HILDAKOAK ETA BIZIAK
1
Mexikarrentzat Emiliano Zapata ez da inoiz hil. 1919ko apirilaren hamar hartan Jesus Guajardo koronelaren etxera bazkaltzera gonbidatu zutenean uzkurra zuen behakoa. Bazuen zerbaiten susmoa, hala adierazi zien etxalde atariraino lagundu zuten beste jeneralei. Eta pentsatu bezala izan zen. Patio ederrean sartu orduko, teilatu eta arkupe gaineko bala zaparradak eraitsi zuen zaldi gainetik.
Handik aurrera, nork esan zer gertatu zen. Arratsalde hartan bertan, Cuatla-ko plazan, Zapatarena zela zioten gorpu bat erakutsi zuen Pablo Gonzalez-ek, Carranzak zapatistak estutzeko bidalitako jeneralak. Mexikoko Iraultzaz argazki artxiborik onena osatuko duen Agustin Victor Casasolak gizon heldua dela erakusten du, aurpegi bete eta mustatxa beltzekoa. Biziek ongi ikus dezaten apur bat altxatuta dagoen hilkutxaren barruan dago eta jende asko bildu da inguruan.
Baina erakusten duten gorpua ez da sasira egin zuen Cleofas Salazar-en semea. Hala dio Cuatlara hurbildu den orok.
Argalagoa zenuen hura diote batzuek.
Esku tankerako orbaina zuen paparrean besteek.
Zapatak atxikarra falta zizun, eta osorik du honek harantzagokoek.
Egun hartarik aurrera, Zapata ez zen gehiago Morelos-ko azukre-kaina alorretan barrena ibiliko. Handik gertuko kobazulo batean bizi duzu askoren esanetan. Kapelu handia buru gainean, antosinak-eta saltzen dabilkizu herriz herri, beste askorenean. Baina bada urrunago, atzerri liluragarrian ikusi duenik ere. Pueblatik barrena, zaldi zuri eder zuen «Bateko Urrea»ren gainean Hungariara ihes egin zuela eta han ere ijitoek asko nahi diotela, eta hala ikusi dutela esango dizute Mexikoko txokorik galduenean. Eta horrela da.
Bada logika bat irabazleen mundutik haratago.
2
Urte batzuk beranduago, iparralderago, Hidalgo del Parralen, Chihuahuan, Doroteo Arango jenerala kontu batzuk konpontzera joana da Canutillo-ra itzuli aurretik. Bere emaztetako bat erditzekotan da eta presa du. Txikitan, euskaraz egiten zuen. Aranburu zuen ama. Baina Pancho Villa deitzen dute bere benetako izenez baino gehiago. Pancho Villa bere lagunik minena zuen. Hura hildakoan jabetu zen lagunaren izenaz, eta hala da ezagun Mexiko guztian.
1923ko uztailaren 20a da. Goizeko zortziak irian. Jeneralak Dodge handi bat gidatzen du. Bost gizon doaz barruan. Juarez etorbidean litxarkeri-saltzaile zahar bat baino ez dago. Autoa pasatzen ikusi orduko, honek aurrez hala hitz egindako keinua egiten du. Tiro erauntziak bete-betean harrapatuko du Dodgea. Noraezean, bide ertzeko zuhaitza joko du autoak. Barruan zihoazen guztiak hilko dira. Hala jasoko du hemen ere Casasolak, Iparreko Zentauroaren idazkari den Trillo koronela txoferraren ondoko ate gainean etzanda, gorputz erdia kanporantz duela. Villa ez duzu agertzen, baina han behar du, txoferraren aldeko leihatilatik beha azaltzen diren buru ikusbera haien begiradapean.
Hiru urte pasa dira. Atzerritar batzuek (bada iparramerikar bat tartean) Villaren hilobia harrotu eta jeneralaren burua ebasten dute. Polizia mexikarrak gertaeretan esku hartutako bat atzematen du, kartzelan ere sartuko dute, baina epaiketa eguna helduta, libre geratuko da froga faltan. Gaur arte, inork ez du jeneralaren buruaren berririk.
Zer gertatu zen Villaren buruarekin? Susmoak baino ez, gogo arruntak, idorki mintzo zaizun jendea. Hainbat eta hainbat susmo, behako goxo, baieztapen biribil. Soledad Seanez, Villak izan zuen emazteetako batek, ez du uste inoiz atzerritar batzuk heldu zirenik eta, hilobiko lurra harrotuta Zentauroaren gorpuari lepoa moztu eta ebatsi ziotenik. Hala izatera, Mexiko DFn izango zenuke egun ere burua, gorputz guztiarekin batera Iraultzari eskainitako Monumentuan, Mexikotik bertatik eta atzerrietarik hurbildutako bisitarien gogoangarri.
Izan liteke. Baina ostutako buruaren auzi honek isurbide franko izango du ondorengo urteetan, eta nork daki. Denen artean, bada bertsio estonagarririk. Ben F. Williams-ek Let the Tail Go with Hide izeneko liburuan azalduko duenez, mertzenario iparramerikar bat izan zen, Emil Honmdalh, hargin-beltzen elkarte batek 25.000 dolar eskura eman eta Villaren gorpua burugabetu zuena. Kartzelan ere egon omen zen denboralditxo batez. Zergatik egin zuen, zein indar politiko zegoen ekintza ilunaren atzean eta zein izan zen buruaren azken atsedena, jakinkizun geratzen da Williamsen liburuan.
Bigarren bertsioa Texas Western Collage-ko irakasle den Haldeen Braddy-rena duzu. Western Folklore aldizkarian agertu zen, 1960. urtearen inguruan. Itxura batera Williams-ena baino azterketa serioagoa dirudi eta askozaz bide aberatsagoak zabaltzen dizkizu literatura aldetik.
Hipotesi honen arabera, hilobia Villa jeneralaren arerioek zabaldu zuten, haren burezurrak Sierra Madre-ko mapa baten tatuaia zuelako esperantzan. Karta horretan zehatz-mehatz agertuko litzateke Villak urte batzuk lehenago urre karga handia gorde zuen ezkutalekua.
Bertsio biek artikulu sail ederra ekarri dute orpotik, El Paso inguruko prentsan-eta batez ere. Horietan guztietan agian Mark Singer-ena da politena. The New Yorker-en argitara emandako lan batean, eta Williams eta Braddy-ren ekarriak ondo ikertu eta gero, Pablo Bush Romero deitu agure baten arrastoan jartzen gaitu. El Pasoko ikerlari hau Asteazkenetako Taldeko partaidea da, mugako herri honetako intelektual, politiko eta lagun arteko kofradia izentsu bat. Bush Romeroren asmoa zein den ez dago argitu beharrik: Villaren burua non dagoen aurkitzea.
Bush Romerok bere ahaleginean egin bidea luzea da oso. Gutun bat baino gehiago idatzi dio orain dendetan eta ezein kale-kantoitan itsatsi afixeetan chupacabras, Mexikoko herri xehearen banpiro odol zurrupatzaile legez agertzen zaizun Salinas de Gortariri hau lehendakari zen garaian. Luze eta zabal hitz egin du Villaren alargunekin, eta harreman ona du haren seme batekin, Hipolito-rekin. Halaber, Mexiko eta EEBBek 1970ean sinaturiko «Convention on Cultural Property Implementation Act» ituna azterrarazi du, Yale-ko Unibertsitatea eta bertako lehendakaria den Benno Schmidt salatzeko asmoz.
Afera argitzen hasia da. Zentauroaren burua New Haven-en, Connecticut-en dagoela uste du Pablo Bush Romerok. Arrazoiak Chihuahuako lurrak bezain sendoa dirudi. Erakunde honek harrotzeko moduko bilduma du: «Skull and Bones Society», EEBBetako hezur eta kaskezurren kolekziorik aberatsena.
Bada mundu bat irabazleen logikatik haratago.
Atxikarraren indarra
Jose Francisco Telleria Uribe du izena, baina Petrikilo deitzen da, hori du familiari Zerainen eman ohi zaion ezizena. Artzaintzan eman zituen lehen urratsak, eta ardien hausturetan erreparatuta ikasi zuen orain dakiena.
Frantsesen kontrako gerran, batailoi foralei laguntzen irabazten du ogia. Batzuek Fernando VII.aren Madrilera ere joan izan zela diote. Besteek, jendearen irudimenean baino ez dute ikusten algebristarako han egin zioten azterketa hura. Benazkoa nahiz asmatua, ahotik ahora dabil gertaera. Doktore titulua lortu behar-eta, hezur multzoa uzten diote mahai gainean, gorpua ondo osa dezan. Petrikilok ezetz dio, ezinezkoa dela. Nola osatu gizona hezur bat, atxikarra falta badu.
Atxikar bat irabazleen logikaren kontra. |
Prescott Bush
Mark Singer-ek badaki non dagoen Villaren burua. Zigarroa bizten duen bitartean, New Haven, Connecticut, dio. Lankideek sorbaldan jota zoriontzen dute. Baina berak badaki ezin izango duela aurrera jarraitu. Egunkari atarian gas hodiak sartzeko itxi duten kalea bezain trabatua du ikerketa bidea.
Izen bat emango du: Prescott Bush. Yaleko Unibertsitatea eta New Havengo hezur bilduma zikintzen dituen afera ilun batean nahastua egon zen urte asko lehenago. 1918an, Geronimo, apatxeen buruzagi suharraren bahiketan esku hartu zuen Bushek. Geronimo hilik zegoen eta honetan ere, burua izan zen lautadako mitoari ostu zioten gorputz atal bakarra. Orduan baino ez die galdetuko lankideei ea ez duten Prescott Bush ezagutzen. George Bush lehendakariaren aita da, esango du. |