Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
3
Kultur Ministroak azalpen bat behar zuen, eta Gobernadorea zen atsegin gutxiko eginkizun hori hitz totel eta nahasiekin burura eramaten saiatzen zena, gertaeren ordena kronologikoa nahasiz, jazoerak eta balorazioak mataza berean harilduz, aginduen eta kontraginduen berri emanez; «istripu», «hutsa», «nire gizonak» eta «erregelamendua» bezalako hitzak ziren gehien entzuten zirenak bere mintzaldian zehar, eta narrazioa osatzen zuenaren arabera gero eta handiagoa zen noraezeko oste zalantzakor baten ibilera zoritxarrekoak kontatzen ari zelako inpresio penagarria, zirku hitsa osatzen zuten troupe alderrai baten hautsezko ibilera mesetarioak edasten ari zelako irudia. Eta troupe-aren arduraduna bera zela ez zitzaion burutik kentzen. Ministroak, besteren lotsa sentitzen hasia, keinu batez isilarazi egin zuen.
Aski da. Beraz, esan nahi didazu ez duzula liburua.
Ministroak elkarrizketa eskatzen ziola jakin zuenetik, Gobernadoreak, edozer gertatuta ere, une horretantxe egin behar zuen aitorpen monosilabiko hori egitera behartuta egongo ez zela agindu zion bere buruari, hala edo nola jantziko zuela azkenik silaba bakar batez erabaki ahal zen kontua, eta agindua betetzeko prest zegoen, bere ahalbide murritzen neurrian baino ez bazen:
Ez. Hau da, bai. Ez eta bai: ez dut liburua, bai, horixe esan nahi dut.
Gobernadoreak, zalantzarik gabe, horren ondoren emango zituen azalpenak ez zituen arretaz entzungo Ministroak: ez zegoen konforme, horra: Gobernadorea esaten ari zitzaion lapur txiki bat bidali zutela liburuaren bila, honek harpa jo nahi izan ziela eta eskarmentu handiko gizon batzuei lapurra beso artean hil zitzaiela istripuz, jakina, liburua non zegoen jakitera iritsi baino lehen.
...baina bila ari gara, jo eta ke bukatu zuen momentu hartan Gobernadoreak.
Ministroak despeditu zuen bazkaltzera ere gonbidatu gabe. Horrenbestez, eta franko kezkatuta, etorkizuna bera kolokan ikusteko modukoa baitzen horren harrera hotza jasan izana, Gobernadorea Hotelera erretiratu zen, ezertarako gogorik gabe, kargua uztera behartuko ote zuten ere burutik pasatu zitzaiola, zeina, berez gozoa ez bazen, are eta latzagoa baitzen dimisioa aurkeztuko zuen lehena izatearen laidoa gaineratzen bazitzaion. Biharamunean Barne Ministeriora egin behar zuen bisita ekaitz baten antzera irudikatzen zuen. Umiliazioa izan zitekeen jasangaitzena. Auskalo ez ote zuten Ministerioko pasabide luze bateko aulkian eseraraziko, eta bertan denbora luuuuze itxoinarazi, bertatik pasako ziren funtzionari maltzurren ateak baino maratil gehiago ergelenak irri egingarri. Trantze horretatik ez zela pasako agindu zion bere buruari. Txoferrari aginduko zion kotxea Ministerioko atetik gertu eta martxan zeukala egoteko zain, preziso izatera lasterrean ospa egin ahal izateko.
Horregatik ustekabe galanta izan zen Barne Ministerioko buelta. Aurreko arratsaldean Hotelean prestatutako azalpen luzeetatik ez zuen bat bera ere eman behar izan, Barne Ministroak, pertsonalki eta ezin amultsuago hartu baitzuen, kortesiazko hitz batzuk baizik trukatu ez bazituzten ere; detailea zen garrantzizkoa, ordea, eta Gobernadoreari ez zitzaion oharkabean pasatu, are eta gutxiago aurreko eguneko arbuioa ezin ahazturik zebilen unean. Ministroarekin egon eta gero, Zuzendari Nagusiak ohorezko gonbidatu gisa harturik, bakailaoaren bideko droga trafikatzaile batzuen aurkako operatibo bat bertatik bertara ikustera eraman zuten, ondoren bazkaltzera Ministerioko goi kargu batzuekin, eta orokorrean, Gobernadore karguari zor zaion errespetuzko harrera egin zioten egun osoan. Eta egun osoan inguruan eduki zuen jendeak arta handiz ikusarazi zion zein garrantzizkoa eta onuragarria zen Petronio bezalako gizon konfiantzazkoak nominan izatea, zeharka gogorarazi komisarioaren zerbitzu-orria, poliki iradoki oso estimatua zela Ministerioan, ministroak berak oso kontzeptu onean zeukala. Gobernadorea konforme agertu zen besteen iritziekin, eta are, eskerrak eman zituen bere onerako ematen zizkioten aholku guztiengatik.