Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
1
«Mendizabalen desamortizazioaren ondoren aurrera eramandako politika bibliografiko egokiak ezarri zituen Juandeaburre Liburutegiaren oinarri sendoak» idatzi zuen Koko Ezak, lehen zirriborroan, monastegien eta apaizen ondasun galduetan arrantzuan ibiltzea baizik izan ez zena definitzeko hitz zuzenak, zentzudunak zirelakoan. Hala ere, Cisnerosek Biblia Poliglota prestatzeko, adibidez, erabili zituen kodizeak petardoak eta txafleruak egiteko erabili zirela kontuan harturik, Pantaleon Juandeaburreren asmo orobiltzaileari eskertu behar zitzaion zenbait liburu sutatik eta ezjakintasunaren atzaparretatik libratu izana. «Gerra eta hondamen giroaren gainetik hegan egiten zuten asmo humanistei esker, Liburutegiak, Karlistaden ondoren, ekarpen berriak jaso ahal izan zituen, Deba Garaiko hainbat nobleren liburutegitik eta Oñatiko Unibertsitatetik etorritako fondoak eskuratu zituelarik», segitu zuen, Juandeaburre haren harrapaketa sistematikoaren deskripzioarekin jarraitzeko. Izan ere, Pantaleon Juandeaburrek miresteko dohainik eduki bazuen, historiaren ekaitzen erdian bere ontzia portura onez eramateko arta izan zen nabarmenetakoa; bistan zen horixe izan zela bere ardura bakarra, bestalde, horretarako izenpetutako makina bat itun eta zin egindako mila fideltasun berbideratu edo hautsi izan behar bazituen ere. Pantaleonen ondorengoak ere ez ziren atzera gelditu protoarbasoaren ildoa segitzea eta biribiltzeari zegokionez, eta horrela, «1936ko gerra garaian Hegoameriketako bidea hartu zuen hainbat jaun presturen ekarpen borondatezkoarekin eta, are, Bonaparte Printzearen fondoetatik Diputazioari zegozkion fondoen parte batekin osaturik gelditu zen Liburutegi aberats honen bizkarrezurra». Juandeaburretarrek beti asmatzen zuten irabazlearekin lerratzen, gero herioan alde egindako galtzaileen ondasun apur batzuk etxera eramateko. Horren ondorioz, «funtsean k.a. IV. mendean Alejandriako Liburutegiaren eraketa bultzatu zuen izpiritu berak, hau da, humanoen jakinduria gorde ez ezik antolatu eta barreiatzea, gidatu du egun 20.000 ale baino gehiago hainbat benetan preziatuak eta baliodunak duen Liburutegi honen sorrera».
Ezaren begietarako, Juandeaburretarren ustezko bibliofilia oso zalantzazkoa zen. Jauntxoen familia horren historiak erakusten zuen ezer baino gehiago bildumagileak eta biltzaileak zirela, eta perretxikuak edo tximeletak bezalako gauza xumeak kenduta, ia edozer biltzea zutela gustoko: dirua, lurrak, etxeak, bitxiak, margoak, eskulturak, eta, zergatik ez hartara jarriz gero, liburuak. Oso bibliofiloak ez zirelako froga garbia zen, lehenengoz eta behin, ale asko oso baldintza txarretan zeudela, hezeak eta pipiak janda, familiaren zailtasun ekonomikoak hasi zirenean liburuak izan zirelako sakrifikatu zuten lehen gauza, ale asko salduz eta gainerakoak soto umeletan gordeaz, batere txukuntasunik gabe. XIX. mendeko jauregia, 300 metroko azaleradun hiru pisuko etxetzarra, lorategi oparoz inguraturik, non orain astean bizpahiru egunez lanean aritzen baitzen, aldiz, ez zen inoiz Juandeaburretarren eskuetatik aldendu, adibidez, eta liburutegia, fondoen interesaren aldetik bederen, oso ongi zegoelakoa egia izanik ere, ez zen egia txikiagoa margo bilduma, konparazione, hagitzez hobea zela.
Luciano Goñi arduratzen zen Liburutegiarekin egiten ari zen lanaz. Goñik hala agindurik, beheko solairuko hiru gela ederretan lan egiten zen. Haietariko batean liburuak gordetzen zituzten kutxak zeuden; han, Artxibo Nagusiko bekadun batzuek liburuaren harrera egiten zuten; hau da, liburua katalogatu eta bere egoerari buruzko gorabeheren berri jasotzen zen. Lehen analisi honen arabera, errestaurazio edo zaharberritze lan berezirik behar zuten aleak kutxetan biltzen ziren, berriro ere, eta Madrila bidaltzen zituzten, liburuen leheneratze-lan horiek burura zitezen. Horrelakoren beharrik ez edo txukuntze arin bat baizik behar ez zuten liburuak etxean bertan inprobisaturiko zaharberri tze-lantegian manipulatzen zituzten, eta, horrenbestez, bigarren gelara pasatzen ziren. Han bi sailetan gordetzen ziren. Lehen sailekoak arruntak ziren, hala esatea zilegi bada, hau da, Artxibo Nagusian gordeko zirenak. Bigarren sailekoak, aldiz, liburu bereziak ziren, alegia, edizioaren antzintasuna edo arrarotasuna, edukiaren garrantzia historikoa, soziologikoa edo politikoa, eta beste hainbat faktoreren arabera, hirugarren gelan, garai batean dantza-aretoa izandakoa, ezarriko zen erakustokian jendaurreko erakusketan jarriko zirenak. Batzorde batek erabakitzen zuen zer liburu pasako zen hirugarren gela honetara, non lan egokiak egiten ari baitziren liburuen erakusketaren gorabehera fisikoak jauretxearen beraren mailakoak izan zitezen.
Goñik agindu zehatzak eman zizkion Ezari Liburutegiari buruz. Liburutegiaren historia laburki kontatuko zuen testua moldatzea, alde batetik, eta testuari lagunduko zioten dozenerdi argazkiak prestatzen joatea. Argazkien gorabehera eztabaidatu zuten; Ezak proposatu zion sei argazki horietatik hiru libururik garrantzizkoenei eskaintzea. Goñi ados egon zen, eta hiru liburu horien hautatze lana bere esku utzi zuen, beti ere azken hitza beretzat gordeaz. Ezak ez zuen duda handirik eduki Liburutegiko hiru harribitxiak zeintzuk ziren erabakitzeko orduan: Erasmoren Encomium moriae, 1511ko ediziokoa, Machiavelliren 1532ko Il príncipe jatorrizko bertsioan eta Joannes Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria 1571koa eta jatorrizkoa, hau ere. Goñik bere asmoa ontzat eman zuenetik, Ezak astean behin edo bitan egiten zuen argazki-saio bat liburu bakoitzarekin. Gainerakoan, probak errebelatu eta testua prestatzeko beharrezkoak zituen agiriak eta liburuak aztertzea zuen lana, gehienbat utzi zioten apartamentuan burutzen zuena.
Fundazioaren asmo berriei aurre egin ahal izateko jauretxean obrak egitea guztiz beharrezkoa gertatu zen, egoitza zaharra premia berrietara egokitu ahal izateko. Jauretxean lan egitea ez zen erraza, han uneoro nagusi zen giroak edozein gerra-errefuxiatuen kanpamendutako ospitalea egiten duen dendakoa ekartzen baitzuen burura; han dena zen premiazkoa eta larria. Patxada falta horrek ekarri zuen aditu uholdeak elkarri egiten zion oztopo: alarma sistemak paratu behar zituenak agintzen zuen egun bat lehenago galeristak erabakitako planifikazioa bertan behera botatzea; orduan elektrizistek aldatu behar izaten zuten instalazio guztia, margoen markoez arduratzen zena iritsi eta ezer ez ukitzeko agintzen zien arte. Halako batean segurtasun zerbitzukoak errietan ekin zion bati pistola agerian ez eramateagatik, eta erasoa jasandakoak bakea emateko, bera zurgina zela erantzun zion, haserre. Oilotegi hartan Eza isil eta xuabe mugitzen zen, labaintzen den itzalaren gisa. Gerraren deskalabroaren erdian lan egitea arrotz ez zitzaionez, hainbat erreportaia egiteko garaian hartutako estrategia bera erabili zuen berriz: hau da, jauretxera egindako lehen hiruzpalau bisitatan begiratu baizik ez zuen egin, aditu saldo ero bakoitzaren biorritmoak eta maiztasunak ikasiz, hori ahalezkoa zen neurrian, eta mingaina dantzatu zuen gelazain eta bekadunetako batekin, euren konplizitatea bilatuz. Ondoren, tropa urriko gerrila buru zailduaren antzera, eraso azkar eta puntualak antolatzen hasi zen. Estrategia haren fruitu, zenbait material lortu ahal izan zuen, giro hartan ezinezkoa zirudien arren: lehen hamar karreteetan argazki on pare bat bazegoen, behintzat.
Jasotako anonimoak, bestalde, ez zion lorik galarazi, hasieran bederen. Gustu txarreko broma bat zela alde batera uztekoa ez izan arren, hitz gogor eta saminez idatziagatik, fede onez egindako gaztigua izatea litekeena zen, baita ere. Hortaz, datuaren idazpena erregistratu egin zuen bere buruko kontabilitatean, inori ezer esan gabe, eta gertaeren begira gelditu zen. Baldin eta horrelako gertaera gehiagorik bazegoen.
Astebetearen buruan ez zen ezer berririk izan, baina anonimoaz ia ahazturik zegoenean, beste bat jaso zuen. Eta handik gutxira, beste bat.