15
Godalet txipiñietako vodka zehargi eta freska aisa eraixten zeitan züntzürraren behera. Atarratzeko plaza elür-pean arra-asmatü nüan eta edari ttilika bakotxean, negüa berantetsi zeitan, negüareki horra beit zen maskaraden eta Xiberoko Ikastoletako Aitamek xügünki saltzen züen pastetxen urtaroa. lgantez-igante hedatzen zen bedatsearen hunkigarritarzüna. Gogapenak baztertzez, ohartü nintzan Basabürüa ülünpean zela jadanik. Negü ametsaren ordez, hego aizeak buhatzen züan amoroski, eta ez nüan pentsamentüka antzüetan galtzeko arrazu handirik: aski nüan Petteren segitzea, Petteri obeditzea, eta aitzina joaitea. Ostatütik elki ginen. Simca 1000 hoilia gure haidürü zagon. Atarratze ützi günüan eta Ligiko Laminen Zübü kantüan autoko motürra eho züan Pettek. Kofretik jalgi züan oihal puzka bat, eta hareki begiak tapatü zeiztan.
—Gure gordagialat eramaiten zütüt.
—Züen zerealat?
—Komando Mandoaren gordagialat.
Harritürik nintzan oso:
—Zonbat zidee?
—Lau, üsatüzko komandoetan bezala, prefosta!
—Perdiu! —erantsi nüan; zur eta lür eküratü nintzala ohartü zen Pette, eta karabinaren mütürra bizkar-ezürrean plantatzez oihüstatü züan:
—Aitzina!
—Alabadere... —erran nüaneko bideko harri koxkor baten gainen trabükatü nintzan.
Petteren manüak jarraikitzen nütüan zer hel ere! Ixilik ebilten ginen. Gaüa zela ba nakian, bena behi-eznadün ürrina züan oihal-zapiak debetzen zeitan larrazken hatsarreko ene plazeretan higatzeko moldea: zelüko izarren zonbatzen aritzea. Izarren ahaztez —ai artizarra ikusi nahi nükeala!—, Komando Mando zen saldoaz galtozka nindabilan: zinez arraro kausitzen nüan xaharrak holako talde paramilitarretan bildürik izaitea, normalean Hunki-Jin edo Adin Ejerra izeneko klübetan sartzen zirelakoz hein batetara heltü ondoan; lau gizon horiek nonerebeita, gerlari ohiak ziren eta ba zakien komando bat zer zen; edo azkenik, egiazko komandoa zen, ekintz-egile, zartagailü montazale, zübü trabazale eta bürdüin-bide okerzale. Xendera malkartü zen. Petteren hatsa llabürtzen nabaritü nüan eta ausartü nintzan:
—Bena zer egiten düzüe komando hortan?
—Orai kartakan eta kantan ari gütüzü. Düala zonbait urte ordea...
—Düala zonbait urte?
—Montorin güntüzün aleman baten zaintzen.
Pette erriz hautse zen eta Basabürüan Montori ahaidea, ahoak emana ahala eskentü züan amira ez nezakean gaü beltzari:
—Ez zinen orano sortürik.
Karkazaka segitzen züan Pettek. Ihardetsi neion:
—Ttarrotürik nündüzün bai.
—Orit zira beraz?
—Bai, hortzaz eta beste hainbat gaüzetaz.
Noski —Joanak zioen bezala!— oritzen nintzala, Burgosko auzi denboran nola ahapetik mintzo ziren gure kartieleko jenteak, gü ginen krepautek ez entelegatzeko mügaz bestaldean agitzen ari zena. Bena irratiak goizetik arrats ez züan Burgosen kondenatüekilako alkartarzüna baizikaipatzen, eta mentüraz herriko gehitüek bezainbat jakinean ginen. Urde ehaiteetan edo familiako apaidüetan gei horiek oro «diskrezionerik» handienareki eztabadatzen ziren haurrak lotara igorririk. Bapatean ene pentsamentüka nostalgikoa botz herots airosak ebaki züan:
—Pette! Biba Pette!
Ordüan, Pettek begietako tapagia elki zeitan eta ola baten eretzean nindagola ohartü nintzan. Larrazkeneko gaüa hotz zela kontü-errendatü nintzaneko Pettek olaren barnekaldealat bulkatürik nündüan, karabina kolpü bortitz batez. Argi ahülari üsatü ziren ene begiak baratx-baratxa, eta süaren üngürüan jarririk ziren hiru gizonetaz gain, ardi saldo baten marrakak apertzebitü nütüan.
—Gaü hon —erran nüan lotsaz katiastatürik, eta hiru gizonetarik batek ttottogi apala eskentü zeitan, beste batek «kostaletak errerik» zelakoz bete zieta bat lüzatzen zeitalarik.
—Jan ezazü.
—Eta ardu goxotik edan.
—«Mahats-ardu doiak dütü flakoak azkartzen» —erantsi züan zühür-hitz maneran beste botz batek orano.
Komando Mando osorik agertzen zeitan. Hiru gizonak Petteren «klasakoak» ziren mentüraz. Pettek presentatze lana egin züan:
—Jüje... Johañe... Pierra... eta ni Pette!
—Botzik niz züen ezagützeaz —ontsa-ikasiaz erantzün nüan Petteren elastüriari.
Jüjek godaletak arduz arradan bete zütüan. Ardi marraka minbera batek ützülarazi nündüan eta ikusi nüan Pierra gazna egiten ari zela, olaren aixolbe beroan.
—Gure kümitari —opatü züan Pettek godalet erdi-hütsaren altxatzez.
Lauak gero Suharreko ahaide bati lotü ziren, eta nik behatzaz kostaleta ezpainetarat ekarri nüan, egiaz otsoa bezain gosaio nintzalakoz. Urina ixurten zen aragiaren behera eta kimikako kürsoetan nekez ikasi erreakzioneaz ametsetan hasi nintzan: alkoholak lipidoak gaintitzen zütüan gisala; halaz lürrean zagon ene godaleta arduaren altarealat iganarazi nüan: Jesus Krixto han zen bere kürütxean txilintxau... egarriz ote?
Kimika, fisika, metafisika eta gaineratiko debaldezko jakitate sailak arrunt ahatze nütüan sütondoko etxe-larren pindarrek seaska-kantore bat moldatzen züela, loak hartü beit nündüan. Erdi iratzarri nintzalarik, besoko ordülariak goizanko biak markatzen zütüan eta iau gizonek mus partida erraldoia ürrentzen züen. Lo-hasnan arra-erori nintzan bena orano behatzen nütüan gizonen oihü eta garrasi hanitxak nindagon belar-haxealaino heltzen. Pette etzan zen. Pierrak ohe estali hona züan. Jüje jarririk eküratü zen sü kantüan. Ardien marrakek noizean behin ixiltarzüna hausten züen, eta uste-gabean Johañe kantan ari zen. Botz xeheaz emaiten züan sekülan entzün ez nüan ahaide batetan Argia dela diozü-ren ühin eztia: emekiñi ari zen hitzak argiki ahozkatzean sonüen hüilantzez. «Har nezazü saihetsean... bizi nizano mündüan» solasak bihotzean ximiko bat sortü zeitan, eta olako bakartarzünean Jimen «honezia» geroago hürrünago ütxüratzen nüan. Bigerren aldikoz arrapikatü züalarik «Amodiorik ez düzü... orai zütüt ezagütü» nigar-hegian nindagon, kantoreak —eta orozbat kantoreek—, zoinen hunkigarriki erakusten züan bizitze bakunaren harat-honarata pentsatzez. Johañeri so egon nintzeion. Ez nüan ahal sinesten: harek, ahaidea harilkatzen segitzen züan, gü ez bagina bezala. Kantore horrek ez züala xiberotarrez baizik eskentürik izan behar niolarik, senditzen nüan kantatzeko plazeraz gain, orano zerbait haboro ba zela Eüskal Herriko Eresitegietako hitzetan: bihotz bakotxaren minaren arana... Pette jauzian hupatü zen.
—Ixil hadi... Zer hel ere!
Johañe olako leihotik alde-kanpo ülünaren miresteko eküratü zen xütik. Gizonaren balizko penaren partekatzen iseatzeko ordez, eta nihauk ediren «egi berriaren» aztertzeko partez —Jimen kasua!—, bürüa bateria herotsez, kitar eletriko lerrakorrez eta askatarzünari deika ari ziren metal asotsez bete nüan: «... ez esan inoiz hau bukatua dago... ez inoiz esan bidea amaitu da... borrokan gelditu barik... gogor etsaiari!» Kaskoa hatxeirüz hantü arau ezpainak mobitzen zeiztala üdüritü zeitan. Jüje zerbaitetaz ohartü zen:
—Hau phü, amiñi bat español dizügü.
—Gük ez giniroke hola erran.
Nitzaz mintzo ziren Komando-kideak. Jaukitü nintzeien:
—Española ni? Ez düta aski manexina izaiteareki. Audela ez düt ahoa ideki ere!
—Kantan ari zinen.
—Ni?
Nahiküntea nekez kontrolatzen nüan beraz eta ützi nütüan lau gizon jadanik iratzarriak beren artean elestatzera. Belar-haxe idorraren maldan plegatürik zagon —süaren pizteko heltübada!— Egünkaria zahar bat atzeman nüan. Berriek, aspaldikoak zirenez, ez züen ene ardüra etxeki, bena Pernan Karrikabeitia batek sinatü artikülüak lotü zeiztan begiak. Hitzak lerrokatürik ziren moldean deüs güti nüan entelegatzen, ordea irakurten tematzen nintzan: «...inmakulotasun virginal puru garbiena, nola-ere kapable ez bagina... ulertzeko izanki antza pensamendu eskatologiko hain sublimea...» Alabadere mütüka ari zeitan mihia eta gizonak godaletak arradatzen ari zirela ikustez, enea lüzatü neien gogo honez. Xuri nintzan mentüraz. Jüjek galto egin zeitan:
—Zer dü paper horrek?
—Ba, izkribü drole bat.
—Eüskaraz?
—Prefosta, ikaragarriko planta düana.
—Diana... otoi! —xüxentü zeitan Pierrak.
Beste biek ez züen ihardokitzeko paradarik galdü:
—Ago, ago Pierra!
—Ez dük hala gero. «Düana» dük. Ertzotzen ari hiza?
Kexüa nagusitü zen. Johañe, ñiñiak bustirik beti, bere leiho-hegian zagon. Gaineratiko hiruak berotzen ari ziren:
—Eüskalzaindiak erabakiak hartürik ditik!
—Libro nük bai auz... Mulde-gaitz elibat zide!
—Legea lege dük, eta hola iraünen dik gü bizi gireno! —moztü züan Jüjek, eta Pettek karabina olaren hegatz ahül-pean altxatü züan mehatxüz bezala.
«Basa» horien erdian nindagon, ez jakin zer pentsa: behin egarten nüan Eüskaldünon Egünkarian irakurriaren pezü hitsa eta gero xiberotar hen arteko debadioaren ozena. Enetako ez zen idatz-moldea arrazoaren funtsa, bena bai eüskararen erabilpena, hain hersia, hain debetüa, hain zanpatüa, hain zokoratüa, hanitxetan eüskaldünen artean berean. Estado zentralixtaren legearen kontre —le français est la langue officielle de la République (à la Bastille)— behar züen eüskal eleek ezpainetaratü, aldi oroz bortxa baliatzez. Audela pentsamentükan zeihar, Pierraren teoria llabürrak oritarazi zeiztan sicaren züzendariak gazodükaren aurkako bühürzaleen apaltzeko hedatü zütüan iragarkiko solasak: «Hots Xiberotar haitetsiek eta aintzindariek dioie lan franko egin diela bi urtez eta franko ardietsi diela...» Nahasten ari nintzan bena segürtarzüneko galtoa egin neion Pierrari:
—Gazodükaren alde zirea?
—Ez düzü gure lürretarik iragaiten!
—A!
Leiho-hegitik «mündüalat» ützüli zen Johañe kontsolagaitza. Bakea nahi züan eta oihüstatü zeikün:
—Akamudatüko zideia?
Pettek karabina pausatü züan:
—Arren, burrat bat edan dezagün.
—Gaxpar sarri atzamanen beit dügü —ausartü nintzan, kopetaren erditsüan gaüko godalet hütsen dantzaz azirik zeitan hatxeirüzko barra ahatze-gogoz.
Pettek botila lüzatü zeitanean, ez nüan halarik ere, ezetz errontaren ahozkatzeko korajerik üken. Ez nakian ezetz erraiten —ez nintzan hargatik baikor!—, eta hortzaz ifernüko ekai nintzatean gaineratikoen gisa. Johañe arraileriant agertü zen. Ixtorio bat kontatü gei züan:
—Behin gizun bat kofesatzera jun züzün eta apezak atsolüzionea eman beno lehen ohartarazi ziozün bekatü bat gordatzen zeiola: «Eta ebatsi dian mobileta hura? Jakinean nük gero!.» «Ba bai Jauna, nik ere ba dakizüt zertan ebilten ziren gelariareki!» «A!, bon, bon...» ihardetsi zeion apezak eta gibel-asmorik gabe ego te atsolboa eskentü.
—Hori, hori! Johañe! —zioen karkazaka debadioan higatü hiru gizonek. Erri zabalaren oiharzünak iharrausi züan olaren anpletarzün berria:
—Halere, Johañe, emazte bat da diagü heben.
—Entelegatzeko adinean dükek bai, perdiu!
—Prefosta —artekatü nüan solasaldi xügünean—. Ba dütützat gordiñagoak entzünik, bai.
—Biba zü! Ezagützen düzüa Hegabü gaxoarena?
—Nahi düzüea nik kontatzea? —proposatü neien, bigabostetan egari beit nütüan Hegabü zenaren miserien agerpenak. Mezperan Atarratzeko bidean, Petteren Simca 1000 traheilean esküak estekirik nütüalarik adibidez, eta lagüneki edanaren gainetik horra zen boztario-zorionaren partekatzez ardüra, Hegabü xütitzen zen gure begi türbütsen eretzean.
Orga higatü baten dimuaren pausagian zagon irratiaren egüneko lehen txinkakatzeak behatü güntüan, abantxü harritürik: «Seiak eta hogeita zazpi minüta dütügü. Orai iratzartzen diren ororer agur...» Xiberoko Botzaren ühinak barreatzen hasi zirelarik lo-horditik arras elki nintzan. Emazte-botzaren goxotarzüna hedatzen zen Basabürüko bortüetan eta Pettarreko ordokietan, galanki. Pettek garrasi latza botatü züan:
—Xütik! Komando Mando!
—Gaxparren txerkara gira joango!
—Biba Berango!
—...eta Mauleko Xango! —deiadarkatü züen lau gizonek bizkarreko zakü pezüen altxatzez. Pettek behi-eznadün ürrina züan oihalaz tapatü zeiztan begiak. Ordea, argi-azkorriaren amiratzeko denbora amiñi bat edüki nüan, orano urdinagoak zirela Xiberoko bazterrak ohartzeko. Jadanik debetüko zeitaen ikuskizünaz dolütan nindagon. Petteren ürxokako karabina lepo-hegian senditzen nüan, hotz eta lotsagarri. Iratzeen artetik, bortüaren behera abioan ginela üdüritü zeitan eta asmatü nüan Bostmendietan barna ebilten ginela. Ene xedea azaldü nüan:
—Telefonatü behar düt.
—Lakarrin soltetüko zütügü.
Arrazu nüan pürü eta beldürrik gabe ja, karbinaren mehatxü-pean aitzinatzen nintzan, lau gizonak Gaxparren aspaldiko balentrietaz mintzo zirelarik solas kokilotez.
Larrazkeneko argi-ürratzeetan, oihanetako iraztor eta xareetan pausatü izar-ihitzak zankoko espartinak bustitzen zeiztan eta izar-nigar ttanka bakotxak Gaxparren gordagialat hüilantzen nündüalako segürtamena azkartzen zeitan. Gizonak ene gibelean ixiltü zirelarik, kantore baten arrapika ospetsü bat ausartü nüan:
—Jo Ta Ke... Irabazi arte... Dana emon biar jako maite dan azkatasunari!