Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

ITZULIKO HAIZ TENAMPA-RA

 

 

—1—

 

— Banekian etorriko hintzela.

        Ilun dago ostatua oraindik, argiak biztu gabe. Jende gutxi dago mahaietan, eta mariatxiak heldu gabe dituzu oraindik Tenampa-ra, munduko mariatxi guztien eliza gorenera. Berarekin eseri naiz.

        — Esaidak, non ibili haiz?

        Mariatxiengandik ihesi ibili naizela elkarrengandik bereizi ginenetik, hara zer esan diodan.

        — Hegoaldeko bideetan. Marinbak mariatxiei plazak jaten dizkieten lekuetan.

        — Etzak adarrik jo! Chiapasen ibili haiz!

        Begiak gorri ditu Marianok. Eguerditik darama hemen, eta ezagun du. Tekila bana eskatu du ni ohartzerako. Ordea ez duzu haserre.

        — Chiapasen! Eta ez hidan esan hara hindoala. Lagunak ditiat han!

        — Kapusaidunak izango dituk eta.

        Bizkarra zuzendu dit eman didan kolpeaz. Barrez lehertu da orain. Hasieran pentsatu baino atxur handiagoa du.

        — Irabazten ariko dituk bada?

        Baietz diotsot, seguru egoteko. Ezagun du ez duela egunkaririk irakurri egunotan. San Andres Larrainzarko Elkarrizketak akordiorik gabe amaituko dira. Marco Antonio Bernal, gobernu ordezkariak zapatistek aurkeztu dokumentuarekin ez zegoela akordio batera heltzerik zioen. Tacho komandanteak berriz, ez dutela iraultza egin kondarrak jasotzeko. Demokrazia kontzeptuaz ez datoz bat.

        — Noiz duk hegazkina?

        — Etzi.

        — Itxointzak. Badiat gauza bat hiretzat.

        Baldar zabaltzen du bitan tolestutako papera. Fotokopia higatua da, katalogo batekoa-edo. Boligrafoz mugatu duen orrialde atalean hiru koadro dira barruan, zuribeltzean erreproduzituak hirurak.

        — Ez huen espero, e?

        Diego Riverak Lekeition margotuak dira, 1907koak hirurak.

        54. «Paisaje de Lequeitio». Inscrip. Diego Rivera. Lequeitio, 1907. Oleo/tela, 110x89 cm. Col. Castello de Campos.

        55. «Iglesia de Lequeitio (Piedra vieja y flores nuevas)». Oleo/tela, 110x90 cm. Col. INBA-Museo Casa Diego Rivera, Guanajuato.

        56. «Casona de Vizcaya», Oleo/tela, 87x108 cm. Col. Archibaldo Burús.

        — Hilabete egin zian zuenean. Ezagutzen dituk tokiak?

        Eskuak Kanpillo-rako aldatsetik pintatu koadroa seinalatzen ari zitzaidala ohartu nintzen atxikarra falta zuela. Aspaldikoa behar zuen izan zauriak. Ondo orbaindua zuen.

        — Bai, bai. Berdin zaudek gaur egun ere.

        Itsasokoak Kabaua aldea zirudien, baina ezin seguru esan, txarrak ziren erreprodukzioak. Etxeak Azpiri karrikaburukoak ziren, zuhaitz pieza bakarreko gakoak balkoipeari eusten. Zergatik ez digu inork esan Euskal Herrian Riverak hilabete egin zuela Lekeition Madrilgo Chicharro margolariarenera joan zen hartan? Katalogoa benetakoa zen, ez han ez Marianoren berbaroan ez zegoen gezur hatsik.

        — Egunero eraman diat aldean. Banekian itzuliko hintzela.

        Mariano ezagutu zenuen egunera doakizu gogoa. Hilabete pasa, orain gauden mahai berean. Han egon ohi zen egunero.

        — Maite diat gringoekin hitz egitea. Munduaren berri ematen zidatek.

        Gringoak dituzu euskaldunak ere. Eta gabachoak iparramerikarrak, hala nahi baduzu. Gaboak. Mariatxiak deituak zituen, ea «Cartas Marcadas» kantatzen lagunduko nion galdetu zidanean. Eta ni ere ukituta egon. Ez duzu DFkoa, baina urteak daramatza Euzkadi Radial enpresan, autoetako gurpilak egin eta egin. Pemex-ko birfindegietan ibilia da Veracruz eta Tabascon, bide eginean Irapuato-tik Leon-erakoan.

        — Indigenek huaratxak egiten ditiztek gure kubiertekin.

        Ikusiak nituen. San Cristobalen, hamabost pesotan saltzen dizkizute Euzkadi eder batzuk Utrillako azokan. Orduko hartan kontatu nion euskal idazle eta margolariaren atzetik nenbilela, polizia engainatzeko besterik ez zela esan gabe. Hortik Riveraren fotokopia higatu hura tekila likez zikindutako mahaiaren gainean. Estimatzen ninduen.

        — Aldrebes habil bila baina!

        Hala da. Alderantziz egin nuen bidea. Bazen etxera heldu eta batera egin beharreko ikerketarik. Lekeition hilabete egin bazuen, non egon zen? Beitia hotelean? Zubieta jauregian gonbidatu? Kontuak egin nituen, baina orain nori galdetu gomutatzen diren ehun eta hogei kiloko pintore mexikar batez? Berandu nenbilen. Hilak nituen kabailetearen bueltan irri eta zirri pilatu ohi ziren lekeitiar ume haiek guztiak.

 

 

—2—

 

Argiak isiotu zituzten. Mariatxiak hasiak zeuden kantuan, tabernaren beste muturrean baina. Tekilaz tekila, gu ere hasita geunden orain dela hilabeteko bidea berregiten. Oroimenen abiadan husten zitzaizkizun kopatxoak. Ondo eusten nion. Oraindik gauza nintzen Carlos Reyna-ren kartel handia leitzeko: «Lau, bost edo hogei kopako hartzen dituzu eta, kantuak maitasunak dakarzkizu gogora».

        — Oraindik ondo hago irakurtzeko gauza bahaiz.

        Esku zabaldu baten adinakoak ziren letrak, antzerki karteldegietako marrazkien antzerako aurpegiaren ondoan.

        — Hemendik Guanajuatora, zenbat? Lau ordu?

        — Bost, lehen mailako kamioian joanda.

        Ez nuen erraza izango Diego Riveraren museoraino eramango ninduen autobus bat hartzea goizean. Askozaz aurretik hartu beharra dago tiketa bidaia luzeetarako. Joan beharra zegoen inondik ere, okerreko bidean ibilia nintzen bila. Guanajuatoko jaiotetxean nuen Riverak muralei ekin aurretik Lekeition egin koadroetatik ikusgai zegoen bakarra.

        Marianok aurpegi txikia altxatu zuen, gihartsua eta almendra begi ederduna mustatxaren gainean.

        — Eta zer gehiago dakar egunkariak?

        — Guerreron, Gobernua prest dagoela EPRrekin negoziatzeko armak entregatzen badituzte.

        — Gehiago.

        Gutxi ziren gogoan nerabiltzan albisteak. San Cristobaldik heldu nintzenetik beti egunkari bera irakurtzen ari zarelako sentimendu hori. Bestaldetik ere, Excelsior bezain ezkor agertzen zen La Jornada Larrainzarreko Elkarrizketen aurrean.

        — Colosio-ren hilketa leporatzen zioten Othon Cortes askatu dute. Zedillok Colosio afera ikertuko duela dio. Manifestazioak gobernuaren nazionalizazio asmoen kontra. 183 agente egotzi dituzte ekain-uztailean Poliziatik DFn ustelkeria kasuetan nahastuta agertzeagatik...

        — Emaidak puru txiki horietako bat.

        Geratzen zitzaidan azkena zen.

        — Kantatu egingo diagu.

        — Ez, Mariano. Badakizu zein eztarri petral dudan. Barregarri geratu nintzen aurrekoan ere.

        Egia da, astundua, irinetan pasatuta bezala duzu mihia.

        — Ez duk bada pentsatuko jendea hiri beha dagoenik? Tira, zein nahi duk?

        Mariatxien buru zirudienak Jose Alfredo Jimenez-en zerbait proposatuko dio, baina badakielako ez duela gehiegi maite. Amorrarazteagatik izan da.

        — Jimenezen kantuak baino ez dituk entzuten-eta hona hatorren bakoitzean!

        — Nik ez diat sekula Jimenezen deus kantatu!

        — Agustin Lara-ren zerbait? Pancho Villaren zaintza pertsonalekoa genuen Lara gaztea! —diotsot, mariatxiaren eta Marianoren artean sartze aldera. Ez nuen esateko ama euskalduna zuela.

        Begiak biztu zaizkio, baina Marianok ez du Maria Felix-ekin zerikusirik duen ezer ekarri nahi gogora.

        — Mexikoko neskarik ederrenarekin ezkondu zelako diok bekaitza, e Zaharra?

        — Ez duk egia!

        — Cuco Sanchez?

        — «Fallaste corazón» —esan du azkenean, rossliari gogor tira eginez.

        Munduko besorik sendoena da Marianorena nire lepoaren inguruan. Hau nire laguna da. Nire lagunak Mexikoko margolariak zuek baino hobeto ezagutzen ditik esaten balego bezala. Bero nintzen, eta sabaiko haizegailua haizerik ez emateko zebilen itzulika.

Y tú que te creías el rey de todo el mundo

                y tú que nunca fuiste capaz de perdonar

                y cruel y despiadado de todo te reías

                hoy imploras cariño aunque sea por piedad

        Ondoko mahaietako jendearen begiak iltze dira nire kokotean, baina lotsagalduta nenbilen ordurako. Haizea ematen zidaten Marianoren begiek ándale güero-ka.

                A dónde está tu orgullo a dónde está el coraje

                porque hoy que estás vencido mendigas caridad

                ya ves que no es lo mismo amar que ser amado

                porque estás acabado qué lástima me das

        — Iñigo, ez hadi joan.

        — Oker ibili naiz bila!

        — Gera hadi Domu Santu egunera arte behintzat. Nire herrira joango gaituk!

        Gero eta estuago lotzen nauen suge handi bat da orain Marianoren beso motza. Rossli txikia ilentia lau atzamar beltzen artean.

        — Ezagutu behar dituk etxekoak!

        — Guanajuatora noa. Ikusi beharra dut koadroa!

        — Nahikoa asti baduk!

        — Ez duzu ezer ulertzen.

        — Neuk lagunduko haut!

                Maldito corazón me alegro que ahora sufras

                que llores y te humilles ante este gran dolor

                la vida es la ruleta en que apostamos todos

                y a tí te había tocado no más la de ganar

— Ez nuen etorri behar, Mariano.

        — Hi ihesi habil.

        Begi errukiorrez behatu ninduen. Bera bezain hordi nengoen.

        Non galdu zenuen atxikarra, Mariano?

        — Chiapasera joango gaituk, Iñigo. Zapatistekin!

                Pero hoy la buena suerte la espalda te ha volteado

                fallaste corazón no vuelvas a apostar

        — Neu joango nauk hara bestela. Rivera joan huen!

        Ez duzu ikusten? Zure atxikarra da, Mariano!

        Kantariari ehun pesokoa jakako poltsikoan sartu eta beste bi jo ziezazkiotela esanda irten nuen kanpora. Aire itogarriak hartu ninduen. Elastikoa fraka barrutik atera eta urrats handiz gurutzatu nuen Garibaldi plaza, bezero bila hurbiltzen zitzaizkidan mariatxien deiei entzungor. Trafikoa hazia zetorren Serdan eta Lazaro Cardenastik gora. Inoren begiekin estropozo egin gabe sartu nintzen metro zuloan.