Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—10—

 

Kanpoan itzala zen. Euri zaparradaren ondoren ausartu ziren, aitzindari, Eza eta Margot, atzetik, hamar bat metrotara, upeletako amoranteak zituztela. Pretoriarrak atari ilun batean zeuden, kukutuak. Ur eroriak eraman zuen ureazko usaina, airean bi ekaitzen arteko giro geldoa eta esanahi atzemangaitzez beterikoa utzirik. Ezak aire horrekin bete zuen bularra, artega, eta arnas hartze horrek birikak erre zizkion, bi bonbardaketaren arteko goma errezko airea bailitzan. Bi bonbardaketaren arteko giroa beti dago beldurrez eta heriotzaz zamatua, goma errearen usaina nagusitzen da ia beti, baita haragi errearen usainaren gainetik ere, eta batek, poliki ibiliagatik ere, airea falta duela sentitzen du, bihotza jauzika dauka eta arnas-estu batzuk baino ez ditu egiten, sekulako lasterketa jotzen ariko bailitzan. Zemaia eta beldurraren ezaugarriak dira, eta hain dira itogarriak non batek, azkenik, desio baitu hurrengo bonbardaketa laster has dadin, orduan apurtuko baita antsia eta hasiko egoneza definigaitz horri zentzu pixka bat emango dion giharren dantza, aterperanzko korrikaldia, eroririko haur bat pasadan laguntzea, ahal bada bederen, ordurarteko hurrenez hurreneko zurrunbilo areagotzearen leherketa, ekintza, azken finean. Doi aurreko instantearen atalasean bizirik irauteko deiari baino ez zaio aditzen, eta norberaren kezka bakarra da gorputzean behar adina indar biltzea eginbehar horri aurre egiteko, eta zalantza bakarra nork horretatik nahikoa biltzeko gaitasuna izango ote duen.

        Kalearte estuan sartu eta berehala aurrez aurre ikusi dituzte, aterabidea itxiz. Hiru dira, haietariko bi, handiak, aurrerago eta hirugarrena, txikerragoa, atzean. Ezarengan erantzun-seinalea berehala piztu da, eta kasik esan daiteke poztu dela atezu egoera jasanezin horretatik libratuko duen bonbardaketa dela, jakin gabe ere espero duena, konturatu delako. Margoti begiratu dio eta bestea ere bizkarra ematen ari zaiela etorritako bidetik ospa egiteko ikusi du. Elkarri begiratu diote, eta Margotek ulertu du Ezaren keinua.

        — Kantoira iristean lasterka atera, nor bere aldetik.

        Baina kantoira baino lehen upeleko bikotea zeukaten zain, nahiz eta bestelako jarreran, lehengokoa ez bezalakoa. Ez hain maitekorra, hain zuzen.

        — Horra, usapalak. Putakumeak. Erromantizismoak galdu egin nau, beti bezala.

        — Zer?

        — Deus ez, nire buruarekin ari nintzen.

        Ez zuten elkarrekin mintzatu behar izan borrokan egin behar zutela adosteko, ez eta, borrokan egitekotan, bikoteari buruz oldartuko zirela erabakitzeko ere. Ezak ezkutatu zuen neska bere gorputzaren atzean eta upel hustuetako amorante publikoengana jo zuen, poliki, besoak zabalduz eta zerbait esanez, azalpen eske edo, pasioan dabilen inozoaren plantan. Gertuagotik ikusita, upelako amoranteak gehiago zirudien tximu-saldoan nagusigoari eusteko prest dagoen ar menperatzailea ostiral gaueko gazte maitemindua baino. Hankak zoruan ongi prantatuta zeuzkan, angulua eginez, eta eskuin eskuan burdinazko kate bat astintzen zuen. Hiruzpalau urrats azkarretan tximuaren gainera erortzen ahal zela kalkulatu zuenean, Ezak utzi zituen inozokeriak alde batera eta bizkarburua branka moduan erabiliz oldartu zitzaion gorilari. Arina baitzen pisuz, jakin bazekien kolpea ez zela Pisako dorrea lur jota uzteko modukoa izango, baina abiadaz eta ustekabeaz fio zen: primatea lurreratzea lortuz gero ihes egiteko aukerak askoz handiagoak izango ziren. Ziminoa orangutana bezain solidoa gertatu zen, ordea, halako oihu lehor batez Ezaren oldarra jaso eta hiruzpalau mozkor-urrats atzera eman bai, baina hankabiko iraun baitzuen. Kontraerasoa ere prestatu zuen, eta oreka erabat berreskuraturik ez edukitzeagatik, eskuin besoa atzeratu zuen gero buru gainetik ateratzeko berriro ere, katea eta guzti. Eza konkortuta zegoen kolpea jaso zuenean, eta bigarren oldarrari ekin berria, burua bestearen sabelera zuzendurik; azkar ibili izanari esker burdinak bizkar-ipurdian baizik ez zuen jo, eta gehiegizko indarrik gabe, bere mugimendu propio gehi Ezaren burukadaren ondorioz, tximua azkenik zorura joan zen bitartean, kateak galduz. Behin lurrean, biak besarkatu ziren eta itzulipurdi batzuk eman zituzten, baina horrek ezin zuen luze iraun, distantzia laburreko talka hartan ziminoaren gorpuzkera potoloak menperatu behar baitzuen Ezaren hezurreria hauskorra. Zorutik Margoti egin zion oihu, alde egiteko, baina honek zalantza une bat eduki zuen eta finean lurrera eroririko kateak hartu nahi izan zituen, eta orduantxe heldu zion gerritik zimino emeak. Gorilak menpe hartu zuen Eza, belaun berunezko bat petxu gainean paratuz eta ukabilkada bat emanez aurpegi erdian. Kalearen beste aldetik hasieran azaldutako hiru itzalak korrika eta garrasika hurbiltzen ziren, Margotek erasotzailearen besoetatik libratzeko ahaleginak egiten zituen bitartean laguntza oihu egiteari utzi gabe.

        Ezak sentitu zuen indarrak falta zituela eta sudurretatik odola zeriola. Bigarren ukabilkada jasotzeko prestatu zen, baina halako batean petxu gaineko presio itogarria gutxiagotzen joan zen eta bi beso pare salbatzaile galtzarbeetatik heltzen ziotela gorilari ikusi zuen, instantean neskaren goardia pretoriarrak zirela konprenituz. Gau hasieratik ostikoka aritzeko gogo bizian azaldu zen pretoriarrak bazuen, azkenik, adrenalina askatzeko aitzakia, eta horixe egiten ari zen, alafede, ziminoaren sabelaldeko errai bigunak mota guztietako kolpez beratuz. Gorila gainetik kendu ziotenean, Margoti lagun egitera abiatu zen, baina ordurako, bigarren pretoriarrari esker, aske zen. Orduan ikusi ahal izan zuen, errealitaterik gabeko irudi itzaltsu eta nahasi haien artean, denetan izugarriena: kalearen bestaldetik etorritako hiruetako bat, mendi bat bezain handia iruditu zitzaion morroi bat, soin barreiatu bat luzoker gorri batez koroaturikoa, nola oldartzen zen gorputz tropoil hartara sekulako zartadak emanez ezker-eskuin, nahiz eta munstroarekin zihoazen beste biek itzultzeko oihuak egiten zizkioten. Ezak berak jasan zuen lehen eskukada, kotxe baten kristalaren aurkako kolpe bortitza eta, kristala apurtzearen ondoren, ebakia eragin ziona; gero pretoriarrak hasi zen egurtzen, halako moldez non hartzen zuen bakoitzetik hiru banatzen baitzituen, eta beste zirkunstantzia berri bat gertatu izan ez balitz, tanke haren agerpenak zeharo aldatuko zuen borroka haren bukaera, esandako zirkunstantzia hori izan zelarik han eratu zen eskandaluarekin beste gazte batzuk hasi zirela agertzen, pretoriarren lagunak, gehienak, ostia entsalada hartan zeozer esateko bazeukatela erakusteko gogoz.

        Odoletan eta mindurik bazen ere, ikusi ahal izan zuen Margot zurrunbilo horren erdian; beso batetik heldu zion eta tira eginez aterarazi zuen. Lasterrari eman zioten, indarrak ahitu zitzaizkien arte eman ere, ongi argitutako kale zabal eta zibilizatu baten kantoi jenderik gabean gelditu ziren arte, bihotzak ahotik eskapatzeko mehatxua egiten ziela. Margotek ez zuen zauririk; urratu batzuk eta erasoak eragindako asalda eta izua, besterik ez. Ezari odola zerion sudurretatik eta bizkarreko ebakitik, eta begia more jartzen ari zitzaion.

        — Putakume halakoak! —Margot zen, arnasa lehenago berreskuraturik—. Kabroi zerrrriak! Akatu egingo dizkiat!

        — Etxera. Eraman nazazu. Etxera.

        Hori besterik ezin izan zuen esan.