Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

DURITO-REN MINTZOA

 

 

— Hamar dolar karrete bat!

        Kexu da Pepe, Kubako gazte aldizkari bateko argazkilaria. Dakarren presupostu eskasarekin, eskean lortu behar izan ditu hamabiko karrete bat eta osoko bilkuran irakurriko diren azken agirien fotokopiak. Itzela da kazetarien merkatu beltzean dabilen harat-honakoa.

        — Gaur ere berandu agertuko duk.

        Jendea itxaroten edukitzearen fama du Marcosek. Hala eduki omen zuen Cardenas lehendakariaren seme eta PRD ezkertiarreko buru den Cuauhtemoc Cardenas bera ere, Urteberriko matxinada ostean biek izan zuten lehen elkarrizketan. Hala du gaur nazioarteko prentsa eta hauen atzean, segurtasun lerroaren atzean aulki tolesgarrietan erruz pilatzen hasia den jendea ere.

        Oholtza gaina eta ingurua zainduko dituzten zapatistak zortziak arra-arrarako bazeuden zabalduak, zortzi eta erdiak dira kasik Marcos eta Moises, zaldi gainean biak, atzoko leku bertatik sartu direnerako. Segurtasun neurriak askoz apalagoak dituzu atzo aldean. Txalo herabe batzuek emango diete ongi-etorria. Goiz duzu eta iratzarri gabe jarraitzen du zapatista sutsuak.

        — Lehenengoz eta behin, barkamenak eskatu nahi ditut atzo izan genuen jarrerarengatik. Ez gaude ohituak bi mila lagun izaten etxean, eta gure segurtasun neurriak zorrotzegiak izan ziren. Bada eguzkitan denbora gehiegi egoteagatik gaixotu zenik ere. Barkatu ote diguzue.

        Ahazturik nuen. Askorentzat ez da Marcos Marcosen ahotik eztiki hitz egiten ari dena, Durito baizik. Hala egin dio diosal-oihua entzule batek nire atzetik. Sup-aren testuetan Marcosekin eztabaidan aritzen den labezamorroa duzu Durito, amarru literario bat, Marcosen barne mintzoa.

        — Zelan doa EZLN FZLN bihurtzeko prozesua? Noiz irtengo duzue menditik eta zein izango da Marcosen etorkizuna?

        Galdera Julia Preston-ek egina duzu, The New York Times-ek Lacandona-ra bidali duen kazetariak.

        — Armada Zapatista Fronte Zapatista bihurtzeak bide bi ditu. Alde batetik frontearen antolaketa, hau da, zapatista zibilekin osatu alternatiba dagoeneko Mexikoko Errepublikako 32 estatuetatik 31n dagoen egitura nazionala da. Armada Zapatista bezala, argi dago ez dagoela botereagatik borroka egiterik, ezin dugu kargu publikoak lortzera jo. Beste bat izan behar du estrategiak. Prozesu honetan hazi egin gara, batez ere ekainean San Cristobalen burutu zen foroaz geroztik. Beste bidea San Andres-ko Elkarrizketak dira, eta EZLNk bide politikoa har dezan behar-beharrezkoak diren baldintzen menpe dago. Hor gobernuaren diskurtso bikoitza dugu aurrean. Publikoki guneak zabaldu behar direla dio, negoziatu egin behar dela. Baina benetan, gerrarako prestatzen ari dira. Gobernuak azkar jokatu nahi du, eta EZLN burugabetu, ahal badu, horrela, gorputzarekin minimoak negoziatzeko.

        Marcosek ez du baikor itxura ematen. Hau ez duzu entrega bat.

        — Legez kanpoko gobernadorea dugu Chiapasen, Gobernuak eta lurjabe handiek ordaindutako guardia zuriek gero eta ekintza gehiago egiten dituzte. Negoziazioak zelan doazen ikusita, gu indar politiko bihurtze hori hutsean geratuko dela ematen digute aditzera. Garbi dugu gobernuak ez duela bakea sinatu nahi, larrutik ordainarazi nahi digute 1994ko urtarrileko desafioa, eta Merkataritza Librearen Ituna-ren porrota nabarmenarazia EEBBek. Oihanetik noiz irtengo dugun? Hemendik gutxira, eta 95eko martxoaren 11ko elkarrizketetan erabakiak babestuta irtengo dute komandantziako batzuek Mexiko guztira FZLN hedatze asmoz. Marcosi buruz berriz, Topaketak amaitu bezain laster lotara bidali behar dugu, nahikoa ergelkeria esan du-eta dagoeneko. Bere etorkizuna komunitate indigenei loturik dago. Haientzat irtenbide ona bada, hala izango da Marcosentzat ere. Haientzat txarra bada, Marcosena txarra izango da. Besteari dagokionez berriz, uste dut, tamalez, mendia, puska baterako badugula.

        Gizonezko ahotsa duzu orain galdera egile, Ginni Mina italiarra da, zakur zaharra Hego Ameriketako auzietan.

        — Zein dira elkarrizketetatik zerbait ateratzeko gutxieneko baldintzak?

        — Nik hiru direla esango nuke. Bat: gobernu ordezkariak aldatzea, errespetoa nahi dugu gure ordezkarientzat. Oraingo delegazioa hauen sentimenduak eta duintasuna mintzera baino ez da etorri bildu direnetan, zapalketak iraun dituen 500 urteak gogorarazten baino ez dira ibili. Bi, ingurua desmilitarizatu eta laguntza sozialeko egitarauak egiazko izan daitezela. Eta hiru, agiriko politikara aterako diren zapatisten bizitza eta askatasuna ziurtatuko duten bermea eta konpromezu argia. Azken batean, mexikarrok dugun arazoa hori bera baita, oinarrizko eskubideak falta ditugula. Hori da zapatisten borroka arrazoia, herriaren demokratizazioa. Eta ez Mexikoko mexikarren alde bakarrik, bestaldeko Mexikokoen alde ere bai: Kalifornia, Arizona, Mexiko Berria eta Texas-ko mexikarrena.

        Harro-patsa da, ongi daki Sup-ak. Goizeko zazpietarako Frantziako ordezkaritzarekin bilera izan duen Superbarrio Gomez-ek ere agindua du azaroan EEBBetan izango diren lehendakarirako hauteskundeetan parte hartuko duela. Hango mexikarren interesak defenditzeko, esan du.

                Aberriaren zera hau

                zaila da azaltzen.

                Baina are zailagoa da

                aberria maitatze hori.

                Esate baterako,

                aberria maitatzea

                bandera agurtzea zela

                erakutsi ziguten,

                zutitzea Himno Nazionala entzun orduko.

                Futbol selekzioak galtzen duenean

                neurririk gabe mozkortzea.

                Eta neurririk gabe mozkortzea

                futbol selekzioak irabazten duenean.

                Sei urtetik sei urtera

                ezer gutxi aldatu diren esate baterako batzuk.

        Historiako klaseetan irakasten ez den gaia da sentimenduena. Mexikarrentzat Mexiko ez da Rio Bravo-n (Rio Grande EEBBetako mapetan) amaitzen. San Diego-Tijuanatik Brownsville-Matamorosen artean dauden hiru mila kilometro ez dira muga, zubi dira. Beti aurkituko duzu izan zirenaren lurralde zabal hura gogoan duenik.

        — Zein da baina zuen asmoa?

        — Neoliberalismoa zanpatzeko ez da nahikoa herri baten, edo talde sozial baten edo jendearen gogoaren jazarpena. Zerbait berria eraiki beharra dago munduan. Anaitasunean, ahizpatasunean oinarriturikoa izango dena. Milioika eta milioika pertsonak mundu guztiak konpartitzen dugun amesgaiztoari akabua ematea. Iturburua herrialde industrializatuetan dago, eta badakigu. Badakigun bezalaxe herrialde hauetan ere miseriak erasotutako eta eskubide politikorik gabeko sektore handiak daudela. Horregatik da borroka nazioartekoa.

        — Baina hor duzue herrialde sozialisten porrota.

        Ez Miamiko Radio Marti-tik, Kubako Juventud Rebelde aldizkaritik dator galdera.

        — Hori Hirugarren Mundu Gerraren eragina izan zen, Gerra Hotzarena. Maila guztietan eman zen erasoa izan zen, bai politikan eta bai gizartean, eraso militarrak zein diplomatikoak. Gerra guztietan dago galtzaile bat. Hemen Sobiet Batasuna izan zen. Honek bazuen eredu bat, baina huts egin zuen. Herria ez zen eredu hori defenditzeko gai izan. 80ko hamarkadaren bigarren partea domino-efektuarena izan zen. Gu 83an igo ginen mendira, eta ez ginen 94ra arte jaitsi. Atzean utzi genuen munduak ez zuen zerikusirik jaitsi ginenean aurkitu genuenarekin: FSLN, FMLN, Guatemala, Kuba... ez genekien zer zen gertatzen ari zena. Cardenismoa, salinismoa... Ez genuen 1988ko Gezur Handiaren berri. Gurea komunitate indigenen mundua zen, politikoki ere, XVI. mendean geunden. Eta hor, utzi genuen mundua baino mundu hobeago bat aurkitu genuen. Ikastea egokitu zitzaigun. Politika La Realidad-eko basatza hau da. Urrats bakoitza zaindu behar da.

        Orain arte isilik egon den kazetari iparramerikar bat da mintzo dena, Monique bezalaxe prentsa independientea txarteltxoa daramana:

        — Esango zenituzke hitz batzuk Abu Jamal-en alde, orain dela hamahiru urte heriotzera kondenatua Estatu Batuetan?

        — Azken agirian emango dugu gure iritzia munduko preso guztiei buruz. Baina gauza bat esan nahi nuke honezaz. Botereak kartzela edo heriotza baino ez digu eskaintzen. Berari eta munduko preso politiko guztiei, gure agurrik beroena bidali nahi diegu.

        Agudo isilarazten dute baina. Badira ozenago egiten duten ahots gaiztoagoak.

        — Zergatik dago Marcos dagoen lekuan?

        — Gertatzen dena da Marcos talde honen buru jartzen dutela, baina ez dago besteengandik desberdin egiten duen ezer... beno, gauza bat salbu.

        — Zer da?

        — Sudur hau!

        Galdera nagusiaren erantzuna berea zuela uste zuenean egin dio ihes izokinak presan gora kazetariari. Zail izango du berriro ere hain gertu edukitzen, eta oholtzan beherako bidea hartu du arrantzaleak. Pepek egin didan keinua eguzkia bezainbeste ikusi dela pentsatzen dut.

                Eta esate baterako,

                ez ziguten erakutsi aberria maitatzea

                bazoazelako planta egin eta txistua jotzea dela,

                baina,

                muino haren atzean ere aberria dago,

                eta inork ez gaitu ikusten,

                eta elkarrekin gurutzatzen gara

                (beti gurutzatzen baikara

                inork ikusten ez gaituenean)

                eta esate baterako

                zenbat gorroto dugun esaten diogu

                (aberriari)

                eta zenbat maite dugun

                eta hori beti hobe da esatea,

                esate baterako

                tiroka eta irribarrez.

                Eta esate baterako,

                aberria maitatzea

                charro kapelua janztea izan daitekeela

                esan ziguten, esate baterako,

                Haur Heroien izenak jakitea,

                «Viva-arriba Mexico» deiadar egitea,

                Mexiko behean eta hilik egon arren.

                Sei urtetik sei urtera

                gutxi aldatzen diren esate baterakoak.

        — Preso diren zapatistekin jarrera gogortuko dute. Bahiturik dituzte. Honekin eta komunitate indigenen gaineko zainketarekin abantaila lortu nahi dutela uste dut San Andres-ko Elkarrizketetan. 95eko otsaila oso garai txarra izan zen guretzat, amesgaizto bat. Baina gobernuak ere badu berea: zapatistak ez dira amatatzen. Salinas de Gortarik ondo esan zuen: Chiapasko lau udalerritako kontua baino ez da. Lau udalerri eta 43 herrialde? Salinasek arazo larriak ditu geografian! Europan zapatismoak interesa sortzea garrantzitsua da guretzat, Mexikoko gobernuak interes asko duelako han. Baina hau duzue gobernu honen proiektua. Ongi saltzeko, indioak ezkutatu egin behar dira, pobreak eta itsusiak (barkatu, hor ditugu Salinas edo Zedillo bera) bezalaxe. Eta badirudi Kanada eta EEBBekin sinatu akordioa ez dela nahi bezain egoki ateratzen ari. Ezin da harreman komertzial bat krimenaren gainean eraiki. Europarrek konturatu beharko lukete. Hemen ari zarete ikusten. Horregatik ekarri zaituztegu hona. La Realidad Lacandona oihaneko Zona Rosa duzue...

        Ironia galderaren neurrian hasia dago lagatzen Marcos. Baina badaki jendea kontentatzen ere.

        — Che aurkituko bazenu, zer esango zenioke?

        — Jar hadi hi, ni banoak eta.

        — Eta zergatik da etsaia neoliberalismoa?

        — Eskuina ez da inoiz etorkizuna izango kontinente honetan. Denda asko dituen azalera handi horietako bat (ingelesez egiten dizu, jolasean) egitea da: hemen umeak saltzen ditugu, han emakumeak... Eta honetan ezkerrak asmatu behar du orain arte existitu ere egiten ez ziren errealitateak jasotzen (hemen orain bezala). Uste dugu aberastasun hau dela irtenbidea. Gu horrekin identifikatzen gara. Higatze handia izan dugu, eta orain borrokatzen ditugun arazo asko geuk sortuak dira. Ezkerraren etsairik handiena ezkerra bera da.

        — Uste duzu badela turismo iraultzaile bat?

        — Kontinentearteko Topaketa hauengatik ari bazara uste dut ikustea besterik ez daukazula zein baldintzatan gauden: euria, polizia, lokatza... ez dut uste hori denik kontua. Zapatismoak zerbait ukitu du. Hona ez da turistarik etortzen. Hona soldaduak edo lagunak heltzen dira. 1994ra arte ez ginen mexikarrak. Ahanzturaren, heriotzaren herritarrak ginen. Indigenek merezi zuten hau. Galaxiartekoa izango da hurrena. Etor daitezela martiztarrak eta proba dezatela hemengo lokatza.

        — Zer bota behar da mende honetatik zakarretara?

        — Asko da bota behar dena eta poltsiko batean sartzen da gordetzea merezi duena. Mende krudela izan da hau, pertsona kanpoan utzi duen mendea izan da hau. Eta gorde... musika gordeko nuke, literatura, poesia, arte plastikoak... pertsonari bere burua ezagutzeko baliagarri zaizkion giza adierazpen horiek...

        Horrelakoekin, EZLNren estrategiari dagozkion galderen erantzunekin baino era honetakoekin harrapatzen du jendea, eta ezagun du. Sup-a hazi egin da, lasaiago dago. Pepe etengabe ari da atera eta atera. Ez dakit nondik inguratu duen beste karrete bat, baina berri batekin ari dela esango nuke.

        — Eta horrela konponduko al da indigenen arazoa?

        — Indigenen arazoa ez da hemen konpontzen. Gure etorkizuna munduaren etorkizunari dago lotua, kurduen etorkizunari, australiarrenari, japoniarrenari... Ispilua bezalakoa da. Ispilu bat jarri dugu tranpa moduan eta ezingo dute irten. Zapatismoa orina da, eta orin asko behar ditugu.

        — Eta topaketa hauetako onena?

        — Prentsa zer ondo portatu den. Ándale, mañoso!

        — Bada harremanik EEBBetako komunitate beltzekin?

        — Gutxi, oso gutxi. EEBBetako komunitate beltzekin ez dugu ia harremanik. Hobetu behar dugun puntua da hau. Afrikan berriz, ikusten duzu. Oso zaila da jendearekin harremanetan sartzea. Uste dut etorri direnek (Mauritania, Hegoafrika) zerbait egingo dutela, baina ez da erraza.

        — Marcos harrapatzen badute, Salinas-ekin berdinduko al dute?

        — Asko maite dut nire burua. Ez ote dute hori egingo!

        — Eta armak, noiz entregatu behar dituzue?

        — Begira, gauza bat Frente Zapatista bihurtzea da eta beste bat armak etsaiari ematea. Eman begiratu bat Latinoamerikako historia gertuari. Eman begiratu bat Nikaraguako FSLNri. Hauteskundeena ez nintzateke ausartuko porrota izan zela esatera, eta gainera ez dut Fronte Sandinista barrutik ezagutzen. Utz diezaiogun historiari bere bidea egin dezan. Azken batean, ez da arma arazoa, bide arazoa baizik. Beste talde batzuk ere ari dira sortzen Guerreron, Veracruzen, Pueblan, Oaxacan... Konpondu beharko dute.

        — Eta zergatik ez egin bat Ertamerikako maia guztiekin?

        Monique-ren ahotsa izan da, atzo autobusean izaniko elkarrizketa gogoan-edo hemen nabilenetik buruan darabildan galdera egin duena.

        — Chiapasko indigenak Mexikon du begiratua, ez Ertamerikan, berezko familia hor duen arren. Antolatuek horrela ikusten dute. Interes handiagoa dute Mexikon gertatzen denarekin bestearekin baino. Guatemalako bake elkarrizketak izan zirenean ohartu nintzen horretaz. Euren afera da, esaten zuten indigenek. Horrela da eurentzat.

        — Bertan dugu 1997a, zer izango da?

        — Ez EZLNk eta ez FZLNk ez dute parte hartuko hauteskundeetan. Data gainean dugula ikusiko da, baina ez dut uste. Mexikok arazo handia du hauteskunde erreformaren auzi honekin. Galdua du sinesgarritasun osoa eta prozesua korapilatsua da. Eta honek arazoak baino ez ditu ekartzen. Egoera honekin, 95ean Chiapasen bezala, hauteskundeak tranpa handi bat dira. Talde armatu berriak sortuko dira, narkotrafikoa, delinkuentzia, ustelkeria...

        Zer esaten diegun egin genuena erridikuloa izan zela diotenei? Gora demokrazia!

        — Zer iritzi duzue Guerreron agertu den EPR taldeaz?

        — Deigarria izan da. Baina konponbidea ez dago Guerreron edo Chiapasen. Errepresio horrek orain ez du erantzuna protesta edo kexua. Beste era batera ari da antolatzen. EPRri berari dagokionez, oraindik ikusteko dago talde honen legitimitatea. Erantzuten batere samurra ez den galdera da hau. Guri hogeita hamahiru hilabeteko asedioa kostatu zaigu. Ikusi egin beharko dugu zertan datozen bat EZLNrekin, baina momentuz EZLNk ez du inolako harremanik beste inolako talde armaturekin.

                Eta esate baterako,

                ez ziguten erakutsi

                aberria maitatzea

                hiltzen ari den hura bezala isiltzea

                izan daitekeela, esate baterako,

                ez ordea,

                lur honen azpian ere bada aberririk

                eta inork ez gaitu entzuten

                eta gurutzatu egiten gara

                (beti gurutzatzen baikara

                inork entzuten ez gaituenean)

                eta pixkanaka-pixkanaka berau maitatzeko

                hil zirenen bizitza txiki eta latza

                kontatzen diogu

                (aberriari)

                eta orain ez daudela hemen zuzen nabilela esateko,

                baina ez egonda esaten didate haiek,

                aberria, esate baterako

                tiroka eta irribarrez maitatzen dela

                erakutsi ziguten haiek.

(«Arazoak». Marcos komandanteorde
matxinatua, 1987)

        Marcosek amaitu duela ematen du aditzera. Badoala, uzten badiote behintzat, bart gaua ere luze joan dela, eta lo egingo lukeela gustura. Baina kazetaria ez dago bakerako.

        — Eta emakumeen borroka?

        — Mugimendu zapatista ez da EZLN bakarrik. Badira hiru antolaketa maila euren barruan: laguntza baseak, borrokalariak eta buruzagiak. Logikak desberdinak dira hiru nibelotan, eta hala ikusi behar da. Borrokalariek lortu dutena baseetako emakumeek lortu dutena baino gehiago da. Oraindik luzea da bidea zer izan nahi dugun eta zer garenaren artean.

        — Eta zer diozu Tilan-eta gertatzen ari denaz?

        — Chiapas iparraldean guardia zurien arazoa larria da. EZLNk gauza bakarra eskatzen du: errespeta daitezela San Andresko Elkarrizketak. Gobernuaren erantzuna beste bat da ordea: indigenak indigenen kontra jartzea. Azken batean aitzakia baino ez da Armada sartu eta alde bietakoak hiltzeko.

        — Zergatik neoliberalismoaren kontrako topaketa hauek?

        — Neoliberalismoaren kontrako iniziatiba ez da baina zapatismotik sortu, gu guztiz ados gauden arren. Azken batean balaren teoriaren ondorioa baino ez da. Begira, jarrai diezaiogun hiltzen gaituen balari. Fusilaren begia dugu, fusila, soldadua, Armada, Gobernua, Bankuak... Banku handiek, alderdi honetatik, bat egiten gaituzte denok. Gu hiltzen gaituzten balek beste pertsona asko hiltzen dutela ohartu ginen.

        Nekatuta nago. Utz nazazue, mesedez.

        — Azkena. Zertan da El Barzon-ekin lortu akordioa?

        — EZLN eta El Barzon, bion interesak defenditzen dituen itun bat dago. 1997an egongo da proposamen zehatzagorik Gobernuaren politika ekonomikoaren kontra, baina ez da ahaztu behar bakoitzak bere borroka duela.

        — Noiz jasoko da alkoholaren gaineko debekua?

        — Komunitateen eskaera izan zen. Euren esku dago. Nik neuk zer irizten diodan? Uste duzu ni neu izango banintz hemen egongo nintzatekeela? Zuek hona ekarri zaituzteten autobus horietako batean joango nintzen! Eta banoa, ez autobusean baina.

        Kazetari ez direnak eskaileretara hurbildu diren arren, nekez dute foto onik aterako. Atzo bezalaxe, agertoki gibeleko bidezidorrean behera egingo dute zaldi eta zaldunek polizia zapatistaren barrera atzean. Pepe ez dela ahalegindu ere egin ikusten dut.

        — Iñigo, trago bero batera gonbidatu behar nauk.

        Asmatu duk, neu ere nekatua nagok eta, nolanahi ere, beti izan diat kubatar egarbera bat atxurtuta egon gabe gonbidatzeko irrika. Emango ote digute edatera!

        — Eta hire apunteak?

        — Ondo uste diat. Zuek baino amerikarragoak gaituk.

        — Kostatuko zaizue. Eta Kubatik esportatutako Che hau? Zer iritzi diok?

        — Ironikoegia agian. Baina eskertzen duk —diotsat.

        — Konfiantzan. Irabaziko ote ditek. Zein gringok erakutsi ote ziek kafea egiten!

 

 

Iraultzaren erroak

 

        AK fusilak nondik atera dituzten galdetzen dute zapatismoa gorroto duten kazetariek. Ez die inork erantzungo. Eta hala behar du. Berlingo Harresia ekialdera erori zen osteko lehena da, eta mundua horrela harrapatu behar da, ezustean, urduri. Iraultza honek sendoak ditu sustraiak baina. Arrazoietarik batzuk Mazariegos eta Alvaradoren garaitik datoz. Beste batzuk hurbilagokoak dira. Kafearen salneurriak nabarmen egin du behera. Bizitza maila oso jaitsi da. Chiapasen, nekazari jaiotzea hila jaiotzea da. Eta konstituzioaren 27. artikuluak ez ditu latifundioak iragan bihurtuko.

        Chiapasen, auzo-lurren kulturatik iraularazi nahi da historia: zergatik ez diguzue galdetzen nondik atera ditugun lanerako erabiltzen ditugun matxeteak?