Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

RAMONAREN BEGIAK

 

 

—1—

 

Urrats bizkorrez egin dute oinutsik hamaken ondotik, lokatzetan halakoturiko bidezidorrean barrena oholtzara. Hiru, bost dira; sei uharre artetik zurezko eskaileretan gora sumatzen dituzunerako. Emakumeak denak, 22-ko karabinez eta ahuntzadarrez armaturik batzuk, esku gorririk besteak. Hotz naiz eta gaua beltz dago oraindik. Erlojuari behatzen diot: goizeko hirurak.

        — Prentsaurrekoa hastera doa.

        Ozengailuek egunez bezain ozen arrankatu dute. Azken oharra da prentsarentzat: aukera hau baino ez dute izango kazetariek emakume zapatistak elkarrizketatzeko.

        Euriak ez du atertu hamaketan sartu orduko itoginak hasi direnetik. Lo egon naizen bitartean, jende asko mugitu da inguruetatik babes hobeago baten bila. Mikroak ez dabiltza baina, emakumeen ahotsa oso baxu heltzen zaizu.

        — Asko hitz eginda egunotan homosexual eta lesbianen eskubideez. Emakume zapatista legez, nola ikusten duzue lesbianismoa hemen?

        Tximista bat lehertu da agertoki atzeko mendian. Erauntsiak horrela jarraitzen badu jaiki beharrean izango zara teilatupetik, babesa beste nonbaiten aurkitzeko. Atergabe ari da bustitzen euria lehortzera jarritako arropa.

        — Emakume zapatista bezala ez dugu ondo ikusten emakumeek bere gorputza diruaren truke saltzea.

        Egiten dutenean, galdetzaile atzerritarrari bezain nekeza zaie gazteleraz egitea. Tzeltalez edo tojolabalez erantzungo dute batzuek, eta bertako beste batek itzulita emango zaio prentsari erantzuna. Argazki kameren flashak oinaztarrien bristadarekin nahasten dira. EZLNko eta komunitateko emakumeen gorputz txikiek itzal bakarra osatzen dute orain oholtza zabalean. Raul ere esnai da, eta begi tristez behatzen dizu. Berehala harrapatu du.

        — Barkatu, errespeto guztiarekin, zera da jakin nahi duguna baina, nola ikusten duzuen emakume bati beste emakume bat gustatzea.

        Erantzuna ez da berehala helduko. Isiltasunak betetzen du etena.

        — Emakume zapatista bezala, zu emakumea bazara, zera, normala da beste emakume zapatista bat gustatzea. Zapatismoa borroka oso bat da, eta gizonak zein emakumeak hartzen ditu bere baitan. Egoera hau gainditzeko ahalegintzen den emakume bat gustatzea da normalena.

        Kazetariak etsi egin du, ez du hirugarrengoz egingo galdera bera. Azkenean ohartu da ez dela hizkuntza arazoa.

        — Ez ditek ezer ulertzen!

        Raulek txikiak ditu begiak etsipen keinua egiten duenean.

 

 

—2—

 

Laura ere iratzarrita dabil. Itogina du oinen parean eta bustirik lozakua. Begizulo handiak ditu azal beltzaren azpian. Ez duela batere lorik egin dio.

        — Eta Monique?

        — Hor nonbait.

        — Oholtza gainean?

        — Ez dut uste.

        Orduan hasi zait Laura erakusten, Chiapasera lehenengoz hurbiltzen den orori bezala, zapatisten lehen iraultza ez zela 1994ko Urteberri egunekoa izan, hilabete batzuk lehenago, 1993ko martxoaren 8an ekin ziotela EZLN orduan ezezaguneko emakumeek beste San Cristobal are gaitzago bat hartzeari. Ez zen bajarik egon eta ondo kostata, baina irabazi egin zuten.

        — Batzorde Klandestino Iraultzaile Indigena (CCRI) batu zelarik, Susana izeneko miliziar batek irakurri zituen aurrez emakume taldeetan landu eta paperera eramatea lortu zituzten legeak:

        «Guk aukeratzen ez dugun batekin ezkontzera ez gaitzatela behartu. Geuk nahi ditugun eta zain ditzakegun seme-alabak baino ez ditugu izan nahi. Inork ez du emakume bat joko, bortxaketa saioak eta bortxaketak gogor zigortuko dira».

        Euriak gogotik segitzen du, eta kazetaria ez den gutxi dabil oholtza inguruetan. Lokatza harro dator, erauntsiarekin batera bakerik eskaini gabe. Saguzarrak sareetan bezalaxe duzu jendea, hamaken amarauntasunean bildua, munduaren amaierari beha. Inoiz inork pentsatu baino ederragoa duzu hau. Malgua eta gaua zulatzen duten argiz betea.

        Lauraren ahotsak ozengailuetatik datorkidanak baino sendoago lotzen nau, eta jarraitu ezinda uzten diot hari.

        — Asanbleako jendea urduritzen hasia zen. Baina Susana honek jarraitu egin zuen: «Komunitatean karguak izateko eskubidea izan nahi dugu. Gure hitza errespetatzea nahi dugu. Ikasteko eskubidea nahi dugu, baita txofer izateko ere...». Bistan da, emakumeek zekartena ez zen gizonezko zapatisten gustukoa.

        Egun horretatik aurrera, gauza asko aldatu da komunitate zapatistetan. Gero eta gutxiago dira gurasoek aukeratutakoekin ezkontzen direnak, eta mendian, armekin dabiltzan emakumeen eragina gero eta handiagoa da herrietan bizi direnen gainean.

        — Komunitateetan, nahiko normala zen ezkondu gabe larrutan harrapatutako neska-mutilak zigortzea. Ohikoa izan da saski-baloi kantxan, poste banatan lotzea, edo eskolak konpotzera behartzea, zegoena, komunitatearentzat onuragarria den zigor-lanen bat beti ere...

        Komunitateetako giro horretatik ihesi joan dituzu emakume gazte asko Armada Zapatistarekin sasira. Han, Emakumeen Legeak indarrean daude, eta bete egiten dira. Komunitate zapatistetan astiroagoa doa dena. Egun, ehuneko hogeita hamarra baino gehiago dituzu emakumeak EZLNn. Hirutik bat.

        — Mendian direnak, pilulak-eta erabiltzen dituzte beren harremanetan. Kondoiak gutxiago. Kondoiak fusilen ahoak estaltzeko dira, lokatza eta euria sar ez dakien.

        Raulek ez bezala, asko mugitzen ditu Laurak eskuak. Baina ahotsa goratu gabe ari da.

        — Pitinka-pitinka, giroa aldatzen ari dela esan genezake. Baina badakizu non geratzen den lesbianismoa? Oraintxe hasi dira animaliak ez izaten!

        Idealizazioaren ordaina dugu. Hau ez duzu paradisua. Infernua delako asaldatu dute mundua. Hemen, jendea leku guztietan bezalakoa duzu: mozkortu egiten da, bortxatu egiten du, hil egiten du. Goizetan jaiki eta akiturik jaikitzen dira. Hurrengo egunean mundua jan behar dute. Ero haizea dago eta tristura dago. Poza dago eta samina dago. Zerua besteko infernua. Izan nahi ez den dena dago. Horregatik kostatu zen hainbeste emakumeen legeak aurrera ateratzea. Horregatik ez zuten gizon zapatistek beren emazteak bileretara joan zitezen nahi. Horregatik akordioak euren hizkuntzetara ez itzultzeko eskariak. Beste ezein bazterretan bezalaxe. Bentzutu nahi duten mundua bezain zikinak. Kontrol soziala kolektiboa duela, horra aldea.

 

 

—3—

 

Tximistargiaren bristada ikusi eta berehala lehertu da trumoia, gain gainean oraingoan. Tarratatzen hasita daude bandera erraldoiak zinkezko teilatuaren gainean.

        — Raul, hiru egun?

        — Baina hau ez duk Cesar. Hau beste zikloi bat duk!

        Argazki makinen flashak lehertzen dira agertokian. Norbaitek txalo egiten du. Zaparradaren pean, behorren lauroinkek sinesgaitz bihurtzen dute gaua. Tacho eta miliziar bat dira, oholtzaraino hurbildu eta uhalak askatzeke hantxe geratzen direnak, euripean, belauntzi bateko oihalak bezain harro puztu diren banderei beha.

        — Gainera, gauza bat, Iñigo.

        Orduan Laurak etnia batetik bestera dauden aldeen berri ematen dit. Denak zapatistak izanik ere, arropaz ozta-ozta desberdintzen hasi naizen haien artean bi, hiru, hamaika dira munduak.

        — Komandante bi ibili ziren komunitatez komunitate, emakumeekin bildu eta dena azaltzen, Ramona eta Susana. Ramonak zailtasun handiagoak izan zituen, tzotzilen herriak egokitu baitzitzaizkion. Tzotzilekin harremanak zailagoak dira, itxiagoak dituzu.

        Baduzu juzku hori egina ikusi duzunarekin. Tzotzilen mundua zarratuagoa dela tzeltalen aldean. Hauena ere itxia duzu tojolabalenaren ondoan.

        — Behatzako eran igartzen duk.

        Laurarekin solasean ari naizenetik, harat-honat dabilkidan irudia da Ramona komandantearena. 1994ko Katedraleko Elkarrizketetan EZLNren ordezkarietako bat izan zen. Ramona Gurutze Gorriko auto batean heltzen. Ramonaren huipil zuria, piztia eder, landare ederragoen irudi gorri zoragarriekin. Ramonaren aurpegi estalia, eta Marcos ondoan duen emakumea munduari aurkezten:

        «Zergatik da beharrezkoa inor edo norbera hiltzea zuek, eta zuen bitartez mundu guztiak Ramonak dioena, emakume indigenek bizi egin nahi dutela, ikasi egin nahi dutela, janariak nahi dituztela, errespetoa nahi dutela, justizia, duintasuna nahi dutela entzuteko?».

        Ramonak tzotzilez egiten du. Gizonezko ahots batek itzuliko zuen gaztelerara.

        Kazetariek ehun eta hogei zentimetro baino ez dituela gogoraraziko dute harrezkero. Oso datu inportantea inondik ere informazio aldetik.

        — Eskerrak bera ere tzotzila duzun...

        — Bai. Baina bada alderik. Tzotzilen artean emakumeak ezin dio gizonari hitzik egin.

        — Eta?

        — Ramonak hitz egin egin ziela.

        Ramona, Trini, Ana Maria. Komandanteak bi lehenak, nagusia bigarrena, EZLNko emakumeen artean izenik ezagunenak dituzu hauek. Trini oholtza gainera igoa da. Hamabi urte zituen bere familiarekin Guadalupe Tepeyacera lur bila etorri zenean. Artean ez zen auzo-lurrik, lehenetakoak izan ziren heltzen. Amona da egun eta San Andres Larrainzarreko Elkarrizketetan —Sacamch'en de los Pobres, zapatisten toponimia berrian— esku hartu izan du. Baina dagoeneko ez da ezer entzuten. Ozengailuak hondatu egin direla esango nuke.

        Hamakatik altxatu eta lozakua biltzen hasi da Laura. Hori du onena ez badu gehiago busti nahi.

        — Eta Ramona, ez da hemen?

        — Ramona oso gaixorik duzu.

        EZLNk lehen Aguascalientesa Biltzar Nazional Demokratikoaren eskuetan jarri zenean desagertu zen mundu publikotik. 94ko abuztuaren hasiera zen. Katedraleko Elkarrizketez geroztik, itzela da Ramona komandantearen inguruan sortu den elkartasun sarea. 1995ean ez da EZLNren agerpenetan izango, baina jendeari eta prentsari helaraziko zaizkion bideo bitan beragatik kezkatu diren denei eskerrak eman eta katedralean bezain garbi mintzo da:

        «Gure mugimendua indigena da. Urte asko dira hasi zela, munduari Chiapasko nekazariak gose garela, gaixorik gaudela esateko. Gaixorik nago. Hemendik gutxira hilko naiz ausaz. Ume, andre eta gizon asko ere gaixorik dago. Gaixotasun asko ditugu, baina medikuak, botikak, ospitaleak ez daude gure esku...».

        Ramona ez da egunotan La Realidaden. Oso makalik da. Baina Chiapasko ezergabeak mundura agertu zirenetik, emakume bihurtutako Zapata bat duzu Ramona, XXI. mendeko duintasun indigenaren aurpegi. Ez dakizula sentitzen duzuna adierazten ohartzen zara. Sentipen oinarrizkoak dira hartzen zaituztenak, pentsatzen duzu. Hitza kutsatu gabe balego bezala. Eta izutu egiten zara. Harriak bezalako kolpeak berba bakoitzean. Iraultzaren indarra duten ezpainak.

        Zaila zaizu Ramonaren ahotsa entzun, berbekin bekoz beko jarri eta begiak ez betetzea. Mintzoa bera duzu, kapusaiaren tartetik lotzen zaituzten begiak, munduko begirik ederrenak errukirik gabe biluztu eta lokatzaren kontra lur arrotz batean eraisten zaituztenak.

        — Begi batzuk historiaren kontra!

        Eta horrela da Trinirekin, horrela Morelian utzi dugun Emelina komandantearekin. Mendeetan eta mendeetan oihaneko hezetasunean, Gainetako lainotan artataloak egiteko goizeko hiruretan jaikitzen ari diren emakume guztien ordezkari hauekin. Neurriz kanpoko ekaitza, neurriz kanpoko banderak, neurriz kanpoko bizitzak. Aurrez galduta duzun gerra da. Eta ez duzu armarik.

        — Ni beste nonbaitera noa.

 

 

—4—

 

— Izan zara Chamulan?

        Moreliara egin baino lehen joan zinen. Ordu erdi pasa egin zenuen elizan, aulkirik gabeko eliza isil, ilunean. Koloretako xingolak sabaian eta gurutze handi bi dituzu gogoan sarreran, hormen kontra etzanda. Pinu hostoz estalitako zoruak gozo hartzen zure urratsak. Aldarerik ez. Apaizik ez. Ertzetara pilatuak, eta beren kristalezko ontzietan, inoiz ikusi dituzun santurik hippyenak, dendaren batean merke erosi eta kolore biziz margotu eta bertako jendea bezalaxe jantziak.

        — Eta ikusi dituzu?

        — Ikusi, zer? —diot, aurrera egiteko beldurrez.

        Orduan hasiko zaizu eliza barruan harrapatu zintuen zaparrada hura guztia argitzen. Familia osoak hemen, bakarrik besteak han, tabako erretzen, santuen aurrean belauniko, arrautzak eta Coca-Cola edo Pepsi botilak belaunburuen aurrean.

        — Chamulan Pepsiak du arrakasta.

        Sartu eta batera lotzen zaituen estanpa: hordiak elizan. Balantzaka, santu anden azpian etzanda, ulergaitza zaizun letania baten bilduak denak.

        — Eta zertarako dira?

        Posh-a gozoago sar dadin.

        Eta orain datorkizu berriro ere umearen eskua plastikozko edalontzia duela botila batetik ttotta dirudiena zerbitzen otoizlariei.

        — Aspaldikoa da indigenak mozkorrerako duen zaletasuna. Konkistatzaile espainolei errepresiorik bortitzena bezain baliagarria gertatu zitzaien alkoholarena. Gurutzea eta ezpata bezain pisua, Iñigo. Indio hordiak, gerrarik ez.

        Chamulako plaza handia da azoka egunetan. Postu asko dago, baina erakutsi beharrekoa ez duzu mahaietan, behearen gainean baizik. Herriko agintariei eta gobernadore bati paraturiko monumentu gotorrak mutur banatan, PRIren lokala da Udaletxeari plaza-plazan itzal egiten dion etxe bakarra.

        — Istorio bat kontatuko dizut, baina isilik gordetzekotan.

        — Ezingo dut baina.

        Chamula ekartzen duzu gogora. Hordiak elizatik ateratzen hasita zeuden. Postu artean sartu eta xira zikinaren gainean etzan zen bat.

        — Herri hauetan, dirurik ez eta udal idazkaria duzu soldata jasotzen duen bakarra. Baina soldata hau auzoek ordaintzen ez dutenez, bestelako bideak topa ohi dituzte poltsikoak gizentzeko. Horretan zegoen Tzicaba-ko idazkaria Sanpedroak, herriko jaiak heldu zirenean. Idazkariak bonbila posh franko erosi zuen. Baina indigenek txakur txikirik ez, eta besteak nahi baino gutxiago edan zuten.

        — Molokot ederra beraz.

        — Alderantziz, molokot usainak biztu zuen hura. Inor konturatzerako, santua falta zen aldare nagusitik. Indigenak, pentsa dezakezu, erotu egin ziren. Santuak abandonatu egin zituen! Orduan agertzen da idazkaria eta diotse: «San Pedro joan egin da. Bachajon-go bidean ikusi dutela esan didate».

        — Esaidazu ez dela egia.

        — Eta indioak hara. Idazkariak ez zioen gezurrik. Han zegoen San Pedro ibiltaria, bide ertzeko larrean, biderako anua eskuan zuela. Arrantzarako sarean, idazkariak bozgora irakurriko zuen paper muturra zeraman: «Festa alaia egin ez didazuelako noa —zioen oharrak—, hobeto hartuko nauten beste herriren baten bila».

        — Ez zaidazu amaiera kontatu, Laura.

        — Bonbila guztietakoa amaitu arte ez zen han bakerik izan. San Cristobalen bertan, orain dela gutxira arte zegoen milionario bakarra ttottaren monopolioa zuen enpresari bat zen, Pedrero izeneko bat.

        Egia da Pepsiarena. Esan dizunetik elkarren gainean pilatutako kaxa hutsak baino ez dituzu gogoan plazaren inguruan dauden taberna txiki guztien atarian.

        — Santuak kristauen berberak dira, baina chamulatarren bihotza ez duzu kristaua. Horregatik ez diote egiten kasurik apaizari meza ematera etortzen denean. Horregatik tzeltaleraz jakin ezean ulertuko ez duzun letania, Tibetekoa dirudien mantra ulergaitza: «Jaundone Manuel, Jaundone Salbatore, Jaundone Mateo, zuk, txoriei ere jaten ematen diozun horrek, emaiezu jaten ere zure seme-alabei, indio koitadu hauei».

        Zerbait ulertu nion. Patroia dute herriaren batasuna, batera eta bestera zebiltzan indigena haien guztien elkargunea. Santuarentzat dira lorerik freskoenak, suziri zaratatsuenak, azukre kainari ateratako posh-ik onena, erreberentziak, letaniak, pozak eta negarrak. Horregatik duzu berdintsu elizburuan kristalezko ontzi barnean dagoen Kristo Hila-ri Jaundone Manuel, Jaundone Salbatore edo Jaundone Mateo deitzea. Ez dio ardura, lana du artatsua hark: umeak eta helduak etxean, larre-zelaietan edo bidean direla ondo zaintzea.

        — San Andres egunean, Santa Marta eta Santa Magdalena bizkarrean hartu eta Larrainzar-en dagoen San Andres elizarainoko bidea egiten dute. Bisitan doaz. Baina santu hauek gizon eta emakumeen izaera ere badute. Gu bezain ahulak dira. Eta badakizu zein den andan daramatzaten gizonen kezka bakarra?

        Irrintzi egin dute Tachoren-eta zaldiek oihan beltzera bidean jarri direnean.

        — Ez mozkortzea, horrexen beldur baitira, atxurtuz gero, deskuido txiki batean, San Andresek biak izorratuko ote dituen. Santa biak haurdun geratuko balira, berandu gabe, chamulatarren eta andrestarren arteko gerra biztua legoke.

        Zeuk ere edan zenuen. Pentsatu baino gozoago sartu zitzaizun Cruz Ton-eko gizonek egin posh-a. Baduzu irudi gehiago buruan. Plaza ertzean, hau inguratzen duten harrizko aulki batean, herriko maiordomo eta gainontzeko kargu publikoak daude, huipil zuriz batzuk eta beltzez besteak, larruzko huaratxaz —sandaliaz— denak, xingolakiko kapeluak buruan eta zilarburudun aginte makila eskuan.

 

 

—5—

 

Aldegin beharreko larriak lotu zintuen. Halaxe kontatu diezu Laurari eta begiak bilduta baina erne dagoen Rauli. Berehala ohartu da Chamulan artegatu zaituena ez dela santu bortxatzailearen gaineko istorioa, herriko agintarien aurrean belauniko erruki eskeko jarreran ikusi dituzun emakume biak baizik.

        — Igande goizak herriko kontuak konpontzeko izaten dira inguru haietan. Berdin ikusiko zenuen Zinacantanen. Eta badakizu onena: inork ez du maiordomo, kabenal, pasio edo alferez izan nahi. Eskertxarreko lana da eta kargu publikoetan daudelarik dirua galdu baino ez dute egiten.

        Horiek dira orduan, pentsatzen duzu. Herri agintari haiek dira Chamulako elizako erritoaren aitzakian nola zapatismora hala protestantismora makurtutako chamulatarrak herrian behera, San Cristobalgo errebaletara, Moxviquil-era eta, bidaltzen ari direnak.

        — Chamula esatea gobernuaren esperimentua esatea da. Indigenak indigenen kontra.

        Eta alkohola ohitura zaharren oinarri.

        — Ulertzen duzu orain zapatistek alkoholari ezarri debekua? Emakumeak nazkatuta zeuden hartzen.

        Irudiak bere sotilean du indarra: Ramonaren begiak historiari aurre egiten.

 

 

Aurelio Arteta

 

        Gerra irudiak margotu ditu Miarritzen. Preso egon da Frantziako eremuetan. Mexikora heltzen denean, zeruaren gordinak eta etxeen aurpegi biziek mozkortzen dute Aurelio Arteta. Baina berak pertsonak pintatzen ditu, ez paisaiak. Lagun giroan, itomenik gabe margotu nahi duela adierazten dio bera bezalaxe ihesian heldu den Indalecio Prieto-ri. Dostatzeko, atsegin hartzeko, esango du. Eta Euskal Herri alaia gogorarazten dioten koadroak ezartzen ditu mihise zurietan. Biziak, koloretsuak. Atzean geratu dira naufrago dardartiak, umeen negarrak, ihesi doazen untziak. Gerra. Heriotza.

        Igande arratsalde mexikar batean egingo dira kolore guztiak bat, Coyoacan-era zeraman tranbiak beste bat
—heriotzarena, azkena— jo zuenean.