—7—
Ahoak idekirik ginaudelarik, gelaren gibelaldean tilingo ziren balusezko oihal pizuen atzealdean desagertu zen emaztea. Handik bospasei minutaren buruan andere lerden zainart bat agertu zitzaigun, irria zeken eta begiak hotz. Frantses aieru hertsi batez mintzo zen:
— Vous vouliez me rencontrer?
— Bai. Maam De Saint Martin zira?
— Ui...
Karkazail arin bat eskapatu zitzaion. Segitu zuen:
—Je ne parle en basque qu’à mes dobermans!
— Gu ere txakurrekin bezik ez gira frantsesez ari! —kikizaikatu zuen alegeraki Gaxuk.
De Saint Martin anderearen soak ez gintuen ikusten, so zehargiaz ezdeusak sentiarazteraino. Behakoaren uhargiak tristetzeko partez, desafiatzen gintukeen. Larriki hitzegin zion sehiari:
— Laissez-nous Joset!
Burua makurtuz joan zen Joset, obeditzearen hogenez arrunt konkortua. De Saint Martin anderearen begiradan aberatsen «dignitatea» irakur genezakeen, baina ez genuen «dignitate» mota horren gutiziarik, baigenekien handitasun molde hori ttipiak zapalduz, mespretxatuz eta lehertuz ardietsia zela. Andereak sohakoaz nahi gintuen umiliatu.
Oroitu nintzen, eta zin negien geroxeago Gaxuri burutazio horren berri emanen niola, Rimbaud Jauna —frantses idazleetan maite nuen bakarra!— Harar-en nehork ez zuela ikusi, frangotan kurutzatua izan arren. Begiek egiaren erraiteko gogo zutena baino ez zuten «ikusten» eta Txinako auzuneko metroko arroiletako ñiñika hutsek trebesatu zidaten golkoa. Zenbaitetan Xiberoko karrika urratuetan bilatzen nituen begikliskak ihes zabilzkidan, bihotzean arroztasuna bermaraziz, papondoa larrutu arte. De Saint Martin anderearen parean ordea, ez nuen minik nabaritzen. Elea harilkatu zuen:
— Ze nahuzie?
Zintzurra karrakatu nuen:
— Maiena Ameztoi. Haren ondotik iilki gitzu. Ezautu uzia?
Ohartu nintzen Maiena Ameztoiren izena aipatzeak De Saint Martin anderearen urgulua maikatu zuela. Orduan hasi ziren anderearen begiak gure «ikusten».
— Maiena Ameztoi? Nor zizte ziek? Ze nahuzie?
Apalik ari zen haserrearen iruten. Euskaraz hitzegiteagatik dobermanen parekoak baldin baginen, oraingoan, ustegabetarik jende bihuriu gintuen De Saint Martin anderearen arrangura bipilak.
— Zendako? Maiena Ameztoi? Utzazie bakian trixte-paket hua!
— Ze pasatu da? —galdegin nuen.
— Bakiamakuzie! —kexuaz berotzen eta plegatzen ari zen anderearen behialako kalipua.
Gaxu eta biok, harriturik bezala, elkarri so ginauden, eta elestan segitzeko kemena nigan kausitzeko, Gaxuren ezpainen eztitasunaz amets labur bat egin nuen. Pariatzekoa zen Gaxuren gogoetaldiak ildo beretik zihoatzila.
— Haan ondotik iilki giela; behaiziu hatzeman, biziik edo hilik.
— Ailitza hilik!
— Nola?
— Hilik balitz ahalgeizungarri hua!
Une hartan Maiena Ameztoirenganako gorroto bereziaz gain, De Saint Martin andere tindatuegiaren aurpegia jende xehearekilako herra orokorrez hantzen zen. Matelako plegu eta ximurrak zilatzen ari zitzaizkion. Halarik ere, De Saint Martin anderea kontu-errendatu zen, hirabidean urrunegi bazoala «kanpotarren aintzinean».
— Barka, jmenport!
— Lasai —artekatu zuen Gaxuk—. Nahiziu jakin, heen lanin onduan noat juan den!
— Be senarrak xekatzen bitu —argitu nuen, Gaxuren hitz pausatuetarik landa.
De Saint Martin andereak aulki bat hurbildu zuen, eta zango-sagar fin luzeak agertuz, guri beha jarri zen. Akitua iduri zuen.
— Gue txian ahalgia sartu zien.
Ixiltasunaren eremua ez genuen trabatu. Oihal berri usainak kilikatzen zizkigun sudur mazelak, eta usainak hogeita bost urte lehenagoko Mari dendari xaharraren itzalpera eraman ninduen. Maiena Suhastiren gisa, mekanika urineztatuarekin josten zituen, mahainpean zegoen burdinatxoa aztalaz emekiño zamalkatuz, etxez-etxe, behar ziren apaindurak oro. Orratzetik harira, oroitzapenaren ixuria idortuz, andereaz ohartu nintzen. Arraposki segitzen zuen:
— Ba, ahalgia, baakizie duaike.
— Ez...
— Ba, aita ta hua, Maiena Ameztoi zirtzil hua, buhamesa zorritsua!
— Otoi!
— Jendehasa, ezdeusa, aitain inganiua.
— Noat juan da gio?
— Amak errain dautzie. Zaite sarri zazpietako gue jaurreirat!
— Ba jein gitzu.
— Uai, unezazie, zuazte heentik!
Nigarrez hipaka urtu zen De Saint Martin anderea. Hipa bakoitzaren artean konprenitzen ez genituen hitzak tartekatzen zituen:
— Anei erdi bat, nunbeit, bautala, anei bat, zikina!
Braustan jali ginen magasinetik, handikiaren penaren partekatzeko indar mikorik egiten saiatu gabe. Alabaina, zorigaitz hori ez zen gurea, eta bestelako ahalgeak jasan genituzkeen ttipi-ttipitik: euskaraz baizik ez jakitean, erdaraz jadanik barra-barra ari ziren haurrenganik; geroxeago, gure bihotzak euskalduntzat jotzen hasi ginelarik —eta ez ginen oraino egunkariek agertzen zizkiguten «euskaltzale abertzale suharrak»—, Aresti eta Axularren ordez, estimu auxeago C. Jerome edo François Valeryri emaiten zuten gazteengandik; berantago ere, euskal munduan lanerdiak aurkitzen genituelarik, apartamenduak lortzeko nekeziak zerrendatzean: De Saint Martin anderearen trakako jabeek ihardesten ziguten:
— Ez, ezin dut.
— Zendako? Paga dezaket!
— Bai, baina, badakizu, sotoetan bonbak gordetzen dituztelako fama dute eskualdunek, eta nik ez dut ixtoriorik nahi he!
— Tanpi, ze nahuzu, hola bita.
Lapurtar guziak edozein estakuruz lapurrak zirela pentsatuz, kostaldeko hiri handietako zubipe majikoetan aterbea bilatzeko apailatzen ginen sikologikoki, squatt bat kausitu artean. Azkenean, hilabete sariaren hiru laurdenak irensten zituen etxebizitza harrapatzen genuen, eta prezio horretan, noski, jabeek ez ziguten gehiagokorik eskatzen.
Gaxuren ukondoa hunki nuen:
— Debria un ba hale...
— Ze?
— Ba, gue lurrian gitun, ta demendreneko dretxoik eztiun. Lanain hatzemaitia eztun aise. Apartamendiak: pentsa! Eskuaraz mintzo gielaik begi tzarrez so zauzkun. Beharre larria eztiun beltx!
— Laket ninduken ni, larria beltx...
— Seur nun ba!
— Ta zer dion De Saint Martin anderiaz.
— Eztainat bate.
De Saint Martin «Fripagogo»ko jabearen arabera, ahalgea etxean sartu zuen Maiena Ameztoiek, haren aitarekilan amodiotan ibili zelako. Baina dudan nindagon: ordu haietan nagusia, sustut, mediku ospetsua baldin bazen, nagusi zen, horrek erran nahi baitzuen «etxeko» gauzen eta gauza bezala konsideratuak ziren mutil-sehien jaun-eta-jabe zela. Harremana, menturaz, Maienarentzat bortxazkoa izan zen. Banuen gisa bereko ixtorio frangoren entzutea, eta ez nintzen aperentziarik ere harritzen, hargatik haundi-maundien joko likitsa higuingarri zitzaidan.
Maienak lan bat aurkitu zuen, eta zeozertarako prest zen lanaren atxikitzeko, gaurko eguneko xomaje garaietako fabriketako langileen maneran funtsean. Ardura, aditzen nuen, bulego-garbiketan nindabilalarik adibidez, gazte bat laneko tenoreen higamen astunaz pleiñitzen zelarik, kolega zohituagoen ahotik eskapatzen:
— Kuntent izan hadi oono lana bitun!
Halatan, Maiena Ameztoiren urteetan nola, zoriontasun postmodernoen erronkan kokatzekoa zen, lanean, salbaiki, lege-sozial —pribilegioak ote?— ororen kontra izorratua izaiteko eskubidea. Eta zirudienez, Maiena Ameztoiek tratamendu berdina pairatu zuen De Saint Maitintarren zerbitzuan.
Gogoeta hitsetan galtzen nintzen Donapaleuko Errepublika Plazara itzuli ginelarik. Oren bata zen. Gaxuren behakoa nerean bermatu zen, eta amodio uhinak sentitu nituen erraietarik ezpainetara igaiten.
— Gaxu...
— Gose nun. Guazen baskaiteat!
Thiers karrikan gora abiatu ginen, liburudendan Egunkaria erosirik. Merkatu-idekia trebeskatu genuen eta Txotxenean gerizatu genituen galdeak, galdeak bezainat desirak. Kanpoan euria ari zen, eta behingoz euri usain urdinaz buluzi ginen mahainean jarri orduko. Turista presatuak ez ginela ageri zenez, menuaren manatzeko unea berant jin zitzaigun. Hondarrean sehia hurbildu zen, eta aurpegi koska erakutsiz hartu zuen gure ordena: salda, stek-frit, gasna. Zinez eskubiderik gabekoak ginen euskaldunak. Neska urrundu zelarik, Gaxuk xurxurlatzen zuen ahaidea ezagutu nuen, eta ahaidearen hitzak marmarikatzeari ekin nion:
sept 77
Port Elizabeth weather find
It was business as usual
In the police room 619
Gaxu, botz ozenez kantan hasi zen:
— Yilha Moja, Yilha Moja, The man is dead...
— ...and the eyes of the world are watching now, watching now!
Murmurio elkorrak jabaldu ziren. Bagenekien. Argi zegoen. Gure kasuan, mundua aurka geneukan; herria husten, hausten, baztertzen zuten; arrotz komisaldegietarik gorputzak hilotz ubel ilkitzen ziren, kartzeletan lagunak higatzen zituzten, «eyes of the world» zelakotik urrun; zenduko ginen —halakoa baitzuten helburua— lekukorik gabe.
— Bazauna? Ateka gaitzetik jaliko girea noizbeit?
Gaxuk, ixilik, ahurra ahurtegi epel bilakarazi zidan. Eskuak berezi genituen, zerbitzariak, zakurren moldean kasik, salda mahainean pausatu zigularik.
— Ikusiun! Zinez peko errekan gitun gio!
— Nahio niken gosez hil —erantsi zuen Gaxuk, jatekoaz eskerkaitz. Bakea desir nuen.
— Jazan, otoi.
Azietak goilaretraka hurriz garbitu genituen. Gaxuren hurmpa herotsek lasaitzen zidaten gogoa. Zerbitzaria kontuar izkinan zegoen guri beha. Stek-fritak ekarri zizkigunean, amore emanik zuela iduri zuen, eta españolez hurrandu zitzaigun:
— Hablo kaztellano! Kieren uztedez kafe dezpuez?
Ahoa bete hortz geratu ginen. Hirurak kantonamendu berdinekoak ginen sortzez, agian eskolarako autobusetan elkarrekin ibiliak, edo katiximan; eta ainitzentzat eskualdun izaitea español izaitea zelako ustea hedatua zela pentsatzean tristetu nintzen.
— Klaro —erantzun nion, ongikasiaren begirada zainduz.
Ordea itsasoak nahasten zitzaizkidan golkoan, eta esperantza sinonimoka nabaritzen nuen. Gaxu analisi sozio-ekonomiko luzean lerratu zen, eta azkenean neskaren ondorioen baiezteko aukera baizik ez zitzaidan geratzen. Egunkaria ideki nuen: horoskopoak bizitzen genuenaren arrazoina azaldu zidan, ariestarren zeinupean: «Badakizu, negar egiten ez duenak... Baina zeinen putzu handia egin duzun!». Gaxuri galdetu nion:
— Ta hi? Ze zeinukua hiz?
— Aries.
— Ontsa akomaatuko itun beaz!
— Eiki.
Gaxu dudakor nakusan. Zerbitzariak gure segretua zilaturik, begitarte airosagoa erakutsi zigun, kafearekin eta konduarekin jin zelarik.
— Ze puede pagar kon pezetaz!
— Ago...
Gaxuk, moltsatik —Kaietenea ostatuko urtatseko oparia— ilki zituen hegoaldeko ospakizunen batetan bildu lizardi-ak:
— Ta? Hookin paatzen ahal duta?
— Ja voy a mandar a patran...
Benetako lizardi faltsua eskuetan abiatu zen kozinetara nagusiaren galdezkatzera. Alegerarazko zurrunbiloan urtzen ari ginen, gogoratuz Lizardik Donapaleurainoko bidaia konplitu zuenean orotan euskarazko arrapostuak ardietsi zituela. Lizardi gisutu zen, eta engoitik, egoera laster aldatu zitzaigula geniolarik, zerbitzariaren ahorpegi penatuaren jakile ginen.
— Lo ziento, pero ezo no bale!
— Atx! Ta Diderot bat emaiten baaunat?
Berrehun liberako biletea luzatu zion Gaxuk, eta arrotza bailitzan miazkatu ondoan, erran zuen:
— Bien, zi, graziaz!
— Trankila tia! —gaineratu nuen, eta ostatutik atera ginen, zerbitzaria orain gure aitzinean, kasik belauniko, «hazta luego» ozenka ari zitzaigula.
Hedoi grisetarik euria uharka ixurtzen zen griñatsu, kezketan blai. Merkatu-idekiaren parean ginauden jadanik, arratsaldeko lanaren partekatzen.
— Ni banian Sarrikota-Perat, Ameztoi jaunaren elekatzerat, ta hi Undureinerat Aipazarrotarnk badenez ikusteat!
— Seiak et’erdietan biltzen gitun Kenediinian...
— Untsa!
Gaxuk autoz eraman ninduen kiroldegiko aparkalekuraino, eta han, salbamenduaren bidea zabalduz, musu iheskorra trukatu genuen.
— Haui tenoez gio! —oihukatu zidan Gaxuk, ezagutzen ninduelako, eta Xiberoan egunerokotzen hasiz geroztik orena ahitzen ikasia nuela bazekienez, 4L-ko atea hersten nindagolarik.
Herria larrutzen ziguten, hartarako, larruaren desira pizten zitzaidan bihotz mineralean.