Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
suitzako bigarren ipuina
Berna
Ozpinarena
Ate bat lapurtu behar dugu, esan diot, eta gurekin etorri behar duzu, atea ezkurdira eramateko gero. Ematen du ez duela ezer ulertu, etxeak lapurtzen dira, esan du, autoak, bizikletak, urrea lapurtzen da; ateak ez dira lapurtzen. Hori da bere logika... Axelek esan dit niri: lauk joan behar dugu atea lapurtzera, esan zure lagun horri ere etortzeko. Hasieratik pentsatu dut, hala ere, birekin nahikoa dela, Axelek eta Merdjak hobeto egingo zuketela bakarrik, atea lapurtu eta ezkurdira eraman.
Erraz pasatu dugu etxeko hesia. Axel eta Merdja sartu dira lehenengo, beti bezala, gu biok gero. Kontuz zaratekin, esan diot. Zertarako?, galdetu dit berak berriro. Esan nahi zuen zertarako lapurtu behar dugun atea, ate hori... Ez diot erantzun nahi izan, ez ditu gure familiako gauzak ulertzen, arraroak egiten zaizkio. Ulertuko ditu momenturen batean, urte batzuk barru.
Atearena ez da gure etxeko ohitura bakarrik, familia gehiagotan ere egiten da, askotan, hala ere arraro egiten zaio berari, eta galdetzen jarraitzen du, inozoa balitz bezala. Nik isiltzeko esan diot hesia pasatu dugunean, atetik hurbil egon garenean, etxe barrukoek entzun dezaketela, esna daitezkeela, atarira agertu. Gauzarik okerrena litzateke orain, batez ere orain, aita ezkurdian dagoenean.
Axel eta Merdja hurbildu dira atera, eurak biak baino ez, gu apur bat aparte geratu gara. Axelek eta Merdjak kontrolatzen dituzte halako lan finak, hori azaldu diot. Batez ere zaratarik gabe egin behar da, sarrailarekin hasita. Hori lapurreta normaletan bezalakoa da, azaldu diot. Gakoak erabili behar dira, mailu txikiak, uste dut. Axelek Merdjari erakutsi zionean, zerbait ikasi nuen, baina ez gehiegi ere. Gaur, Axelek ate aurrean hartu duen jarrera ikusita, ematen du Merdja arduratuko dela. Ondo egin du, atea berehala eta isilik zabaldu da, natural.
Ez gara barrura sartu, ez dugu zertan sartu, azaldu diot. Atea asko zabaldu behar da, hori bai, orpoak, bandak, erroak, hori guztia non eta nola dagoen ikusteko, linterna txiki batez. Hitzak ezagutzen ditut nik, izenak, askotan aditu izan ditut, baina ez dakit zehatz zer den pieza bakoitza. Torlojuak kendu behar dira, hori badakit... Asko direla uste dut, eta arin egin behar dela, ahalik eta arinen, etxeko inor esnatu gabe eta aita arratsaldeko lauretatik dagoelako ezkurdian. Goizeko hirurak dira orain, egun beroa izan da, hamaika ordu egin ditu aitak ezkurdian. Merdjak ezin du hori eraman, ezin du aita horrela ikusi. Amarekin liskarra izan du, gogorra; amak esan dio ezin zuela etxe barruan aita gehiago jasan.
Atea orpoetatik atera dute Axelek eta Merdjak halako batean. Kirrinka labur bat entzun da baina ez inor esnatzeko modukoa. Laguntza eskatu digute orduan guri, atea posizio horizontalean jarri eta ezkurdirantz abiatzeko.
Ezkurdirako bidea ahalik eta arinen egin dugu, korrika txikian ia, pentsatu dugulako jendea bilduta egongo zela ordurako, aitaren inguruan, amaren inguruan. Jendea, jende hori batez ere, errespetuz tratatu behar da, ordua ere ez delako ona, ez delako ohikoa. Axelek gogoratu digu, gainera, maisua ordu bietan heldu dela ezkurdira, ordubete baino gehiago da han dagoela. Mesedea egin digu maisuak, esan du Axelek, handia mesedea, ordu arraro hauetan, eta ezin dugula itxaroten eduki. Beti pentsatu izan dut Axel bera ere hileta-maisua izatera helduko dela.
Uste baino jende gehiago egon da ezkurdian heldu garenean. Lotsatu ere egin gara hainbat lagunek, pixka bat apartatuz, korridore bat egin digutenean jende artean aitarengana hurbildu ahal izateko. Aita zegoen lekura heldu garenean, ama ikusi dugu haren ondoan, hileta-maisua, osaba bat, hiru izeko.
Atea lurrean utzi dugu, aitaren ondoan. Ahaztuta izan dugu usain hori, aitarena, edo atearen bila joan garen bitartean areagotu egin da. Jende arteko batek baino gehiagok zapia dauka aho-sudurren aurrean, lehenengo ilaretan dauden batzuek batez ere. Errespetu falta iruditu zait, baina neuk ere egingo nukeen beharbada gure aita ez balitz. Merdja da aurpegia aldatu ez duen bakarra.
Atea ekarri dugun laurok jarri dugu aita ate gainean. Izekoetako bat ere makurtu egin da laguntzera, belauniko jarri da, baina ez du indarrik egin. Ematen du presentzia markatu nahi zuela beste ezer baino gehiago. Kostata altxatu dugu aita; kilo asko hartuta zegoen lehenengo erretirotik, nahiz eta gaixotu ostean apur bat galdu. Beti egin izan den moduan jarri dugu gorpua ate gainean: burua goiko markotik arra betera. Apartatu egin gara gero, hileta-maisuak hitz egin behar zuen.
Aita ondo ezagutzen zuela erakutsi du maisuak, guk ezagutzen ez genizkion alderdi batzuk ere aipatu ditu. Eskertu egin diogu, ondo dakigulako hileta-maisua txarto aukeratzen dela batzuetan. “Atearen exordioa” esaten diotenari ere ez dio tonu metafisikorik eman, gero eta ohikoagoa den moduan, eta hori ere eskertu diogu, Axelek eta biok behintzat; Merdjak ez du aurpegia aldatu orduan ere. Maisuak amaitu duenean, txaloaldi ahalegin bat egon da bildutakoen artean, baina segituan gelditu dira, familia hau desberdina dela ohartu direnean.
Ondoren ibili gara estuen, hurrengoa izan da delikatuena. Atea eta aita erraz sartu ditugu hobira, zulo zabala egin genuelako atzo. Zulo zabala egiten da beti, esan diot, ateak zabalak direlako, gurea oso zabala. Axelen lagunak etorri dira horretarako, gu lauron artean ezin izango genukeelako egin, batez ere atea ateratzearena. Indar handia egin behar da atea gorpuaren azpitik ateratzeko, behin hobian sartuta daudenean, atea eta gorpua. Asko makurtu behar da gerria, besoak luzatu, laguntzaileetako batek hobira sartu behar izaten du.
Familia handietan, senide gazte asko dituztenetan, erritmo handiz egiten da, atea mugimendu arinekin ateratzen da gorpu azpitik. Gorpua lotara etzaten ariko balitz bezala pausatzen da hobi hondoan, estetikoa izatera ere heltzen da. Iruditzen zait horrela ideatu zutela antzina, familiak handiak zirenean, hiru edo lau belaunaldikoak, gazte jende asko zegoenean. Penagarria bestea izaten da, familia zaharretan, ezkongabeetan, edo neba-arreba guztiak aspaldi hilda daudenetan, gurasorik gabe, seme-alabarik gabe, ilobarik gabe... Ez da egoten atea hilobitik aterako duen inor. Langileak kontratatzen dituzte, langabezian daudenak askotan, eta narras ateratzen dute atea hobitik, gogorik gabe... Arrakalatu egiten dute, itsustu, ate bat zartatzen ere ikusi nuen behin, azaldu diot.
Eta hori da, inondik ere, ezin duguna guk egin, gaur, atea arrakalatu, urratu. Beste kontu bat zen ate hau gurea zenean, etxea gurea zenean. Urratuak egiten genizkion inoiz hiletetan, amonarenean adibidez, baina zazpi egun genituen gero konpontzeko, urratuak berdintzeko, lehengo modura ekartzeko. Atea ezin da zazpi egunez atzera bere lekuan jarri, azaldu diot. Zazpi egun egin behar ditu etxeak aterik gabe, hori esaten da, hildakoaren azken usainak handik atera ahal izateko, azken espiritu zatiak, azken suak. Ez du suena ulertu, galdetu egin dit, zer dira azken suak? Ez dut erantzuten jakin, isiltzeko esan diot, hileta-maisuaren hitz berriak aditu nahi banitu bezala.
Kontua da gaur ez dauzkagula zazpi egun atea konpontzeko, gaur bertan jarri behar dugulako bere lekuan, etxea ez delako orain gurea. Horregatik ezin diogu zauri txikiena ere egin, zikindu ere ez, horregatik eskatu die Axelek lagunei etortzeko, indar handia behar delako gauzak garbi egiteko, markarik gabe. Axelen lagun batzuek zamarekin egiten dute lan, ohituta daude, hurreratu ere ez naiz egin. Ezin egokiago atera dute atea, hobiko hormak ia ukitu gabe, garbi eta zuzen. Aitaren gorpua utzi dute, beharbada, behar baino indar apur bat handiagoz erortzen, baina atea da lehenengo ardura. Merdjak begiak estu itxi ditu gorpuaren kolpea entzun duenean, apurtu nahi izan balitu bezala.
Lurra guztion artean eman diogu, ahalik eta arinen amaitu ahal izateko, desordu hauetan. Zazpi pala ekarri ditugu, bi aitzur. Ez, erantzun diot, amaitzen ari ginenean, pala utzi dudanean, ez dugu beste egurrik jartzen gorpua eta lurraren artean, zuek egiten duzuen bezala. Nahikoa egur daukagu atearekin, baina atea bera ezin dugu zuloan utzi, zulo barruan, etxerako behar dugu; beti egongo dira beste hildako batzuk, beti egongo da haizea zuloetan. Iruditzen zait ez duela ulertu, baina gehiago ez du galdetu.
Azken hitzak esan ditu hileta-maisuak, pertinenteak horiek ere, argiak. Jarri dute harria. Agurrak hasi dira orduan, bildutako batzuek ezer esan gabe alde egin dute. Jende multzoa siku geratu da, familiakoak dira gehienak orain, lagun bakan batzuk, hurrekoak. Momentu ona iruditu zaigu eta atea altxatu dugu guk laurok, Axelek eta Merdjak aurreko aldea, guk atzekoa. Axelek keinua egin dio amari, bagoazela. Onartu egin du amak. Merdjak galduta dauka begirada, erreparatu ere ez dio egin amari. Iruditu zaigu ozpinarena ezin dugula bertan egin, jende aurrean.
Etxerantz egin dugu etorritako bide beretik, baina hesira heltzeko berrehun metro baino gehiago falta zirela gelditu gara. Lurrean utzi dugu atea, orbelen arteko harri guztiak kendu eta gero. Ez dugu orain sorpresarik nahi, markarik atean, urraturik, konplikatuena egin dugunean. Atearen goiko partea adar bigun batean pausatu dugu, beheko aldea lurrean, hartara goitik behera bota ahal izango diogu ozpina. Axelek zorrotik atera du botila eta trapu berri bat. Tantaka bota du ozpina ate gainean, gutxika, goitik behera. Labain egin dute tantek, ate erdiraino batzuek, aldaba beharko lukeen lekuraino beste batzuek. Euri artifizial bat, desorekatua, Axelek eragindakoa. Iruditu zait miresmen moduko bat sentitu dudala: anaia da, ozpina menderatzen ari da. Trapua pasatu du Axelek gero, tanta guztiak barreiatu ditu, desagerrarazi. Merdjak hartu dio trapua ostean hemengo aldea egiteko. Operazioa errepikatu dute atearen beheko aldean.
Zer da?, galdetu dit, ozpinarena esan nahi zuen, usaina kentzeko?, galdetu dit. Zozoa zara, esan diot, nola izango da usaina kentzeko... Ohitura dela esan diot, erritua, baina iruditzen zait asmatu egin duela zati batean... Errituarena mozorroa izan daiteke, beste erritu asko bezala... Denbora gehiegi egoten da hildakoa lurperatu gabe, hatsa hartzen du. Mozorroa izan daiteke beraz ozpinarena, ozpinaren inguruko guztia, atearen distira, “espirituaren ispilua”, ozpinari buruz esaten direnak, mozorroa hori guztia... Hatsa kendu nahi da, beti geratzen delako zerbait. Ahal denik eta gogorren igurtzi, hori da ikasten duguna, irakasten digutena. Amonarenean neuk igurtzi nuen aitak botatakoa, Axelek eta Merdjak egin dute gaur. “Ozpin-euria” esaten diote, beste mundu batetik etorriko balitz bezala, ezagutzen ez dugun eta ulertuko ez genukeen mundu batetik.
Ozpinarena amaitu eta ate aurrean azken hitzak esan ditu Axelek. Errepikatu egin ditugu Merdjak eta biok, buruz dakizkigu: “Espiritu-ispiluari begira gaude gu, garbitasun lakua...” eta abar, betikoa. Atea aldean hartu eta etxerantz abiatu gara gero.
Hesia lehen baino askozaz errazago pasatu dugu, konfiantzaz gatoz orain, amaitzen ari gara. Atea lurrean utzi dugu une batez, etxe aurreko patioaren eta eskaileraren artean, Axelek zorrotik erremintak atera dituen bitartean. Gako bat jausi zaio lurrera, harlauza baten kontra jo du, zarata metaliko txiki bat. Merdja momentu horretan esnatu dela ematen du, aita lurpera sartu dugunetik, arin jiratu du burua, begiak asko zabaldu ditu Axeli begiratzeko.
Atariko argia piztu da orduan. Zutunik dago gizona aterik gabeko zuloan, gaueko arroparen gainean jaka bat. Neurrira eginikoa ematen du jakak, bulego lanerakoa. Ez du ematen orain esnatu denik, aurpegia oso bizi dauka, atal guztiak euren lekuan: begiak oso zabalik, ahoa natural... Guri begira dago, bekainak estutu ditu. Esango nuke hasieratik ikusi duela guztia, entzun behintzat, nola askatu dugun atea, nola eraman dugun... Lehen ez du astirik izan, beharbada, atarira jaisteko eta zain egon da ordutik.
Ez dakigu zer egin; gizonari begira gaude. Aita?, galdetu du orduan gizonak. Guk ez dugu ezer erantzun. Galdera errepikatu du gizonak, bekainak ez ditu hain estu orain.
— Aita?
— Bai.
— Benetan sentitzen dut, gizon ona zen. Begira daukazue handik...
Merdjaren ernegua igarri dut nire ondoan, arnasa bizitu zaio, praken oihala estutu du eskumako eskuaz. Gizonari erantzuteko ez du ahotsa gehiegi ozendu.
— Inor ez dago begira.
— ...
— Inon ez.
Alde egin dugu. Atea dagoen lekuan utzi dugu, lurrean, imintziorik ere ez dugu egin bere lekuan jartzeko. Gizonak berak jarri beharko du, bihar, etzi, eska dezala laguntza...
Aita bakarrik dago ezkurdian handik pasatu garenerako. Etxera bidean jarraitu dugu guk, baina harriaren ondoan etzan da Merdja, lur harrotuan, hezean. Handik hiru ordura heldu da etxera, zikin, arropa, aurpegia, azazkalak.