Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

BIHOTZ NEKATUAK

 

 

—1—

 

Aulki urdinetan eserita dauden bi mila lagunek Kubako ordezkaritzari eman txalo zaparradak adarrerako harrotu du Pepe:

        — Independienteak zarete zuek ere!

        Hala da, Lacandonan Gizateriaren Alde eta Neokolonialismoaren Aurka bildutako berrogeita bi delegazioetatik, Kurdistangoak eta Euskal Herrikoak baino ez dira estaturik izan ez eta hala ere izaera ofiziala duten bakarrak.

        — Espainia eta Frantzia besteko gradua duzue munduaren aurrean.

        — Hoa Habana ferratzera!

        «Gaur La Realidad-en iratzartzen den amets hau gure amets baino ez zenean, itzelezko porrota izango zela pentsatu genuen. Herrialde batzuetako hamarka lagun baino ez genituela batuko. Erratuak geunden. Beti bezala, erratuak geunden. Hamarka ez, milaka lagun izan dira bost kontinenteetatik XX. mendeko errealitatean elkar aurkitzera etorri direnak.

        «Mendi hauen baitan, mendi zapatista hauen baitan sortu zen hitzak babestu, zaindu eta munduari bira osoa eman ziezaion berriro bota zuten belarriak aurkitu zituen. Gure iraganaz, gure orainaz, gure etorkizunaz bost kontinenteetara egin deialdiaren eromen eroak bere eromenean bakarrik ez zegoela jakin zuen, eta bat-batean, mundu guztiko eromenak izan ziren lanean hasi zirenak, errealitatean atseden har dezan ametsa honaino ekartzen, lokatzetan garbitzen, euripean hazten...»

        Marcos geratu egin da. Igarri egiten da, luzea da Lacandonako Bigarren Aldarrikapenerako prestatu duen testua. Arnasa nekatua entzuten da ozengailuetatik. Pepe ere ohartu da.

        — Asma dik. Chek bezalaxe!

        Hartara ezkero, irribarre lotsagabea marraztu dizu asmaduna oro har jende interesgarria dela esatea bururatu zaizunean. Karreteen poltsikoan daraman ventolin-a erakusten dit maltzur. Hala duzu bera ere!

        — Heuk asmatua duk! Sup-ak pipatu egiten dik! Eta oihaneko hezetasuna!

        «Zelan amesten da alaitasuna Afrikan? Zer gauza zoragarri dabiltza amets europarrean? Zenbat egunsenti ditu ametsak Asian? Zein da Ameriketako ametsak dantzatzen duen musika? Nola hitz egiten du Ozeanian amets egiten duen bihotzak?».

        Terminologia berria ere finkatu du Marcosek. Itxaropenaren Nazioartekotza dio zuk Baztertuena, puteatuena zenionaren ordez.

        «Mintza bedi Europa eta konta dezala bere burua errealitatean berraurkitzeko Atlantikoa eta historia zeharkatu zituen behakoaren zubia.

        «Mintza bedi Asia eta azal dezala errealitatean taupaka egoteko bere bihotzak eman duen jauzi ikaragarri hori.

        «Mintza bedi Afrika eta konta dezala errealitatean islatzeko bere irudi urduriak egin behar izan duen ibilbide luzea.

        «Mintza bedi Ozeania eta azal dezala errealitatean pausatzeko bere oroimenaren hegalka multiplikatua.

        «Mintza bedi Amerika eta oroit dadila errealitatean berritzeko bere itxaropenaren sentimendu arranditua».

        Neruda baino gehiago duzu, Aime Cesaire-ren ahots negroa da Marcosen bozak gogora ekartzen dizuna. Manifestu eder bihurturiko literatura oihanaren erdian irakurtzeko. Ez alferrik emango diote Pablo Neruda literatur saria arratsaldeko ekitaldian argentinarrek.

        Eguzkiak eguerdiaren indarrez jotzen du, eta ez duzu paliakatea buruan biltzea beste erremediorik.

        — Plaza de Mayo-ko amona ematen duk!

        Ez du hala etorrita bota Pepek. Sup-ak Argentinatik beren-bereki etorritako Plaza de Mayoko ama bi eta Rosario Ibarra igoarazi ditu oholtzara. Emakume ederra duzu Rosario Ibarra, eta Marcosen ama EZLNren agerpen guztietan semea Poliziak hil zionetik. Harrezkero, desagertuen amek osatu Eureka taldean ibilia duzu. Monterreykoa da, baina hasieratik egon da EZLNren sinpatizanteen sarean. Lehenbiziko Aguascalientesen, Ibarraren eskuetan utzi zuen Marcosek Mexikoko bandera. Chiapasen ez duzu hori baino keinu handiagorik.

        «Merkatari-guneak globalizatzea espekulazioa eta krimenari mugak ezabatu eta gizakientzat biderkatzea da. Diruaren harat-honakoari dagokionez kanpo mugak ezabatzera behartzen dira herrialdeak. Baina barnekoak etengabean hazten dira.

        «Neoliberalismoak ez ditu herrialdeak herri bakar bihurtzen, herrialde asko baizik».

        Txartela eskuan duela jende artetik pasatzen eta prentsakoen artean sartzen ikusten duzu Pepe. Badakizu Rosario Ibarraren argazkirik ederrena izango duela bere Nikon-aren barruan. Ilusioa da, aspertuta dago kapusaidunei argazki ateratzen. Joko gutxi ematen diotela dio. Trukagarriak ere badirela esango luke. Hildako biziak bezain berdinak dituzu zapatistak kanpaina uniformean.

        Eguzkipean, jendeak ez dizu Marcosen haria eteten. Cebedeo komandanteak Morelian bezalaxe, Sup-ak ez dizu ahotsik goratuko. Ondo ikasia duzu, eta jendeak eskertzen du erretolikatik ihes egitera dabilen mintzo laua. Ahotsa da egiarekin batera dabilena. Marcosek ondo daki: indigenei ikasitako mintzaera honetan erraz da gezurtia harrapatzen.

        «Bada Boterearen zorro handian zenbaki huts izatea onartzen duenik. Bada esklabu izatea onartzen duenik. Zinismoz dabil beste esklabu batzuen esklabu izatearen mailadi horizontalean. Botereak ematen dizkion apurren truke bada saltzen denik, egoera onartzen duenik, etsitzen duenik. Munduaren ezein bazterretan badago esklabu izanda zoriontsu direla dioten esklabuak. Munduaren ezein bazterretan badira gizaki izateari utzi eta beren lekua duintasunen azokan betetzen dituzten gizon eta emakumeak.

        «Baina bada onartzen ez duena, deserosoa izatea erabakitzen duena...»

 

 

—2—

 

Lauraren eskua da sorbaldatik gozo lotzen nauena. Oharra ematera baino ez da etorri aulki beteen artetik.

        — Raulek bihotzekoa izan du gauean, eta akiturik dago. Joan beharra dugu.

        La Realidadetik San Cristobalera doan lehen autobusean doaz. Zortzi orduko bidea da. Biharko egon nahi dute Veracruzen.

        — Ez dit deus esan!

        Tristeak dira Lauraren begiak. Raul horrelakoa duk! esaten biltzen dizkizu. Ez da gertatzen zaion lehen aldia. Horrelaxe hil zitzaion aita. Horrelaxe anaia bat duela gutxi. Hobetoxeago dago botikak hartuta, baina ezin du La Realidaden jarraitu. Oihanak bihotza itotzen dio.

        — Bihotz handiegia du.

        Irudi zaparrada larria da: Raul bart gaueko emakumeen elkarrizketa entzuten, Raul hitzaldia irakurtzen, Raul ea gure euskaltasunak zapatismoa ulertzen duen galdetzen...

        — Idatziko diguzu?

        Laurak entzuteko moduan, biraoa lehertu zaizu baietzarekin batera. Isiltasunean, Marcosek Aski da gerrarekin dioela entzuten duzu, eta jendeak lehen bider eteten du hitzaldia.

        Zapata vive!

        — La lucha sigue!

        Zapata vive, vive!

        La lucha sigue, sigue!

        Si Zapata viviera, con nosotros estuviera!

        Lauraren musuak agudo itzaltzen zaizkizu masailetan. Lepoa luzatzen duzun arren ez dago Raulen arrastorik. Botikinean behar du oraindino. Eta sentipen arrotza da zutaz jabetzen dena: gehiago ikusiko ez duzun jendea da orain min ematen dizuna.

        — Zatoz Veracruzera astia baduzu!

        Baietz, baietz diotsat buruaz. Begiez besarkatzen dut. Ohartzerako, Laura ez da jende artean bistatik itzaltzen zaizun geriza mehea baino. Jendeak txalo batean amaituko du Marcosen hitzaldia.

        Moises komandantea da orain itxiera ekitaldiari amaiera ematen diona. 14,13 hegoekialdeko ordua. Hemen, Mexiko hegoekialdeko mendietan, dio. Garrantzitsua da geografia, erreferentzia propioa izatea. Halaxe harrapatuko du Peperen kamerak Moises, begiak paper gainera makurtuta komandantea.

        — Komandanterik serioena da.

        Hala duzu Tachoren ondoan. Tachori «Gabino Barrera» kanta dezala eskatuko zaio. Jo dezala edozer bizkarrean AK bat bezala gurutzatua eraman ohi duen gitarrarekin. Ona da kantuan, baina himno zapatista da orain abesten duguna. Ez duzu oraindik ikasi, eta paperean idatzitakotik ekiten diozu berriro ere. Musika du erraza, «Carabina 30-30» korridoarena. Himnoegia ordea letra, bestelako testuen aldean. Eta ohitzen zara gazteleraz kantatzera. Badiagu agurrerako irudirik Raul: Marcos eta gainontzeko komandanteek era militarrean abesten ditek, eskua zabal eta atzamarrak bekokian.

        — Oraindik ez duk ikasi?

        Baina nire paperetik irakurtzen du Pepek berak ere himnoa, ezkerreko eskua ukabil hertsi zerurantz.

        O morir por la libertad

        — Zuen herrian etorri aurretik azterketa pasatzen zenutela pentsatzen nian! —diotsozu.

        Hegazkin militar batek ebasten dio erantzuna. Ez da oso goitik pasatu. Agertokian inor ez zaizu mugitu. Tacho bakarrik hartaratu da oholtza ertzera lonak estaltzen dion abioiak bira eman eta berriro nola hurbiltzen den hobeto ikusteko. Hegazkin txikiak beheragotik egiten du orain. Mendi arteko bailara estuan oihan zarratuak gorrigunea erakusten duen zabala filmatzen imajinatzen duzu, bandera mexikar ikaragarri bi oholtza gainean eta irakurtzeko moduko pankarta bakarra teilatu gorrian: No human being is illegal eta Miss Liberty-ren burua trakets margotua.

        Zapatistek badakite San Andres Larrainzarreko Elkarrizketen osteko konpromezuaren ondoren Armada federala ez dela Lacandonan erasoan sartuko. Kontrol inkurtsio asko egingo da komunitateetan, baina EZLNkoak ez dituzu egundo ere herrian izango. Sasian bizi dira bake garaian ere.

        — Argazki bat geratzen zaidak.

        Jendeak Ustezko zapatistak askatu! oihukatzen du orain. Hamasei dituzu oraindik kartzeletan. FZLNren arduradun nagusia den Javier Elorriagak Gonzalo Sanchez Navarrete adin txikiko atxilotuaren berri eman du:

        — «Tortura egon zen, baina justifikatuta zegoen» aitortu izan du Gobernuko eledunak. Mundu guztiko kartzelazainak, entzun: hautsi da izuaren eremua. Ez gara zuen beldur!

        Imintzioka ari zaio Superbarriori hurbil dadin. Sorbaldatik eusten dit. Orduan baino ez naiz ohartzen maskara eta guzti atera duela kredentzialeko argazkia.

        — Bioi aterako dizuet azkena.

        Ez nuen potrorik izan Rauli bihotzak huts egin ziola esateko. Ezin izan nuen Marcos eta komandantziakoei maitasun oharrez beteriko papertxoak, sinatuta itzultzeko ziren argazkiak luzatzen zizkieten haien guztien artetik igaro eta Raul eta Lauraren atzetik egiteko. Beti izan nauk koldar alu bat, Pepe.

        Ohar labur baten bidez, Oaxacatik Mexiko DFra desmilitarizazioaren alde egin den martxa onik heldu dela iragartzen du Tachok.

        Berak ez daki, baina astebete lehenago, Guelaguetzara hurbildutako jende artean ume bat da ur-saltzailearen postura gerturatu, elastiko muturretik tira egin eta paper xarea uzten didana esku izerdituan.

        We Are Demanding Justice Peace and Democracy.

 

 

Fray Juan de Zumarraga

 

        Abizen ezin ederragoa du, Garcia Icazbalzeta, eta berak egingo dio Fray Juan de Zumarragari inoiz egin zaion panegirikorik handiena: Ameriketan ezagutu zen lehen moldiztegia eraman zuena ez zen indigenen torturatzaile izan. Ez zen Zumarraga izan nahuen artxiboak errearazi zituena. Areago, Icazbalzetarentzat, indigenak enkomenderoen gehiegikerietatik babesten eman zituen urteak Mexikoko lehen artzapezpiku izango zenak.

        Eta hala ere, Netzahualcoyolt-en biloba erretzen margotuko du Riverak. Hau izan zen Nueva España-ko Inkisizioaren lehen biktima. Hara baino lehen, ibilia zen antzerako zereginetan bere herrian. Nafarroan, Carlos V.ak komisionatuta ekin zion akelarreak zigortzeari. Ezin egokiagoa zen kargurako: umetatik ezagutzen zuen salatuen hizkuntza.