Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—4—

 

Aitorgoitia besarkatzen zuen pagaditik atera eta soro berdeek inguratzen zuten errepide grisetik zehar abiatu zelarik, kontrola izan zen aurkitu zuen lehen gauza. Konturatu gabe frenoa sakatu zuen eta poliki inguratu igarotokia ia erabat ixten zuten bi jeep berderantz. Bistan zen kontrol batek toki eta ordu hartan esanahi eta zentzu bakarra eduki zezakeela, eta azken orduetan ongi ateratzen zitzaion gauza bakarretakoa zela oharturik, poztu zen. Beranduegi zabiltzate, mutilak, beranduegi. Identifikazioek luze jo zuten. Halako batean kotxetik jaitsiarazi zuten. Eguraldi ederra zegoen, eta Eza bere baitako ekaitza menderatzen saiatu eta gauza lasai aldera hartzea komeni zitzaiola erabaki zuen.

        — Esertzen ahal naiz?

        Hori behintzat ez zioten debekatu, eta eseri egin zen, bide bazterreko harri handi samar bat jarleku harturik, ondoan bi numero gelditzen zitzaizkiola. Zigarro bat piztu zuen, eta gisa hartan ikusi ahal izan zuen dozenerdi bat numerok kotxea desegiteari ekiten zioten modua. Horretarako berariz entrenatuta daudenen trebeziaz jokatzen zuten, ez ziren aldameneko herriko postukoak, alegia. Miaketa sistematikoa izaten ari zen: portamaletasa, salpikaderoa, motorra... baina kotxeko azpiak ere bai. Ezak kalkulatu zuen ordu erdi bat pasea zela kontrolean gelditu zutenetik eta denbora horretan guztian beste kotxerik ez zela igaro toki hartatik, eta gogoeta hori zebilkiola buruan kotxe azpiak miatzetik ateratzen zen numero baten mutur zikin belztua ageri zen. Ahal izan zuen moduan ito zuen eztarritik gora, indartsu, sobornaezina, igotzen zitzaion algara. Errabiatuta zeuden, sabel amorruak hezurrak hauts eginda. Eserleku azpiak ere miatu zituzten, gomazko alfonbratxoak astindu. Alfonbratxo baten azpitik agerturiko zerbait pasatu zion numero batek tenienteari, eta biek itzuli zuten soakoa Eza zegoen tokira. Honek, kostata, baina, ikusi ahal izan zuen zer zen; kondoi bat. Ezak bizkar-uzkurtze arina egin zuen, nik ez dakit deus zer arriskutsu horretaz, agente jauna, kotxea ez da nirea, utzi egin didate, esan nahiko bailuen. Tenientea aparra zeriola zegoen. Ate barrualdeko eskaizko estalkiak erauzi zituzten, txapa barrualdetik ere ikusteko moduan utziz. Arraioa, pentsatu zuen Ezak, inoiz baino libertituagorik, eserlekuak ere bai? Ba, bai, antza. Numeroek eserleku barruak miatzen zituzten, euren tripa zuriak non-nahi barreiatuz, baina alferrik; han ere ez zegoen ezer.

        Muino berde baten gainean ikusten zen baserri batean, lanak alde batera utzi eta eszenari so zeuden bi giza irudi ikusten ziren. Kotxea ia erabat deseginda egonik ere, Eza garaipen hartaz gozatzen ari zen eta noizbehinka bere begi burlatiek tenientearenekin egiten zuten topo. Honenek txinpartak jaurtitzen zituzten. Ea orain zer egiten duan, kakajale horrek. Ezak gutxietsi zuen tenientea, eta luze gabe damutuko zen:

        — Gurpilak!!! —egin zuen orru tenienteak.

        Eza malguki batek bultzatuta bezala altxatu zen, garrasika. Bi numerok heldu zioten, ordea, eta ezintasunetik ikusi zuen labanak kautxoan, banan-banan, nola sartzen ziren, eta gurpilek, banan-banan, airerik gabe gelditu arauz, bere gisako zisne kantua nola abesten zuten.

        — Putakumeak!

        Numero batek kulatakada ematekoa egin zuen. Tenienteak galarazi, ordea. «Preziso ez izatera, ez ukitzeko agindu zigutek» gogorarazi zion. Jeepetan sartzeko agindua eman zuen, eta gero, Ezari buruz itzuliz, bere mendekua osatu:

        — Nahi duzunean segi dezakezu aurrera.

        Motor hots handitan alde egin zuten. Kotxea, edo kotxetik osorik gelditzen zena, hobe esan, begiratu zuen; ikusgarria ezaguna egin zitzaion: halako makina bat zeukan ikusita Basorako autopistan. Haiek garretan, baina, gehienak. Orduan baserrirantz itzuli zuen soakoa.

        Lehengo bi giza irudiak hantxe zeuden. Harantz bideratu zituen Ezak bere urratsak, baita minutu gutxiren buruan muino gaina harrapatu ere. Bi irudiak, arrastelu bana okozpean, aita-semeak ziren, musu gorri eta bular zabal.

        — Herrira joan nahiko nuke.

        — Herrire? Segi horko bidea —aita zen erantzun ziona.

        — Ezin nauzue kotxez eraman, arren?

        — Kotxez? Nik eztut holako gauzik —esan zion zaharrak, eta jiratu egin zen. Semea oraindik begira zitzaion.

        — Neuk eramango zaitut. Moto gainean, baina.

        — Bai, emantzak, emantzak moto gañin —aita berriz, burua jiratu gabe eta marmarrean aldentzen zelarik—, gabe geldittukoaiz baina, oek aserraaziik.

        — Ez zaiozu kasurik egin. Zahartu egin da eta.

        Handik gutxira Eza noranahiko motor handi eta potente baten atzealdean zihoan, baserritar gazteari gerritik helduz, abiada bizian eta sustua hazpegietan errotua. Gaztea hiriraino eramateko prest agertu zen, ordea, eta hiru ordu laurdenetan hantxe ziren. Ezak gustora gonbidatuko zuela zerbeza bat hartzera baina galtzeko denborarik ez zuela azaldu, eta ordaindu egin nahi izan zion, baina mutilak dirurik hartu nahi ez. Despeditu egin ziren, eta Ezak Akuiluren etxeko bidea hartu zuen, saltoka, arnas-estuka, bihotzak ahotik gora egingo ziola zirudiela.

        Ez zuen Akuiluren atariraino iristerik izan, ordea, poliziak alderdi hura guztia itxi eta ez baitzion inori pasatzen uzten. Jende oste handia zegoen bildua poliziak kateatuta zeuzkan inguruetan. Galderak eta denetariko esamesak entzuten ziren. Auzoko baten komentarioa bereiztu zuen Ezak, oraino arnas-estuka egonik ere, entzuten zuen hitz-entsaladaren erdian:

        — Tiro-hotsak entzun dira.

        Anbulantzia bat bertaratu zen. Nahikoa ikusi zuen.

        — Putakumeak.

        Akuilu gixajoa, ergela. Inozoa. Graham Greenen azken aurreko irakurzalea, ni egon nintzen guztien azken presoa, bizi ez zuen, bizi ezin zezakeen irudimenezko eta paperezko patria batengatik herriminak jotako azken nostalgikoa. Azken babalorea. Akuilu zorigaiztokoa, gixajoa. Basatikeria guztien biktimak bezain errukarria eta errugabeena bezain errugabea. Anbulantziakoek gorputz bat barneratzen zuten ibilgailuaren atzeko aldean, erabat estalirik, harri bat baino gehiago mugitzen ez zen estaliriko gorputza. Ezak zimiko bat sentitu zuen bihotzean, heriotza horren mingotsari Margot hiltzaile haien eskuetan zegoelako ziurtasuna gaineratzen zitzaiolarik. Jende tropelaren arteko ahots batek laburbildu zuen, anbulantziakoek ateratzen zuten gorputz estalia zela eta, guztiengan orokortzen ari zen inpresioa.

        — Hori Beritxitoserako zegok.

        — Hirugarrenekoa zela uste dut. Kazetaria omen.

        Akuilu, zopilo halakoa, Vietnamen milaka kazetari ibili zen eta ez ziren berrogeita hamarretik gora izan hil egin zirenak, andraminak eta sukarrek akabatu zituztenak ere barne, ez al zara konturatzen? Bizia nolakoa den pulpitu edotarikoetatik iragartzen duten berberak dira, Ekialde Urrutiko basatiak nola jaten duen bidalitako Mendebaldeko korrespontsalak, hori herrira erretiratu ez direnean Pakean bizitzeko, bere katuekin, gehienez ere eskubonba pare bat eta marine baten kaskoa gordetzen dituztelarik, oso akituta daude, ez daude borrokatxoetarako, Akuilu, ez zebiltzan heriotza ezezagun eta satsu baten bila, beti apartatzen ziren trenbidetik nahikoa denboraz makinaren zilueta hodeiertzaren kontra ebakitzen zenean, horixe zen, eta da, lehen araua, ez al duzu ulertu, ez al zenuen ulertu?