Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
9
Margot ez zen halere egunotan gaizki lo egiten zuen bakarra. Akuiluk ere ez zuen gauza handirik lo egiten, eta etengabe erretzen zuen medikuak horretarako debekua jarria bazion ere. Ezin urduriago zebilen, alde batera edo bestera jokatu behar ote zuen erabaki ezinik. Gau hartan ordenadorearen pantailaren aurrean eseri, edozein agiri ireki eta bere gogoetan murgildurik gelditzen zen makinak, hainbeste minutu ondoren, automatikoki agiria itxi eta horren ordez pantaila irudi askotako berezi bat ateratzen zuen arte. Orduan pantaila osatzen zuten izartxo koloreaniztunei, hondo beltzaren gainetik hegan eginez bezala hurbiltzen zirelako ilusioa sortzen zuten izartxo koloreaniztunei so gelditzen zen, eta gogoetan pasatzen zituen ordu laurden luzeak.
Ondoren ordenadore-mahaian barreiaturiko paperak begiratzen zituen: eskuz hartutako oharrak, telefono zein bestelako zenbakiez eta izenez zirriborraturiko paperak, prentsako artikuluen fotokopia ugari, arteari buruzkoak eta zenbait pertsonaiari buruzkoak, hegazkin konpainietako ordutegiak... Milango Rizzoli argitaletxearen margolariei buruzko bildumako liburukiak zoru gainean zeutzan. Maileguan utzi zizkioten, eta margolari askoren obra osoaren katalogo zehatzak eskaintzen zituzten. Toulouse-Lautrec-i eskainitako liburukia hartu zuen. Interesatzen zitzaion margoak 226 zenbakia zuen katalogoan. «Natura mortua Camembert platerarekin, edalontzia eta labana». Hagitz datu gutxi ematen zuen: 1889 urte inguruan egina data erabat seguru ez zela adierazten zuen izartxo batekin. François Gauzi-k aipatzen du bere liburuan. Izenpeturik ote dagoen, ez jakin. Zerez margotuta zegoen, ez jakin. Tamaina, ezezaguna. Non dagoen, inork ez dakiena da. Beste edozein margori buruz ematen zen informazioarekin alderaturik, hutsaren hurrengoa zen, eta informazio falta honek dudarik gabe bildumagileen grinarik sutsuenak piztu behar lituzkeen misteriozko argi-uztaia gaineratuko zion margoari. Esate batera, 227 zenbakiduna Emakume edalea mihise gaineko oleoa zen, 55x46koa, izenpetua, jendaurreko erakusketan zegoena, 1889koa. Margoaren historia ere oso ezaguna: Suzanne Valadon izan zen modeloa, Lautrec-ekin harremanak hautsi eta apur bat lehentxeago, segurutik. Margoa baino lehen marrazki ugari egin zen, eta 1889ko apirilaren 21eko Courrier français-en agerturiko ilustrazioa obra honetan inspiratua omen da. M. Masson-en 1911ko ekainaren 22ko enkantean saldu zen, 7.100 franko ordaindu zirelarik, eta egun Cambridge-ko (Massachusetts) Fogg Art Museum-ean dago. Mahai gainean barreiaturiko materialek planteatzen zituzten galderen erantzunak gero eta mataza koherenteagoan harilkatzen ziren. Zenbat eta material horien informazioa gehiago kontrastatu, orduan eta koherenteagoa, sinesgarriagoa gertatzen zen. Harrigarriagoa. Eta beldurgarriagoa. Hala ere klaberen bat zuen falta, eta hala ere klabe hori, edo klabe hori eman lezakeen zer bat egon behar zen. Gau hartan Akuilu beste zigarro bat piztu eta kalera abiatu zen. Margot aurkitu behar zuen kosta ahala kosta.
Eztarri Sakonaren lilurapean sindromepean, hobeki esanda hezitako kazetari-belaunaldikoa zen. Maisuak: mundutik zehar gertatzen diren guztietatik jakitea pena merezi duen ororen berri zehatza ematen duten leginetxeak. Lana, zortea eta behar den unean behar den tokian egoteko dohainaren ametsa. Kazetaritza berria. Lehenengo lanak: hamar kilometroko urruneran izateko arrazoirik galtzen zuten informazio laburrak, auzotik kanpo inor ezagutzen ez zuen heroiei eginiko elkarrizketak, kanpandorretik behakoa luzatuz ikuspegia heltzen den artean bihotzak inarrosten zituzten gertaerak. Trebatzen ari haiz, zailtzen ari haiz, hire Eztarri Sakona partikularra azaltzen den egunerako. Ergela izan behar zen, ergela izan behar zenez, eskandalu batek sudurpean eztanda egin eta herorrek, bertatik pasatzen ari hintzelako arrazoi bakarraz, sari eta ohore guztiak jasoko dituala sinesteko. Eskandalua gertatu den tokitik pasatzen bahintzen, inork bertara eraman hauelako seinale, kontatu beharrekoak kontatzeko. Eta inork eraman ez bahau eta dena halabehar hutsez gertatu bada, kasu. Kontu handiz ibili, gero, ahoa ireki baino lehen, lumari bidea eman aitzin. Kontua zen Akuiluk arrain handia zeukala kainabera puntako amuan, eta beldur zela uretatik ateratzeko nahikoa kemen eta bihotzik edukiko ote zuen. Kemenik ez zuela aitortzea edo bere bizitza profesionala porrot erabatekoa zela aitortzea gauza bera zen. Kemena edukitzera... nirekin ez dira ausartuko. Kazetari bat! Nola ausartuko dira, bada. Baina, hartara jarriz gero, Marcelo garbitzea ere ez zen beharrezkoa, eta akabatu egin zuten... Akuiluri mila modu okurritu zitzaizkion arazoari konponbidea bilatzeko inor hil gabe; gertaeren nondik norakoaren nahikoa berri fidel bazuen, uste zuen bezala, hots, zekizkienaren arabera. Orduan, zergatik, zertarako. Arazoak sustrai luzeak izatera, batek zekien... Askoz gehiago egon zitekeen. Pentsatze hutsarekin zorabiatu zen. Bazekien jarraitzen ari zitzaizkiola. Nirekin ez dira ausartuko, baina aita ponteko egokia bi latu behar dut, afera ongi saldu behar da, eta ongi aukeratu nori saldu.
Margot bere atari barruan itxoitearena ez zen ongi egon, hori bazekien. Sekulako sustua hartu zuen gizarajoak. Baina bera zela konturatu arte defenditu zen. Konturatu arte edo konturatu eta pixka bat beranduago arte agian; izan ere, Akuiluri iruditu zitzaion Margoten belaunak potroen bidea modu atzeraezinean hartua zeukanean konturatu zela. Hori sinestu nahi zuen, bederen. Denbora tarte ez laburregia iragan zen pertsonak bezala mintzatu ahal izan ziren arte.
Gau osoan izan duzu tipo bat atzean.
Badakit. Zu al zinen?
Ez noski. Nire atzean ere ibiltzen dira. Mintzatu beharra daukagu.
Mintzatu ziren. Luze mintzatu ere. Hiru orduren buruan, egunsentia iritsia zelarik, Akuilu seguru zegoen Margotek ez ziola dena kontatu, baina berak ere ez zion neskari bere bihotza erabat ireki. Eta hala ere itun moduko bat izenpetzeko nahikoa informazioa trukatu zuten. Akuiluk irudimenaz bete zituen Margotek isildutakoa eta oraindik ere falta zituen datuak. Oker ez bazebilen, antzekorik gertatzen zen aspaldi irakurritako nobela batean. Norena? Green, noski. Hirugarren gizona? Ez... Neska beltzarekin ezkonduta dagoen beste espioi horrena... Izenarekin ez zen gogoratzen. Maite zuen literaturarekin halako antzekotasun eta paralelismoak bilatzeak beldurrak eta nekeak oro atzenduarazten zizkion, halako moldez non, errenditua izanagatik, etxera itzuli zelarik idazten jarri baitzen:
«Iulius exclusus e coelis. Ez arraçoi guchirequin, gueçurraren vides, Resumac eta erriac galçera Iaincoaren bidetic apartaturic uztentuena. Unatuic senharrac hilcen eta amac negar batez uztentuena, Reinu Christaben seme prestuen alor aziendak eta ontarzunak ostuzentuena, berzeri Exigit Contumaciam munduco abundantiac bilhatzen berze nequeric artueztuen dongeac, azquen arnasa botacozuen oançetic beretic, azquen uneas ere guezurca bere buruari contumaciam secularen seculotan escatu ezdraucana... Halako hitz ia kabalistikoak, eta hori bezalako beste asko, biltzen zituen liburu zahar bat besapean, hasi zen Marcelo Fernandez Esparza hilobira eramango zuen bidea korritzen...».
Halako ukitu iradokitzailea eta erromantikoa ematen dio aferari, sarrera misteriotsu, dotorea esan zion bere buruari, eta hori ere ongi etorriko da; izan ere ez da sekula ahaztu behar saldu nahi den jeneroa bezain inportantea dela jeneroa nolatan saltzen den...
Eta jeneroa benetan nolakoa den, eta salgai jar daitekeen. Itsutuegi zegoen Akuilu, ordea, une hartan, bere gogoetetan horren urrun joan ahal izateko.