Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

MAZARIEGOSEN SEME-ALABAK

 

 

—1—

 

— Neoliberala ala salda zapatista?

        Ohartu orduko bete dit urez zaparradak esku hormatuan daramadan platertxo hutsa. Erauntsia gainean dugu oraindino. Asko dakit ordea atzo aldean: zikloia Cesar deitzen da eta ekaitz muturraren ukitua baino ez da Moreliako Aguascalientes hau Auschwitz eta Herri Urrats-en arteko eremu bilakatu duena.

        — Salda zapatista! —diotsot, egunero besterik almortzatu ez banu bezala sukaldeko emakumeari.

        Lokatzetan irristaka, ozta-ozta heltzen naiz jangela bihurtu den barrakoira. Honela duzu abantzu egunero, barazki pisto moduko orea edo txokolate edo koloreetako corn-flakesak, nahi beste artopil eta kafea. Bazkaltzen, afaltzen, bertakoek inoiz ahoratzen ez dutena duzu egunotan menuan, atzerritarren erosotasunerako eta ironiaren antologiarako.

        — Gosari neoliberala?

        — Bertoko produktuak, compañero.

        Paketeetako arto xigortuak egin bidea gogorarazten dit Raulek bere katiluan artaesneari eragiten dion bitartean: Mexikotik EEBBetara (eta ez han ez dagoelako, Mexikokoa askozaz merkeagoa delako baizik), han tratatu, paketeetan sartu eta bertora ehun bider garestiago itzultzeko.

        — Anai-arreba azkarrak ditiagu hor goian, Iñigo.

        Makaleko hezurrak haiek. Hesoletatik sobratutako alanbrez eginak diruditen zakurrek ez dute zaunkarik ere egiten laino arte zarratuan. Lokatz eta ke arteko fantasmak dira, egundo ikusi dituzun zakurrik argalenak inorako ez bidean. Itzal luze dituzu euripean gosaltzeko ilara osatzen dutenen hankapean.

        — Ehun dolar eta gosari hau!

        Zakurrenak ez, bestelako zaunkak dira heltzen zaizkizunak. Jatetxe karua corn-flakesen hau. Astebeterako bidaia eta mantenuaren truke San Cristobalen antolakuntzari eman ehun dolarrak garesti iruditu zaizkio toldopean blai eginda sartu berri denari. Poltsikoan min zapatismoak. Eskerrak frantsesez bota duen. Hasieratik Moreliako NBEko logeletan gurekin zintzilikatzen den Moniquek Asterixen ezpatak, sugeak eta burezurrak ditu begietan. Kazetaria da eta free-lance moduan etorri da. Herritarrak begiak irakurri dizkiola dirudi. Berehala aldegingo du aldamenetik.

        — Normala da. Ez sinestekoa da Chiapasek Frantzian duen indarra —argitzen dizu—. Moderno guztien artean ez duzu beste gairik entzungo. Iraultza atsegina duzu.

        Raulek interes handiz segitzen ditu batez ere emakumeez idazten izan ohi duen Moniqueren hitzak.

        — Bahe txarrak jarri ditugu orduan.

        — Danielle Mitterrand hemen ibiltzea ez da kasualitatea. Eta kontu, ez da txarra propaganda aldetik. Badakizu, Frantziako sozialistek beti izan dute, nola esango nuke...

        — Fuga bat —osatu du Laurak Moniqueren esaldi amaigabea.

        — Fuga bat Chiapasen —errepikatu du honek.

        — Bai, baina ez Kaledonian edo Martinikan.

        — Hori da hain zuzen ere gauche-caviar eta gauche-cachemir-ekoen artea. Artistak dituzu iraultzagintzan. Eta Chiapas, oraindik orain —esango didazu— Frantzia da.

        Orain ohartu naiz. Moniquek guk ez bestelako txartela darama paparrean. Prentsa independientea dio harenak.

        — Zapatista den bitartean.

        Chiapas frantsesa. Ez da burutapen txarra basa honi guztiari xarma apur bat emateko. Raul azalzuria bada ere, Veracruzkoa ere bada, eta Karibeko umore tantek ondo bustia jaioa.

        — Azken batean, Club Mediterranée-n bada lekurik oraino.

        Eta Martinika, Guadalupe edo Kaledonia Berriko umeek bezala ikasiko dute Moreliako eskolan guk aldegin orduko Frantziako Historia orbaingabea kanpamenduan bueltaka dabiltzan ume beltzaranek: «Gure arbasoak, galiarrak, ile horiak eta begi urdinak ziren...».

 

 

—2—

 

Cesar-ek etengabe darrai gure gainean eta badirudi zertxobait atzeratuko dela gaurko bilera ordua. Eduk abildade ikaragarriz berdindu du beti aldean daraman pipa eta astiro eta pisu ateratzen dira hodei biribilak haren ahotik. Kolonbiarkeriak.

        — Compañeros!

        Mahai tolesgarriak elkartuz osatu berriko burutik ari da Mauro, poeta eta artista mexikarra. Barruti Federalekoa da, Roma auzunekoa. Eta ezagun du. Lotsagabekeria urbanoan edo, ez dakit. Dudarik gabe, kultura mahai honetako txinparta eta ahots asaldagarriena:

        — Entzun!

        Eduren piparen ke hodeiak zutik jarri den jendearen kontra tarratatu dira.

        — Entzun!

        Esertzeko keinuak egiten ditu eskuekin, esertzeko.

        — Hasi baino lehen, salaketa baten berri eman nahi dut.

        Orain ez da bart arratseko saioan aldarri batean eta komandanteen aurrean «sexu bustizko erreketan / ito gura nuke zure gorputza» eta antzerako jario olioztatuekin jendea gorritu eta lotsarazi zuen poeta betegarria.

        — Chiapas iparraldean, Tila-n, egunotan Armada mexikarra burutzen ari den genozidioaren berri eman nahi dugu.

        Jendea bat-batean isildu da. Norbaiti kafez betetako edontzia erori zaio mahai gainean.

        — Pasa den astean, ikuskatzaile euskaldun eta mexikarrak egiaztatu ahal izan genuen populazio zibilaren kontrako sarraskia. Jendea aterperik, janaririk gabe dabil ihesi mendian. Ehundaka pertsona mendi gorrian, atzetik Armada dutela, compañeros.

        Ez dakit terminologia bera den, hainbeste compañero, baina sentipen gordinak dituzun ustea da. 95etik lekora zabiltza, Irunen defentsan UHPko miliziarrekin, Bilboko erretiradan; edo honantzago, Allenderen Txilen, Nikaragua sandinistan, nik dakita non.

        Pantelho-tik iparraldera, Petalcingo-tik barrena duzu Tila, Chiapasek Tabascorekin duen muga-mugan. Handik ateratzen du Pemex-ek bertarako ez den beste edonorako petrolioa. Agua Azul-go ur jauzien eta Palenqueko aztarnategien mendebaldean. Chiapasko ezein turismo bulegotan eskainiko dizkizuten guneak biak ala biak.

        Eta bertatik bertara sarraskia. Egunkari eta astekari jakin batzuetan ezean, nekez duzu baina inon armadak han-hemenka burutzen dituen ekintzen berri izango. Isiltasun informatiboa erabatekoa da, eta ikuskatzaile eta babes lana betetzen duen atzerritarrari zaion izua, handia gobernu aldetik.

        — Hilabetean hogeita hamar hildako egon da.

        — Blokeo informatiboa haustea eskatzen dizuegu, ikusten duzuena salatzea —saltatu du alemaniarra dirudien emakume batek. Masail gorriak ditu eta bustita kalpar horiak.

 

 

—3—

 

Hotz naiz eta kafe ontzia txikiegia dut eskuak bertara osoki biltzeko. Atzoko puntuei helduko zaie kulturako Aguascalientes hau banandu den hiru mahaietan. C Mahaian, sortzaileenean, egunotan hitz egina egituratu eta zehaztu beharra dago oraindik. Proposamenak, halako zera sundatsu batek salatzen ditu, ezin europarragoak dituzu.

        Komunikabideei dagokienez, gune alternatiboak (irrati libreak, autonomoak) sortzea aldarrikatuko da, mahai haietan hitz egina lau haizetara hedatzea, hamar minutuko spot bat burutzea.

        Sarea antolatu nahi dutenen proposamenek, aldiz, Interneta izango dute oinarri. Gazte elkarteen sarea sortu, arte ekoizpenen amarauna antolatu, komunitate zapatisten produktuei irtenbidea eman, hezkuntza sarea, elkartrukeak... Partehartzaile guztiekin direktorioa osatu nahi da Interneten.

        — Zer arraio egiten dugu hemen.

        Raulek begiak biltzen ditu. Ohartu da nire egonezinaz. Eta ezin hobea da piperminak beratzen. Ahaztu ere egiten zait batzuetan, lanbidea du lagun.

        — Marcosek Internetari esker hausten dik Armadaren blokeoa.

        Hala behar du izan. Hori da Mexiko hegoekialdeko mendietan dabilen legenda. Oihan barreneko martxa luzeetan urik ez eta gernua txandaka edaten duten haiek Internetaren bitartez lotzen direla munduko ertzik galduenarekin. Horrela lortutako laguntzaileei esker ari direla irabazten. Irabazten ari badira behintzat.

        — Ez haiz benetan ari.

        Baina bai. Ez zapatistena, baina neuk beren-bereki eskatu gabe lortu dit zapatismoari buruzko direktorioa.

        — Hor zagok dena.

        http:/www.peak.org/-justin/ezln apuntatzen dut nire koadernoan. Bada gogotik estimatuko didanik.

        — Begiratuko diat —diotsot, sarenauta ahotsez.

        Artista plastikoen proposamenak errazago eta atsegin handiagoz entzuten dituzu orain. Europako mugimendu autogestionarioetan oinarriturik, plazak hartzea, bilguneak antolatzea, kulturguneak eraikitzea proposatzen da. Peruko ordezkari bakarra den Walter Barrientos-ek bestelako freskura dakar:

        — Arte modernoko museoa antolatu behar dugu zapatisten lurraldean.

        Jendeak txaloka babestuko dizu proposamena. Mutil lerdena da indiar ketxua hau. Federacion Campesina-ko ordezkari da, eta infernuko txikitotzat dute bere komunitatean arte modernora makurtu denetik. Baina hemen, besapean daraman karpetako margoek harrera ezin hobea dute ikustera hurbiltzen zaizkionen artean. Eta fierra bezain eztia izan mutila, Maurok baino arreta handiagoa bereganatzen du.

        Asko dira museoaren proposamenak berarekin dakartzan galderak. Non egin, zer gairi eskaini, nork erakutsi, nori zuzendu, nola mantendu...

        — Ideia gaiztoa eta naifa da aldi berean. Honela, Armada ez da ausartuko Barcelo-ren margo bat, esate baterako, zan...

        Itxura batera oso behean dabilen hegazkin baten burrunbak eten du Barrientosek solasa.

        — Zanpatzen —osatu du isiltasuna itzuli denean.

        — Babes lanak egingo dituen museoa, alegia.

        — Hori ere bai.

        Museoaren aipamenak argitaletxean armada eta migraren kontroletarako prestatu didaten salbokonduktoa dakarkit gogora. Euskaldunak Mexikon: pintura eta literatura. Horrela dio nire aurkezpen gutunak. Hori duzu bidaiaren zioa. Eta hasita nago ez ote diodan gutunekoari benetan heldu beharko hegazkina bigarrenez pasatu denean. Honetan, antolaketako bat sartu da gaztigatzera:

        — Hegazkin militarra da, baina lasai. Anbientazioa baino ez da gu hemen garen bitartean.

        Ez da hirugarrenez pasatuko, eta toldoaren gainean pausatuko da berriro isiltasuna.

 

 

—4—

 

«Sustrai bila» izena daraman taldeak indigenen ahozko kultura batu eta lan literarioak argitaratzea proposatzen du. DFko unibertsitateko irakasleak, alegia, UNAMeko jendea da xedeari boza ezarri diona.

        — Beharrezkoa da gure zaharrekin egon eta gure sustraiak berreskuratzea. Bestalde, hizkuntza indigenetan emandako literatura bultzatu eta argitaratzearen beharra ere ikusten da. Arrazaren pizkundea deitu diogu honi.

        Mexikarrak dituzu proposamen egileak. Baduzu Guerreron gerrilan ibilitakorik. Jende azaldua.

        — Arraza? Bada historiatik ikasteko garaia. Hitlerrek arrazaren izenean milioika lagun hil zituen —oihu egin du Espainiako gazteleraz batek.

        — Ez dugu hori esan nahi.

        — Bada nik kentzea proposatzen dut!

        Espainola dirudienak urregorrizkoa du ahotsa ordea, eta asko dira buruaz baiezka dituenak aldamenean. Mexikarrak, azken ahalegin batean raza universal edota raza cósmica sartzea proposatzen dute raza hutsaren ordez, baina Hitlerren suntsiketa-eremuetan zailduak ez du Riverari hainbeste lagundu zion Jose Vasconcelos ezagutzen. Hari eta haren Ulises Criollo-ri eginiko keinuak alferrikakoak suertatuko dira. Espainola dirudiena ez dago literaturarako.

        — Munduko diktadura guztiak oinarritu izan dira antzerako terminologian! —errematatu du, ezin eta ahalka.

        Badarik ere, bizitza guztian eskertuko diete Peru, Bolivia, Guerrero, Michoacan eta Tabascoko lagunek europarrei diktadurak zelan eraikitzen diren erakutsi izana.

        — Compañero.

        Esku herabe bat da atzetik lotu nauena. Ni ez naiz horietarik! egiten dut oihu. Nire baitan ordea. Begiak pizten zaizkit. Izengabea da.

        — Compañero, barkatu, baina hamakak mugitu behar dituzue.

        — Zer?

        — Zu komunitatean zaude, ezta?

        — Bai, eskola txikian.

        — Hamakak. Ezin duzue elkarrekin lo egin. Gizonak alde batean eta emakumeak bestean.

        Ozta-ozta ulertu diot, baina badakit zertan ari zaidan. Hala da Aguascalientesko barrakoietan daudenekin, hala da eskolako beste etxeetara gure ondoren etorri direnekin, baina gau bakarra baino ez zaigu geratzen Morelian.

        — Compañero, ezkonduak banandu?

        Raul gozo sartu da. Badakit zertan ari den. Egin nahi dio pekatu txiki bat antolaketa zapatistari.

        — Ezkonduta?

        — Bai.

        — Den-denok?

        — Hala da.

        Katiuskak ahoraino lokatzez zipriztinduta dituela ikusi dut urruntzen Izengabea. Kontsulta egitera joana da.

        — Borondate onez ari dira, baina apaizak baino okerragoak dituzu —bota dit atzean, Raul eta Izengabearen arteko elkarrizketa entzun-eta norbaitek, Espainiako erdaran honek ere.

        — Hoa txoritara, compañero.

        Ez dit ondo hartu. Ate ondoan zegoen talde batera egin du, kontuak ematera hau ere. Komisario espainolen bat, dudarik gabe.

        — Zer duk, Iñigo?

        Raul da, buztanikararekin izan dudan hika-mikaz ohartuta, nondik lagunduko etorria.

        — Ezer ez. Nazioarteko liskar txiki bat.

        — Espainolekin, noski.

        — Ohe kontuan gu baino gehiago dituk. Eta badakik, ezin eraman.

        Ulertu dit. Irribarrean igarri diot, zuen euskara hau ez da ulertzen horren zaila esateko okertuta ezpainak.

        — Compañero, dena ondo dago.

        Izengabea da, katamarruak bezain isilean hurbildua gugana sarrera kontroletik. Dirdiratsu ditu begiak.

        — Lasai gera zaitezkete zuen emazteekin.

        — Benetan esan dik —diost Raulek Izengabea urrundu orduko.        Euriak zarra-zarra janzten du behelainoa. Toldopean, eztabaidak berea eman eta amatatu egin dela dirudi. Esan bezala sinetsi zioat, zer uste duk, ez nauk horren uzkurra, Raul.

        — Oraindik ez didak esan nola esango hukeen Aguascalientes euskaraz.

        — Ez zaik gustatuko.

        — Zergatik gero?

        Hesola eta txarrantxa hesitik harantz, autobus txiki bat bete da San Cristobaleraino jaitsi beharra dutenekin, prentsakoak tarteko. Bertaraino doa. Hiru orduko bidea dute oraindik.

        — Urberuaga.

        — Nola?

        — Urberuaga.

        — Gazteleraz bezain luzea duk.

        — Bai, baina gurea bainuetxe abandonatua duk. Ez duk gune politikoa. Horregatik duk erraza itzultzen.

        Ulertzen didak orain, Raul? Gezurretan ari natzaik! Ez nauk euskal idazle eta margolarien atzetik etorri honaino!

        — Nik ezagutzen diat Urberuaga bat Veracruzen.

 

 

Raza

 

        Barruti Federaleko metroan sartu orduko ohartu zara letra asko duzula ikasteko. Irudi bat eman zaio geltoki bakoitzari, irakurtzen ez dakitenak gal ez daitezen. Baina lehen eguna duzu, eta La Raza dioen karteltxoan erreparatuta jaisten zara autobus geltokitik bueltan.

        La Raza. Asko ibili beharko duzu, nekatu arteko kaleak zapaldu. Euskalduna? galdetu dizu. Urteak dira Euskal Herritik heldu zela. Oinetako garbitzea du lanbide, eta jakinaren gainean jarri nahi zaitu. «Razaren inbasioa diagu azken aldian!». Ez dizu ironiaz esan. Hiri arriskutsua da DF. Hiriaren berora hurbildutako miseria esan nahi du. Indigenez ari da, eskaleez, marihuanoez... Giza kondarrak dituzu raza Mexikon.