Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—15—

 

Darrieu medikuaren etxean sartu nintzen iluntzirian. Gau euritsuak purtzilikatua zuen ultima limes zelakoaren presentzia ikaragarria. Iparreko haizeak hozten zukeen zerutik behera jausten zen uhar madarikatua. Medikuak eman kolpeaz inutil sentitzen nintzen, inutiltasuna nere bigarren nortasuna bailitzan. Inutiltasuna ordea, ahalmen guziei idekitzen zen ordokia zela nerran gogoaren indartzeko.

      Amerikak buruan neuzkan, eta itsasoaren tipus-tapasean zeharkatzeak lotsatzen ninduen. Busti-bustirik nintzen, eta doidoia Gaxurekin lo egitera joaiteko tentaldiari uko egin nion. Autoa, herriko aparkalekuan utzi nuen, eta Bidaxune, martxo hastapen honetan, desertu heze moldean pausatzen zen. Ixiltasuna haustearen beldurrez bezala, oinez segitu nuen Peiroareko bide kurutzuneraino, Gaztelurantz. Euri erauntsiek eta bakardadeak lehertzen ninduten. Zertarako balio nuen jagoitik?

      Erregebideko azken pasuñargia iragan nuen, eta jadanik beltzaren menpe nindagola ohartu nintzen. Xendra lohizu batetarik Gazteluaren maldara abiatzean, Gazteluko Harresi landerosen itzalean egoitea debekatua zela irakurri nuen; ordea aintzina banindoan, kontzientzia piliskarik gabe. Axolarik ez nuen, beharrunerik ere ez. Nere arbaso artzain edo etxetiarren nomadismo jaidurak arra-pizten zitzaizkidala nabaritzen nuen, eta argizeitu pean, eremuak urratsez lardeskatzeko gutiziaz hantzen nintzen. Euri ttantten soinu eiharrak salbu, ixiltasunak kateastatzen ninduen.

      Gazteluko harrietan, hara-honaraka, gau-ainarak aterbe bila zabiltzan, menturaz. Haien parekoa nintzen agian: ekimentsak haragiari zihikadura bat sortzen zion eta debaldezko izatea nintzen lur-gainean. Peza lehor bat aurkitu nuenean, jarri nintzen, harriaren hotzak bizkarra hormatzen zidala. Zangoak errautsean luzatu nituen, eta gau-ainaren egunerokotasunaren trabatzeko arriskuaz jabeturik, zigarreta bat bildu nuen arraposki.

      Hitz elkor txirripak udalatu zidan kaskoa. Gaxuren gorputz zardaiaren beroa eskas nuela nion nerener, eta pentsua iheska lerratu zitzaidan Maiena Ameztoirengana. Medikuaren erranak berriz aztertu nituen: zertara bada joan zen Ameriketara Maiena Ameztoi zoritxarduna? Suerte gehiago edukiko zuen balinbada han? Zein estadotan kokaturik zegoen? Arizonan? Nevadan? Koloradon? Kalifornian? Non? Bapatean, Jeffen ahorpegi ederrak bete ninduen, eta Amerikak urrandiaren gisa ixuri zitzaizkidan. Helburu bat baneukan oraindik, Jeffen gomendioz, baina Maiena Ameztoiren bizitzeak lehentasuna hartu zuen nitan.

      Donapaleuko De Saint Martin notableak, Teexa seroraren arabera bederen, bortxatu zuen Maiena. Maienak, ez zuen herrarik erakusten, eskapatzen zen, «ekai»tik ahal bezain urrun. Pettekok, ber maneran, gorrotorik ez zeukan. Gorrotoa zirudienez, guti pairatzen zuten handikiendako, handikien eskubide edo pribilegioa zen. Nihauk, Txinako auzunetik itzuliz geroztik, hastiratzeko ahalmenik ez nuen, eta zenbaitetan, aitor nezakeen damu nuela batzutan, oldartzeko, erdainuaz hazteko moteltasun hura. Buluztasunean sentimenduak kalzioz janzten ziren, eta larru hegian idortzen. Desiraren ziztak baztertu ezinez, sexurako tiria desagertzen zenean, jendeen arteko lehiaketa baretzen zen, eta jendeak jendetzat onhartzen ziren, konkistatzeko edo konkistatua izaiteko premiak ezabatuz. Mineralizazio zen. Balizko hein horretara heldua zitekeen Maiena. Neraman inkesta ere bai naski. Gaxurekilan neukan harremana berdinki. Jeffen manuak baizik ez zuen egiati segitzen.

      Eta Bidaxuneko Gaztelua? Agaramuntesen gaztelu eroria mineralizatua zela sinetsi nuen: banda harmatuen arteko guduka frangoren lekuko izan zena, gaurkoan, kario ordaintzen ziren —antolatzaleak eta jokolari hoberenak Paristar profesionalak baitziren...— ikusgarri historikoen muntatzeko erabiltzen zen urtean behin, turisten sasoinean, noski. Suntsitu zituzten Agaramuntesak, garraitu Beaumontesak, eta Frantziako errege odolez egarritua Pauen sartu zen, aske zegoen Nafarroako erresumaren behereko zatiaren ebasteko. Irabazleen legeari makurtzera behartu gintuzten, indarrez, Las Navas De Tolosan eskuratu kateez esklabo bihurtarazi. Aita Sainduak eskomekatu nafartarrok, estado zentralista berrien mutil-neskak bilakatu ginen. Santxo Azkarraz pastoralak eraikitzen ziren, «Hau ez da Frantzia / Hau ez da Espainia» deiadarkatzen genuen manifestaldi apotesikoetan, baina beti buru-oker ginabiltzan, subventionez hazirik, notableen urriki hautakariaren zain, pilik ez zen sekulan guretako, eta begiak altxatzeko keinuaz zutitzen baldin baginen, estadoen zuzena beren alde zutenen polizien edo hiltzaleen erasoak jasaiten genituen. Garapen proiektuak antolatzen zituzten gero, eta garapena bekan batzuren sakelen aztatzeko baizik ez zen baliatzen: dirurik auxiena turisma programetara bideraturik zen, kultura tradizionala turismaren helburuer uztarturik zabilalarik. Turismo kulturalaren konzeptuak itoko zituen gure askatasun nahi hondarrak.

      Gaxurekin, gau-ainaren hegadak miretsiz, mintzatuko ginen lasaikiago, herriaren minak ahanzten saiatuz, desir genukeen askatasun motaz. Mila koloretan ihaurriko genuen heren-mundu hau, eta sohakoetan bermatzen zen sua ez zen nehoiz iraungiko. Iraungi hitza mihipean itseskatu zitzaidalarik, ohartu nintzen loak hartu aitzineko nere bizioaren asetzeko Axularren Gero-ren konpainia Gaxurena bezainbat falta nuela, eta etxean, Gero-ren orrialdeak markatzeko nerabilan Egunkaria-n moztu gizon-politiko baten argazkiak inharrosi zidan gogoa.

      Gaxuri ez nion oraino, paperezko «gizon» haren erakartasuna aipatu. Xalbadorren «Esperantzarik gabeko amodioaren» lehen notak xuxurlatu nituen, irriñoaren ildoa idekiz. Gizonaren balentriak berritan irakurtzen nituen, maiteminduen gisa, hamahiru urteko neskatoxeek Patrick Bruelen edo Rock Voisinen kasuan egingo luketen moldean.

      Nere paperezko gizona zinezko terrorista zen, eta seguraski Mexikoko Lekunberri kartzelatik eskapatzeko gai, Pantxo Villaren edo Emiliano Zapataren laguntzarekin. Terroristak laket zitzaizkidala errepikatzen nuelarik, euria gelditu zen eta haizeak inguruak freskatu zituen. Loak eraman ninduen, ibiltarien urratsak zalhuxka zitezkeen sablezko eremuetaraino.

      Goizeko lauak irian, herots metalikoak moztu zuen nekez lortua nuen atseden-unea. Djanpez iratzartu nintzen, mehatxua hurbiltzen susmatuz. Ipar haizeak zerua garbitzen zuen, eta agudo hegaldatzen ziren hedoi pizuen artetik ilargiaren marra umila basta nezakeen. Zutitu nintzen eta haia-haia gazteluko harresiek gerizatzen zuten gune zabalago batetan gorde. Hormetan zilatu Erdi Aroko leihoetarik gaztelu-pean zegoen xendrara so geratu nintzen.

      Bi kamioi baziren han geldituak, eta jende larderiazuen lotsagabeko oihuak ekartzen zizkidan ortzea xahutzen ari zen haizeak:

      — Zotüka gitean!

      — Baietz...

      — Zer hel ere, zotükatü behar diagük!

      Kamioi batetik bestera kaixa saldoak deskargatzen zituzten gizonek.

      Euriak doidoia laztandu aire uhargian, hatsartze asotzek nahasten zidaten pentsamendua. Zer ari ziren tenore hauetan jende horiek itzalpean kamioi arintzen. Milaka kaixa kondatu nituen.

      Andu Lertxundiren Tobacco Days-en leitzen gauak haraintzinetik galdurik, tabako kontrabandistak zirela sumatu nuenerako, langileak kamioietan aterbetuak ziren, eta Bidaxunera abian. Zarauzko edo Orioko itsas ertz arkaizuak debekatuak bide zituzten, eta trafikanteek Aturri erabiltzen zuketen beren trastuen hegoaldera nolazpait helarazteko.

      Berantegi zen loaren menera arra-plegatzeko, eta kamioi misteriotsuen jarraikitzea erabaki nuen. Debekatuak ziren xendretarik iritxi nintzen Bidaxuneko herri aparkalekura eta autoa ahal bezain prunki piztu nuen. Arrutarateko erregebidean ortzaiz ilunean kamioien argiak begietsi nituen. Tabakoaren nahaspiletan urtzeko gogoa nuen, Maiena Ameztoiren harrapatzeko ametsa desagertuz geroztik.

      Erromantikoki banindabilan, ekintzak komeni zitzaizkidala ustez. Laskuetako errekak loditzen zuen Lihuri ibai gaineko zubia zeharkatu nuen emeki, eta handik ikusi Amikuzeko oihanerateko pistan sartzen zirela bi kamioiak. Bide hertsian kokatu nintzenerako jadanik, Tartasko pareta trebeskatzen zuen xendraren puntan zegoen oihaneko langile ohien txabolan zeuden kontrabandistak.

      Urrun abandonatu nuen 4L-a, eta sasietan barna Tartasko xendraren gerizan plantatu nintzen. Egurrezko etxolaren ateak zabalik ziren. Gizonak kamioien zama lekuz aldatzen ari ziren oihu irentsien ixiltasunean. Lau gizonetarik bat kanpoan zen, barandan, argizaiola eskuetan. Gizonak beren artean xiberotarrez mintzatzen aditzea bitxi zitzaidan. Haietariko batek jakin ukan balu gibeletik banindabilkiela, ihizi prestua izanen nintzen. Ordea, Amikuzeko oihana osotzen zuten Tartasko eta Iangoko pezak ezagutzen nituen, eta banekien seinalatu gabeko bidexketarik, gutienez, kusien etxeraino joaiten.

      Pago luzearen maldan kuxkurtu nintzen. Azantz metalikoen sortzaileak desagertu ziren Arruta eta Oragarreko zolara zilatzen zuen haritzartetik. Oihanaren freskuraz jabetu zen ixiltasuna. Akiduraren akiduraz, lo-kuluska bat zilegitu nion nere izpirituari, euri ezak xoriak goiz esnarazten zituen orduan.

      Zazpiak aldera gauez-gau buhatzen zuen haizea hotz zela nabaritu nuen. Pagoaren maldan nindagon eta hostoen firindikaren murmurioak zoratu ninduen. Gaxu nonbait zegoen, —oi amodioa!—, iluneko mutilen zereginak ez nituen ontsa ulertzen, logale nintzen, baina hala ere, zoriontsu. Beharbada, sentitzen nukeen, goizeko freskurak balakatzen zituen iratze gorrien artetik, ote-liliek eta belarrek udaberria idarokitzen zutela, lurraren sabeletik, maitasun puska odolestatuaren moldean. Galdeak antzutu nituen, eta xoriak haritzetan jostatzen ziren. Xorien kantuek nere irustasuna biderkatu zuten. Egiaren erraiteko, ttipidanik, xorien kalapita sugailuzuek argiloaren orduan salbatua nintzelako iduripena sortzen zidaten. Txinako auzunean ihardokitzen nuen garaietan, salbatitxura berdina hazten zuten nigan xoriek, abenida erraldoiak auto-burrunbek kateztatu bitarteko ixilune xugunaren luzaran.

      Aspalditik, garaiz jeikitzeko ohitura hartua nuen, momentu mistiko horretaz gozatzeko prest izaiteko. Xorien ttiuttek ekiaren jazarpena iragartzen zuten, eta preseki, martxo amorezuko ortzaiza iduzkiak zihikatu zuen. Sortaldetik, su-zarrasta gorriak irausten ziren. Ez nuen Gaxuren beharrik. Nomadoa eta bakartia nintzen. Hitzaz behin desjabetu bakartia, bideko harri biribilaren parekoa —like a rolling stone...— eki kotsia, euri xorta bat eta haize piliskañoa aski zuena, funtsean. Gaineratiko premiak oro debaldezkoak zitzaizkidan argi-urrakoaren txintan, gutunen baten haiduru egoitea edo hitzordu batetara presatzea, adibidez.

      Nere lagun apurren aurpegiak dantza nostalgikoan sartu nituen: Mailux, goxalaba nuen Xenki, Gaxu eta Jeff... Baina Jeff? Non zen Jeff? Zerendako jiten zitzaidan Jeff memoriaren kilikatzera hainbeste indarrekin? Ilunaren mendean barandatu nituen ekintzek ba ote zuten zeozer ikustekorik Jeffekin? Zutitu nintzen brauki, hondar larrazkenean higatu hostoak tole zangopean.

      — Diubiban! —ez zitzaidan besterik atera.

      Kamioiek zeramatena ez zen tabakoa —sobera hurranetik leitzen nituen Andu Lertxundiren nobelak!— baina bai, espartina-saldoa Gixuneko portutik ekartzen zena, leku izkutu batetan Xardoi markaz hornitzen eta Maulen eginak bezala Europan zehar saltzeko.

      Hori zen. Hura zen. Hau zena?

      Bizitzeari baliostasun bat kausitu nion «diubiban!» ahoskatu nuenean. Ultima limesak eskaintzen zidan bake-gunetik ilki nintzen eta eduki nuen zimizta izpiritualaz segur izan nahi nuen. Pattarrean behera, Tartasko oihanak estaltzen zuen txabolaraino joan nintzen lasterka.

      Etxolaren aintzinean dudak estekatu ninduen, hargatik duda gainditu bezain agudo, kabanako atea bulkatu nuen. Kanpoko argiak dirdirazten zuenak harritu ninduen. Jeffek arrazoin zuen. Mailuxek ere zerbait bazekien. Maiena Ameztoi Ameriketan izanagatik, ez nintzen debaldezko jendea.

      Txabolan sartzean eratxekinaren usain bortitzak jaukitu ninduen. Sakelatik mokanes brodatua jalgi nuen, sudur-ziloetarik bideratzen zen airearen arintzeko. Eztulka hasi eta amamaren oharpenaz gogoratu nintzen:

      — Pipa! Pipa!

      Irri enbeia nuen. Urrina ahanztear nindagon. Begiak ilunari usatu zitzaizkidan. Kaixa metak etsaminatu nituen. Xardoi-Maule agertzen zuten paper frango bazen txabolaren zolan. Eratxekin buata huts asko. Oskiak lurrean. Asiatik, zein herrialdeetarik xuxen?, itsasoz etortzen ziren espartinak hemen itxuraldatzen zituzten, gauaren gaztigurik gabeko orduetan. Mauletik gero, estadoko —estadoaren baimenarekin ala?— supermerkatuetara banatzen zituzten zapata horiek. Tokian tokiko mozkinen labelak munta guti zuen.

      Ardikiarekin adibidez, ber gauza zegiten: agneau français labelaz janzten ziren Zelanda Berriko ordoki mantsoetan gizendu hazindak. Desgustatzekoa bazen. Nik ez nuen ardikia ainitz laket, salbu Gaz-Parsek edo Ikastolek antolatu zikiro bestetakoa. Orduan, zinez ardikiz asetzen nintzen, zintzurra emokatu artino. Espartinkitik ardikira iragaitea ez zitzaidan aise, gose-errea bainintzen. Bezperan, Lou-Harditenean bazkalduz geroztik, Darrieu medikuaren villan hurrupatu lau whisky godaletak baizik ez nituen sabelean. Gainera, espartin trafikoaren inguruko argitasunek gosea bera zirikatzen zidaten.

      Hurbileko bete-beharrak zerrendatu nituen: lehenik, Jeff deitu... bigarrenik Gaxu... hirugarrenik nonbait gosaldu Oragarreko edo Arrutako ostatu batetan. Ahosabaian janzaharraren iraiztura nabaritzen nuen, eta Arruta hautatu askariteko.

      Oinez abiatu nintzen autorantz. Amikuzeko oihana partekatzen zuen D313ak Arruta pera eraman ninduen. Bide bazterreko etxaldeetan behien deiztea bukatzen zuten, eta gelditzen baldin banintzen deizteko-mekaniken xuxurlak adituko nituzkeen. Ordea, erregebidera heldu nintzen nehon geratu gabe. Eskuin hartu eta Arrutako plazako izkina batean utzi nuen 4L-a.

      Ostatuan aterbetu nintzen. Hasteko, kafe doblea manatu nuen:

      — Kruazan batekilan otoi!

      Gaua luze bezain akitua nintzen. Ezizate eroaren zurrunbiloetan hustear. Kafea behar nuen pentsamenduaren inharrosteko. Eta kafetik landa, egitekoak kunplitzeko gai nintzatekeen.

      Igurikan nindagolarik, bi gizon adinekok tabernako borta banbarazi zuten. Leiho aldeko mahainean ttottotu ziren. Sakrez eta arneguz apaindu elez lerratzen zitzaien solasa. Xopina bat eskatu zuten. Karkazailka ozenez xirtxikatzen zidaten, oihanean atseginez jasan nuen «belhitzearen» oroitza. Hastiel zitzaizkidan. Amodioz beterik nuen bihotza, eta haien hitzak zurrupatzen nituen, kafearen haiduru nintzen denbora luzean.

      Aizina banuen.