Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—6—

 

Pilotari izandako baten erretegiko jantoki egurrezko eta harrizkoan eseri ziren. Igande arratsaldea aldameneko frontoian hatzari eraginez igarotako koadrilatxoren bat eta bikote pare bat baino ez ziren jarririk mahai sendo luzeetan. Egozkue arduratu zen afariaz. Klasikoa, hagitz: bakailao tortila, piperrak, zapo errea eta txuleta, «idi bailitzan saltzen duten zaharrarena, baina ona, ikusiko duzu, hemen ongi gertatzen dute», Egozkuek esan zuenez. Etxeko ardoa eskatu zuen, eta Ezak bat etorri behar izan zuen bestearen aukerarekin, zeren «antzinako moldean, sulfitorik gabe egindako urteko ardoa da, Arabakoa, egiazko mama gozoa, konturatu ere gabe sartzen den horietakoa» baitzen. Egozkuek agindu zion litro bat edanda ere hurrengo egunean ez zuela buruko minik edukiko. Ezaren buruko mina zen, une hartan, poltsikoan zeuzkan hamabi mila pezetekin ordaintzeko adina izango ote zuen, badaezpada Egozkue ikustera baino lehen kutxazainetik pasatzearen erreflejoa eduki izanagatik pozten zela. Gaiari ekin orduko lehen pinta dardara batean zegoen.

        — Gero Iulius exclusus-ena daukagu —Egozkuek bigarren anonimoa atera zuen poltsikotik—. Ulertzeko moduan jarririk, hau da dioena: Diogok ongi flakaturik aurkitu du Livino adiskidea. Nondik zatoz, galde egin dio, penaturik. Montacutus-etik. Jakinduriaz beterik hago, beraz. Ez, —erantzun dio besteak—, zorriz betea baizik. Parisen zer berri? Berri sinesgaitzak: «Beta sapit eta Quercus praedicat». Beta jakintsua da eta Haritzak predikatzen du. Aitortuko dut hasieran, astebetez edo, noraezean eta galdurik ibili nintzela testuarekin. Behar ez zen tokitik ekin nion. Kosta egin zitzaidala zer zen asmatzea, alegia. Zer zen konturatu nintzenean, ordea, ez nion barkatu nire buruari arazo hain erraz batekin hainbeste denbora galdu izana. Iulius Julio II aita saindua baizik ezin daitekeela izan ziur nintzen hasieratik, eta horretan asmatu dudala uste dut. Testua, dena den, Erasmoren Colloquiae bat da. Hau da, Rotterdam-eko Erasmoren Colloquiae baten zati baten itzulpena, zehatz esanda —Egozkuek, zela deskubrimenduaren unea oroitzeagatik zela ardoagatik, sugar txiki bat zuen begietan—. Konturatzen zara? Erasmo! Nor eta Erasmo! Humanisten aitzindaria!

        Ezarentzat deskubrimendua ez zen hain kilikagarria.

        — Zer da Beta eta Quercus-en asuntu hura?

        Egozkuek ahoan zeukan arrain puska irentsi zuen, pazientzia eskatuz aitzurra zirudien eskuarekin.

        — Aferaren grazia ulertzeko testuingurua ezagutu behar da pixka bat. Colloquiae horiek libelo satirikoak ziren, Erasmok idatzi zituenak bere garaiko eliza katolikoaren hierarkia zirikatzeko eta astintzeko. Txantxa gutxi, ordea. Inkisizioak debekatu zituen. Ez dizut gogorarazi behar garai haietan gutxiagorengatik uzten zutela tipo bat zapo hau bezain errea. Beno, hau bezain errea ez; erreago, kixkorratuta, txokarratuta. Hau puntu-puntuan dago eta. Ulertu behar da garai haietan, oraingo fedegabe ikonoklasta hauetan ez bezala, erlijio eztabaida Europako intelektualen kezka handienetakoa zela. Esan beharrik ez dago Erasmoren Colloquiae horiek, debeku eta guzti, edo debekuarengatik, batez ere, berebiziko arrakasta eduki zutela. Edizio piratak egin omen ziren eta eskuz esku zebiltzan Europako kultur-zentru garrantzizkoenetan. Izan ere, pasarte hau Pariseko Unibertsitateari dagokio bete-betean. Oker ez banago, 1520-25 urteen artean argitaratu zen lehen aldiz. Montacutus hango ikastetxe famatuetako bat zen. Ez dizut orain zehazki azalduko Pariseko XVI. mendeko unibertsitatea nola zegoen eratuta. Hiriaren alde bat harrapatzen zuten ikastetxe pribatuak bazeuden, eta ikastetxe horietako bakoitza erakunde autonomoa zen, bere ikasle eta irakasleekin. Azken finean, ez zen orain gutxi arte ezagutu ditugun unibertsitateekin alderatuz oso diferente; hiri unibertsitarioa, fakultate batzuk, tabernazuloetan emagalduekin zebiltzan ikasle hordizaleak, Inkisizioaren suteak, zirela liburuak erretzeko, zirela herexeak kiskaltzeko, sute hauek eragiten zituzten matxinadak, matxinaden errepresioa... Munduan aldaketak uste ohi dugun baino itxurazkoagoak dira. Konparazione, horiek penizilinarik eta kondoirik ez andraminik sendatu edo prebenitzeko, higiene pixka bat gutxiago, baina HIESik ere ez... c'est tout. Zure anonimoan aipatzen den Beta hau Montacutus ikastetxeko zuzendaria zen, tradizio katolikoaren euskarririk irmoenetako bat. Tirabirak eta eztabaida gogorrak eduki izandakoa Erasmorekin. Beta gaitzizena da, noski. Bere egiazko izena Nöel Beda zen. Bestalde, Beta, latinez, ezertarako balio ez duen —ez jateko, ez belar-urik prestatzeko, ez ezer sendatzeko... — landare baten izena ere bada. Sapit, latinez, zaporea, ahogozoa da, bai, baina baita ere zuhurtzia, adimena. Hortik Erasmoren hitzjoko iraingarria: Montacu tus-etik bahator, jakinduriaz beterik etorriko haiz. Eta besteak, orduan, zera, zorriz ongi beterik. Eta Parisen zer? Parisen gauza ikaragarriak, ezinak, ahal ez direnak: Beta sapit. Beta zuhurra da, adimentsua, jakintsua, zukutsua.

        — Eta Quercus?

        Quercus praedicat.

        Ezari txuleta zatia trabeska gelditu zitzaion eztarrian. Apaiz arraioa. Eskubian zuen labana altxatu zuen okela puska bat ebakitzeko beharrezkoa zena baino dexente altuago, eta bestearen aitzi zuzendu. Egozkuek aldarte onera hartu zuen, barrez, baina mintzatzen segitu zuen:

        — Hago, hago... Quercus izengoiti bat da, inkisidore odolzale eta anker bati zegokiona, Guillaume du Chesnes-i, zehatz esanda. Hau predikari intolerantea zen, Jodocus Clichtovaeus, Herexeen Mailua izengoitiaz ezagunagoa zenaren oso laguna. Dakikezunez, hainbat herexe erre zituzten urte horietan: Daillon, De la Tour... Azken honen morroiari mihia moztu zioten nagusia sutan kiskaltzen ari zen bitartean, exekuzioa ikustera joandako jende guztiaren aurrean... Beraz, nire hipotesia da XVI. mende hasierako kultura edo beharbada Pariseko Unibertsitatea ongi ezagutzen zuen hugonote edo, gutxienez, kalbinozale batek —euskalduna, bistan denez— itzulpenez zein bere uztako testuez moldatutako liburu baten aurrean gaudela; klerigoa, segurutik, baina orduko eliza katoliko intolerante, usteldu eta lotsa galduaren hipotesi ofizialekin lerratzetik oso urrun, erreformadoreen alde postura hartutakoa. Polemika eta ironiazalea, anonimoan argi aski ikus daitekeenez; izan ere, Erasmoren Colloquiae ironikoenen eta zauri eragingarrienetako bat aukeratu baitzuen euskaraz isuririk bere liburuan paratzeko. Edonola delarik ere, erabateko ondoriorik ateratzeko, liburua non eta noiz inprimatu zen jakitea guztiz beharrezkoa litzateke. Eta gero, jakina, inportanteena dago. Egilea nor den jakitea.

        — Eta nor da egilea, zure ustez?

        Egozkuek ordurarteko tonu lagunkor eta amenoa alde batera laga zuen, eta altzairuzko hitzez galdetu:

        — Non dago liburua?

        — Ez dakit non dagoen.

        — Nik ez dakit nor den egilea.

        — Baina susmorik badaukazu.

        — Zuk liburua non dagoen edo nork daukan susmatzen duzun bezala.

        — Zer dago hirugarren anonimoari buruz?

        — Ordaindu ezazu afaria.

        — Hamabi mila pezeta baino ez daukat. Bostehun eta hogeita zazpi falta ditut.

        — Hori ez da problema. Nik jarriko ditut bostehun eta piko horiek eta zuk eramango nauzu bueltan komentura. Taxia ordaindu dudala egingo dut kontu.

        — Eta hirugarren anonimoa?

        Egozkuek erlojuari egin zion so, ezaxolati.

        — Bihar erremonte partidu polita dago. Galerak zure, irabaziak erdi bana. Posturak neuk egingo ditut.