Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—1—

 

Larunbata iratzarri zen. Eguerdiko jadanik, ebiakoitz - ibiakoitz - iakoitza zen eta arratsaldeko lauretan, Peko Arrüaren errautsetan, eguna engoitik, neskenegünez apaindurik zen. Zapatua baizik ez zela ments pentsatzen ari nintzenean, ikusten nuen zemaren urdintasun krudelak irensten zuela Mauleko karrika nagusiaren Harlem itxura: aldi oroz Peko Arrüa gaixoa aztalkatzen nuelarik, Amerika desira pizten zitzaidan bihotzaren zokoan, bakardade errearen lur eremu gorrien mugetan, amodio-gabekeriaren errai biribilkatuetan lerratzen. Martxo hastapeñeko oihanak eta xarak denbora berean ote-liliz beztitzen ziren, urrez janzten eta Amerikak orduan are beharrezkoagoak nituen... ondikotz.

      Udaberria indarrez zetorren, gutariko bakoitza zaplastatzeko kemenez nola. Kanta zahar bat neukan gogoan, aspaldian ez gumtzatu adiskide bat eta manifestatzera joaiteko xede xoila.

      Norbaiten urrats ozena entzun nuen, gazodükaren branxamenduen egiteko, besteak beste, zilatzen zuten arrüan gora hurbiltzen.

      — Amaia!

      Ahotsa heldu zen gunera itzulikatu nintzen, eta martxoaren sei horail hartako eki beroak begiak itsutu zizkidan. Nekez baina, Pette ezagutu nuen, eta karrika hegian zutik egon nintzen, eskuak sakeletan, lagun haren haiduru.

      — Pette! Nola zira? —agurra eman nion.

      — Ez zü bezain hardit ez! —ihardetsi zidan alegrantziarik gabe.

      — Alabadere... —dudaz beterik jarraitu nuen hizketan.

      — Eta zü?

      — Ni? Ontsan, menaje egiten ebili nüzü...

      — Emazte-lan.

      — Prefosta!

      Karrika nahasiaren parte bat elkarrekin bidezkatu genuen, bazterretan zeuden harri, zikin, koloretako hodi metetan behaztopatzeko beldurrez, oinak non ezarten genituen kasu-eginez. Ele soberakinik ez genuen trukatu, ekiaren leinuru eztiak hitzaren oihartzuna menperatzen zuelako menturaz, eta nihauk, gainera, menajeetan iragan nituen hilabeteetan zehar arrunt ezabaturik nuelako normalki mintzatzeko ahalmena. Hitzen lerrokatzea zail zitzaidan eta, iduriz, Pettek ere ez zuen solasean bermatzeko gutiziarik.

      Aroaren samurtasuna aipa genezakeen, nere lantokiko andereek zegiten eran, gazodükari bumzko azken berriak edo apailatzen ari zen hauteskunde kanpaina harozua... Baina eguzkipean nagitasunak gaina hartzen zigun. Lantokiko andereen ele-sailak jin zitzaizkidan kaskoaren kilikatzera: gogaitzen ninduten, aspertzen, enoatzen, nazkatzen, muinetan Amerika desira labankatzeraino. Beti nonbait min, beti gaizki lo egin, beti senarrek zerbait pena, beti hau, beti hura, eta hondarrean, baitzekiten doi bat herresta irresponsablea nintzela, nerekiko betiko oharpenak:

      — Zü zira irusena! —zioen batek eta besteak segitzen zuen:

      — Ez ziteala ezkont, Jinkoaren amoreagatik!

      Segur nintzen ordea, ez zuela bihi batek bere bizimolde aiseta nerearekilan alderatuko. Halatan, muturik nirauen, errautsez estali zolak taigabe erraztatzen, xahatzea bezalako gauza garrantzitsuagorik munduan ez bailitzan. Xahatzen, xahatzen, Ameriketako basabortuak xahatzen, otea lili zatekeen urtaroetan, xahatzen. Bakarretan, lurreko miseriak oro langela hertsian hedatzen zirelarik, erraiten nakoten airos:

      — Xahartzea zer den bestenaz!

      Nere ausartziaz harritzen ziren, eta taldeko mihi-gaitzenak gehienetan xiberotarren kanpotiarren kontrako defentsarik egokiena botatzen zidan:

      — Manexerik aize eta jente honik ez!

      Andereak irriz karkailaka lehertzen ziren, eta bederazka egin beharretara makurtzen, menopausiaren edo menoplayaren gorabeherak baztertuz. Bakean uzten ninduten, Amerika amestuetako desertuen bidaiatzen, otarre xumeetako ote-liliak asmatzen, galtzen.

      Neskenegun hartan Peko Arrüan nintzen Petteren sahetsean, eta Pette sahetsean edukitzeaz arrotz.

      — Manifalat joan menturaz?

      — Bai, ene üzinan ere plan soziala abiarazten dizüe!

      — Plan soziala? Baia?

      — Nausiak sozialaz ardüratzen direnean...

      — ...seinale txarra!

      Pette ttattit so geratu zitzaidan, eta Petteren behako herabean irakurri nuenak ez ninduen biziki boztu.

      Zer dakizü zük lanaz? —zioten begiek, eta Petteren begiak, hain zuzen, gure ertzeratu komunista batek papoan pausatu zion eratxekin horia ikustean, dirdiran agertu ziren.

      Ez adiorik gabe urrundu zen Pette, eta Bidegain lantegiaren aintzinean, mila jenderen artean, bakarrik gelditu nintzen, alderdi politiko edo sindikato bilduek beren partaideengan sortzen zuten komunitate sentimenduaz pentsaketan. Legarretxe pareko murru apalaren gainean jarri nintzen, ekitoltzean.

      Elurra jastatu genuen. Urteko lehen eguzkiaren erasoak ziren, beraz, martxoaren sei hartan, Mauleko —orozbat Xiberoko— indar-xotilenek deitxi Bidegain SAren sustengatzeko burragertaldiaren kide. Ekiaren balaka eztiek jabaltzen ninduten, eta bortxatik ihes, lanik gabeko mundu librea itxuratzen hasi nintzen. Uste nuen oraino lanaren inguruan eraikitzen ziren salbateoria sozio-politikoak desbideratzen zirela, lanari premia gehiegi emaiten zitzaiola, eta jendarte-ardatz arinago baten bilatzeko ordua zela, guzien onerako.

      Karkaza zehargi bat nabaritu nuen.

      — Eta amodioa?

      — Zer amodioa? —ahoskatu nuen, azken hilabeteetako etxekanderea mintzo zitzaidala ohartuz. Maddiren manatzeko manerari ohiturik nintzen engoitik, eta lantoki hitsetik kanpoko gure harremanak adiskidekorrak ziren.

      — Eta bai, amodioa —errepikatu zuen Maddik.

      — Hortan dizügü bai lanik handiena! — gaineratu nion arraileriant.

      Gogo hutsez narraikan solasa segitu zuen Maddik, kurios:

      — Zeren izenean horra zira?

      — Ni?, be, basic-abertzale gisa nüzü.

      — A bon? Abertzale zü?

      — Te!

      Dardara itsuak katestatu ninduen. Zigarreta biltzen nuelarik, behatzen ikara zaintsutik kondu-errendatu nintzen amiñi bat gaitziturik nindagola, baina Maddi karkula kezkatietan mirestean, aitorpen neke eta zintzoaz ez nuen damutzeko arrazoinik. Nere «abertzaletasunaren» justifikatzeko tentaldia ukan nuen. Lotsatu nintzen zer gerta ere, ez bainuen behar bezalako pedigrerik.

      — Ez düzü mereximenturik —jarraitzen zuen irriz Maddik.

      — Eiki... —ihardestear nintzelarik, ohartu nintzen Maddi aldetik eskapatu zitzaidala, eta eztabaida horretan baratu zen.

      Ametsaren altzoan luzatu nintzen. Galerietako Zübüak mugatzen zuen Peko Arrüaren puntari beha egon nintzen. Hamar bat gizon bat-bestearen ondotik heldu zirela begiztatu nuen. Herrokaren lehen lerroan Jaun Mera ezagutu nuen bere xingola trikolorea papoan tilingo, eta gibeletik susmatu herri-kontseilu osoa zetorrela, lekuko zapatagintzaren egoera latzaren aurkako protesta, ofizialtasun malgoz inguratzeko bezala. Hautetsi zenbaiten, bon ez erraiteko auxienen, ardo txarrak ubeldu ahorpegiak aztertzean, ixtanpatez Mauleko kontseilari saldoa eta Peko Arrüako arroilak izpirituan juntatu zitzaizkidan:

      — Gazistak!

      Ekiak baizik ez zituen nere hitzak ulertzen. Ekiak baizik ez baitzekien arroilaz arroila nolako bidegabekeriak plantatu ziren Xibero Gain honetan. Arroiletan arroilena, krudelena, Peko Arrüa zela nioelarik, jendaldea igitzen sumatu nuen, larsen soinuz nahasirik zen megafoniaren itzulian. Sohako batez zenbatu nituen hautetsiak, eta hauteskunde garaia zenez gero, hautagaiak, partikulazki alderdi sozialistekoek, politikaz bazkatzen hasirik irabazi kiloak: animaleko «profeituak» egiten zituzten haiek, eskuinekoek bezain gottorrak, herrialdeak oro gosez eta menpez atxikiz. Oihu batzuren oihartzuna eskaini zigun megafoniak, eta perrexakeria antzuen xendra abandonatu nuen.

      — Bat, bi, bat, bi, bon...

      Bidegain SAko langileak beren izerdiz erroraino sosez hanpatu lantegiaren horma grisetan bizkartzen ziren, banderola ttumea eskuetan. Gehienek gaztaroko indar zati handia hor higatu zuen, zuzendaritza tiraniko baten peko. Egungo burragertaldiak ez zukeen mendekatuko makina zaratatsuen artean jasan gorputzen urteetako xurgatze urria.

      Egi horren agerpena beti harrigarri zitzaidan, nihauren kasua ere baitzen nolabait: jendeak umiliatze larrien gatik lana maite zuen, eta lanaren galtzea izigarrikeria bat zen, lanak jende bilakarazten gintuen sozietate batetan bizi ginelako. Horrela zen funtsean: armadak, gizona gizon hezten zuen; ezkontzak eta haurdunaldiek emaztea emazte, eta lanak jendea jende.

      Eki leinuru goiztiarrek bihotza berazten zidaten eta, Bidegain SAko langileen gisa, triste aire nintzen: alabaina, eskubiderik ez zegoen jendearen mode horretan tratatzeko, ontsa martxan omen zen üzina baten zerratzeko, eta osagarrian ziren langile suharren karrikaratzeko.

      CGTko ordezkariaren mintzaldiaren suak iraganera eraman ninduen: meategi erraldoietako greba-huelga-lanuzteak, euripe gordinetan asmatzen nituen, eta Zola-ren hitzen mamia berriz guretzen hasi nintzen. Germinal hitsegia baldin bazen, martxoaren seia Maulen eguzkiz itorik zabilan, eta miseria iragarria are latzago egiten zuen. Sindikatoen ordezkariek, gaurkoan, XIX. mendeko langileak bil zitzazketen eleak deiadarkatzen zituzten, baina, lanaren mundua itxuraldaturik zegoenez, egungo egunean oihartzunik ez zutenak. Ezintasun dorpeaz jabetu nintzen, eta sindikatoek plan sozialen negoziatzeko eta baiesteko balio zutela erantsi nuen nerener. Hatsartzea zail zitzaidan: langabetu kronikoa nintzen ni ere.

      Megafoniak karrika-üngürüaren has seinalea eman zuen: «Abia dadila manifestazionea, ixiltasunean, Xiberoak bizi behar duela aldarrikatzen duen banderolaren gibelean; hor diren beste elkarteer galdatzen diegu beren lemarik ez dezaten plazara, manifestazione honen xedeen ez desbideratzeko, eta segurtatzen ditugu behar orduetan borrokatzeko haien sahetsean giratekeela...».

      Irriño bat marraztu nuen. Irriño berdina ikusi nuen hainbat jenderen ezpainetan, aurretik galdu ilusio baten antzera hegaldatzen. Ikastolen partetik, Bidegain SAren aldeko deia zabaldu zutenekin joan nintzen, nere ekitoltzeko murrutxoa kitatu ondoan.

      — Alabadere...

      — Zük erran...

      — Hitza hitz! Jinen direa gero ikastolen süstengatzerat?

      — Nola jakin?

      Ekia. Irriñoa. Mauleko karriketan saldoan ibiltzeko plazer bekaitza. Hunkigarritasun zerbait. Ekia. Erran hitzerdien marruma.

      — Zoinen goxo den!

      — Hor zirea zü ere?

      — Botzik niz zure kürütxatzeaz.

      — Ontsa zira?

      Ekia. Marruma. Makilaz bermatzen ziren langile xaharrak. Erretretatuak. Kazetalariak langileen ordezkariak elkarrizketatzen eta manifestalariak argazkitan hartzen. Ekia. Egarria. Zeren egarria zuzen? Garagardoaren ala Justiziarena? Zertan oinarritzen zen elkartasunaren ideia? Egarrian? Gosean? Langabezian ala lanean? Noiz? Begitartea ekiari oparitzen nion, galdeak jautzika buru zokoan zabilzkidalarik. Maddi aurkitu nuen, bisean-bisean, Gambetta karrikaren izkinan eta eskatu nion:

      — Nola entelegatzen dün alkartarzuna hik?

      — Orano pentsamentükan!

      — Ba, gü güttin beti alkartarzün erakusle.

      — Ago ixilik otoi!

      Maddi urrundu zen, ezkerreko eskuaz agurra luzatuz:

      — Sarri arte Amaia!

      Bakar baino bakarrago sentitu nintzen. Dudaz betetzen zitzaidan gogoa. Elkartasuna biziki gaizki partekatua zela niolarik, aspaldiko lagun-min baten botza ezagutu nuen:

      — Horra zira eneki, edan dezagün behin!

      — Prefosta.