Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
Zuen diru puta, zuen lan putak, zuen edari putak... Zuentzat... Nik ez ditut nahi. Zuentzat! Ez ditut behar nik... Botikari puta... Beste txerri bat... Zer uste duzu? Nor zarela uste duzu? Sabel bat... Koipea! Koipe kilo asko. Eta dirua. Eta koipe puta. Eta zu berdin. Eta zeu ere bai. Guztiak. Txerriak guztiak eta ezer balio ez duzuenak. Eta koipea. Eta niri esaten didazue, baina zeuek zarete koipea.
Zuek ez dituzue zaldiak ikusi, semeak eta nik ikusi genituen bezala. Ez dituzue ikusi. Gau berean. Bakoitzak bere ametsean esan nahi dut, semeak bere ametsean, nik nirean. Zuek baboak zarete, eta baboek ez dute ametsik egiten, edo ez dituzte kontatzen. Botikaria baboena.
Zaldiak. Behin ikusi nituen nik zaldiak. Umetan. Ehun ziren, mila, ez dakit non, aitak eraman ninduen, aitarekin joan nintzen. Zaldiak ikustera joan ginen beren-beregi? Beste zerbaitera? Ez dakit. Ikusi egin genituen. Iruditzen zitzaidan oso hurbil genituela zaldiak, baina ezin ziren horren hurbil ere egon. Ez dakit lekua zein zen, baina badakit zaldiak zirela, eta ez zirela urdinak.
Zuk ulertuko didazu, hauek baino hobeto ulertuko didazu zuk... Ez daukazu semerik, baina berdin dio, han bizi zara, gure ondoan, eta txerri hauek baino hobeto ulertuko didazu zuk. Badakizu zer diren zaldiak, mila, milioi bat, bidean behera, ziztuan, hankak zabal-zabal, muskuluak gogortuta... Lurruna ari ziren botatzen, lurrun asko, trenek bezala. Ulertzen didazu, ezta? Lurruna? Zaldien lurruna? Trenen lurruna bezala? Hori da. Ikusi egiten zen zaldien lurruna. Semeak, baina, esaten zuen bere zaldiak urdinak zirela. Argi dago beste zaldi batzuk zirela.
Zaldiak ikusi nituen umetan eta amestu egiten nituen gero. Hasieran egunero egiten nuen amets zaldiekin, gero ez, noizik behin, orain bezala. Zuek amets egiten duzue? Zuk zer egingo duzu, botikari, zuk ez duzu ezer egiten, zuk zer egiten duzu? Botikak saldu, eta edan, eta jan, eta ez dakizue zertaz ari naizen ere, ergelak zaretelako, baboak, ez dakizue zertaz ari naizen...
Zaldiak nigana datoz ametsean, ziztuan, beldurtuta nago, zapalduko naute, burua lehertu, lotan nagoela ere eten egiten zaizkit birikak. Baina ni nagoen lekura heltzen direnean ez naute harrapatzen, zaldiek, zaldi koitaduek, zeharkatu egiten naute, nire gorputzean zehar pasatzen dira, edo ni euren gorputzean zehar, ez dakit, zaldi guztiak, mila, milioi bat. Ez dakizue zertaz ari naizen, ezta? Zaldiak datoz, ezinezkoa da ni ez harrapatzea, baina ez naute harrapatzen. Ematen du zaldiak nire gorputzera sartu direnean desagertu egiten direla. Lurrundu egiten direla. Botikari!! Botikari!! Ulertu duzu?! Ulertu duzu ezer? Lurrundu egiten dira zaldiak. Milioi bat zaldi. Nire sabelean. Nire sabelean lurperatzen ditut zaldiak. Txerriak ere lurperatu ahal ditut nire sabelean. Zure modukoak. Botikari!! Ulertu duzu ezer? Zer ulertuko duzu zuk...
Eta hori da ulertu behar dena, zaldiena, semeak ere ikusi zituela, azken egunean, ametsetan. Baina ez ziren nire zaldiak. Hori ulertuko duzue, zuek ere bai, erraza da. Umetan joan nintzen aitarekin zaldiak ikustera; semea jaio gabe zegoen, semeak ez zekien nolakoak diren nire zaldiak. Hori argi izan behar da. Argi daukazue, baboak? Beste zaldi batzuk amestu zituen semeak. Urdinak zirela esan zuen; nireak ez ziren urdinak, nola izango ziren urdinak? Beltzak ziren, arreak, grisak... Argi izan behar da beste zaldi batzuk direla. Semearen zaldiak urdinak ziren eta goitik behera zetozen, zerutik behera... Hori esan zidan semeak azken egunean, hori izan zen bere ametsa: zaldi urdinak, erdi korrika, erdi jausten, zerutik lurrera. Nireak, baina, lurretik datoz beti, nigana, eta zeharkatu egiten naute, lurrundu egiten dira nire gorputzean, eta semearenak ez. Oso desberdinak dira gure zaldiak beraz, baina biok egin genuen zaldiekin amets, gau berean, semearenak urdinak, nireak ez.
Azken egunean hitz egin nuen hori guztia semearekin, bidean, oinez egin genuelako bide guztia. Dirua eskatu ahal zen, aukera hori bazegoen, trenez joateko, bizilagunen bati eskatu ahal genion, herriko bati, anaiari, baina ez genuen egin; oinez joan ginen, oinez nahi nuen nik, denbora gehiago izan genuen hartara hitz egiteko. Horregatik dakit zaldiena, orduan komentatu genuelako, bidean.
Mapena ere orduan esan zidan, eta berehala ulertu nion nik; ez zidan azaldu behar izan, berehala ulertu nuen. Inoiz ez nuen nik ordura arte mapa bat kopiatu, zuk ulertuko didazu... Semea beti egoten zen mapak kopiatzen, hiriak, mendiak, ibaiak, eta azken egunean ere mapei buruz hitz egin zidan. Ulertu egin nion, eta gogoa egin zitzaidan, mapak egiteko, mapak kopiatzeko... Pentsatu nuen semearen adina izan banu, semearen denbora, egingo nituzkeela mapa batzuk... Denbora behar delako mapak kopiatzeko, baina merezi du. Han daude, mapak, han geratu dira, semearenak. Gauza asko zituen semeak hitz egiteko, azken egunean konturatu nintzen.
Bidearen hasieran hitz egin zuen semeak batez ere, animatuago zegoen, isiltzen joan zen gero. Esan zidan txarto egin zuela lo. Badakizu zer zen ordukoa, egunak egiten genituen ondo jan gabe, asteak ere bai, horrela ezin da soseguz lo egin. Botikariak ez dauka problema hori, inoiz ez du izan, ez daki zer den, txerrien tribukoa da. Apatx! Nora zoaz, botikari? Komunera? Pentsatu dut ez zenuela gehiago entzun nahi, baina zuretzat ari naiz kontatzen, eta zuentzat ere bai, ez dakizuelako zer den gurea, eta entzun beharko duzue, alferrik ez hitz egiteko gero, alferrik ez hitz egiteko, botikari.
Esan dizut makal zegoela semea, behar bezala jan gabe, behar bezala lo egin gabe, gogo txarrez jaiki zen. Atzeratu ahal zen guztia, bidaia, edo dirua eskatu ahal zen trenez joateko, baina aspaldi zegoen pentsatuta oinez joatea, eta semea ez zegoen hain txarto ere, apur bat gorri begiak, sukar apur bat, baina ume gogorra zen, argala, oso argala, baina gogorra.
Ondo joan zen hasieran, asko hitz egin zuen, mapei buruz, zaldiei buruz, baina amatatu zen gero. Amatatu egin zen. Jarraitu zuen hitz egiten, hori bai, baina motelago, gutxiago. Aurrera begira jarri zen, zuzen begira. Esaten zuen: “Nireak urdinak ziren.” Baina ez zidan niri esaten, bere buruari esaten zion. Ematen zuen bazekiela, dena zekiela, azken eguna zela, zertara ari ginen hirira joaten. Ezin zuen jakin. Neuk ere ez nekien, emazteak ere ez. Ezin zuen jakin semeak, ezin zuen... Botikariak bai beharbada. Zuk dena dakizu, eta hura ere jakingo zenuen, guk baino hobeto, zure botikatik... Drogak hartzen dituzu, botikari? Ez da normala bestela, ez zenuke dena jakingo bestela... Badakizu guk zer dakigun eta zer ez, noiztik dakigun, noiz hasi ginen jakiten... Dena daki txerriak. Eta zuek ere bai; botikariak baino apur bat gutxiago, baina ia dena. Denok hitz egiten duzue, jakin gabe. Erdizka jakinda. Horregatik ari naiz kontatzen. Zuentzat, txerriak.
Horregatik behar izan genuen denbora gehiago egun horretan, azken egunean, normalean baino denbora gehiago, hirira heltzeko, lau ordutik gora. Asko hitz egin genuen, semea makal zegoen, eseri egiten ginen, harrietan, enborretan.
Familia gehiago ikusi genituen, ama gehiago aitak baino, batzuk gu baino astiroago. Ez ginen gu bakarrik, botikari, ez ginen bakarrak. Asko ziren, baina zuk ez dituzu ezagutzen. Dena ezagutzen duzula uste duzu: ez duzu ezer ezagutzen. Zure koipea ezagutzen duzu, beste guztia ez. Oso gutxi. Zuk gu ezagutzen gaituzu, eta dena dakizula uste duzu, eta horretaz hitz egiten duzu, eta ez dakizu. Eta neuk esan behar dizut, hemen, mundu guztiaren aurrean, beste familia asko ikusi genituela.
Lehendik ere bagenekien familia asko zegoela, horregatik egin genuen geuk ere. Hiru seme-alabako familiak, laukoak, bikoak, denetarik... Jakin duzu hori, botikari? Jakin duzu lau alaba zituen ama bati hiru hil zitzaizkiola hirira joan aurretik? Ikusten duzu nola ez dakizun guztia, nola isildu behar duzun gehiagotan, zure botikan, zure drogekin... Guk familia asko ikusi genituen hirira heltzen ari ginela. Asko esaten dudanean, zazpi esan nahi dut, zortzi. Asko da hori, familia bat asko delako, ume bat asko delako. Baina banatu egin ginen, ez genuen besteekin joan nahi, besteekin hirira sartu nahi. Neuk ez nuen nahi. Semeak ez zuen ezer esaten, erdi gaixorik zegoen. Iruditzen zitzaidan hobeto joango ginela bakarrik. Txarto egin nuen beharbada... Botikariari galdetu behar nion orduan ere zer egin, dena daki berak, ez dauka familiarik, baina dena daki. Nik ez nekien. Bakarrik sartu ginen kaleetara.
Estazioa bilatu genuen, hori esaten zen, estazioa bilatu behar zela, hori zela lekurik onena. Estazio ingurua zela onena, hori entzuten zen, edo estazioa bera. Kontuz ibiltzeko trenekin, hori ere esaten zen, istripu asko egoten zela, baina estaziora joateko esan ziguten guri ere. Familia asko joaten zen estaziora, estazio inguruetara, gehienak estazio barrura sartzen ziren. Badakizu zer den estazio hori, zenbat jende sartu ahal den... Orain neuk ere badakit, familia gehienak hara sartzen ziren. Familia asko, botikari, asko. Baina gu ez ginen sartu. Hori erabaki nuen. Pentsatu nuen gehiago egingo genuela kanpoan, gehiago irabaziko genuela, semeak batez ere. Txarto egin nuen berriro beharbada, ezta, botikari? Txarto egin nuen? Estaziora sartu behar genuen? Ez! Ez! Ondo egin nuen. Ondo egin nuen... Txarto atera zen, baina ondo egin nuen.
Denda asko dago estazio ondoan, jende asko, mugimendua, jatetxeak... Horregatik geratu ginen kanpoan. Ondo jantzita zebilen jendea, umeak, zapata onak zituzten, jatetxeetara sartzen ziren, horregatik ez ginen estaziora sartu.
“Jatetxe bat”, hori pentsatu nuen hasieran, jatetxe batean egingo genuela. Dirua ikusten da jatetxeetan, diru asko batzuetan. Baina batzuetan bakarrik. Itxi egiten dira jatetxe asko gainera. Hobeto pentsatu nuen. Edo hobeto pentsatu nuela iruditu zitzaidan. “Gozotegi bat”, hori pentsatu nuen gero, batzuk ikusi nituelako, zaharrak guztiak. Gozotegiak ez dira ixten, betikoak dira... Horrela ari nintzen pentsatzen semeari begira; txarto beharbada, baina hori zen ideia.
Atzera egin nuen, etorritako bidetik, estaziotik apur bat urrundu ginen. Gozotegi handi bat ikusi nuen kale batzuk lehenago, gozotegi zaharra, leihate handikoa. Semeak ez zuen ulertzen zergatik egin behar genuen atzera, nekatuta zegoen, erdi gaixorik, ez geneukan dirurik gozotegian sartzeko.
Kanpoan egon ginen begira, leihatetik, barrura begira, ez bakarrik pastelei, txokolateari; saltzaileari begiratzeko esan nion semeari, hori zela inportanteena orduan. Neska gazte bat zen, jabearen alaba seguruenik, hori zen inportantea semearentzat: saltzaile hura, atsegin itxurakoa, aurpegi apalekoa, keinu leunak zituen... Adi egoteko esan nion semeari, inportantea zela, neska hari begiratzeko, ondo erreparatzeko, pertsona ona ematen zuela, hori esan nion. Konbentzitu egin nahi nuen, semea neska haren aurrean gustura egotea nahi nuen, ohitzea, bere aurpegira, keinuetara, orrazkerara, hori nahi nuen. Hobeto egin ahal zen, seguru, zuk hobeto egingo zenuen, ezta, botikari? Zuk inoiz ez diozu seme bati hitz egin, baina hobeto egingo zenuen. Ezta, botikari? Zuk hobeto hitz egingo zenion zure txerrikumeari... Ez dagoelako. Ez dago, ez daukazu... Horregatik hitz egiten duzu hain erraz.
Hori zen ideia, baina orain iruditzen zait semeak ez zuela ulertu. Ulertu zuela pentsatu nuen orduan, bazekiela zertara joan ginen hirira, zertara joan ginen gozotegira. Orain iruditzen zait ezetz. Hori egin nuen txarto beharbada. Eta beste guztia ere bai, dena egin nuen txarto, baina orain dakit, orduan ez. Azalpen asko eman nizkion semeari, asko, asko, zuk badakizu nolakoa naizen. Esan nion gozotegira sartzeko eta neskari edozer galdetzeko, kale bat, edozein, estazioa non zegoen, bide bat, edozer... Esan nion jateko zerbait eskatzeko gero. Semeak biontzat eskatu nahi zuen, nik ezetz, berarentzat bakarrik, nik ez nuela behar...
Hori esan behar zion saltzaileari, hori zen inportantea: bakarrik zegoela, ez zeukala aitarik, ez zeukala amarik, hori zen inportanteena. Ulertu egin zuela iruditu zitzaidan, ez zen erraza, aurpegi arraroa jarri zuen. Esan nion jateko zerbait ematen bazion, han barruan jateko, gozotegi barruan, kalean baino epelago egongo zela. Baietz esan zidan, sartu egin zen, inoiz ez zidan kontra egiten, inoiz ez zuen kontra egiten, horregatik pentsatu nuen ulertu zuela. Gozotegira astiro sartu zen.
Nik ez nekien nola egin, noiz egin, batez ere noiz egin. Orduan egin nuen. Ez nekien ezer, horrelako gauzak ez dira jakiten, eta pentsatu gabe egin nuen. Semea zerbait esaten hasi zen, gozotegiko neskari hitz egin zion, hori argi ikusi nuen. Pauso batzuk eman nituen orduan eskumatara, horma baten atzean jarri nintzen, gozotegi barrukoek ezin ninduten ikusi. Korrika hasi nintzen gero, izerdi asko bota nuen, oso desatsegina. Azken kaleetaraino ez nintzen gelditu ere egin, berehala hoztu zitzaidan izerdia. Badakizue zer den hotza izerdia sikatzen denean? Badakizu zuk, botikari? Zer jakingo duzu zuk... Orain iruditzen zait ez nagoela lehen bezain mozkortuta, baina ez dut ondo gogoratzen bueltakoa, bueltako bidea. Hoztu egin nintzen, hori bai, arinago egin nuen, ez nuen ezer jan.
Emaztea negarrez hasi zen etxera sartu nintzenean, ikusi ninduenean. Lehendik ere negarrez egongo zen beharbada, berriro hasi zen orduan, aulki batean, bilduta. Neuk ere egin nuen, baina ez nintzen eseri negar egiteko. Egin duzue inoiz eseri gabe, geldirik egon gabe? Gaixotu egin nintzen, jaten eman zidaten.
Hilabete eta erdi, hori itxaron genuen, gehiago ezin, ezin izan genuen, emazteak batez ere. Trenez egin genuen hirirako bidea, anaiari eskatu nion dirua. Ez nuen emaztea gaixotzea nahi; guztia ikusi behar zuen: kaleak, jatetxeak, gozotegia... Atzera ekarriko genuen semea? Ez nekien. Emazteak baietz esaten zuen, baietz, errepikatu egiten zuen, baietz. Nik ez nekien, ikusi beharko, non zegoen, norekin... Gu baino hobeto egongo zen beharbada; seguru, gu baino hobeto seguru.
Gozotegia estaziotik hurbilago zegoela iruditu zitzaidan, askoz hurbilago, aurrekoan baino, semearekin joan nintzenean baino. Emazteari begiratzen nion, hitz egiten nion, lasaiago zegoen, jatetxeak ikusi zituelako, jendea, jantzi garbiak, garestiak... Iruditu zitzaidan emaztea ezin zela gaixotu han. Ohituta zaude zu, onartuko dizut hori, botikari, ohituta zaude, gaixo asko ikusten dituzu, nik baino gehiago, horretaz hitz egin dezakezu, horretaz bai. Eta badakizu ez dela atsegina, hurbileko pertsona gaixotzen denean, ez dela erraza... Ez nuen nahi emazteak...
Gozotegia seinalatu nion emazteari, hori da, esan nion, gozotegia, hori da. Iruditu zitzaidan gehiago lasaitu zela. Neska bera zegoen barruan, apalak ordenatzen ari zen, edadeko emakume bat ere bai, ama, izeko, aulki batean, hizketan. Astiro sartu ginen, errespetuz, emaztea batez ere. Neskari galdetu nion: ume bat, bederatzi urtekoa, orain dela hilabete eta erdi hona sartu zena, bakarrik, gurasorik gabe, jateko zerbait eskatu ziona...
Ez zuen gogoratzen. Gogoratu ere ez. Han egon behar zuen, hori pentsatzen genuen, hori genuen buruan. Horretarako egin nuen, horretarako esan nion semeari gozotegira sartzeko, jatekoa eskatzeko, gurasorik ez zeukala esateko, horretarako egin nuen... Han hartu behar zuten, ume bat, bederatzi urtekoa, mesedez, gurasorik gabe, mesedez, zer da mundua orain? Eta gogoratu ere ez zuen egiten neskak, ume bat, gurasorik gabea, neska horrek.
Nire izterrei kolpeka hasi nintzen, zarataka... Beldurtu egin ziren gozotegikoak. Baina gogoratu ere ez zuten egiten, gure semea, gogoratu ere ez. Emazteak atera ninduen gozotegitik. Kolpea jo nion hormari, baina ez nuen ezer apurtu. Esaten dute zerbait apurtu nuela gozotegian; ez da egia, ez nuen ezer apurtu.
Zenbat denbora? Ez dakit zenbat denbora, asko. Ilundu ere egin zuen, ez genituen kaleak ezagutzen, ez genekien non geunden askotan, baina bilatu behar genuen, hori egin behar genuen orduan, bilatu, ilundu ere egin zuen. Eta ikusi genuen alferrik zela, ez zegoela umerik amarik gabe, familiarik gabe, alferrik ibiliko ginela. Estazioan egin genuen lo.
Gehiago bilatu genuen biharamunean, hurrengo egunetan, alferrik. Etxera itzuli ginen, gaixotu egin zen emaztea. Ez esan ez genuela bilatu, ez esan berriro; zuek, ez esan berriro, bilatu egin genuen, asko ere bai, gaixotu egin zen emaztea. Ez esan berriro...
Gero jakin genuen bestea, gero. Eta zuek ere bai. Orain ematen du beti jakin izan dela, beti jakin izan duzuela. Orain iruditzen zaizue hasieratik zekiela mundu guztiak. Ez da egia. Orduan ez zekien inork, zeuk ere ez. Inork ez. Gero jakin genuen nola bidaltzen zituzten gizon haiek kaleetara, nola hartzen zituzten umeak, gurasorik gabe topatzen zituztenak, familiarik gabe, bazterretan eserita, nola eramaten zituzten estaziora. Esaten da ehunka ume egoten zela estazioan... Umeak, zaldiak bezala, txerriak bezala, estazioan, korta bat.
Banaketarena ez dago argi, zeuek ere ez daukazue argi, ez esan argi daukazuenik; ez dago argi, inoiz ez da egon. Esaten da banatu egiten zituztela estazioan, umeak, hori esaten da, baina inork ere ez daki, inork ez daki seguru nola. Esaten da ondo zeudenak alde batera bidaltzen zituztela, etxalde batera, hangar batzuetara, lan egitera, fabriketan beharbada. Ondo zeudenak hori, gogorrak, gure semea bezala, fabriketara bidaltzen zituztela, hori esaten da, hori entzun dugu denok, zuek ere bai. Ez dakigu egia den, zeuek ere ez dakizue.
Eta beste umeak zer? Hori ere entzun duzue, ezta? Denak ez ziren gogorrak, denak ez dira gogorrak izaten, tripa handituta zetozen batzuk, puztuta, etxetik zetozen horrela, tripa puztuta, neuk ikusi nituen batzuk bidetik, egun asko jan gabe, gaixorik. Ez zuten lanerako balio, fabriketarako, gaixorik zeuden, indarrik gabe. Nik ez dut beste azalpena sinesten, ez dut sinesten, baina entzun egiten da, hori da gehien entzuten dena, nik ezin dut sinetsi... Zer izango zen mundua orduan? Nola utziko zituzten umeak hiltzen? Nola sartuko zituzten trenetan? Trena edonon gelditu gero? Belardietan? Soroetan? Umeak han utzi, gaixorik, urik gabe, hiltzen utzi? Ez dut sinesten, ezin dut... Zuek sinesten duzue? Nik ezin dut.
Ez esan zenekitenik, ez zenekiten, ez genekien, orain dakigu. Eta seguru ere ez dakigu. Esaten da orain ez zela fabrikarik egon, etxalderik, denak hil zirela, gehienak, hiltzen utzi zituztela, ezin zela beste ezer egin, ezin izan zutela. Nola eman guztiei jaten? Nondik aterako zuten? Ez zegoen, ezin zuten... Zuk beti izan duzu jatekoa, botikari, ez dakizu zer den jan gabe egotea, baina hitz egiten ibili zara. Berdin dit. Berdin dit orain. Orain ez nago hain haserre. Orain ez nago hain mozkortuta. Berdin dit zer esaten duzuen.
Orain mapak kopiatzen ditut. Semearen mapak dauzkat han. Batzuetan originalak kopiatzen ditut, beste batzuetan semearenak. Kopien kopiak egiten ditut. Zaldiak gero eta gutxiago amesten ditut orain. Ez dira urdinak izaten. Eta batzuetan gogoratzen dut semea erdi gaixorik eraman nuela estazio inguruetara. Hori da gogoratzen dudana orain, emaztea hil zenetik.