Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

4

 

Bülegoko borta zabaltü ordüko, etxen senditü nintzan, eta Lakarri-Büztanobian bizitü nüan kürübilo latzak ützi nündüan. Seküritate apür bat ments nüan. Jenteekilan agitzean, sendimentalegia nintzan, bakoxtarzünean higatzen ziren hanitxen gisa. Plazer handia zen elekatzea, hitzen ozenki erabiltea, eta üsü harritürik nindagon, Xiberoalat jinez geroztik, noiz behinka ezagün zonbaitek enekilan solasean denbora koxia galtzen züelarik. Txinako aüzo hetan jenteak kürütxatzen ziren, bena ez zen halako mintza-minik, eta balin norbaitek tenorea galto egiten ba züan, zale igorten zen ordülari baten erostera; heben aldiz, eleek nitan amodio-beharra bezalako zerbait iharrausten züen, eta segür nintzan, adibidez, Jimen kintan, egiazko amodioa beno laketago zeitala xoilik harekilan mintzatzea. Haren eretzean gertatzean, ahazten nüan osoki, maita nündükean —nik nezakean ere bai— gizonaren aitzinean nindagola, eta hura hürrüntü bezain laster hüts erraldoi baten üdüripena nüan: zentako ez neion erran maite nü..., arauen arabera gizon-emazteek egiten züen molde xinpleenean. Bena hori arras konplikatüa zen, eta lau urteetako exilioak zedarriak leküz kanbiatü zütükean. Hortik zatorren ele-gosea eta mintza-ezina ber zonüan.

      Telefona-kaldü zonbait iragan beno lehen, trixtetzeko partez, laser-pean ohidürazko Thelonius Monk en KDa ezarri nüan. Piano sonüa hedatü zen gelan eta round midnight hasi zenean hozkailütik bierra fresk bat elki nüan. Tütotxetik zürrüpatzen nüan artean, kabinetealat joan nintzan, paper zaharrez bete kesa baten txerkara. Nike boitan gordatzen nütüan aspalditik, herri honen eta Txinako aüzünearen ixtorioaren aztarna idatziak: traktak. Irakurri ondoan, oritzapenaren metan pausatzen nütüan, noizbait baliosak azaldüko zirelako esperantxaz. Eta egün, Lakarriko desagertzetik landa, Gaz-Pars alkarteak karriketan hedatü herexak premiazkoak ziren ja enetako. Bierra ttilika bat..., eta paper haxea altzoan nükean: traktek, orai erraiten dügün maneran agiriek, bideetako harri pikorren eta hen gainetik iragaitean marraztü oski hatzak markatzen zütüen. Mündü batek zankopilatü zütüan hain artoski izkribatürik izan ziren bizitzako garai baten seinaleak. Thelonius Monken round midnight barreatü zen Peko Arrüako auto presatüen herotsen gaintitzez. Ixtanpatez, imaginatü nütüan Jojobarreko aitzinantak azken ricard edo blanc-limea tzarraken edaten ari zirela, lürreko zorigaitzen jorratzez, molderik errenbesenean:

      —Zer ühorrosteak!

      —Ez züen beste beharrik, gaxoek!

      —Zer ari da gobernioa?

      Züala mente bat doiako Jinkoaren ordez, gaur jenteen ondar helagünea gobernioa zen, exkerreko gobernioa esküinekoa beno hanitxez haboro. Erriz entzüten nütüan Jojobarreko kliant plañak, kasik orroaz ari zen telebixtak kondatü züalarik nola hiri handi batetako treinean emazte bat bortxatürik izan zen:

      —Merexi züana baizik ez ziozü agitü.

      —Oro behar ditizüe erakutsi orai!

      Bortxaketa gertakizün latzetan audela, ez züan deüs ikustekorik gobernioak. Gizon güzien gustüko, andre erdotz zonbaitentako ere, emazteak ziren biolentzia horien ogendant bakotxak: ez gobernioa süstüt. Emazte minartüekilako alkartarzünez, ez nüala ürratsik higatüko Jojobarren niolarik, Gaz-Parsen trakt paket bat edüki nüan begimenean.

      Baratx-baratxa irakurten hasi nintzan, lehen bizikoz balitz bezala: «sngsoaren (Société Nationale du Gaz du Sud-Ouest) projektoa da, ahalmen handiko gazodük batek eraikitzea, Ziberoaren trebesatzez, Larrainen barna, Nafarroa hegoaldeko Kalahorralat hel lizakeena. Hirutan hogeita bost zentimetroko erruntarzüneko tubea, lürpean metra bateko sakontarzünean ehortzirik lizate, eta hortarik, lautan hogei barreko prezioneaz lau mila eta sei ehün metrokübatü gaz iragan lire minütan... 1989-1990 arte, Ziberoatar bidea baztertürik izan zen, lüzamen eta igikortarzün soberaxkokoa izatez. Ordüan, 1987an, Aspe eta Aragoiko ibarrak izan ziren haütatürik gazodük horrentako, bena popülüak bezainbat haütetsiak, projektoaren kontre jazarri ziren...» Hitz ezinago argiak ziren. Halarik ere ez nüan pertzebitzen noiz eta nola sngsoak gazodükaren plana kanbiatü züan. Ohart nintzan bapatean, urte zonbait lehenago, nihau Nepalen trekkingean nintzalarik, irratiko berri interesantenak K7 batean kopiatzea eskatü neiola adixkide bati. Ez ziren informazioneak oro baliodün gaurko behaldian, bena alkarrizketa batek eman zeitan Ziberotar trazearen aukeraren zentakoa: Aspeko ibarrean, jentea oso mobilizatü zen 1988ko üdan eta ondoramenez, Inchauspe deputatüak ideia bat proposatü züan Paueko prefetüran, ba züala elkibide segür eta hon bat, gazodükaren Larrainerik, edo behar-gorriz, Baigorririk pasaraztez. Inchauspek Lesküneko süstengü-taldeer, agorrilaren 25ean igorri leteratik landa, erraiten züan goratik, gazodükak Aspen itses ekologiko latzak egin litzakeala, derrigorrezkoa zela trazearen aldatzea. Ziberoarentako 1988ko üda izan zen bühürgüne larria. Horra gero, 1990ko arramaiatz hatsarrean, sngsokoak Maulerat hüilantzen zirela, beren tube projektoarekilan, lan mailan aski egoera tzarrean zen eremüan barna baiestatzearen trükean, enplegü sortzeak eta retombées économiques hanitx liratekela deiadarkatüz. Leküko haütetsiek, arramaiatzaren lin, motelki baizik ez züen salatzen treize berria, elestatzerik gabe plantatürik zela azpimarratzez, bena «halabehar» baten gisa honartzez. Beste aldetik, seküritate saileko garantiak galtatzen zütüen, projektoa jarraiean «pilotatzez» eta retombées économiques elibaten ardiesteko negoziaketen hastez.

      Hain hebenkoa üdüri züan ipuin honek, beste mündü —herenerri ote?— batetakoaren egitea züan. Amazonian ezar dezagün, ez zirena autobideak azten indianoer lürren eta bizitzeko ahalen ebastez? Europako indianoak ginen heltübada, orozbat, Ahüñamendi osoetan, ber projekto indüstrialak xedestatürik beit ziren: tenzione handiko eletrika lineak, elür lerragia güneak, lür peko tünelak, gazodükak... Horiek oro, Europaren eta mügaz bi aldeetako komünikazionearen estakürüaz. Bospasei bedats züala, telebistetan eragin züen püblizitate kanpainaren hitzak entelegagarri bilakatzen ziren: Pyrennes - frontiere sauvage! Ameriketako imigranteek entzün züen Go west oihüaren ber mailakoa zen telebixtetako ordüko lema. Hortan ginen larrazken hontan, konkistarik salbajeetan salbajeenaren erdi-erdian. Senditzen nüan halako gogo-hits batez, aitzinagotik nik ere projektüaren kontre edo pürü jakinean beharko nüala izan. Ez nintzan joanen bada, axolagabea ni, 1990ko ürrietaren lin lür-jabeek eta hauen lagüntzaleek moldatü Gaz-Pars alkarteko kide bati xehetarzün galto egitera. Arrazo frankorekilan nitzaz trüfatüko zen kide hura, politikaz, ekologiaz, feminismoaz edo Eüskal Herriaren geroaz eztabadatzen beno ardürago mozkortzen ikusirik izan beit nintzan. Ütxürazko hürrüntarzünak ejerki pakatzen ziren. Epeletarik nintzan, düdaz beterik, eta xoilik hiru helbürü nütüan, bizi-prinzipio igigaitz moldean eraikirik, eüskararen üngürüan: eüskaraz pentsatzea, eüskaraz mintzatzea, eüskaraz irakurtea, eüskaraz edatea, eüskaraz jatea eta eüskaraz amodioaren egitea. Jatea, edatea edo pentsatzea aisa zen, bena giro deseüskaldündü hontan amodioaren egitea nekeza zela korpizteko aitortzeko nüan, eta hortakoz nintzan mentüraz hain bakotx. Zena zela, ez nindabilan ene jüstifikazionen gibeletik, ez gazodük kontüetan, ez gaineratikoetan, baizik Gaxpar Büztanobi gaxoaren txerkatzen.

      Paperak beren Nike-Air-Jordan boita gorrian ützi nütüan. Telefona-kaldü bat eman nüan. Lezeetako botzak, mobiletaren leküstatzeko ahal züana eginen züala segürtatü zeitan, eta biharamenean haren berri ükenen nüala hitzaman. Hariaren püntaren püntan Haitz Zumeta nüan, Barkoxealat erretiratürik zena, Bilbo kantüetan lazgarriko droga trafiko sareak desegin ondoan. Gizon ausarta zela ba nakian. Inkesten mündü lanjerosen abandonatzez, amiñi bat akitürik beit zen, Barkoxen zagon Ziberoatarraren aztertzen, filologiako lizenziatüraren esküalatzeko Zorroagako fakültatean. Solasaren ürrentzean arrailerian erantsi neion:

      —Eüskalzaintian finitüren dükezü Haitz!

      —Beno ba, baliteke, bai, halaxe emoten dau.

      —Ikasle hona balin ba zira phü!

      —Zugaz ondo xamar urtengo naz.

      —Otoi Haitz, ez aipa Gaz debrü hori...

      Erri-aire nintzan, eta Haitz Zumetarekilan ertzokeria linguistiko zonbaiten trükatzeak imur eztian ezari nündüan. Aski laket zeitan Haitzen ahorpegi sarraskitüko orbainen mirestea, eta bere begi urdinetan Kantauri Itsasoko ühinak asmatzen nütüan, dantzan harroken kontra... zure doñüa... (etab). Nahiko nükean, Jimekilan, ber mintza libertatearekin higatü, nola Haitzeki. Bena hor, sendimentüak gaüzen askatzeko partez, oro kolokatzen zütüan. Gogapenetan ñagitzekotan nintzan, ohartü nintzalarik arrastiriko zazpiak zirela abantxü. Oritü nintzan, inkesta gaitz hontako —elestan artzeko bederen!— lagüntzale baten beharra ba nüala. Misteri-Service-koer deitzea erabaki nüan.

      —Misteri-Service, agur!

      —Bai, gaü hon. Aste batentako norbaiten premia ba düt.

      —Hanhan, bihar, goizanko zortzietan jinen zaizü lagüntzalea.

      —Janaz, edanaz, loaz eta heltübada haboroz saristatüren düt.

      smica ordaintüko deiozü arauz?

      —Nontik? Ez düt sos pilik! Eta eüskara balaki hainbat hobe.

      —Eta zer orano?

      —Euuuh...

      —Ontsa. Norbait atzamanen deizügü, bai.

      Geroago imur airosagoan nintzan. Thelonius Monken KDa arra-hasarazi nüan, eta bigerren kronenbur bat ideki. Pianoak, berritan, zoratzen nündüan, eta argizagi betea zela erakutsi zeitan Ziberoako ikastolako haur bati erosi neion egütegiko hoilak. Argizagi betea, zelüa zohardi, izarrak kantari. Etxetik elki behar nüan, lehen beno lehen. Aragiaren oihüa ari zen nitan orroaz, amoros nintzan. Eta argizagi betea... Kaminetetik arropa bero zonbait sartü nütüan bizkar-zaküan plegatü gabe, eta eskailer pean nüan vttarekilan Peko Arrüalatü nintzan.

      Detektibe rüral xoil bat nintzan, eta pentsatzekoa zen maneran, inkestetan hanitxez baliosago nüan vtta, autoa beno. Erraitekoa nüan ordea Réussir en Pays Basque-ongi heldu Euskal Herrian kanpainan «sübenzione»baten irabazteko süerteak jo banündüan, vttaren ordez, katrekatr baten jabe neintela, bena ene herrian asüna baizik ez zen «ongi heldu». Horiek hola, zeiharkako bide lohitsüetan üsüxagoñi ebil nintakean, autoak hain xüxen kurri ez zütükeanetan. Han nütüan kabale eta ohaide galdüak kausitzen. Balima, Gaxpar, ber moldean deskübritüko nüan. Sohütako bideari lotü nintzeion, Jai-Aiai aldetik harat. Ardail ürrinak katiastatü nündüan. Hatsaren bila joan nintzan, biriketan barna, geroago barnago, eta pedalatzen nüan artean, halako antsia batez jabetü nintzan. Jim zen antsia horren erroa: lotsa nintzan nihauk deliberatü nüalakoz bere etxealainoko bidajearen egitea, amodio eske. Gaineala, ez zeiztan batere laket, aitzinetik apailatürik ez ziren gertakizünak. Izerdia senditzen nüan belarraren behera perlatzen, eta beldürrez josia izana gatik, iros nintzala üdüritü zeitan. Trakt batetan irakurriaz oritü nintzan, egonezkortarzün latzaren ahazten iseatzeko. Gogoz arrapikatü nüan: «Haütetsiak ez ziren ihoiz axolatü jakiteaz jenteek, orozbaka ala bakoxka, zer zioen gazodükaren projektoaz...» Demokrazia eskasa nabari zen gure eskualdeetan, nahiz gobernio eta gobernio mitil ziren mass-mediek oren oroz bürüan sarrarazten züen libertatearen paradisüetan iraüten günüala. crs eta gaineratiko hedexuri edo beltzak, demokraziaren zainzaleak ziren, eta horien meneko ginen. Katastrofa bat, nion, zonbait urte lehenago Sohütarrek eskentü züen pastoral soroa orai, oso ürbanizatürik zela kontüratzez. Sohüta, Bildoze, Garindaine eta Gotaine herrixkak, Mauleren «cité-dortoir» gisako zerbait bilakatürik ziren, eta hor bizi zirenek, kasü güti egiten züen demokraziaren histeaz, gazodükaz edo langabeziaz, Lakarri-Büztanobikoen penak ez zütüen partekatzen, eta Canal+ errezebitzen züen ber, mündüa errausten ahal zen. Alabena, hiru belaünaldi pürü eman züen —aitañi, aita, semea— heltükin mailala hortaratzen, eta ez züen ütziko ihor zoriontarzün ekonomiko horren düdan jartera: berena beit zen, berek eginik, nonerebeita, «kurtsa» hortan kide elibat zankopilatzez. Hürrüntürik ziren minen oiharzünak, gelan edo kanberetan metatü aberastarzünak txesta beit zütükeen, pastoral egiteko soroa oro sakrifikatürik ere.

      Sohütako ekitoltze hura gogoratzez, Hokiko patarrean gora abiatürik nintzan jadanik. Hamabost kiloko vttaren bulkatzea neke zeitan, eta pedalen gainen xütitürik, hatsa desordenatüki hartzez, arribatü nintzan, einerik, Haranbeltzerat eramaiten züan bide kürütxealaino. Jim hankoa zen, fama tzarreko oihanean galdürik zen laborari etxe-ohi batetakoa. Jimekilan egoiteko antsiaz gain, tokiaren ospe ülünaren ikaraz, geroago lasterrago ba nindoan, sütondo batetan aterbetzeko inbea ezinago handi nüalarik. Xendara bat atzaman nüan, mehatxüz apaltzen ziren zühaintzen erditik, züala berrogei urte desagertü amañi xaharraren ingümak kartzelatüren banündüan bezala, larderiazü, tüa haginetarik zariokelarik. Ezürrak dildilka ari zeiztan, Jimen etxeko bortako txilintxa jo nüalarik. Argirik ez nakusan. Jimen Ferraria ez zen ageri. Mentüraz Jim ez zen etxen, eta nitan tematü antsia nigarretan zartatü zen. Gazodükaren estakürüa ez banü üken, ez nintzan seküla, Jimi amodio-gaü baten otoiztera ausartüko, eta hor nindagon, arrosatze-basaren maldan kurruskatürik:

      —Alajinkoa! —ahozkatü nüan, peko ezpainaren usukitzez, koleraz bezainbat ahalkez. Kontzientzia nüan, ez nütüala ene desirak desir partekatützat jo behar, telefonaren (bekanika pratikoa orozbat) erabilteko auherregia nintzalarik süstüt.

      Haranbeltzen barna, arra-abiatü nintzan. Sohütan gainti, Maulealaino. Arrastiri-apala, gaü bilakatürik zen, eta bülegotik edo apartamentütik iragan gabe, Gotaineko bideari lotü nintzeion. Ülünpez-ülünpe, oren baten bidajea nükean, Üthürzehetako lepoalaino heltzeko. Argizagia gorarik zagon, eta ez nüan Ligi arte, pedalatzeaz beste bürütazionerik edüki. Logibarrerik Larrainera, hoinez igan nintzan. Kasik ahatzerik nüan Haranbeltzeko lotsa, hango antsia eta Jimen ganako hira. Bortüan sartüago, hariztoien artetik, arratseko lür hezearen eta osto idorren ürrina nahastekatürik horra zeitan südür-maxelen kilikatzera. Aize hegoaren hatsak giharreak eztitzen zeiztan, harriak bezain gogor senditzen nütüalarik noizbehinka. Azkenean, bide-güne ordoki batetara heltü nintzan, eta nabari zen, egünaz, izigarriko lanak egiten ari zirela, güti pakatürik ziratekean langile-mertzenario zonbait. Lürra ützülkatürik zen bazterretan, eta hodi elibat ba zen ziloalat eraixtearen haidürü. Aragiaren gisa, lürra odol-galtzen ari zela imaginatü nüan, nabela-kaldü batez ebakirik, odolak bortüak eta zelüak, mendekü hütsez, gorri kexatüaz kolorestatzen zütüalarik. Hego aizeak, ürzoak beno, odol hirotüz ase txoriak ekarriko zeizkün, aurten, gure kontzientziak labakitzearren: ez genezan uste üken ixtorio hau oro gütarik kanpo agitü zenik.

      Gogapen horietan hurtürik, ez nintzan ohartü ere, Anzopose enpresak bere bekanikak gaüez üzten zütüan leküalatürik nintzala. Hatxeirüzko itzal zabal bezain llargoak ikusi nütüan, argizagiaren kaldü ahülak beldürgarri moldatzen zütüenak. Txakür baten txanpa gosetüak entzün nütüan, bena ez nintzan igitü, hatxeirüak argizagia nola mehatxatzen züan gei beit nüan segitü, eta oroz gainetik, nahi nükean jakin argizagi maiteak güdü hori irabaz zezakeanez. Txakürrak txanpaka jarraiki züan, eta zelüko argiaz beste argi handi bat piztü zen lühertzean, Erroimendiko güneen bortizki erakustez. Itzatürik bezala nindagon, latzaren zentsüak bürühüna mankatzen zeitan, eta gizon baten hüilantzea izartü nüan lür-mügan, han gainetarik, Orimendirik lerratzen ziren lanoek egiten züen tabal sonüak behatzen nütüala üdüritzez. Gizona, txakürra kantüan, bekaniken aitzinean plantatü zen, eni so. Ordüan, haxeri batek, mazela batetarik junpe egin züan, eta argizagiaren nigar ttankak lürra kontsolatzen züala pentsatü nüan.

      vttaz Üthürzehetara abiatü nintzan, bekaniken eta natüraren arteko borrokarik izan ez balitz bezala. Bena, ba nakian ez zela egia, eta Ziberoako natüra ari zela berritan higatzen, eta Gaxpar Büztanobi nonbait gorderik zagola ene haidürü, minetan heltübada edo zorionez hantürik. Ideia beltzen arrunt aizatzez, zaküan kokatü nintzan lekü malda batetan, argizagiarkilan elestan, loak eraman zain.

      —Zer ari gira bilakatzen? —egin neion galto argizagiari, eta aide hotzak begitartea laztandü zeitanean, murmuzikatü nüan, maitekortürik izatea, kalamitate handiena zela.