Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

IZENGABEA

 

 

—1—

 

— Pasaportea mesedez.

        Eguzkitako antiparra ilunekin, ile beltza gominaz atzeratua, telesail merke batetik ateratako itxura du polizia gazteak.

        — Eta bisa?

        Altzoan daramadan liburutik atera eta ematen diot eskura migrazioko paper urdina. Ez du behatu ere egiten. Pasaporte barruan sartu, eta besteen multzoari erantsita jaitsi da autobusetik.

        Altamirano-ko etxeak abegikor ageri dira aurrean. Kilometro batera gaude, migra postu batean, eta luze joango da pasaporteen egiaztatzea.

        — Nongoa zara?

        — Euskalduna.

        — Euskalduna! —harritzen da korridorean auzoko dudan mexikarra—. Espainola ez orduan oraindik.

        Zerbait badaki. Raul deitzen da, eta mediku homeopata da Veracruz-en. Bosgarren aldia da zapatisten eremura datorrela. Ez dakit, baina ezagun du patxadan.

        — Beti duk berdin. Guri berdin zaiguk, ondo ezagutzen gaitiztek, baina zuena duk pena, ez duzue erraza izango berriro Mexikon sartzen.

        — Irabaziko ote duzue ordurako!

        Oso zabaldua duzun legenda beltza da lurralde zapatistara hurbiltzen diren euskal herritarrena. Filmatu egiten dira, ahotsak grabatu, komisaldegiratu. Batzuei ez zaie bost egunerako bisatua baizik emango. Fitxaturik zeuden heltzerako, eta horregatik, Guatemalara joan beharrean ziren berriro sartu nahi bazuten. Iaz harrapatu zituztenak zorte okerragoa izan zuten: hegazkinean bortxaz sartuta egotzi zituzten Mexikotik. Guk, antolatzaileek esan bezala, mugalari profesionalen perfekzioz ditugu gordean kredentzialak, prest gaude galdeketarako —«turismoa egiten ari gara»—, baina poliziak ez dizu ezer galdetuko. Jakinaren gainean daude. Harrapakin errazegia gara.

        — NBEko autobusa ematen dik honek!

        Eta hala da. Zapatistek neoliberalismoaren aurka antolatu jardunaldietara egun eta erdiko atzerapenez doan autobus txikiak zail du kamuflatuta pasatzen. Badituzu mexikarrak, kolonbiarrak, frantsesak, italiarrak, ipar irlandarrak... eta veracruztarrak atzeko furgoneta txikian —agudo ikasten duzu combia esaten—, musika jotzeari utzi gabe. Alferrik da. Horrelakoak dituzu Chuchumbe taldekoak.

        — Barazki erostera gatoz —azalduko diote poliziari combitik jaitsi orduko.

        Poliziak ez die erantzuten. Ofizialki, zapatistak baino langile ilegalak, paperik gabeko guatemalarrak eta salvadortarrak atzemateko dituzu kontrol postuak. Ez dituzu higikorrak, lurrari erantsiak daude kabinok zapatisten kontrolpeko lurraldeen mugetan. Pentsatu baino errazago pasatuko gara. Multzoan, EZLN eta Gobernuaren arteko akordioaren berme gara.

        — Dena ondo dago. Ondo ibili.

        Izan dute nahikoa asti zenbakiak hartzeko. Galdeiguk guri nora goazen, egiten diot oihu poliziari. Begira ondo, turistak gaituk! Baina nire baitan nonbait. Ordu laurden inguru eman dugu bide ertzeko postu ondoan geratuta, eta bakoitzak bere pasaportean arakatzen du, bisan zerbait idatzi ote duten, Mexiko utzi arte aldean eramango duzun paper urdina han dagoen araka.

        — Nahi baduk gal ezak pasaportea, dirua, baina bisa sekula ere ez —diost Laurak Raulen aldameneko aulkitik—. Bisarik gabe, galduta hago.

 

 

—2—

 

Cuauhtemoc Cardenas-en PRD ezkertiarreko alkatea duen herria duzu Altamirano, eta ezagun du. Esku azkar batek Viva Zapata idatzi du polizia retenaren ondoko horman. Lur-zakuen bestaldean, karta-jokoan ari dira hauek. Kasko eta soin-antibala urdinak dituzte eta autobusari irribarre burlosoz behatzeko baino ez dute eteten jokoa. 1994ko Urteberritan, Armada ez, Polizia izan zen Altamiranoko Udal Jauregia defenditu zuena. Ez alferrik. Zapatistek, gehiago eta trebatuagoak haien aldean, ordu gutxi behar izan zuten udaletxea eta polizia mendean hartzeko.

        — Hemendik aurrera zapatisten lurretan gaituk.

        Irakurtzen bezala behatzen diozu basoari, non zer ageriko. Zohizko azken etxeen ondoren, lurrezko pistan barrena sartu da autobus txikia. Paisaia, errepidearen erritmoan ordura arte, nagusi eta harro bihurtzen zaizu begi urdurien aurrean.

        — Hauxe duk.

        Irribarre zuria egiten dizu, Euskal Herrian ez duzue hainbeste pinu esaten bezala. Ez dakik ondo Raul. Pinuak bai, zapatistak ditiagu bestelakoak. Euria, zirin eta lardats ordura arte, egoskortzen ari duzu. Sendo ari du orain.

        — Zapatisten lurraldea!

        Azkenik, zubi txiki baten gainetik pasatuta, mendeak, historia bera banatzen duen paraleloa zeharkatzen du autobus txikiak. Iragana eta etorkizuna. Gatibutza eremuak eta lurralde liberatuak. Hala da, ezin gainetik ken beste nonbaiten egote hori. Atzean utzi dituzu azkenean ikasi dituzun bizitza legeak, koordenada ezagunak. Oaxaca ez da oroimen lausoa baino. Hemendik aurrera alferrik dituzu Michoacango hogeita hamahiruek oraindik ebatsi ez dizkizuten pesoak, azken dolarrak. Alferrik Espainia eta Mexikoren arteko akordioak. Hemen beste batzuk dituzu legeak 94ko Urteberri egunetik. Eta harrotu egiten zara: pozten zaitu kontsulaturik ez izana.

        — Munduko legedirik zintzoena ditek.

        Zintzoena, ez dit onena esan Raulek, eta ulertu diot, hori esan nahi zidan arren. Munduko lur legerik onenak Zapatak 1917an izenpetu lege iraultzaileetan ditu sustraiak eta EZLNren menpeko herri guztietan dago indarrean. Sinplea da, atalka emana, eta lanari, industriari, merkataritzari eta gizarte segurantzari dagozkienak bi orrialdetan sartzen dira: Lehena. Abandonatutako umeak gertuen diren auzoek babestu eta elikatuko dituzte —EZLNren kontura beti ere— agintaritza zibilen esku utzi arte. Hauek zainduko dituzte 13 urte bete arte. Bigarrena. Familiarik gabeko adinekoak babestuko dira. Lehentasuna izango dute logelak eta doako janari kupoiak jasotzeko unean. Hirugarrena. Gerra eriek...

        — Gerra legeak dituk baina —botatzen diot, zerbait esan behar eta.

        — Eta zer dela uste duk hau?

        Euriak zar-zar jarraitzen du autobusaren txaplata metalikoaren gainean. Ohartzerako, zelai zingiratuei uzten die tokia basoak. Lehen animaliak, behorrak, berriki ipurditik ateratako zuhaitzen sustraien kontra irurka. Argiak hartzen gaitu. Palmondo bihurtu dira pinuak orain.

        — Paraje zigortua duk hau.

        Laura eta biak zapatisten babesle elkarrekin egon ziren aurreneko aldia dakarte gogora. Orain zuk lehenbiziko zurezko etxaguntzak ikusten dituzun soilgunean Armada mexikarraren blindatuak zeuden orain ez hainbeste. Milaka pertsona Mexiko guztitik hurbilduak Armadak komunitate zapatistak zaputz ez zitzan. Orduan, sei mila lagunentzat antolatu zuen EZLNk Guadalupe Tepeyac-eko lehen Aguascalientes hura. Aulki luzeak maldan gora, bapore itxura zuela diotsu Laurak, Lacandona erdian hondoa egindako untzi handi bat. Ilusioa. Ametsa. Fitzcarraldo, deitzen zion Marcosek. Han ibiliak dituzu Laura eta Raul.

        — Heldu gaituk.

 

 

—3—

 

Laino eta palmondo artean agertu da Morelia. Umeak diosal eginez datoz bidera. Gogotik segitzen du zaparradak etxeetako lastozko teilatuen gainean. Geratu gabe, herria pasatuta, aldero, beste kilometro bat inguru egiten du autobusak aurrera, lokatz artean beti, abiada gero eta mantsoagoan. Ezkerretara, ustekabean zabaltzen da bidea. Ohol ebakiberriz eraiki txabola batean Emiliano Zapataren irudia ageri da Aguascalientes IV-ra ongi-etorria ematen dizun pintadaren azpian. Lurra eta Askatasuna. Hesolaz eta txarrantxaz ixten zaizun pista.

        Kontuak ateratzen dituzu. Bi ordu eta erdiko bidea San Cristobaldik irten dugunetik. Ordu erdi bat azken polizia retenetik, baina orain seguru zaude. Bidera noiz irtengo dizuten egon zara Altamirano atzean geratu denetik. Kapusai eta armarik gabe, porrarena egiten duen besaulki hanka bana gerrian, lepoan zapi gorriak —paliakateak— dituztela arrimatu dira autobusera. Zapatistak dira. Oinez pasatu behar da kontrola.

        — Izena duk polita —diotsot Rauli.

        — Izena?

        — Bai, Aguascalientes.

        — Badakik zergatik den, ez?

        Neu erori naiz neure amarruan. Mexikoko Iraultza garaiko apunteak eskaneatzen ditut nire gogoan. Zapata, Villa eta Carranzak elkar topatu zuten hiria ote den errezeloak aterako nau ataka honetatik zerbaitek ateratzekotan.

        — Topaketaren sinbolo legez? —botatzen dut azkenean.

        Ez nabil gaizki oraindik. Poltsak hartu eta ilaran paratzen gara txabolak erdi-erdian duen ate bakarraren parean. Atertu du.

        — Eta Euskal Herrian, nola deituko zenukete?

        — Zer gero?

        — Hau, Aguascalientes, topaketa lekua.

        Ez dakik ondo Raul, zer galdetu didaan. Eta zer erantzun behar diat orain gezurrik esan gabe. Carranzak bai, larregi aukeran, baina guk ez diagu Zapata eta Villa bezalako buruzagi bi Aguascalientes batean biltzeko. Elkar topatzen ez den jendea duk gurea. Zer erantzun behar diat, Maule, Iruñea Aberri Egunez? Maroño? Gaiztoago, gero hemengo beste euskaldunen bat haserretu hakian? Ajuria Enea? Ez al diguk betizu traza hartzen, elkarren ihesi bizi garen jendea ez gaituk barren.

        — Nola esan duk Iñigo?

        Lokatzak har ez ditzan, zurezko kontrol-mahaitxoaren gainean zabaltzen duzu poltsa. Ozta-ozta hitz egiten dizute castilla-z eta agur esaten baino ez duzu ikasi tzeltalez. Alkohola eta labanak dira sartu ezin dituzunak. Horiengatik galdetuko dizute behin eta berriz. Alkoholaren debekua ez duzu baina oraingoa. Morelosko zelaietan, Emiliano Zapataren ofizial eta aholkularien artean baduzu zaldizko gizonen buru den emakume bat. Bakarra da eta Rosa Bobadilla koronela deitzen da. Harena duzu zurruta galaraztea. Zapatista izatea ez duzu jolasa eta bart gauean San Cristobalgo pentsioan Oaxacatik arrasta zenekarren azken botila meskalari eman behar izan diozun erremateak hartzen dizu orain gogoa.

        — Labanarik?

        Ia paso ematera zihoala atera zaizu kolaboratzaile bihotza. Inoizko katxeorik ederrenaren biktima izan zara. Transgresioaren eta kolaborazioaren artean egiten duzu zalantza. Polita behar du munduko poliziarik onenari ziria sartzea. Eskua izerdiak erretako arropa artean barneratu eta gaztak-eta ebakitzeko erabili ohi dudan labanatxoa ateratzen ikusi nau azkenik. Hitzik gabe, mahaian baztertu du. Ez naiz lehena. Bilduma ederra dute.

        — Izena? —galdetzen dut neuk haren imintzioaren aurrean.

        Ona duzu antolaketa. Lepotik zintzilik daramadan txartel urdinetik egonarriz kopiatu dute nire izena kontrol-koadernoan, eta labanari lotu: Illego Aranboirri. Letra hobetzeko promesa egiten dut. Irteeran itzuliko didate labana.

        — Ez, zuentzat.

        Ez didate ulertzen. Gozoago egiten ahalegintzen naiz, baina alferrik, antza.

        — Zuentzat. Nik ez dut behar.

        Raulek eskuak gora dituela behatzen dit. Ni baino zorrotzago miatuko dute medikua. Alde ederreko poltsa dakar nirearen ondoan.

        Ilara handia dago kanpoan oraindik eta euria hasi du berriro ere. Hankak ezin kendurik nabil lurrari. Lokatza orkatiletaraino, barrakoi artetik labainka igotzen den bide erdian pilatzen gaituzte. Sukaldetik ateratzen den kea mendian behera pinu artetik datorren behelainoarekin nahasten da. Arazoak izango ditugu hemen geratzeko, ez baitago nahikoa lekurik. Asko dabil antolaketa lanetan, paliakatea sama bueltan bai, baina aurpegia garbi gehienak. Neskarik ez, sasoiko mutilak dituzu denak.

        — Komunitatean lo egin behar duzue —dio denen buru dirudienak.

        Erraz hitz egiten du gazteleraz eta errukiz bezala behatzen dio euripean tximu egiten ari den taldeari.

        — Morelian?

        — Bai, han seguru egongo zarete.

        Ez da harropuzkeriarik haren hitzetan. Hurrengo egunean, antolaketatik Altamiranora premiazko gauzak erostera joandako kamioi txikia asaltatuko du Armadak fusil muturrak leihoetatik sartuta. Serioa da segurtasunarena, haien gonbidatu zara orain, eta esan gabe, zeure kasa ibiltzea ezinezkoa duzula ematen dizute ulertzera. Ez hesitik kanpora bederen. Kamioian eta eskoltatuta egingo duzu beti herrirainokoa.

 

 

—4—

 

Oholez egindako etxez osatua duzu Morelia txikia. Bonbila isiotzen dutenean ikusiko dituzu ohol artetik etxe barruak: altzairurik ez, oherik ez, habeetatik zintzilikaturiko hamakak eta freskagarri kaxak armairu bakartzat. Lokatzezko pistan beti, ezkerretara hartuko du kamioiak bidegurutzera heldu orduko, NBE guztia zutik atzeko kaxan, zelaiak bezain bustita euripean. Jendea dabil ezkaratzetan, elastikoz jantzitako gizonak, ahoa eskuaz estaltzen duten emakumeak agur-agur egiten. Belartza erdian porlanez egindako basket zelaiak adierazten dizu zein den plaza. Asto bat dago saskiaren posteari lotua. Kantina edo denda dirudien lokalaren atarian euriaren emanari behatzen diote kapeluz jantzitako zaharrek. Mendiak sutan bezalaxe daude, lainoa harrotzen.

        Etxe berak, jende bera, basket zelai eta asto bera behar dute izan Leyva jeneralaren soldaduek 1993ko maiatzean Morelia eta San Miguel artean, Corralchen mendilerroan barneratzerakoan ikusi zituzten irudi gozo bakarrak. Zazpi hilabete falta ziren artean altxamendu zapatistarako. Hilaren 22 eta 23an helikopteroen eta tankeen laguntza zuten mila bat soldaduk Las Calabazas hartu zuten, EZLNk paraje haietan zuen kanpamendurik handiena. Hildakoak eta atxilotuak egon ziren. Baina hala komenita, gobernuak beste era batera jantziko du informazioa: legez kanpoko ekintzetan zebiltzan gizon-emakumeak ziren haiek, ez EZLNko miliziarrak. EEBBek eta Europak horrenbeste goratzen zuten Salinas de Gortari lehendakariak arrazoi sendoak zituen gertatua ezkutatzeko: ez zituen Chiapaserako inbertsioak uxatu nahi.

        — Hartu behar duk ederra horrela!

Cali-ko cartel-ekoen irria dute kolonbiarrek. Gauza ederra behar du txintxorroa jartzen ez dakienaren kontura barre egitea herriko eskolara eraman gaituzten zapatista isilak ere konplize dituzula. Ez da erraza ordea teilatu azpiko habepetik soka pasatu eta altuera ondo neurtzea argia urri denean.

        — Guk hortzak irteterako ikasten diagu —diost Eduardok, bibotepean eder hortz zuriak.

        Horregatik lehenago neureak hautsi hiri eskatu baino, Edu. Eta Bermeoko tostartekoen kofradia guztiak ez askatzeko moduan estutzen ditut nirearen txikotak. Arbelean, teokrazia zer den azaldu die maistrak haurrei opor aurreko azken egunean. Esku polita izanagatik ez dut irudikatzen ahal.

        Hesian bestaldean, argiak biztu ditu kamioiak.

        — Zikloiak harrapatzen hauenean horrela duk, hiru egunetarako zaparrada etengabea —gaztigatu dit Raulek.

        Herri ipuin tzotziletan, Vaxakmen duzu jario eta isurkin guztien iturburu. Iluntasunaren munduan batetik bestera zihoala, txiza egiten zuen lekuan sortu ziren aintziretako urak, urmaelak, errekak eta iturriak. Mundua zen oihuka mintzo zena.

        Olatuak balira bezala mugitzen dira hamaka eskegi berriak. Zapia aho-sudurrak estaltzen, kristalik gabeko leihotik duzu beha labana kendu dizun miliziarra. Kamioiak begiak bizten ditu. Mugitu beharra dago. Aguascalientesera igo behar gaituzte afaltzera. Horretan, itxurazkoa iruditu zaizu Morelian emango dituzuen egunetan zaindari izango duzuna izenez deitzea aizuka jardun baino.

        Chiltak, barkatu. Nola duzu izena?

        — Zer?

        Ez zidan ulertu. Tzotzilez hala izanagatik ere, ez nuen asmatu compañero esaten. Tzeltala duzu zaindaria, eta litekeena da oso bestela izatea.

        — Izena. Nola duzun izena zuk.

        Bozina jo zuen txoferrak. Begietara behatu gabe erantzungo zidan. Jakin behar nuen.

        — Hemen inork ez dugu izenik.

 

 

Jean Elizalde «Zerbitzari»

 

        Oldean datozkio Mexikorat egin berri duen bidaiaren irudiak. «Cuba» untzian heldu zen Veracruz zikinera. Handik egin zuen DFra. Munduan ez diteke bide eder eta zoragarriagorik. Eta jendeak du estonatzen paisaiak beste. Hura begitartea! Nihun ez dute segurki lehen garhait saririk irabaziko beren edertasunarentzat!. Horren dira liferentak Euskal Herrian utzi dituen adiskideen aldean! Ez da Indianoak —indioak— baino mozkor handiagorik. Irudi beldurgarriek lotzen dute. Ez da aurrejuzkuz ari, ikusi duena baino ez dakarkio «Gure Herria»ren irakurleari. Ez, Indianoeri batere ez diotet nahi. Egia da ez nukeela lehen kausituari ezpainetan musurik emanen, bainan hauk hemen eman ditut, choilki eta choilki, egia direlakotz.