Burdinazko bizkar-hezurra txertatu diote Bereterretxeren Kantorearen lurraldeari. Gas naturalaren iragaitea negoziatu dute Jauntxo berriek, Lacquetik Calahorrara, Zuberoan eta Zaraitzun gaindi. Industriaroko eraikuntzen aurka oldartu dira Gaz-Pars elkartean bildutako 105 laborari zuberotar.
Nobela honetan Itxaro Bordak ironiaz eta bozkarioz plantatu duen Amaia Ezpeldoi detektibe-ruralaren pertsonaia sentimentalak, gaurko mendeko beaumondarren eta agramondarren arteko gatazka giroan, aurkitu beharko du Gaxpar Buztanobi, Lakarriko gizon xahar desagertua. Ohizko eleberri beltzeko suspense larri eta krimen odoltsurik gabekoa dugu «Bakean ützi arte» hau. Eta krimenik baldin badago, estatuek eta lobbyek kudeatutako herrien suntsitze prozesuan datza, biztanle xeheen nahikundeen kontra. «Bakean ützi arte» omenaldi bat da. Maitasun seinalea. Borrokak dirauelako.