Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—5—

 

Petronioren Madrileko egonaldia uste baino gehixeago luzatu zen; hiru egunetako behar zuena izan bost egunetako bihurtu zen. Honekin kezka berri bati egin behar izan zion aurre: arropa falta zuen. Petroniori hori bezalako okasioetan bi egunez jantzi berbera eraman behar izateak umilaziotik gertu zegoen sentipena ernarazten zion. Madril prêt a porter-en hiriburua izango zen, baina horrek ez zuen asetzen jostun zintzo batekin ohituriko gizona. Are, prêt a porter-ari dejenerazioa irizten zion, poteko tomateari, patata frijitu izoztuei eta tetrabrikeko esneari bezala. Prêt a porter-ak hil zuen Balenciaga, baina nirekin ezin izango dute, gora Balenciaga, zer arraio, gora izen terrorista izatearen akatsa baizik ez zuen jostun guztien aita. Arazoa ez zen Madrilen jostunik ez egotea; izan baziren, eta hagitz onak, gainera. Baina, agerikoa zenez, ez zioten jantzi bat prestatuko egun batetik bestera. Hortaz, baloratu behar izan zuen zerk nardatzen zuen gehien: jantzi berbera bi egunez janztea edo gizarte modernoaren plastikozkotasunaren morroi, behin bakar batez bazen ere, erortzea. Batin hutsez agertzerik izan balu, Mazzantini zenak ohitura zuen bezala. Finean, gogoz kontra bazen ere, bigarren irtenbidea aukeratu zuen eta El Corte Ingles-era joanik —ez zuen denborarik bestelako aukerak konsideratzeko— aurkitu zuen zikinestaliena erosi. Ondoren, berriro ere, taxi bat hartu eta Chamartin inguruko pisura itzuli zen. Egia esan, grabaketaren kontuarekin zaletzen ari zen, eta gainera egun hartarako Kultur Ministroaren bulegoan grabaturiko bideo bat jarriko zutela agindu zioten. Lehen eguneko gizon berak ireki zion atea. Harako bidean pentsatu bezala, gauza bat argi ziezaion eskatu zion:

        — Hi, Guti, akordatzen al haiz El Niño del Netol-ekin?

        — Bai horixe.

        — Zer moduz zegok?

        — Hori aspaldi hil huen, motel.

        Entzuketa-gelan sartu zenean, bideoa prest zegoen. Irudia finkoa zen, ministroaren mahaiaren aurre aurreko kamera batez grabatuta; hortaz, ministroak planoari eusten zion John Houstonen garai exijenteenetako aktore behartua bailitzan, profesional heroiko horiek baino neke handiagorekin, baina, ministroaren alde esan behar bazen ere, egia zen eta, bere planoa ia amaitezina zela. Alegia, ministroaren imintzio, piura eta keinu guztiak ikusten ahal ziren etengabe. Irudi hartan bezala, beste inor baldin bazegoen ministroaren aurrean eseririk, bigarren honen bizkarra baizik ez zen ikusten ahal. Paratuta zeukaten kameraren aurrean beste bat paratu eta montajeak egitea pentsatuta zeukatela adierazi zioten, baita bulegoko argien potentzia denen oharkabean handiagotzea ere, asmazioaren sinplezia justifikatu beharrean baileuden. Petroniori errealizazioaren gaineko kezkak gehiegizkoak iruditu zitzaizkion, Navaroneko kainoiak filmeaz geroztik galdurik baitzuen zaletasuna. Zine Eskolako ikasketak bukatu eta langabeziara joandakoan Polizian sartzen ote ziren otu zitzaion. Lehen Guti izendatutakoak botoia sakatu eta bideoko ministroak bizia eskuratu zuen. Bere solaskidea nor zen, Petroniok ezin jakin zezakeena zen.

        Gutierrez, nor arraio da Florencio Juandeaburre? —horrelaxe ekiten zion ministroak.

        Petroniok jauzi bat egin zuen, ipurdi azpian malguki bat jarri izan bailioten, eta magnetoskopioa estopeatu zuen:

        — Gutierrez!? Guti!! Hi haiz!? Kabroia haiz, gero!! Hi haiz, hortaz!

        Gutierrez izenekoak, pisu hartara iritsi zenean atea ireki zion berbera zenak, ezin zuen asebetetasunezko keinu bat ezkutatu.

        — Ministro jaunaren konfiantza irabazten asmatu diat, besterik ez —agerizko apaltasunez mintzatzen zen—. Kultura Ministroak itsuki sinesten dik ni naizela Barne Sailean gelditzen zaion lagun bakarretakoa.

        Osa zitzakeen imintzioen artean, Petroniok irriarekin gehien aldera zitekeena erakusten zuen, ahoa ireki eta elkarrengandik milimetro batzuk aldendutako hortz horituak erakutsiz, hots errepikakor eta zorrotza atereaz, ilea galdutako hiena bat zirudiela. Maskara bat bezalakoa izanagatik irrikarak egiazkoa behar zuen, gorputzaren gainerako zatietan, tripan bereziki, bere isla baitzuen, hainbesteraino non trajea zimurtuko zitzaiola pentsatzeak baizik ezin baitzuen geldiarazi. Bideozinta martxan jarri zuen, berriro ere. Oraingoan Gutierrez zen hizketan ari zena, ministroak egindako galderari erantzuten ziona:

        Hainbat modutara erantzun nezake... Alproja, bon vivant, arte merkatari, negozio gizon... bat da, zer eta nondik begiratzen den... Beharbada errazena da esatea «Pantaleon Juandeaburre» Fundazioko Lehendakaria dela, besterik gabe.

        Petronio konturatu zen Ministroak erdizka baino ez zituela entzuten Gutierrezen azalpenak, bulegoko leihotik begira eta begira ari baitzen, kanpoan zegoen zerbaiten behaketan plazer handia hartuko bailuen.

        — Zeri begira dago?

        — Saab berriari begira —erantzun zion Gutierrezek, ohartxo bat luzatzen zionarekin batera—. Zinta hau Kultur Ministroa eta Juandeaburreren arteko harremanak hasi zirenean dago grabaturik.

        Petroniok ohartxoa hartu eta irakurri egin zuen: «Ministro jauna: artaz gidatzeaz arduratu. Gainerakoa nire esku. No problem. Florencio Juandeaburre».

        — Nola lortu duzu?

        — Egun hartan bertan ebatsi nion. Hain zen emozionaturik, gixajoa, ezen...

        — Joooode —Petronioren harridura gora zihoan unetik unera. Berriro bideozintari egin zion arreta, haatik, Gutierrez eta ministroaren artekoa zertan bukatzen zen jakinminez:

        Harira, Gutierrez, harira —zioen ministroak—. Zer diote Barne Ministeriokoek Juandeaburre horri buruz?

        Diru asko dauka. Euria euriaren ondoren: familiaren ondarea txikia ez izaki, Florencio ausarki aberastu da azken hamar urteotan. Hemen bizi da, eta arte merkataria da —nabaria zen ministroa Juandeaburre nor zen gogoratzeko ahaleginetan ari zela, halako batean eskuin ukabilak ezker ahurrean kolpetxoa eman zuen arte, azkenik gogoratzen zelako froga garbia zena.

        Juandeaburre hau ez al da duela urte pare bat Madril guztian zehar hamazazpi urteko Karibeko andereño batekin promenatzen zena? —ongi gogoan zuen neska; iraingarri gertatu zitzaion une hartan halako neska puska mozolo itxurako tipo harekin ikustea.

        Izan ere, Juandeaburre honek negozioak eduki ditu La Habanan... Fragarekin Karibeko irlara abiatu zen ordezkaritza komertzialarekin joan zen. Arte gaiak maneiatzen ditu... Inportazioa-esportazioa, badakizu.

        — Fragarena al da?

        — Ez, ez , ez... Ez Fragarena, ez beste inorena ere. Guztien laguna da; ezagutzen dizkiogu Italiako mafiarekiko harreman estuak. Fidelekin berarekin egona da. Gure Ministerioan bertan lagun handiak ditu. Mesederen bat egin izan digu inoiz, egin ere. Eskuzabala da, jende guztiarekin ongi moldatzen da... Ez da oso fidatzekoa baina ez daukagu ezer bere aurka.

        — Eta Errusia? Zer dauka Errusian?

        — Ezer ez, guk dakigula. Eduki nahi izango omen duena, horra hor koxka, gure aburuz.

        — Mila esker, Gutierrez. Mila esker, benetan.

        Ondorengo irudietan ikusten zen Gutierrez altxatu eta eszenatik desagertzen zela, erreberentzia txiki bat eginez buruaz. Atea itxi bezain pronto, ministroak interfonotik deitzen zuen. Txakur ongi hezitako bat baino azkartasun handiagoarekin bertaratzen zen Jorge, idazkaria.

        Jorge, adiskide, non egokitzen ahal dugu Errusiara joan nahi duen gure betiko laguna?

        — Zaila izango da... Dena oso beteta dago...

        — Idazleekin?

        — Idazleekin? Bai zera... Eskuak dantzatu dituzte ia, elkarren artean, eta sindikatuta daude, gainera... Pintoreak eta eskultoreak igoaltsu... Jesulin-en koadrilakoekin ez dugu sartuko, jakina...

        — Baina ba al da zezen-plazarik Moskun?

        — Ez noski. Irtenbidea aurkitu dugu, ordea: portatila montatuko dugu Plaza Gorriaren erdian.

        — Eta diseinatzaileak? Errusiar batek ez du erraz bereiztuko diseinatzaile eta pirata baten artean, ezta?

        Bai, baliteke... —idazkariaren aurpegia argitu zen une batez—. Uste dut aurkitu dudala Juandeaburre hau eroso joateko modua... Gerran Deserriratutako Haurrekiko Harreman Batzordean sar dezakegu. Nahikoa talde koloreaniztuna duzu honako hau, eta bat gehiago joanda ere inor ez da konturatu ere egingo.

        Ministroari ere oso irtenbide zentzuzkoa iruditu omen zitzaion, buruaz egiten zuen baieztapen keinuaren arabera.

        Pasaidazu Juandeaburre. A! —halako batean, batbatean zerbait etorri bailitzaion burura— Jorge, hurrengo birmoldaketan Zuzendari Nagusi proposatu nahi zaitut...

        Gutierrezek magnetoskopioa gelditu zuen, esku keinu batez Petroniok ikusi eta entzun behar zuen guztia ikusita eta entzunda zegoela adierazi nahiz.

        — Noiz abiatuko haiz?

        — Arratsaldeko hegaldian.

        — Denboraz atera. Ordu horretan Barajasko bidea lepo zegok. Hi... Zergatik galdetu didak lehen El Niño del Netol-ez?

        — Ez zekiat. Horrena beti iruditu zaidak gogoangarria; errejoneadorea izatera iritsita Antonio Cañero famatuaren oin-burdina Netolez garbitzen Espainia osoa musu truk ko rritu eta gero...

        — Hasiera guztiak dituk zailak.

        — Bai... Gureaz gogoratzen?

        — Tokitan zegok.

        — Bai. Bukaera gertuago, noski.

        Bi gizonak aterantz abiatu ziren. Ate ondoan zeudela Gutierrezek hitz egin zuen azkeneko aldiz:

        — Bi eginkizun dauzkazu, zein baino zein inportanteago. Dena garbi?

        — Bai... Azken orduko gorabehera bat, bakarrik: Gobernadoreak ba al daki ezer honetaz?

        — Badakigu Kultur Ministroarekin hitz egin duela; gurekin ez, damurik... Honek esan nahi du liburuaren berri edukitzea litekeena dela. Bigarren aferaz, ordea, ez daki ezer. Are, ez du ezer jakin behar.

        Petronio asaldatu zen amiñi bat, eta protesta zaratarik gabeko hitzak jaulkitzen hasi zen:

        — Ez didazue txikia eskatzen... Nahi duzue liburua lapurtzera bidali nuen konfidentea akabatzea nire nagusiaren ezkutuan, nire nagusiaren gainean zubia eginda...

        Gutierrezek alto jarri zion jakako hegaletatik xuabeki tira eginez, lisoagotu nahiko bailion. Petroniok ez zuen keinua gustukoa aurkitu; oihala zarpailxea zela nabarituko zuela iruditu zitzaion eta.

        — Et et et... Hori hiretzat ez duk arazo latza izango... Moldatu egingo haiz... Beharrezkoa izatera geuk ere modua egingo diagu Gobernadoreak uler dezan. Jakin behar duena baino gehiago jakin gabe, noski. Hi liburua aurkitzeaz arduratu. Eskuratu eta gordetzeaz, inori ezer esan gabe. Ondoren geuk esango diagu zer egin behar den. Konforme?

        — Guti, Guti... Baina ez al haiz konturatzen? Zer ateratzen diat nik asuntu itsusi honetatik, arazoez aparte?

        Gutiren aurpegiak sorpresa islatzen zuen:

        — Izango duk, noski, hire hileroko konpentsazioa...

        — Guti... Ez nauk hogei mila duroz ari...

        — Zer atera nahi duk?

        — Madrila itzuli nahi diat.

        — Ikusiko diat zer egin daitekeen.