Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

19

 

Xiberoko bestaliant ororek ba zakien maskarada urtarotik kanpo, Mauleko Pitxu batzokian hartzen zela hitza. Nafarroa karrikala eraitxerik zen Maule-Gainetik eta horrarat joan nintzan, beste hanitxen gisa, garagardo fresk bezain merke zonbaiten edatera, ostirale gaüak jüntatzen züan lagüngo haütüan. Arrastiri apala nola iragan zeitan pentsamentükan nindagon bizkarra kontuarrean bermatürik. Joanak ene 4La «bahitü» züan Haitzen ganat bideratzeko. Gisala —eta erriz kontatzen zeitan— zortziak alderat goaitan egon behar züen biek Barkoxeko apezetxe aitzineko tartetan, «Barkoxeko Apeza...» hitzeki hasten zen Etxahun-Topeten kantorea nork oihüstatzen züan kausitzeko, eta apezak manexa izanagatik, behineko bakea goza zezan pürü.

      —Kluk bat irestren zugu Jerminenin!

      —Margak zerbützatürik balinba...

      —Bai, kori zu.

      —Zer haboro?

      —Gero Haitzeki... murtx-murtx!

      Joanaren matelek kolore gorria züen. Zaraitzuarraren ator xuriaren pean, amodioaren bihotz berdea joiten süsmatzen nüan. Alagera nintzan, bapatean Joanari so, gure herriak hain maite züan ikürriña ütxüratzen nüalakoz. Eta ikurriña hego aizetan dantzan asmatzean kobla zahar elibatetaz oritü nintzan:

 

            ikurriñ bat —kate ta lili—

            torre goitijan zabal dago

            bera salduko daun umerik

            mendi hontan ezta jayo!

 

      Eta «eztau laztanduko axeak!» arrapikatzean üngürüaren histarzüna ahazten nüan. Imur ezinago honean nintzan. Kantan narraikan: «Maitatzen bazaitut, itaundu dautsozu leyuan klisk dagin illargi-izpijari...» Joanari begira... begira... begien zola higatzealaino. Erabakirik nüan:

      —Nik Jimi telefonatüko deiot.

      —Azkenin.

      Karrikan ari ginen ahaide harilkatzen eta elestan, tipustapastean Jojobarretik elki ondoan. Bülegoala igan ginen, aste ejerra eta baliosa bizi izan günüalako üdüripenaz oso botzik. Joanak bere aldetik «Bereterretxen Kantorea» murmuzikatzen züan, Aberri Kuttunaren eresia murduiatzen nüan bitartean, ikurriña Mauleko Gaztelüko Harresietan arra-ikusteko esperantxaz hantürik. Bülegoan, konpakt-irakurgailüan Thelonius Monken KDa jarri nüan, eta Joanak hozkailütik, whisky pilika bat jalgi züan. Leihotik so egon nintzan düdaz beterik bena agüdo erabakiaren gibel-ühinen ondoramenik ez egarteko, telefonoaren besagia altxatü nüan eta Jimen zonbakiak marraztü. Berritan jo züan bekanikak Haranbeltzean... lauetan... bostetan... zazpietan.

      —Heltübada ez düzü etxen!

      —Begamala...

      —Domaje lükezü —zeiharkako sohakoa lüzatü zeitan Joanak ene ahorpegian trixtüra zerbait nabaritü beit lüan.

      Eginen erraiteko arras trixte nintzan. Indar animala konplitü nüan —Joanaren prezione pean prefosta!— telefonalat hüilantzeko eta ihor ez zagon linearen beste püntan. Monken piano sonüer üztartü nüan izpiritüa eta Joanak eskentü zeitan, arrastiriapal hartako lehen garagardoa. Ixilik egon ginen ünean pentsatzen nüan, Jimen ganako trixtürak beno, nüan ürgüilü propioaren mankatzeak belzten nündüala. Üsü, ürgüilü propioaren xederetan preso sartzen ginen, mündüa gure desiren arabera erabilten ahal ez günüala kontü-errendatzean. Erabilten edo xoilik bizitzen... Joanak mütütarzün pezüa hautse züan:

      —Baniazu Barkoxrat. Zazpiak t’erdiak dra.

      —Zoaza —artekatü nüan.

      —Biar Lertxundren entzutrat sinen zra?

      —Muskildirat?

      Zoriontsü zen Joana. Erantsi züan:

      —Kebenko Muskildi ala kanko Muskilda...

      —Eta zer?

      —Su bardina zugu sabelin! Fait te pauer!

      Hitz horiek ahozkatü zütüaneko bülegoko bortaren itzalean desagertürik zen, parekotarzünak aisa moldatzen zütüan zaraitzuarra. Eskailerretan behera eraixten zelarik behatzen nüan, autoko giltzek Joanaren ahürrean sortzen züen dilindotsa.

      Pitxurat heltü nintzan hamarrak irian. Müsika «a tope» zagon jadanik eta ene trixtüraren itotzeko lehia handia nüan, üsatü bezala, sei gradoko alkoholean bezainbat sonü gogorretan. Lagün zonbait atzaman nüan. Laugerren garagardotik landa ez züan ene ülünbeak kemen doirik erakutsi. Hantik harat «irostarzün etiliko-xinple... dobla»ean igerixkan ebilten nintzen. Solasaren hariaren ehuntzen ari ginen gazodükeko lankien trabatzeaz aküsatürik zen bat kantüala jin zeikülarik. Elea ezpainetaratü artean hedatzen ziren segundu baratxetan, bülegoan arra-irakurri nütüan 1990ko Miroir De La Soulean agertü gazbidearen honartze-artikülüak iragan zeiztan bürütik. 1990koarramaiatzaren 23ko hamaboskariaren titülüak, Bostmendietan, Üthürzehetan edo Altzaipe hetan ikusi bekanika erraldoien maneran zilatü zeitan gogoa: «C’est officiel: Le gaz norvégien passera par la Soule!». Izkribüan azaltzen zen gazodia lürrean hiru metretan ehortzirik zatekeala. Agorrilaren 4ean «Xiberoko Mirailak» xehetarzün baiezkorrak zabaltü zütüan». «Enfin, le chantier durera sans doute deux bonnes années, et aura certaines retombées économiques, la taxe professionnelle pour les bureaux du chantier, les achats locaux de matériel, l’embauche temporaire de main-d’oeuvre locale, une certaine part de sous-traitance locale et régionale, et aussi l’apport des 200 personnes qui s’occuperont de ce grand chantier...» Idazlearen lümaren ildoan düda eta boztarioa nahastekatzen zirela nabaritzen nüan. Bena oroz gainetik, düda zen nausi: kazetariak izpiritüaren anpletzeko —ala lokarazteko?— erabilten zütüan hitzetan segürtarzün izpirik ez beit zen. Pentsamentüka zalean, Gaz-Parseko kidea aitzinean nüala ohartü nintzan, eta hareki elestan jarraiki nüan: Paueko tribünaletik iragan zortzi lagünen aüzia kontatzen zeitan. Interesatürik entzüten nütüan oldartzea eroaiten züenen indarren agerpenak eta Gaxpar Büztanobiren erria ütxüratü nüan.

      —Ba dakizüa, Gaxpar Büztanobi Lakarrin, Gaz-Parsen sartzear dela?

      —Ez.

      —Arrastiri hontan erabaki dizü hori.

      —Haboroen eta hoberen!

      —Nahi düzüa beste bat?

      —Bai, zerentako ez!

      Lagünaren üngürüalat ezagützen ez nütüan jente elibat jin zen. Garagardoa zürrütatzen ari nintzalarik orano, Mauleko Berri-Paperaren «segürtatze» maniobrak nütüan kasko-zokoan hegaltakan: 1991ko apirilaren 13ko hoilan aipatü zeiküen haütetsiek Loire esküaltealat egin züen bidajea. Ordüan ikasi —eta ikusi!— züen xiberotarrek, gazodüka lür-azalean pausatürik zatekeala, 65 zentimetretan eta gaz’a ez zela aidearentako zikinkor, are gütiago lanjeros aidean bera hurtzen zelakoz arrunt «ezkapatze» kasüetan, eta «inzidenteak» aski arraro zirela funtsean. Artikülüa ürrentzen zen gdfko kargüdün baten solaseki: «C’est dans quelques années que votre région constatera les bienfaits d’avoir une telle source d’énergie à proximité...» Gazodük detsaren honartzea oso begironez amiratü züan prefetak, 1991ko maiatzaren 25ko zonbakiaren arabera: «J’ai admiré comment vous Jes (La sngso) pris en otages... nous avons une attention particulière sur votre zone qui se défend... mais il n’y aura pas de banco de ma part... je serais votre complice sur un canevas précis de travail...» Prefetaren hitzek sicaren bürüzagiaren erraner ihardesten züen: «Le comité de pilotage met tout en balance... il faut créer un fond de reconversion industrielle... il faut avoir l’ambition de créer 500 emplois!» Erdarazko deklarazioneak gogoan nütüan, eta galtoak ere bai: nor izan zen bahitüena? non ziren hitzaman bost ehün enplegü hek? nork züan gaz’a merkeago pakatüko? norentako egiten zen egiaz gazodüka? zerentako hain ülünak ziren segürtarzün negürrien argibideak? —nahiz Haroun Tazieffek Bokalen ahozkatü züan antologiako zati hau: «Si le gazoduc est construit suivant les normes des ingénieurs qualifiés, le risque sera insignifiant...» Bokaleko mintzaldia 1991ko apirilan agitü zen, eta norbaitek jakitekotan, sümendi-ikerzaleak ba zakian Ahüñamendi güne hotan lürrak üsü egarten zütüala ikara bortitzak. Pontzio Pilat osen moldean Haroun Tazieffek, ikusiz herrialdearen praubetarzüna, esküak xahatü zütüan, progre ütsüaren altarean Xiberoa eskentzez. Zerentako hots, gezürkan segitzen züen notableek, natüraren defendazale ohiek, politikariek, mültinazionalek eta kazetalariek? Errealitatean, enplegü-kontü, gazodükaren honartzeak ez züan bizpahiru jenteentako baizik lana sortzen, eta orano epe mügatüko, non ez ziren audela lan-postüak galtzen... Jakintsüek baieztatü gezürren eragina krüdela zela üdüritzen zeitan gure mentean, jakintsüek potereen beharren arau edozer baieztatzen ahal beit züen ondarrean, eta halaz Xiberoko lürra betikoz bahitürik zagon, bere izena ontsa beno ontsago eramaiten züan «Servitude à vie» zelakoaren bidez. Gaxpar Büztanobik ejerki ikasi züan bekanikek ez züela jentetaz axolarik. Gük ere bai ber zoinüan. Mozkortzen eta deskorajeatzen ari nintzan. Bapatean Mitikiltarren eta Sütsiarren agiriak airostü zeitan gogapean: «Orai artino nahi düena egin beit düe gazodükaren büiltazaleek uste lükee Mitikilen jaun eta jabe bezala jokatüren direla. Jakinarazi nahi diegü orai artino agitüek ez gütüela lotsarazten, bena bai, aldiz, oldartzera behartzen». Xiberoa saltzen züen De Treville Jaun Konte berrien kontre güdükatzeko prestik ziren Mitikiltarrak eta borroka alorrak ez ziratekeen Sohütako edo Ündüraineko ordokiak, gazodiaren üngürüko zonbait metra-karratü baizik. 1661 ko urtats gaüaz agitü zenaz irakurriaz oritü nintzan: saldo batek —Komando Mandoren gisakoak ote?— Matalasen bürüa bere lantza-tinitik elki züan, kirixtiki ehorzteko Berrauteko txapelako lürrean... Bede-hizketan higatzen nintzalarik aspaldiko adixkide baten soa kürütxatü züan eneak.

      —Beti ametsetan?

      —Bai. Denbora lasterrago iragaiten zitazüt hola.

      —Bena... no... Galto egin gei neizün...

      —Zer?

      —Libro zirea dagün astetik harat?

      —Orano bai phü. Zentako?

      —Eratzari aisa manatzen zünüan Txinako aüzüne hartan ez?

      —Bai. Eta?

      —Gure lanean menajearen egiteko norbait ments dizügü.

      Erriz lehertzen ari zen adixkide hari ez neion erakutsi trüfatürik izaitea ez nüala batere maite.

      —Zonbat?

      —Berrogeita hamar oren, lau ehün libera astekal!

      —Merke düzü, bena akort. Dei bat balin ba düt ezkapatzen nüzü.

      —Ontsa.

      Bostekoak topatü güntüan. Kontent nintzan adixkide horren zerbützüan egoiteaz denbora llabürreko. Ez nintzan «difizila» etaxaharrek erraiten zeiküenez, —erretreta galantak... % 100 seküritate zozialean... plein-emploi garaiko langileak... gure pikarraitarzün ekonomikoa... horien ongi izaitearen trüküan...— botzik orano lanaren ükeitez.

      Bihotz-üngürüan zimiko bat nabaritü nüan. Oso arrail izanagatik Jimen begi urdinak jin zeiztan nekez esküalatürik nüan bakearen türbüstera:

      —Lana bai, bena amodioa? —murmuzikatü nüan. Behialako adixkidea harritürik ützülikatü zeitan:

      —Zer amodioa?

      —Deüs.

      —Mintzatü zira. Erran düzü... bena amodioa.

      —Nik?

      —Ez ziteala inkieta. Lau ehün libera astekal. Maite zütüt nik laneko!

      Lagün hura erriz hasi zen. Ahatze nüan. Ordülariak goizanko hiruak markatzen zütüan. Ahoa ideki nüan:

      —Ba noazü etxerat. Aski ba dit gaurko.

      —Koloreak berde dütüzü —ohartarazi zeitan adixkide harek eta kantore ezagün baten hitzen arrapikatzeari ekin zeion:

 

            Ezkont-mina dutenak seinale dirade:

            Matel hezurrak seko, koloreak berde!

 

      Kasko barnen ahaidea ebilten zeitan nabela baten moldean, larrüzale. Solasaren ürrentzean ezpainak mobitü nütüan, eta Pitxuko giro ezinago beroa bertan abandonatü nüan. Loaren mündü-hegian nintzan jadanik karrika aztalkatzen ari nintzalarik, lehiatzen beit nintzan ene ohe txipiko kuetaren pean pausatzeko. Mauleko plazala hoinez heltzez, hedexuri kamioi ülüna kürütxatü nüan eta ber denboran, eretzeko argi zurbailetan, plaza trebesatzen züan itzal batek oihüstatzen züan eresiak harri bilakarazi nündüan.

      —Bereterretxe? —deiadarkatü nüan batere ahalkerik gabe. Harro nintzan, arin eta zoriontsü haren aitzinean agitzeaz, miriak oro ezabatzen nütüan, Jimeri egin telefona-kaldü antzüa, mozkorra, trixtüra, gezürrak, eta prestik Ahüzkiko jabearen noranahi segitzeko, Harareko desertüetarat edo Metropolis grisenetarat.

      —Gaü hau amodio düzü —salatü neion, begiak aragiz hüstü ezür arteketan jüntatzez.

      —Bakartarzüna idatz ezazü —erantzün zeitan kantorekoak eta agertü bezala hürrüntü zen Mauleren üztez bere Ahüzkiko aterbean gordatzeko.

      —Nik izkriba?

      Heltübada Gaxpar Büztanobiren ixtorioa paperean etzan nezake, bena ez nintzan trebe hitzen lerrokatzeko lanetan.