandu zitzaion Haritzi, eta gustura eskatuko ziela noren kantua zen edo zehatz-mehatz zeren gainean ziharduen azaltzeko. Baina orduan agertu zen Tete, egun batzuk lehenago haserretu zitzaien mutila.
Zer habil barrabil? Gaur ez daukak gerrikotan ibiltzeko gogorik?
Izututa gelditu zen. Begirada bizkorra egin zuen ingurura, Teterekin zihoazen lagunek etxerako bidea itxi zioten.
Nik...
Barre egin zioten mutil ikaratuari, eta Haritz ez zen ohartu ezkutuko kantu haiek ere amaitu zirela. Han goitik neska-mutil koadrila zeukan begira. Haien artean zegoen Cristina. Ez ziola isekarik egiten iruditu zitzaion ikusi zuen liparrean, serio zeukala aurpegi polit hura. Adats luzeak zati bat estalita ere dotoreziaz eraman zuen belarri atzera eskuarekin, begi beltz sarkorrak osotasunean agertuz.
Zer daukak hor? bota zion Landrok, taldeko buru zirudien mutilak.
Egunkaria el periódico esan zuen, baina hura ez zen eguneroko periodikoa, auzoko gehienek erosten zutena.
Hori euskaraz zagok, ez duk?
Bai.
Beraz, hik badakik euskaraz.
Bai.
Orduan lagundu behar diguk! esan zion, koadrilakideei argi utziz ordura artekoak amaitu zirela eta gradua igo berri zuela mutilak.
Badaezpada ere ez zen ausartu Tete txikiari begiratzen, haren amorruaz jakitun. Haritz lasaiago zegoen baina artega oraindik, beste hark eskatu beharrekoa zer ote zen.
Cris, erdu hona! Eta zuek, segi beste norabait.
Ezpondatik behera jaitsi ahala hobeto antzeman zion neskatoaren ibilera irtirinari, minigona beltzean aldakak mugituz eta nerabe bularrak mahuka gabeko atorran harrotuz.
Arreba, hoa kelara bizkor, eta esaion amari señoritaren paperak emateko.
Arineketan alde egin zuen neskak inguruko etxeen artetik. Orduan deseroso sentitu zen, biak bakar-bakarrik zeudela konturatuta.
Hik ez daukak ezer gure aurka, ez duk?
Buruaz egin zion ezetz.
Hara, nik bazauzkaat asmo batzuk, eta eskola ez duk niretzako kontua, baina komeni duk zerbait edukitzea inoiz zerbaitera iritsi nahi baduk..., jarraitzen didak?
Gutxi gorabehera ulertzen ziola adierazi gura izan zion, berbarik esan barik. Ikasketetan laguntzea gura ote zuen mutil hark? Bizkor itzuli zen Cris, hiruzpalau orrialde fotokopiatu zekartzala. Begietako marra beltza pintatu zuela ohartu zen. Arrebari joan zitekeela esan arren, Haritzen ondoan geratu zen Cris, eta gustatu zitzaion oharkabe itxuran besoarekin ukitu zuenean. Neba orriak txukuntzen hasi zen.
Hara, Eskola-Agiria emango didatela esan zidatek, baina horretarako euskara ere gainditu behar diat. Eta badakik, zuentzat bai, baina niri zertarako balio zidak horrek? Bada, hori gabe ez didatela emango-eta, motel, lanak behinik behin egiteko esan zidatek. Hiretzat erraz askoak izango dituk!
Bizpahiru aditz eta hutsuneak betetzeko ariketa irrigarria zen, ingelesa ikasteko ere erabiltzen ez zituztenak.
Oso erraza da. Baduzu boligraforik?
Di-da batean amaituko diagu. Baina nik idatziko diat. Ea, lehengoa, zer duk?
«Gara», «dira», «bihar», «etxera», «lagunaren»... banan-banan diktatu zizkion hutsuneetan falta zirenak. Mutilak haria galtzen zuen tarteka, gauzak letraz letra eskatuz. Neska geroz eta lotsagabeago zebilen barrezka, eta Haritz ezin gusturago unea gozatzen. Azkenean irainduta bota zion Landrok:
Nahikoa dinagu, Cris! Horrela ez zizkionat berbak ulertzen!
Hago isilik, bestela ere doi-doi dakik irakurtzen eta! Berak bai, berak bazakizkik kontu asko, mutil listoa duk! Zein izen daukak?
Haritz.
Bera Cristina zela erantzunda musu bi eman zizkion, nebak agiraka etxera bidali orduko.
Ez iezaiok kasu eman, etxeko txikia duk eta aztoratuta zabilek.
Haritzek, ustekabeko goxo hartatik itzuliz, ezetz erantzun eta azken ariketak egiten lagundu zion.
Portatu haiz, motel; honekin kito eskolarekikoak!
Baina... ziur zaude ez dizutela galdetuko zer edo zelan egin duzun... Ez zaie antzematen zaila egingo, zera, zuk ez...
Lasai, txo, nik eurak baino eurek ni begi-bistatik galtzeko gogo handiagoa ditek!
Beste bizpahiru aldiz ikusi zuen uztailean, oporretan joan orduko. Eta geroz eta gogo handiagoz abiatu ohi zen kalera olgetan, handik edo hemendik saltsa-maltsaren batean ikusiko zuelakoan. Gustura jarraitu zuten baloiarekin, ezkutaketan edo gerrikotan, baina nabari zuen zerbait aldatzen ari zitzaiola. Tarteka blokeko nagusixeagoekin gelditzen hasi zen, neskatan nork nori zer egin zion adi-adi entzuten, Joana zeinen beroa zen edo zortzigarreneko Laura ilehoriaren atzetik ote zebilen. Horren guztiaren atzean zeuden sekretu, asmo eta itxurakeriak ulertzen hasi zen, konturatu zen neskak etortzen zirenean mutil taldean zegoen aldarte aldaketaz. Hormonen dantza eta borroka hura edozein tangoren urratsetan labaintzen zela konprenitu zuen urte batzuk geroago, bata hurbildu eta bestea urrundu, gero alderantziz, baina elkarrengandik bereizi ezinik.
Gustura entzuten zituen nerabeagoek neskekin zeuzkaten ateraldiak, zorrotz eta zuzen, ikastolako girotik apartean. Baina sarritan burua beste norabait zihoakion, lagun arteko esku-zartaren bat aditu edo bere ijitoa inguruan sumatuz gero. Auzoan gora ikusi zuen behinola, beste hiru lagunekin zihoala. Manu beltzarana hasi zen zirika, baina neskak Haritzi jaramon. Elkar agurtu baino ez zuten egin, altxatu ala ez zalantzan egon ostean neskak harroxko pausoa bizkortzen zuela sumatuta. Euren paretik pasa eta aurrera jarraitu zuten. Bidea zeharkatzean horratik burua jiratzen ikusi eta irribarre zabala eskaini zion.
Ene, Haritz, ijitotxo horrek a zer begirakunea bota dian!
Aurpegia gorritzen igarri zuen, eta ingurukoen algarak. Ez zioten alabaina barruko poza itzali ziri haiek. Udak ez zuen askoz gehiago ekarri auzoan. Haritz udalekuetara joan zen Nafarroara, gero gurasoekin Kataluniako kanpin batera, eta lagun berriak eta ustezko maitemintze gehiago bizi izan zituen harik eta ikasturtea hasi arte.
Iraileko egun batez Cristinaren lagunak ikusi zituen amarekin ikastolatik bueltan zetorrela.
Hola, Haritz entzun zuen nesketako batek ziotsola.
Samantha zela pentsatu zuen, ordurako ahizpa nagusien kamiseta estuak eta oinetako takoidunak janzten zituena.
Irten behar duk? galdetu zion neskak.
Erantzun barik itxi zuen amak portaleko atea, neskari erreparatuta. Txantxa tonuz baina argi ebakiz berbak, «Kontuz, gero, kaskarin horiek Aitziberrek eta Anek baino lotsa gutxixeago darabilte-eta» bota zion. Semeak ez zuen ahaleginik egin azaltzeko ikastolako neska haiek aspaldi egotzi zituela bihotzetik, inoiz egon baldin baziren behintzat. Umetako kontuak ziren, denek norbait gustuko izan beharraz, baina Haritzen baitan nerabeak ziharduen umezaroaren aurka kanpora azaleratzeko borrokan. Etxeko lanak eginda jaitsi zenean, futbolean zebiltzan lagunak, eta laster sartu zen Rafa eta Albertoren taldean. Erdipurdiko futbolaria zen, ez beti atezain jartzen zutenetakoa, baina ez zituen Imanol bizkorraren hankak ere. Partida polito zihoan batean eta bestean golak sartuz, neska taldea kaleko izkina batean jesarri eta txutxumutxuan hasi zen arte. Gehienek jaramon egin barik jarraitu zuten, eta nagusienak saiatu ziren gangarra atera eta euren erakustalditxoa egiten. Haritz alferrik saiatu zen birritan atezainaren aurrean bakarrik, biak gelditu zizkion kolegiotik uniformeaz jarraitzen zuen Alexek. Axola gutxi neska haiei, nonbait. Geroz eta ozenago hasi ziren Alberto eta Haritz bera goratzen. Samanthak Albertori mutil puska zeritzon. Udako modako kanta elkarrekin abestu ostean, aldiz, beraren gainean zihardutela begitandu zitzaion Haritzi.
Partida amaituta banan-banan etxerantz joaten hasi ziren mutilak, eta geroz eta gutxiago zeudela profitatuz, bertaratzeko hots egin zioten. Poztu zen etxeko balkoiak beste aldera ematen zuelako, ama gustura ibiliko zen-eta zelatan.
Zer behar duzue?
Crisek gauza bat esan nahi dik erantzun zion Samanthak.
Bai, eta? saiatu zen ahalik eta naturalen esaten. Urduritzen ari zela sentitu zuen.
Beste neskak ordurako altxatu eta apur bat urrundu ziren.
Zera, hasi gaituk eskolan eta... pentsatu diat, agian lagun nazakeala euskarako lanak egiten. Hik ondo egiten duk eta, tira... nahi duk zapatuan gelditzea?
«Bai» totela baino ez zitzaion irten, eta neskak egin zuen hitzordua. Hasierako pozak urduritasunari leku egin zion hurrengo egunetan, bere buruari galdezka zita bat ote zen hura, zerbait egin behar ote zuen, gurasoei zelan ostendu kontua, ikastolako lagunei esaten ausartuko ote zen.
Asteburua orduko, hala ere, goitik behera nahasi ziren kontuak. Asteazkenean auzoko familia ezagun bateko kide bi zauritu zituen bonba batek. Biharamunean ez zuten kale egin eta gizon hura bete-betean harrapatu zutenean zalantza gutxi izan zen droga-trafikatzaileen atzetik zihoazela. Itxaropen txikiari eutsi gura izan zion eta zapatuetan ohi zuenez egunkari bila irten zen Haritz, bidenabar hitzordu lekutik osteratxoa egiteko. Astiro egin zuen bidea, bertan agertuko balitz ere, baina susmoa zeukan gauzak asko ilundu zirela. Bizpahiru lagun, ijito zein egaxo, ikusi zituen autoan konponketak egiten ari zirenaren itxuratan, eta furgoneta lepo betetzen ziharduen beste familia batek ere atentzioa eman zion. Azkenean, futbolean ibiltzera itzuli zen blokera, agerian zeukan bihotzeko lehen zauria baloikada batzuez ixteko itxaropenean. Rafari berari ere grazia egin zion familia haiek euren aitak ohikoa zuen badaezpadako langintzan ikustea.
Ikastolatik etxera eta alderantziz pasa zituen egunak, amestutako maitasunak piztu gabe itzaliz, eta auzoan eta hiri osoan egiten ziren drogaren aurkako manifestazioez arduratu barik. Nerabetarako zubi ahulean atzera egin zuen atzera ere umezaroko kontuetan babestuz, buruko min haiei aterik ez zabaltzeko, denboraren eta biologiaren aurka alferreko borrokan. Eta ustez maiteminak eta antzeko kontuak betiko estali zituenean, Rafa etorri zitzaion arratsalde batez.
Hi, Haritz, entzun duk azkena? Hire laguntxoarengana joan dituk!
Zein laguntxo?
Jimeneztarrena. Ijito polit hori ez daukak begitan, ala?
Bai eta zera ere!
Ondo zagok, orduan ez zaik ardurako euren etxera joan direla jakitea.
Kontaidak behingoan, zer jazo duk?
Bart joan dituk Txerotarrengana, zirt edo zart, erabakitzeko. Trapitxeoa utzi edo alde egiteko esan ei zietek.
Crisen gurasoei?
Ez zakiat eurei edo besteei. Badakik ijito jende hori zelangoa den, beste familia batekin bizi zituan, dozenatik gora lagun etxe berean...
Inork etxerik ematen ez zielako!
Nik ez zakiat, kontua duk makila eta guzti joan zirela eurenera abisu ematera.
Nortzuk baina?
Beste ijitoak, motel! Euren izena aski zikindu dutela ziotek, eta garbitzekotan auzoa ere garbitu beharra dagoela!
Egaxoen manifestazio eta erronden legez, eurenak abiarazi zituzten ijitoek ere. Haritzek ez zuen gehiago Cristina ikusi. Umezaroko azken maitasuna edo nerabetako lehena izan zen, zelan begira. Etxean negarrari eman zion gelan gatibatuta.
Kanpai apur bat daukatenak, bat ere gabeak, gerri baxukoak gehienak, urdin zein gorri... neurri guztietako prakak daude. Haritzen antzeko adina behar duen gazteak aldarrika dihardu:
Markako bakeroak, inoiz baino merkeago, hiru biren prezioan! eta antzekoez limurtu guran erosleak.
Emaztea behar duena, aldiz, eginahalean dabil, goiko plastikotik jausten diren tantek ez dezaten salgairik alferrik gal. Neska ederra iruditu zaio atzetik begiratuta, praka eta jaka beltzez. Adina asmatzen saiatu da: ez da bera baino zaharragoa izango. Auhen txikia entzun du orduan mahaipean, eta prakak gordetzeko kaxen artean haurtxoa agertu da. Lozorrotik esnatzen dabil gosetia.
Trankil, seina, oraintxe emango dizu amatxuk bazkaria.
Ahotsa ezagun zaiola uste izan du Haritzek.
Haurtxoa jasotzera makurtu eta hura besoetan altxatu duelarik, gazterik zahartutakoaren makarrak ikusi ditu makillaje azpian. Begirada akitu batekin egin du topo, inoiz bizi-bizi zelatatu duten begi sarkorren distira itzaliarekin. Haritzek berehala baztertu du soa. «Ez da bera» pentsatu du. Edo agian bai. Ez daukan presarekin abiatu da etxera, parke aldamenetik, azokako doinu flamenkoak gogotik kendu ezinik.