14
Xahar-egoitzan iragan oren lüzeen ondoramenez, amiñi bat türbüts nüan gogoa. Gaxpar Büztanobiren atzamaiteko lehia sekülan beno azkarragoa nüan. Gaxpar ez zen audela gizon-bakotx bat, familia ba züan üngürüan artatzeko, erasiatzeko eta orozbat maitatzeko. Akontrari, adin erre hortarat heltü hanitxek ez züen gisa bereko zorte honik, eta aitor niron xahar-egoitzetan zirenek pürü, bakartarzünetik sort zitakean isolamentü sendimentüari ihes egiten ahal züela. Ba nakian heinbat gazte izana gatik, bakartarzüna egar-gei zela, bena zerbaiten beharrean —elesta edo beste—, ihoren ez kausitzea arras gogor ere zela. Izpiritüaren eremüan, bortü-handien tinier txilintxautürik, Jimen begi urdinak amiratü nütüan: lotsa gaintitzen ez balin ba nüan, oso galdürik ebiliren nintzala segür nindagon. Ordea, lotsa, presontegi tinkoa zen eta bakartarzünak bere alde eztiak ba zütüan, prefosta. Peko Arrüan nintzan jadanik. Karrikaren hedadürak lotsa hürrüntzen beit züan ixtant batentako, animalko ilüsioa azi zeitan eta argitarzünak airostearen hegaletan eroan nündüan. Joana Haitz Zümeta detektibe-ohi-filologo-berri zelakoarekilan inganioalat abiatürik zen, eta ni Peko Arrüan lo-hasna bitxi batetan, ametsetan. Argitarzünari jarraikitzez eta zotükatzekoa nintzala oritzez, xüxen-xüxena Jojobarrealat gidatü nütüan ürratsak.
Jojobarren arima xotil güti zagon. Arrastirietan, heltübada, horko aizinantak pausaldien üsantxer plegatzen ziren, edo telebixter so egoiten —arrunt Et(b) Maulen!—, gaü apaletan burrat baten üngürüan, zer erranik edükitzeko baizik ez balin ba zen ere. Kontuar kantüan jarri nintzan eta kafe bat manatü nüan. Jojoren begiradak enea jo züan, lehentze ikusten nündüala erakusteko moldez eta kopeta tximaltzez, manüari baiezkoa eman zeion. Ülüneko mahainean ordea, lau gizon kartakan ari zirela kontü-errendatü nintzan. Botz ozentsüz mintzo ziren, eta oihüen artetik, gazodük eta Gaz-Pars eleak berezi nütüan. Beharria, ostatü zokotik horra zen broilari bermatü nüan:
—Ba dakizüea zer egin düan barda sivomeko bürüzagiak?
—Bilküra beit zen atzo?
—Gaz-Parsekoak han zütüzün. Gazodükarena ordr-dü-jurrean ezarrazirik. Jünta ürrentü dizü gazodüka aipatü gabe.
—Horik, horik!
—Biba! Biba!
—Hüxtüka elki dütüzü Gaz-Parseko hipiak gisala!
—Oro bilozione! Oro zikin! Oro drogatürik!
—Ez düzü xiberotar bakar bat ere saldo hortan.
—Hobe. Fama phü hon etxek dezagün.
—Xiberotarrak ez gütüzü nolanahika agertzen gero!
—Ez horixek!
Kartakariak karkazaka lehertzen ziren. Kafe-kikera ezpainetaratü nüan barantx-baratxa, eta kafearen beltzak arra-bete züan ene gogapen hitsaren ordokia. Hau ez zen bakartarzüna. Hau ez zen isolamentüa. Hau zerbait haboro zen: thotx-keria hütsa. Mündüko edozoin herritan agitü izan balitz hau —demokraziaren kerestatzea...— jente bardinek «protestatüko» züen. Xiberoan, honartzen zen demokrazia horren lür-peratzea, demokraziaren joküaz baliatzen beit ziren Jojobarzaleek hastiro zütüen bi jentalte: laborariak eta eüskaldünak. Beti harritzen nündüan, jente ustez normalek —eüskaldün izanak berak noizbait bena zürübi-zozialeko heltükin bilakatürik...— gaineratiko eüskaldüner züen herrak. Nihau, extremistaz jaunsten nintzan ordüan eta pentsatzen nüan, herri hau maite züanak —Herria maitatzeko era asko dago...—, züala heben deliberatzeko eskübidea. Brauki xütitü nintzan, eta berritan Peko Arrüa bailakatzen züan eki ahülak berotü zeitan ametsaren ildoa. Karrikan nindabilalarik, Kolegioko Zübü aldetik hüilantzen ari zen adixkide bat kürütxatü nüan. Eleant zen:
—Zerentako düzü keffieh hori?
—Gazza Banda bat ba dizügü heben eta...
—Parka?
—Ba gazodükareki, Gazza Banda bat!
—Intifadaren ordüa horra ziküzü beraz?
—Peko Arrüako harriak mendeküz urtukiko ditizügü.
—Ba bai, ertzotzen ari zira ondarra.
—Ez etxit, bena...
—Agur.
Adixkideareki amiñi bat elestan eküratzeko prest nintzan, azken egünetako gertakarien aztertzeko. Joana Haitzen ganat ezkapiz geroztik lagünik ez nüan, eta hitzaren sonüaren ahazten ari nintzan. Ondoramenez, murmuzikan, Peko Arrüaren 76. zonbakialaino segitü nüan. Bülegoan sartü ordüko bake zerbait nabaritü nüan, eta Thelonius Monken KDa laser-irakurgeilüan ezartez osoki anpletü ziren ene intifada desirak.
Izkiriatzeko bekanika oihalaren petik jalgi nüan, zinez idatz-inbeaz beit nintzan, eta üdüritzen zeitan isolamentüari ihes egiteko molderik egokiena zela hitzak bata-bestearen ondotik herrokatzea. Harrien urtukitzea bezala. Karrikako adixkidearen ahorpegiaren airostarzün griüatsüak gogoa trebesatü zeitan eta Jimei telefonatzeko plan tan nintzan. Telefonaren besagia altxatü nüanean ateko zintzarriak bortizki jo züan. Ez nüan, egiaren erraiteko, ihor egürükitzen eta seirak irian, Pette Kihilalten hitzart-leküalat abiatzekoa nintzan.
—Aitzina!
Bapatean larrüzko zaküa besapean zeraman gizon bat nüan eretzean, kostüm trua-piez batez apaintürik zena. Hatsarrean, uste nüan, Jeovharen jakile bat zela, bena gizonak ene uste xinpleen zerrenda arrunt moztü züan.
—gdfkoa nuxu, etxe guzietaat baniaxu, eta nahi nikexu jakin ea Victor Hugo karrika huntako jende auxienen gisa, gaz branxamendu bat egitea desir duxunez. Merke: 1779,00 libera... ttc!
—ttc?
—Ha bixtantxu... Tut Tax Konpriz!
—Eta ez ba niz branxatü-gei?
—A ordian sosa galduko’uxu, burrustan, eta sosa galtziaz gañ... Bena zendako ez xira branxatü-gei?
—Gaxodüka laborarien lürren porrokatzez egiten beit da!
—Hara, hara. Xu’re hipi hetaik xira ala? Dena den, laborariak beti pleñi txu!
—Ezautzen txit ba kantia nik’e.
—Haie... Gazik merkeena ta garbiena Xuberandako’uxu.
—Hoi’e usu entzuna’ixit naski.
—Xu etxira xuberatarra.
—Ta ze?
—Etxit deus konpreitzen xure ebanddelioan.
Ehelegatzeko püntüan nintzan eta eüskalkien nahastekatzen ari nintzala ohartzean, izpiritüa Thelonius Monken müsika-notetan esteki nüan. Oritü nintzan ber zonüan, gure arto-herriko xahar batek, urte hanitx züala, argia ekarten zeion edfko teknikalari baten despeditzeko erabili zütüan hitzetaz. Arño zenaren hitzak arrapikatü nütüan:
—Paa’ti ha’i heentik... ta fite io!
Gizona harritürik so egon zeitan. Larrüzko zaküa besaperatü züan, eta kostüm-trua-pieza ozkan ezartez ahoa ideki züan:
—Hipi hiroa... beharre gañatikoek «batzarri-hon» egiten daaxie!
gdfko mitilak bülegoko atea klaskarazi züan. Mürrüan dilingo nüan Maule-Gaineko komunixta hil-berri baten ondorengoek eskentü Leninen potreta bere itzetik erorazi züan danbako bortitzaz. Lür-ikarak iharrausi zeitan korpitza. Ikara ühin bardinaz senditzen nüan, Gaxpar Büztanobi orai ez zela nitarik hain hürrün, ene ezpainetarik mintzo beit zen.
Zainak anpletü zeiztalarik, hunki ere ez nüan izkribatzeko bekanika gordatü nüan. Hozkeilütik garagardo bat elki nüan eta ordülariari sohako bat botatü.
—Jada?
Seiak kart ments ziren. Denbora agüdo ba zoan. Deüs hartü gabe karrikalat eraixi nintzan, eta Mitikiltarren oldar iragarriaz ametsetan hurtzeko prest nintzan: «hainbeste legezkanpoko egitate salatü izanik ere, gasbideko lanak abiatü dira, eta Jüztiziak ez dü oranokoan...». Aldi oroz eüskaldün frangoren gisa, Jüztizia hitz hortan traukatzen nintzan... errespetatzen ez zen müga baten maneran altxatzen zen güne güzietan, jenteen nahikünteen kontre obratzeko. Elizabide lantegi ohiaren aitzinean nindagon arrunt eta Jüztiziaren injüztizia baztertü nüan kaskozokotik. Ez nakian nontik sar eta karrikako kihilaren gaintitzez, erdi-idekirik ikusi nüan borta batetarik ausartü nintzan. Aüzoko txakürrak orroaz ari ziren. Ez nütüan abereak maite eta laket zeitan konpainiako abere bakarra bi zankotako hegazti ebiltaria zitakean. Etziko balizko amodioaren begietan itotzez, korajez bete nintzan, ürratsean ez etsitzeko. Beldürraren engainatzeko Ikerzaleak taldeak argitaratü libürüko argazki batez gogoratzen nintzan: Pataugas lantegiaren lobioran ba ziren hiru ehün langile ezteietan bezala herrokan, üros eta alkartürik. Elizabide zenari «Regum» espartinaren ideia ümen, Erronkarin jin zeiola kontatzen züan libürü harek: han, eiherazain-ondorengoak begistatü zütüan abarka arinak hoinetan txoxtakatzen ziren haurrak —libürüak ez zeikün salatzen «haur korik euskararaz ari zrenez!»—, eta Maulerat ützültzez abarka moldeko oskien egiteko üsina sortü züan. Mitoa pürü hala hedatü zen eta iraün züan, 1965ko «desastre» ekonomikoaz ürrentzeko. Trajedia bat zen, Elizabideren bizitzea 1952an, berak pastoral bat hont-araztez, pastoralgei litzakieena. Elizabide miserian zentü zen. Elizabide Pastoralaren lehen kopla moldatü nüan lotsaren eta arrastiriko spleenaren aizatzeko:
Egünko gure süjeta
dügü R. Elizabide
gizun handi zela eta
gurekilan akort zide!
Lantegi hüts eta hotzean, ürratsak taula-gain asmatüan nola, herots metalikoa azten züan hola. Pastorala montatzen balitz, jokülari zonbait Erronkariko eta Zaraitzuko eüskaldün berrien artean hartzea ontsa litakeela üdüritzen zeitan. Eta... Bapatean, maskaradetako Pitxu ertzoegi baten oihü lüze bat entzün nüan. Pastoral detsak abandonatzez, kantüan zagon kartoin metaren gibelean gordatzeko junpe egin nüan. Leiho hautse batetarik horra zen argi-zimiko ahülean Pette zatekeana agertü zen, kexü:
—Nor dabil heben gainti?
Behar nüan zotükatü. Kartoin metaren maldatik ahal bezain anple elki nintzan:
—Ni.
—Nor zü?
—Amaia Ezpeldoi, Gaxpar Büztanobiren txerkaralaria.
—Tenorez zira.
—Beti hala nüzü. Non da Gaxpar?
—Sarrixek erranen deizüt.
Pette Kihilaltek abantxü hirutan hogeita hamar urte züan, bena korpitzez oso zainart emaiten züala honartzekoa nüan. Zakü batetik soka lodiak esküalatü zütüan, eta eki-leinürüak begiak ütsützen ez zeiztan artean, ohartü nintzan saihetsean karabina gottor bat ba züala Pettek. Geroago lotsago nintzan:
—Zentako düzü arma hori?
—Zure bahitzeko!
—Ene bahitzeko? Erradazüt non den Gaxpar eta libro ütz nezazü.
Mintzo nintzalarik Pettek ükaraiak tink esteki zeiztan, eta armaren bürü karruntatüa lepo-ondoan nabaritzen nüalarik, Elizabideren lantegi desertatütik jalgi ginen.
—Hobe düzü trankilik egoitea.
—Besteñaz... pan! pan!
—Eta bai, perdiu, prefosta, uste düzüa zinpurtüko nizala?
Ez nüan behar heina entelegatzen: Gaxpar Büztanobi non zen balin ba zakian Pettek, zerentako ez nündüan leküalaino zale gidatzen? Bena ez nüan mehatxü-pean ebilteaz beste haütürik. Pette erriz ari zen. Erri aberats horren arana hastial zeitan, eta Txinako aüzüneko karate klaseetan ikasi abilezia zonbaiten erabilteko inbea nüan. Ordea, debaldetan eskarniatzeak ez züala balio handirik pentsatzez, Joana Haitzeki Barkoxe-Bürgüan imaginatzeari ekin neion, eta zintzoki Petteren desiretarat plegatü nintzan, argi beit zen Pettek goiz edo berant Gaxpar Büztanobiren ganat eroango nündüala.
Eskolen Arrüan Pettek abandonatürik Simca 1000 hoilian sartü ginen. Ükaraiko soka ez zeitan apentziarik ere iaxatü, eta karabina gibeleko jargietarat urtuki züan mentüraz zen ihizlari trebearen gisa.
—Arma kargatürik düzüa?
—Perdiu, prefosta, bai, karabina eta pixtoleta, biak —ihardetsi zeitan sibilinoki.
Simca 1000 zaharraren azantza nekez egarten nüan. Pettek giroaren airosteko, Hegabü gaxoaren zorte gaitzaren berri eman zeitan. Bigerren aldia zen ixtorio hori behatzen nüala, eta imur beltzean nindagon. Ohartü zelarik Pette alageratzeko partez, ülüntzen nündüala, ixiltü zen eta irratia piztü züan.
—Xiberoko Botza düzü... regalatzen nüzü! —erran züan Pettek, harro, Sportingeko jabeak Indurainen trikotaren erakustean zükean harrotarzün bardinaz asetzez, zerbait prezios eta harrigarri balü bezala.
Esküetan min nüan eta üdüritü zeitan Pettek harrotarzünetik landa züan mütütarzünaren arabera, ez nüala aski estimatü Xiberoko Botza entzütean «regalatzen» zenaren ürgüilü kültürala. Irratiko mintzaiariaren hitzer üztartü nüan gogapena: «... engoitik ba dakizüe dagün neskenegünean Muskildin, Benito Lertxundiren emanaldi berezi bat da datekila...» Banpez arraileriant bilakatü nintzan.
—Muskildin ba da tekila. Ontsa da.
—Zer diozü?
—Tekila datekila Muskildin... biba Txe eta Zapata...
Joanaren ahotik ikasi ahaidearen kantatzen hasi nintzan:
Ardo gorri naparra, Kubako rona ta
Mexikar tekilakin badugu zarata
Independentzi griña odolan eukita
Aurrera Napartheid Txe eta Zapata...
Pettek ez züan ene imur aldaketa konprenitzen. Otoitz egin neion:
—Soit nezazü azkenean.
—Egarriak hila nüzü perdiu. Eküra egitean Atarratzen.
—Soit nezazü hots!
Atarratzeko plazala heltzeareki esküak askatü zeiztan. Behatz übeltüen mobitzen iseatzen nintzan, bena odola ments nüan behatz-püntetan. Simca 1000ari joka hasi nintzeion odolaren bidearen aisatzeko. Pette larderiatsü ikusi nüan.
—Zer ari zira ene autoari kuskaka?
—Ez nüzü eskü-mütür hotz horieki sartzen ahal ostatüan arauz!
—Zerbait bero pakatüko deizüt: zokolateznea edo kafioleta.
Ez nüan ene ideiaren partekatzeko astirik üken. Piellenean kokatü ginen. Pettek golkoan züana manatü züan enetako, beretako ardu-godalet bat galtatzez. Zerbützariak zokolatezne ketsü eta gahündüna ekarri züalarik goibel egon nintzan, desgustatüaren plantan. Pette inkiet ageri zen:
—Zer düzü orano?
—Vodka bikoitza nahiago nikezü.
Begi-pare animal bat miretsi nüan Petteren ahorpegian.
—Bena, bena... neskatilek ez dizüe alkoholik edaten.
—Neskatila izaiteko adina aspaldian iraganik dit.
—Alabade... vodka ordüan —oihüstatü züan ene bahizaleak. Eta vodkak, negürik latzenetan amañiren sütondo xokoak bezala, barnea, arras goxatü zeitan.