Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—1—

 

Hirukotea elkarri aditzeko behar zena baino fuerteago ari zen solasean, eta haietariko bik —mutilek, hain zuzen—, zeharka eta artega begiratzen zioten ordu laurden bat lehenagotik barra ondoko eserlekua hartua zuen ezezagunari, zeinak, disimulu askorik gabe eta zerbeza bat eskuartean zuela, so egiten baitzien. Mutilek ozen ekiten zioten ohartuak zeudelako, ohartarazi nahi zutelako, eta zenbat eta ohartuagoak orduan eta ozenago mintzatzen ziren. Neskak, ezpaina ezpainaren gainean, mutu alegia, ez zirudien oso nerbiosturik, besteek ez bezala. Musika-egoerari buruzko lerdokeria batzuk esaten zituzten, zer esaten zuten ere gehiegi konturatu gabe. Ezezaguna mintzatu zitzaien, azkenik, eta goraka zihoan tentsioa, azkenik lehertarazi:

        — Horiek denak Etsai Publiko Nagusi zirela uste eta hainbat denboraz gero dantzari damutuak baino ez direla aitortzen dizute. Hori nazka.

        — Ostia pare bat emango al diot?

        — Ez —orduan baino ez zuen neskak hitz egin—. Utz gaitzazue —eta, ezezagunari, orain—. Zureak bai garaiak, e, aitona?

        Ostikoka ateratzeko prest zegoenak besteari begiratu zion, askatzen hasi berriko adrenalina-jarioa eteteko gonbidapen hura ulertu gabe. Bigarren mutilak ere ez zuen oso garbi ikusten zergatik bukatzen ziren orduantxe damatxo haren bizkarzaintza-lanak, baina damatxoak berak eskaturik baitziren ezusteko lanbide hartan sarturik, damatxoak berak eskaturik uzteko prest agertu zen. Neskak keinu bat egin zuen buruaz, eta bigarren mutilak egurra partitu nahi zuena barrako beste puntara eraman zuen. Marmarka urrutiratu ziren, ez oso konforme.

        — Garai guztiak berdinak dira.

        Eza konturatu zen zainetan falta zuela odola. Eta haren ordez isurkin hotz bat korritzen zitzaiola. Gasa, beharbada. Transilvaniako saguzaharra zela sentitu zuen. Ilusioen hiltzailea baizik ez.

        — Zergatik? —galdetu zuen.

        — Zergatik!? Dirue, tío.

        Hitzekin batera erori zitzaion asaldura eta ustekabe pittinean zurrupatu ahal zion lehen gaztetasun printza.

        — Bai... horrela ere adieraz litekeela uste dut.

        Zakur alderraia ematen duk, goseak akabatzen. Ilusioen hiltzailea. Ez huke inor engainatuko, esan zion Kokok bere buruari.

        — Jendea gordinik jaten duen horietakoa al zara, Lecter?

        — Lecter?

        — Ez zara zinera joaten, noski.

        — Mundua, argazki-makina eta Guttenberg aski zaizkit.

        — Saurio halakoa.

        — Egon, egon... Zuk ere asko leitzen duzu.

        Zen bezain egoskorra izanik ere, Margotek ezin izan zuen banitateari eginiko lausenguak sorrarazi zuen emozio guztia bere baitan atxiki, eta begiak zerbeza basoaren atzean ezkutatu zituen. Ezak jakin zuen ahaztu egingo zitzaizkiola aurpegi iheskor horren marra segailak, eztizko pote batetik eroririk bezala barreiatzen zen adatsak zedarritzen zituen azpegi aldakorrak, eta ongi ikasteko premia larria sentitu zuen, hantxe zegoela margoturik bere desioaren mapa jakin izan bailuen.

        — Zuk uste?

        — Céline, Macchiavelli...

        — Orriak azaletik begiratzen ditut, baina ez dut sekula liburu bat osorik irakurtzen. Aipu-liburuak ditut maiteen. Ez zenuen pentsatuko denak nireak zirenik.

        — Ez noski —eta tragoak ordaintzen zituenarekin batera—. Gauza bakar batek harritzen nau: zergatik ni?

        Margoti trufazko irria erne zitzaion sabeletik, galderak haur bati legokiokeen esklusibitate-nahiarekin eduki lezakeen antzarengatik.

        — Zu ez zara askoren arteko beste bat baizik.