Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

17

 

Asta-müka ützüli nintzan agiantzen nüan argialat. Bürüa sobera tinkatzen zeitan meatzari edo inkazkin-kaska elki nüan eta hodiaren barnetik zonbait denboraz Gaxparren zanko pareak agerian egon ziren; lau gizonek Gaxparren oskier hüilantürik, erakutsi züen Büztanobiako nausi xaharra identifikatzen züela. Pette botzik zagon:

      —Haügü Gaxpar!

      Oihüak aize hegoaren murmuzika jeloskorreki nahastekatzen ziren, amoltsüki. Ülünaz desgustatürik jalgi nintzan Hodiatik eta ejer beno ejerrago zeitan Xiberoako zelüaren amodio-eskentea. Begiak, urdinean galtzen nütüan artean, Joana eskü-zartaka ari zen.

      —Biba! Arrepetu zugu! Deañoa!

      —Bai phü —akitü batez ihardetsi neion, Joanaren harrotarzün hunkigarriaren oiharzünari. Elestan narraikan:

      —Bena ez aisa.

      —Jarreio aitzinat beti kola! —ahozkatü züan segidan zaraitzuarrak: Ezpeidirokie gazoduka ifin... debria sarbalakoe!

      Airos zagon Joana; prefosta, aferak oro ontsa martxan zütüan. Nik aldiz... bena ez nüan deüser pentsatzeko denborarik, ekiak ene begitartea zoinen goxoki bailakatzen züan ohartzen beit nintzan, holako zoriontarzün merkerik ihon ez zela agitzen niolarik. Üngürüan nütüaner so eküratü nintzeien. Johañek Jüjeren lagüngoareki Gaxpar arras eraitxi züan hodiatik. Gaxpar gaxoa xuri-xuria zen eta üdürialat oso ahültürik. Nekez baizik ez zütüan hitzak trenkatzen:

      —Fe... ge... gertatü fitafüt?

      —Anple hadi Gaxpar, bizirik eraiki haügü orano!

      —Beharre bai... bifirik nifala... Fe loa egin düdan!

      —Aste bat iragan dük hodiaren itzal-pean —salatü neion eztiki.

      Droleki aztertü nündüan:

      —Bena, nor fira fü?

      —Amaia Ezpeldoi, Mauleko detektibe rürala —esplikatü neion gero nola Büztanobiko amañiak (bere emazteak funtsean!) txerkara igorri nündüan, eta inkesta-ikertze lüze bezain gogor baten ondoramenez zer moldetan heltü ginen Altzai behere hontako ordoki zabalerat, gazodükaren lankien mirazkatzera.

      —Atf... ahatferik nifün... efkontürik nintfala.

      —Edanaren gainen gaüza hanitx ahazten dük Gaxpar —xüxentü züan Pierrak karkazaka lehertzear, eta Johañek soinean zaraman xahakoa beso-beso hegaltatzen zen.

      Baratx-baratxa honeratzen ari zen Gaxparrek galto egin züan:

      —Ene lagünak fideia?

      —Ba bai. Ahoa txüko dük ala?

      —Egiaren erraiteko, ef diat fekülan mefperan afki edaten biharamenetan egarri ef ifaiteko!

      —To, tira ezak burrat bat.

      —Ifil hadi fe hel ere.

      Aize hegoaren sonü dantzalariareki jüntatzen ziren eleak mündüa desbardin litealako esperantxa arina sortzez. Joanaren kantüalat abiatü nintzan.

      —Pentsamentükan?

      —Bai... ni ustian ezu kain aisa kori.

      —Zer?

      —Amodioa.

      —Bijotza gentzea aski zu.

      Hasperenka higatzen zen Joanaren entelegatzeko indarrik ere ez nüan egiten. Imur ezinago alageran barna lerratzen nintzan aspaldi hartan —berrogeita zortzi oren hetan pürü— Jimen ütxüra gogapenetik ezkapi beit zeitan. Ez nüan ordea, Jimen Muskildiko kantaldian kürütxatzeko segürtantxa osoki hürrüntürik, bena amodioaren beraren fundamenaz düdan nindagon, eta düdak izpiritüaren pezatzeko ordez, arintzen baizik ez zeitan. Lau gizonak dantzan ari zirela ikusi nüan Gaxpar hein bat iharrausiaren üngürüan, Johañek sakolatik elki txülüla erabiliegiaz Braletik Jauztearen ahaidea txoxtakatzen züalarik. Ürrats xotilak emaiten zütüen, Pierrak aitzindari xehearen joküa egiten züala. Ageri zen adin batetarat heltü gizonek maskaradetan parte hartü züela, eta orano trebe zirela. Joana harritü zen:

      —Ze ari dra?

      —Azken güda-dantza eskenten deiküe.

      —Malenkoniatrik bizitzeko zomait gauza bear tugu, bai.

      —Prefosta. Negü gorriak bertan ditikezügü.

      Joanak ez züan segitzen ametsaren odei-kartzelan beit zagon, eta eni, gazodükaren maradikazioneak katiastatü zeitan gogoa. Hotza imaginatzen nüan, Ibar-Esküina jentez hüstürik progrearen izenean, etxelarrak eta txülülak mütü, tabalak ixil, entrexat eta frisat egilerik gabe, hebenkoak zelü-pe grisetan eskarniatzen berenak ez ziren interesentako, herriminez hurtzen. Hori oro gazodükaren detsa küdeatzen züenek hitzaman «retombées économiques» zirelakoen trüküan. Aberastarzüna ez zatekean xiberotarrentako —gazodüka izan ala ez izan— eta enpresa bürüek jarraitüko züen lantegiak hersten, Marrokiarat edo Tunisiarat —Türkiarat ere... pastoraletako aktürreki!— joaiteko sos irabaztera zapatagintza alorrean ezar dezagün, hanko langile «bahitüek» ez beit züen smicaren esküalatzeko ahalik ere. Pentsamentüka itotzen zeitan txülülaren sonüak. Gaxpar ene kantüalat jin zen:

      —Efker mila.

      —Ez düzü zerik. Egin-beharra baizik ez düt egin.

      —Efker mila halarik ere —ahozkatü züan Gaxparrek bortizkiago—: Oifü ardu inkau bat.

      —Ez dit edaten!

      Pette erriz hasi zen:

      —Eneki vodka doblea iretsi zian barda Atarratzen.

      —Ordüan?

      —...ala ez zaizü aski hon xiberoko ardua?

      Gizonek, gaitzitürik üdüri züen. Orano agertzekoa nüana hanitx estimatzen nütüala Xiberoko edariak, —edariak oro!— eta Xibero integrala maitatzen ikasirik nüala denboraren fagorez alabadere! Karrikan, noizean behin, agitzen zeitan lagüneki mintzatzean, gei baten edo bestearen haritik entzütea: xiberotar petzeroentako ez zaizü balio eta gisa hortako ele minberak egartea. Jüjamentü faltsoa izaiteaz gain, ez nakian sekülan, nola arra-bil geiaren orratza eta üsü, trixtüra barnakorrak jaten zeitan bihotza. Goiz ejerrean ordea, azalpen habororik gabe beraz, xahakoa ahotik hogeita hamar zentimetrotan ezari nüan, eta ardu xügünaren xirrixtak gozatü zeitan züntzürra. Joanari iragan neion xahakoa eta zaraitzüarrak bardin zürrütatü züan.

      Bapatean lühertza herots metalikoak türbüstü züan eta bekanika hoiliak hüilantzen segitü güntüan begiz, Aitzai-peko bidetik. Bazterretan, agüdo, itzal elibat barreatü ziren eta nabari zen gazodükaren egileen maniobrak zirela. Pettek erran zeikün:

      —Goatzan hebentik... eta zale!

      Ipularrean zagon 4Laren hersian kokatü ginen zazpi jenteak. Joana, Petteren altzoan pausatü zen, eta hau arraüeriant zen oso.

      —Ai, ainintza gazteago!

      Petteren sendimentüa moztü züan Johañek:

      —Gaxoa, ba doak denbora!

      Jüjek hitzaren bortüa harilkatü züan ordüan, eta salatü zeikün, Johañeren andrea berrikitan zentürik, kontsolagaitz zen alargüna bilakatü zela gizona, amets bereziak egiten zütüala eta Komando Mando saldoaren imurra noiztenka histen züala bere ikuskerieki. Joanak jauzi egin züan Petteren altzoan:

      —Komando Mando?

      —Bai —lakonikoaz ihardetsi zeion Pettek. Debaldezko agerpenetan ez zen galdü saldoaren liderra, eta Pierrak sorbalda hunki zeitan:

      —Eküra zite heben.

      Autoko motürra eho nüan. Lakarriko bidean zagon ostatüan sartü ginen güziak eta Gaxparrek oihüstatü züan:

      —Burrat bat ororentako!

      Mahainean jarri ginen. Bi emazte jin ziren gure zerbützatzera.

      —Zer plazer zünükee?

      —Ekar ezazü xopina bat. Arranjatüko gütüzü! —erran züan Pierrak.

      Etxekandereetarik bat sükaltealat abiatü zen eta zazpi godaleteki ützüli. Besteak ardu-beltz buxundatü botila bat ekarri zeikün, gaztain-egürrean zizelkatü mahain gainen pausatzeko.

      —Non zinen Gaxpar? Gorderik ala?

      —Ba... bakantfetan nündüfün.

      —Jakin ginizün desagertürik zinela.

      —Gazodükeko langileek bahitürik gisala! —erantsi züan botila nekez idekitzen ari zen andereak.

      Gaxpar erriz zagon, eta üdüri züan ez zela sekülan gelditüko. Joana mahain püntan, düdarik gabe, Haitzez ametsetan zabilan, eta ni gazodükaren barnen egin nüan bidaje lüzeak ützi desgustaz hügüntzen ari nintzan. Bereterretxen ahorpegiak bete zeitan gogoa. Gaxpar mintzatü zen ordüan:

      —Ba dakifüea fe ametf egin düdan?

      —Zer amets eta zer debrü?

      —Hodian nintfalarik Bereterretfen ehaitea bifi ifan düt.

      —Ehaitea?

      —Bai. Kantorekoaren nabelkatfearen jakile ifan nintfan.

      Harritürik nintzan. Gaxparrek zarraikan:

      —Ordüan... lohorditik elki nündüfün... eta ohartü nonbait prefo nintfala... ahoa tfüko nifün eta kopetaren behera iferdia horra fitafün... fer düfü fük eni fo? —züzentü zeitan Gaxparrek.

      —Gük ere amets bardina egin dizügü ostegün gaüan —tartekatü nüan.

      Gaxparren haroa kilikan zagon:

      —Iratfarri nifalarik?

      —Bai, heltübada, gaü hortan züzün.

      —Ni nündüfün folt nindefaen deika ari!

      —Ez, gaü hartan Xibero osoa züzün libertateari oihüstan!

      —Ertfo pare bat fidee...

      —Parka, gü sano eta plañ gütüzü. —eman neion arrapostü. Johañek segitü züan:

      —Otoi... Niagozü Xiberoa ez denez mintzo-gabe ... jenteak joaiten dütüzü «beren opilaren egitera...» eta heben... gü baizik ez gütüzü eküratzen...

      Johañeren trixtüraren arintzeko aitortü neion:

      —Saldo airosa phü.

      Johañeren begitarteko tximaldüren kontatzen ari nintzalarik Gaxpar ezin ixiltüz zagon, eta botila, estado zentralixtek herria bezain arrunt hüsten zeikün. Ausartü nintzan:

      —Lürrak zizün bere dolamena deiadarkatzen.

      —Begamala, Erronkariko ta Zaraitzuko ermuak re juntatzen zren! —erran züan Joanak, ixtant batez ametsaren ildotik elkitzez.

      Ahaide zahar bat ba nüan bürü zokoan behin bihotza hersatürik entzün nüana, soldado ba zoatzan xiberotar gazte zonbaiten ahotik, Baionako geltoki zurbailaren larrützen: «...Pariserat ba noazü... oi ama eüskal herri goxoa...» kantatzen züen goratik eta tünel ülünetik, inazi urdinetan pindarka horra zeikün treinak «bena berantzen zitadazüt zure berriz ikustea...» eleen ozena bürdüinaren indarraz lehertzen züan. Ordüan nik begiak zerratü nütüan, eta trein erroten paratze herots barbaroa ezürretan, azkona zorrotzaren pare, sartü zeitan, karrutze-atomiko garai hüilana ütxüratzez. Halaz lürra baizik ez zen deikan ari Ezpeldoi Alteko günean, haurrak heben egon zitean, ibarren, karriken, etxeen, lantegien biziarazteko. Johañe kanporat so plantatü zen, eta mezperako «Argia Dela Diozü» eztiaren murmuzikatzen hasi zen, aspaldian desagertürik zen hego aizeak ldlikatzen züan argizagiaren marra zilarrari. Johañeren mateletan nigar-ttanka bat lerratü zen, eta hunkidüraren zama-pean hauts ez gintean Pettek erabaki züan:

      —Goatzan orai Büztanobirat.

      Egüerdin altexean ostatüko aterbetik jalgi ginen koloreak hein bat gorri, eta autoa bertan üztez, errege-bidearen zabala betetzez, bata bestearen kantüan heltü ginen Lakarriko arrabotealat, Büztanobiko lobiroan pausatzeko. Borta-aitzinean Gaxparrek mintzaldi txipiñi bat eskentü zeikün:

      —Ef düfü gofo... afte bat gafodükaren ülünean iragaitea... eta erremeftiatfen dütütfat hor diren bi nefkatila galteak... eta propofatfen deifüet oro far gitean... Gaf-Pars alkargoan!

      Komando kideak «biba Gaxpar»ka ari ziren. Bapatean ezkaratzetik jin zen Marisantz, Gaxparren iloba eta bere aitañiaren lepoalat junpe egin züan. Haren ondotik agertü zen amañia, eta Gaxpar gaxoaren elastüriaren behatzez bürüa makürtü züan.

      —Aisago dükek, bai, Gaz-Pars alkartean sartzea, etxen beno!

      —To, Maria maitea!

      Gaxpar oritü zen mente bat üdüri züan astetik landa, emazte xaharñia bakotx egon zela behien jeisteko eta bazkatzeko. Bien soak kürütxatürik baratx-baratxeko hüilantzea marrazkitü züen ezpazioan, alkarren beso-artealat erorteko «Maria... Maria!» eta «Gaxpar... Gaxpar!»ka. Hego aizea entzüten zen Ahüzkin behera eraixten eta Johañe kantoreari lotzear zagola ikusi züan Pettek. Behatza ezpainetaratü züan, ez zela ünerik egokiena erakusteko. Miresten günüanaren ejertarzünak katiastatzen nündüan eta botz xahar batek ametsa ebaki zeitan:

      —Apaidüa prestik dizügü.