Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—7—

 

Poliziaren erasotik ihes egin eta gero, zenbait egunez, Akuiluren berri izatea guztiz ezinezkoa gertatu zitzaion Ezari. Lantokira deitzen zionean, ahots bat kanpora joana zela esatetik hasi, eta azkenean, ahotsak, gero eta haserreago zirudiena, lanera joan ez zen egun horietan zenbat lan gelditu zen egin gabe kantatzen bukatu zuen: moda-desfilea, igandeko gehigarrirako erreportaia eta kalez kaleko argaz ki-elkarrizketa egin gabe omen zeuden. Ahotsak deiak gero eta gehiago aprobetxatzen zituela bere frustrazioa askatzeko ulerturik, Ezak, etsiturik, berriro ez deitzea erabaki zuenean, Akuilu izan zen telefonoz hots egin ziona. Lau egun edo joan zirela lasterka atera zirenetik kalkulatu zuen.

        — Hortik zehar ibili naiz. Egun batzuk behar nituen, zenbait datu baieztatzeko.

        — Arrain-labanaren historioari buruzko datuak, edo, agian? —saiatu zen Eza.

        Akuiluk kolok labur bezalako bat egin zuen.

        — Horrelakoetan ez dugu sekula jakiten Mendebaldeko korrespontsalak zer gisaz jaten duen, konturatu zara?

        — Zuk nahi duzuna esango duzu, baina Ekialde Urruneko elkarrizketagai basatia putakume osoa ohi da.

        — Bai ba. Horixe —erantzun zuen kazetariak, horretan sekula zalantzarik izan ez zuela salatzen zuen tonuaz—. Niri ordea korrespontsalak nola jaten duen jakitea interesatzen zait. Eta korrespontsalak ez ezik, korrespontsala bidali duenak, eta basatiaren kontrario politikoak —beti izaten baita horrelako alternatiba bat, munduko ekialderik ekialdeenean ere:— ardorik edaten duten edo ez, bazkal ondoan korrok egiten duten, zapiari korapiloa jartzen dioten...

        — Ez al da gehiegi izango?

        — Litekeena, oso.

        Zita jarri zion parke jakin bateko iturrian. Azaldu zelarik, Ezari iruditu zitzaion urduri zegoela; ez zuen ohiko sarkasmoaren arma erabili, alde guztietara begiratzen zuen, hariari lotu zitzaion segituan. Orduan inoiz baino garbiago ikusten ahal zen sarkasmoa eta planta mokokariak oro bere burua babesteko pelikula defentsiboa baino ez zela, are, noraino zegokeen horren beharrean. Iturri inguruetako zuhaitzak berdetzen hasiagatik, pasa berriko neguko orbela, haize firrindariak bultzaturik, zirimolaka eraikitzen zen zerurantz, elkarren buruen inguruan jiraka, Ezari, zergatik ez zekiela, zemaikor iruditzen zitzaizkion irudiak osatuz, hosto mortuak imajinazioaren saguzaharrak bailiran.

        — Eza, laguntza behar dut.

        — Zertaz ari zaren jakin arte ezin esan laguntzerik ote dudan.

        — Ea, bada. Marcelo kartzelatik pasatakoa zen, bizpahiru aldiz, gutxienik, lehena lapurretarengatik, ia haur bat baino ez zela, abusu desonestuak zirela-eta bigarrena, eta labankazoka hil zen tipo baten heriotza zela eta hirugarrenean. Lehen delituaren ondorioz, erreformatoriora eraman zuten. Bigarrenean kondena bete zuen, kondena txikia baina, eta hirugarrenean prebentzioan egon zen. Azkenik ezin izan zuten ezer frogatu eta libre atera zen. Orduz geroz ez zuen kolpe zorririk jotzen. Han eta hemengo mafia txikientzat egiten zuen lan, beti ere eskrupulu handirik eskatzen ez zuten lanak. Duela bi urte auzo batean kotxe batek egin zuen eztanda eta auzoko bat garbitu zuen; ibiltari bat, handik paseoan zebilena. Off the record entzun izan dena da Marcelok zerikusia izan zukeela horretan, batzuek lehergailua berari paratu ziotela dioten arren, beste hainbatek berak paratu zuela lehergailua baitiote. Edonola ere, mutil fina. Garai batez emakume ez oso gazte baten kontura bizi izandakoa zen, harik eta haren semeek, Jesukristoren zalapartarekin, etxetik bota zuten arte. Kontu sonatua izan zen. Aiztoaren ahoan bizi diren gehienen kasuan bezala, poliziarekin bazituen tratuak, ezinbestez. Denborarekin hobetzen ari zen: eskandalu gutxiagotan sartu eta negozio diru emangarriagoetan ere bai. Eskola handirik gabea bai, baina ergela ez zen, ez horixe. Aitzitik, bixia, azkarra. Mozkorra eta porreroa ere bai, baina ez heroinazalea, ezta eroa ere. Nik dakidala, tabako kontrabandistentzat ari zen lanean, azken bolada honetan. Jakingo duzu hauena nolakoa den, ezta? Giroa ezagutzen baduzu, kontaktoak edukita, alegia, trailer bete Winston eskatzen duzu, esate batera. Zita egin, zuk dirua eman eta trailerreko giltzak uzten dizkizute, kamioia jeneroarekin non dagoen esanez. Handik aurrera berrogeita zortzi ordu dauzkazu jeneroa nonbait gorde eta trailerra itzultzeko. Hortik aurrerakoa, banaketa eta abar, norberaren kontu. Azken bolada honetan trailer bat edo beste egina omen zuen. Dirutza da, ez pentsa. Orain harira ez datozen gorabehera batzuk direla eta, Juandeaburre Fundazioko lapurreta berak egin zuela susmatzen hasi nintzen —egia esan, susmo edo uste hutsa baino gehiago ere bada—. Tipo hau ez zen eroa. Hau da, ez zitzaion sekula burutik pasatuko Fundazioan sartzea inork iradoki, proposatu edo agindu izan ez balio. Eta inor hori ez zen edozein izango, zeren, adierazten saiatu natzaizun bezala, gero eta zuhurrago jokatzen baitzuen eta ez baitzen herenegun jaio. Hortaz, poliziak berak enkargatuko zion lana, Fundazioko inoren laguntzarekin, edo alderantziz: Fundazioko inork poliziaren laguntzarekin. Azken finean, gauza bera da. Gure aparejuak, mehatxuak zirela edo promesak zirela, edo biak, onartu eta lana egingo zuen. Kolpea ongi prestatu eta ongi egin zen: lapurreta huts egindako itxuran, Marcelok Juandeaburretarren jauregitik bilatzen zuena hartu eta ospa egin zuen. Ondoren etorri ziren arazoak. Marcelok ez zuen tratuaren bigarren partea bete, eta enkargua egin zionari iruzur egin nahi izan zion. Enkargu egileak ez zion barkatu eta Josafateko zelaira bidali zuen. Hil zuten eguneko guztia, kokaina ere barne, montajea zen.

        Mutilaren segurtasuna harrigarria zen.

        — Zure azalpena oso ona iruditu zait, oso interesgarria, oso logikoa, oso ongi lotua. Logikoegia eta lotuegia omenka ari omen den batentzat, ez duzu uste? Hau da, nork kontatu dizkizu gero zuk niri kontatuak? Nola josi duzu narrazioa?

        Akuiluk hasperen egin zuen, eta begiak zirrikitu bihurtu zitzaizkion. Etsita zirudien alde batera, eta axeri bestera. Zigarro bat piztu eta mutu iraun zuen. Ezari pazientzia ahitzen ari zitzaion.

        — Zergatik hil zuten Marcelo? Liburu triste bat eramateagatik? Zer da liburua, edo zer dauka? Zergatik torturatu zuten? Zer jakin nahi zuten?

        — Ez dakit. Badakit baina ez dakit, zehatzago esanda. Jakitera irits ninteke. Hala bada, neuk emango dut historia bat eta zuk lagunduko didazu argitaratzen.

        Ezari gelditzen zitzaion pazientzia apurra ahitu egin zitzaion.

        — Adi, txo. Oraindik ez dakit arrain-labanaren historiaz edo munduko putakume guztien otorduetako ohituraz ari zaren. Horrela ez goaz inora.

        Akuiluk erpuru eta erakuslearekin pintza eginez zigarro muturra urruti jaurti zuen. Errepresentazioaren goren puntua behar zuen horrek, untxia txisteratik ateratzeko unea.

        — Lehen galdetu didazu nola nekien hain ongi lapurretaren asuntua. Jakin nahi duzu oraindik nork kontatu zidan?

        — Nork? Esan, bada, esatekoa, arraioa! Nork!?

        — Marcelok berak —esan zuen irriño bihurri batez.

        — E?

        — Bai horixe. Niri ere hil baino egun bat lehenago etxera etorri zitzaidan bisita egitera.