Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Basurtuko erietxean

 

                        Has debido de llorar

                        pues la noche brilla en tus ojos de silencio.

                        Es difícil aceptar

                        ver romperse un sueño y otro en mil pedazos

                                                                    Doctor Deseo

 

Anbulatorioko horma berdeetan galdu du begirada Amaiak. Euria ari du kanpoan. Kristalen aurka hiltzen diren eulien gisan talka egiten dute tanta lodiek leihoan, emeki beheranzko erretenak osatu, beste tantaren batek jo, erretena zartatu eta atzera lasterketari ekin arte.

        Ateri zen Basurtuko erietxera iritsi direnean. Erauntsia barrutik baitzihoan. Eta larrialdietara bidean ere ez zaio trumoia baretu. Orain isilik da Amaiaren baitako enbata. Maite du euriari begiratzea, etxeko berotasunetik kanpora, bakarrik. Une honetan hori guztia oroitzapen urruna badu ere.

        Ez ditu ospitaleak maite. Baliteke txikitako gomuta izatea, umetan pasatako apendizitisarena. Edo amamarena, hil hurren bisitatu zuenekoa. Bizkor zuen burua atsoak, bizkorregi bizitza ihesean zihoakion gorputz makal hari ez igartzeko. Mingarria zen aurpegi laruan mihia zeinen zorrotz zerabilen ikustea. Geroztik ez da askotan izan ospitaleetan, eta etorri den guztietan, antzeko goragalea sentitu izan du.

        Horregatik agian ihes egin dio behakoak kanpora, bizirik den hirira. Jendea atsekabetu egiten da lanetik, eskolatik, tabernatik irtetean, arrastia zelan ilundu den ikusita, zeinen hits iragartzen duen udagoienak negu luzearen etorrera. Baina atsekabe orokorraren zati dira. Ondokoari diotso eguraldiak etxean sartu eta ez irteteko gogoa ematen duela, aterpetuko dituen kafetegia bilatzen duten artean.

        Hutsik dago itxarongelako korridorea. Aulkitik altxa eta leihora hurbiltzeko alfer, horma mutuetara itzuli ditu begiak Amaiak. Erizainak Isiltasuna eskatzen duen afixan iltzatu ditu, atzamar erakuslea ezpainetara eramanez. Beste nonbait ere ikusia du argazki hura. Gero oharren arbelean sendagile eta praktikanteen batzar-deiak eta sindikatuen iragarkiak irakurri ditu. Erretzea debekatzen duen orriak nikotina gosea piztu dio Amaiari.

        Begirada hormatik jaitsi eta zoru berdetik jarraituz bere zapatei erreparatu die. Oinaren dilindan gora, takoi leunek zangoa edertzen diote. Erakargarritasunez mugitzen du, bere buruari ere sexya izan litekeela erakutsiz. Ondo pentsatzen hasita, Jabik ere aski desiragarri sentiarazi du behin baino gehiagotan.

        Deustuko jaietan hasi zen dena, gaueko ordu txiki eta kritiko horietan. Oroimenaren bihurguneetan galtzen zaizkio irudiak, txosnak itxi eta Izangoan pubera bidean mamitutako harreman haren hastapenaz oroitu guran. Ez ziren sekula iritsi tabernara. Kosta zitzaien, hala ere, batzuetan ez egitea egitea baino zailagoa baita. Ur-lasterraren aurka igeri egin behar izan zuten. Mozkortuta egon arren mutil lotsatia zen Jabi, irudimentsua bezain isila. Amaiak irribarre egin zuen pausoa zelan moteltzen zuen antzeman zionean, aurretik zihoazen koadrilak betiko galdu guran. Mirenek burua atzera jiratu zuen, badaezpada ere, eta keinua egin. «Dena ondo, segi aurrera». Ez zuten gehiago behar elkar ulertzeko. «Bihar kontatu beharko didan, sorgin horrek», adierazi zion begiez. «Bai, bai, baina orain desager hadi». Dena oso bizkor joan zen. Beste gau pare bat eta elkarrekin irteten hasi ziren. Ez zekien maiteminduta zegoen, baina mutil maitagarria zen egiaz, eta gustura egoten zen berarekin. Aski zuen horrekin. Gainontzekoa denborak ekarriko zuen. Ordura arte bizitako sasoi aztoratuen, buruhausteen ostean, eskertu zuen harreman sendoaren lasaitasuna.

Ez zen Amaiaren lehen maitasuna. Jabirena ere ez. Ez zegoen nerabetako txolinkeriarik. Hala eta guztiz, bien artekoa azaleko kontu horiek baino sakonagoa zela sinetsi gura zuen neskak. Ez zekien noiz izan zuten lehen eztabaida. Hasi eta gutxira, edozelan. Geroztik asko egon ziren, biak ere ez baitziren izaera errazekoak. Tabakoa, Amaiaren lagunen bat edo beste, Jabirenak, speeda... denak izan zituzten haserretzeko motibo. Bazegoen ordea zutabe sendo bat, diskusioek gutxi inarrosten zuten lotura tinko bat. Sexua, agian.

        Sentitu zuen inoiz, sexurik gabe harremana berdina ote zatekeen. Ez zen hertsi agertzea, baina inoiz sexuak bakarrik lotzen zituela ere pentsatzen zuen... egia osoa ez bazen ere, baina tarte txikia zegoen, Jabi irudimentsu, ateraldiz xelebre hartatik Jabi gozakaitz eta borrokazalera. Ezin zehatz esan zenbatgarren garagardoan zegoen muga, hura zeharkatutakoan ordea, zalantza gutxi. Eta sarri zeharkatzen zuen. Irria orroa bihurtzen zen; umorea, borroka; dantza, lagunen aurreko oilartzea, mespretxua.

        — Goazemak Jabi, ez hadi horrela jarri.

        — Utz nazan behingoan, lagun artean gauden, ez? Zer nahi dun, hire lagun neskazahar aspergarrien modukoa izatea? Eman bakea, eta topazan hire moduko etxeko gizon bat, baina ez nazan ito...

        Indarrez egon zenetan, bertan utzi izan zuen hiruzpalau bider mutil-laguna. Erabat nahastuta jaisten zen taxitik etxaurrean, amorruz eta zalantzez beteta: zerk eusten ote zion harreman hari, une goxoak gogora ekarri guran. Biharamunean Jabi barkamen eske zetorkionean, begiak malkoz, bakarrik uztearen erruduntasuna itxaropen izpi batekin nahasten zuen. Zuloa ikusi zuelarik aurrean argia baino egon ez zitekeela sinetsi behar zuen Amaiak, gizaki damutu eta apal hark gauez ments izandako gozotasunez garrantzitsua zela sentiarazten zuelarik.

        Baina erabakita dauka gaurkoa izango dela Jabirekikoa etengo duen eguna. Oso noizbehinka baina oharkabean irteten zaion alde horrek Amaia bera zipriztintzen duela nabari du, mutilaren arazoek apurka-apurka higatu eta suntsitzen dutela. Berehala egin ezean, horrenbeste zelan iraun dezaketen ulertzen ez dituen emakumeetarik bat bihurtzeko arriskua igarri du.

        Horrekin batera erruduntasunezko labana batek ziztatu du. Ospitalean, ateaz bestaldean dauka mutil-laguna, ez jakin zein egoeratan. Eta laguntza gehien behar duenean bertan uzteaz dabil hausnarrean. Hain txarra ere ez dela pentsatu du, ondo pasa izan duela berarekin, eta sexuaz ederto gozatzen dutela biek ere. Aspaldi ikasi zuen ametsetako mutilik ez dagoela, filmetako maitasunak zeluloidean baino ez direla existitzen. Bera ere ez da ez ametsetako ez filmetako neska.

        Jabiren irribarrea irudikatu du, haren ezpainak hurbil, eta begirada, konplize. Nostalgiazko irriñoa marraztu zaio aurpegian Amaiari, antigoaleko argazkiei so balego legez. Asko dira elkarrekin pasatakoak. Tristuraz otu zaio, aireportuetan agur esatean datorren isiltasun horrekin. Hutsik dago erietxeko korridorea.

        Ziur dago eman beharreko urratsaz? Hala uste zuen atzo Jabiri telefonoz dei egin zionean. Ziurtasunez igo da gaur autora, beste eremu batera igarotzeko azken froga balitz bezala. «Biontzako onena» pentsatu du, eta laster jabetu da esamoldearen gezurraz. Amaiaren salbabidea da, gehienez. Jabi txarto dago oraindik, eta zulotik irteteko txikota erretiratu behar dio, bera ere hartara bultzatu orduko.

        Jabi zakarraren osteko mutila izan ohi da xalo eta maitagarriena. «Ekaitzaren ostean barea, orgasmoaren ostean sentiberatasuna», pentsatu du. Aitortu behar du horratik aldatu egin dela azken hilabeteetan: alkoholari neurria hartu dio, eta harremana bide berri batetik gidatu dute. Estuegi ibili zirela erabakita, uneoro elkarrekin barik nor bere lagunekin bakarka gehiago irtetea ebatzi zuten. Biek sumatu zuten hobekuntza. Elkarrekin zeuden uneak mundua amaitu behar balitz bezala gozatzen zituzten. Orduantxe hasi zen harremanaren hastapenean falta izan zen maiteminduen txotxolotzea... eta handik gutxira jazo zen. Jabi inoiz baino maitagarriago egon ohi zen, lelotuta begiratzen zion, lotsarazi ere egiten zuen.

        Asteak zeramatzan kontu berari bueltaka: zergatik ez zuen modu bertsuan ikusten Jabi? Zer zela eta izaten zuen lagunekin parrandan ibiltzeko gogoa berarekin zegoenean? Ez zen hura harremaneko une txarretan desio izan zuen maitalea? Beranduegi heldu zela baino ez zuen ondorioztatu. Beheko suan epel gorde behar da maitasuna, baina erre egin zitzaien. Edo agian hozkailuan izandako tartetik inoiz ez zen atzera berotu. Kontua da ez dakiela inoiz mutil hartaz zinez maiteminduta egon ote den, baina bai jadanik ez duela maite.

        Jabi berandu heldu da hitzordura. Telefonoz abisatu dio Erriberara irten dadin, bertatik pasatzekoa baita. Zerbaiten susmoa ote dakar? Inoiz baino ederragoa iruditu zaio mutila. Apur bat argaldu da, eta musua estilizatu egin zaio. Bigarren eskuko arropen dendan erositako larruzko jaka ikusgarri darabil.

        — Barkatu, laztana, baina aparkatu ezinik nabilen. Igo eta ea lekurik topatzen dudan.

        Musu emateko hurbildu da Jabi, begiak asfaltotik kendu barik. Amaiak burua jiratu eta masaila eskaini dio. Erriberatik jarraitu dute. Nerbioak kontrolatzen saiatzen zebilen, baina aztoratuta sumatu du. Ez zen bakarra izango trafiko haren erdian. Auto ugari dabil, euria egiten duen guztietan bezala. Isilik egin ditu metro batzuk, bidera adi-adi, Mesedeetako zubitik errekaz bestaldera daroan ezkerreko erreia erdiesteko.

        — Ostia, utziko didazue lekuz aldatzen ala zer, putakume halakoak!

        Trabeska gelditu da bideak zati bi egiten dituen lekuan, zubiko erreian sartu barik eta aurrerantz doazenak kostata pasatzen zirela. Atzekoak patxadatsuak izatea erregutu du Amaiak berekiko, ez dezatela klaxonik jo aurreratzeko maniobratan zebiltzala.

        Mesedeetako zubiko semaforoa berdera aldatu da. Bilbo Zaharreko trafikoa bizkorrago dabil, zorionez. San Antongo zubiraino jaitsi dira, Ibeniko moilan agian autoa uzteko lekurik izango delakoan. Jabirekin batera urduritu da Amaia ere. Ondo pentsatu du esan behar diona? Argi dauka?

        Orduan jazo da. Bizkor zetozen San Frantziskotik, bizkorregi. Kaleak zubiarekin bat egiten duen zabalgunean, ohartarazteko egin dio garrasi Amaiak, Urazurrutiatik ziztu bizian sartu den autoa ikusita. Jabik eskuak bolantean tinkatu, balazta beheraino zanpatu eta ozta-ozta saihestu du bozgorailuak lehertu beharrean dakartzan autoa. Tunning urdina, herensugetzarra alborik albo marraztuta ihes-hodi lodi bietatik marruka, errebuelta itxia eginez sartu da zubi erdiraino, kolpe-leungailu baxuak eta gurpil zabalek lagunduta. Jabik autoa malabarismo handiz gelditu eta irristatzeko akrobazia bailitzan jo du ezkerrera. Zurbil gelditu da, aurreko autora begira. Amaiak ekin dio orduan, sututa:

        — Horiek jota daude, edo?

        — Ez, jota ez, beste barik makineto putasemeak baino ez ditun. Ez daukazue bizitzeko eskubiderik, kabroi zikinok!

        Amaia ez da gai kontuak zenbat iraun duen zehatz esateko. Jabik argiak eman dizkie atzetik oihuka, baina semaforoan gelditzean konturatu da neska gauza txarto zihoala. Gidariaren ondokoa burua jiratzen igarri du Amaiak. Aldamenekoari berba pare bat esan eta leihoa jaitsi du:

        — Zerbait gertatzen zaik? Arazoren bat daukak ala beste barik aurpegia txikitzea gura duk?

        Gaztea zen, ile labur eta beltza eta uztai bana belarrietan. Mutil-laguna zelan kikiltzen den konturatu du orduan, jende harekin gauza onik ez dagoela-eta. Gidaria autotik irten eta Jabirengana artez. Ez du atea ixteko erreflexurik izan. Hura zabaltzeaz bat lehen ukabilkada muturretan jaso eta San Anton zubi erdira atera du autotik.

        — Esadak orain berdina, pailazo horrek, esadak orain! —agiraka bota du zorura.

        Adiskidea hurbildu eta hiruzpalau ostikada jotzen ikusi ditu Amaiak, bakean uzteko oihuka eta kotxetik irteteko uhala askatu ezinik.

        — Hi isildu hadi, putatzarra!

        Izualditik itzultzerako gurpil zapal haiei kea dariela abian dira gazte biak, Atxuriko tren geltokirantz.

        Autotik irten eta mutil-lagunaren aldera joan denean jende-multzo bat dago Jabiren inguruan.

        — Ondo hago, gazte?

        Senera etortzen ari zen. Ibilgailuko behe-aldeko olio arrasto beltzetan distiratsu ageri zen odol marra. «Amaia, Amaia» izena ahoskatzen zuela entzun du neskak, eta eskua eman dio lasaitzeko.

        — Hemen nagok, egon lasai.

        — Goazeman, txiki.

        Egunez zen erietxera heldu direnerako. Baina gautzen zebilen jadanik, eta are ilunago zihoazen neskaren gogoetak. Ez daki zenbat denbora joan den ospitalera heldu direnetik. Gehiegi, edozelan ere, gauzak behin bakarrik pentsatzea komeni ez den legez ez baita ona ideia beraren inguruan espiralean galtzea. Ezer ez daukala argi, horixe argi ikusten duen gauza bakarra.

        Korridorearen beste muturrean atea zabaltzen sentitu du. Benda batekin bildu diote ezkerreko besoa, eta aurpegia handituta dakar.

        — Erdu datorren astean buruko puntuak kentzeko.

        Kontsultako atea itxi eta Amaiarengana hurbildu da. Itxura negargarria dauka.

        Masailean musu txikia eman eta begietara begira mintzatu zaio:

        — Jabi, hirekin berba egin behar diat.