Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
Ez dakit zu nor zaren, baina usain txarra daukazu. Ez dakit zerena, larru usaina, euriarena, ez dakit, zerbait.
Rosa? Hori esan duzu? Hori zure izena? Baina zein? Ez dakit zein... Ez dakit inoiz ikusi zaitudan... Ezetz iruditzen zait. Nire ahizpa? Zu nire ahizpa? Ez dut uste... Nola ez zaitut orduan inoiz ikusi? Ez zinen okerreko gelara sartuko? Nik ez dut Rosarik ezagutzen, edo Rosariorik, ez bada oihal dendakoa.
Gizon bat etorri da lehen hona gelara, inpertinentea gizona. Gizon gehienak iruditzen zaizkit inpertinenteak. Ile asko zeukan aurpegian, pizta hori batzuk begietan. Desatsegina egin zait. Gizon asko dira ikusteko desatseginak.
Hiru ahizpa dauzkat nik eta neba bat: Mon. Hiru ahizpa dauzkat: Isabel, Eli eta Rosa. Zu ez zaitut ezagutzen eta usaina ez daukazu ona ere. Rosa? Zer egon zara, arraina garbitzen? Hemen ere usain txarrak daude beti; garbitzera etortzen dira, ematen du garbi dagoela, baina beti dago hatsa.
Erizainak ere etortzen dira, eta beti dira diferenteak. “Ez dut nahi” esaten diet erizainei nik beti. Entzun ere ez dut egiten zer esaten didaten, baina nik beti ezetz. Termometroa dela, zopa dela, hau, bestea, beti ezetz nik. Nor zarela esan duzu?
Umeak ere etortzen dira batzuetan, ume itsusiak, oso itsusiak. Nik ez diet ezer esaten, amei, aitei, baina oso-oso itsusiak dira hona etortzen direnak. Ez dakit norenak diren, zergatik etortzen diren, galduta egongo dira beharbada. Oso handia da hau, hemengo erizainak beti dira diferenteak, umeak ere bai. Baina oso itsusiak beti. Ezin dira gure familiakoak izan, ez gara horren itsusiak gure familian...
Hiru ahizpa dauzkat nik: Isabel, Eli eta Rosa. Eta neba ezkongabea, ni bezala. Ez da familia handia, iloba batzuk ere badauzkat, iloben seme-alabak... Ez gara asko, ez dut uste asko garenik. Zu? Zu ez zara etortzen diren umeak bezain itsusia; zaharra bai, oso zaharra. Eta arropak ere bai... Baina ez dakit nor zaren, barkatuko didazu. Erizain bati esango diogu nahi baduzu... Beti dira diferenteak erizainak, baina atseginak batzuk...
Hemen nagoenetik, aita gogoratzen dut batzuetan. Ama ez da ospitalera etortzen... Aita gogoratzen dut batez ere hondartzara joaten ginenean, umetan. Menditik jaisten ginen hondartzara... Gogoratzen zara horrekin, Rosa? Txikiegia zinen zu beharbada... Kotxean eramango zintuen Isabelek, edo Monek, edo etxean geratuko zinen... Bai? Gogoratzen duzu? Nola eramaten gintuen aitak, Eli beso batean eta bestean ni? Hori ez? Zer gogoratzen duzu orduan? Hondartza? Zuk ezin duzu ezer gogoratu... Hondartzako taberna, jatetxe txiki bat. Inoiz ez genuen ezer erosi, inoiz ez genuen han bazkaldu. Gogoratzen zara, leihate handiak, udan? Guraso onak gureak... Gure ama zer zen ona, Rosa... Ez esan amari hemen nagoela, ez esan. Pena hartuko du, sufritu egingo du. Ez esan amari...
Gizon bat etorri da lehen, paperekin. Uste dut fakturak zirela. Ez diot ulertu. Asko hitz egin du, oso eskas, ezin zen familiakoa izan. Paperak ekarri dizkit. Uste dut zerbait kobratu nahi zuela, ez diot ulertu. Zeuk ere zerbait nahi izango duzu kobratu beharbada... Nola esan duzu zure izena? Rosa? Izen ederra. Ahizpa bat neukan nik Rosa. Aspaldi ez dut ikusi. Hark ere izango ditu urteak. Ni baino gazteagoa da, baina laurogeita asko bai. Zeu? Orduan ez zara fakturekin etorri... Eta nor zen zurekin etorri den gizon hori, fakturekin etorri dena? Barkatu, belarri hau daukat eskasago... Ez dakit, paper asko ziren... Ez dakit zer ziren, ezin dizut esan.
Nik ez nien esan, Rosa. Zuk sinetsi behar didazu, ez niela nik esan non zegoen aita. Esan amari, Rosa, ez nintzela ni izan. Zuri egia esango dizut, beti esan izan dizut, ahizpa txikiari beti. Esan nahi dut nik ez niela asko esan, guztia esan. Zerbait esan nien, baina ez guztia. Leku bat esatea ez da asko esatea, hori iruditzen zait. Edade horrekin zer nahi duzu? Zer jakin behar nuen nik edade horrekin? Bederatzi urte izango nituen, zortzi. Gaixorik nengoen gainera. Ez gaixorik: oso gaixorik... Gogoratuko zara, eztul hura, kalentura, urte hura izan zen, eta hori ez dit inork kenduko burutik. Kontua da ez niela nik esan non zegoen aita, edo ez niela guztia esan; leku bat, zer da hori? Bekatua da hori? Mundu guztiak zekien herrian non zegoen aitaren almazena. Eta hori esan nien nik, almazena non zegoen.
Guapa nagoela esan zidan ume batek atzo, hona etortzen diren ume horietako batek, guapa nagoela. Ez dira ume itsusiak bakarrik orduan: itsusiak eta gezurtiak, gauza biak. Sats eginda nago hemen, zikin. Ikusi duzu ile hau? Ez dut orrazten, ez dut garbitzen. Koipea. Usain txarra... Zer da hori? Zertan dator ume itsusi bat hona niri gezurrak esatera? Ez dakit nondik datorren usain hau, sunda hau... Egunean-egunean nago sikuago, baina inoiz ez naiz ni itsusia izan, ahizpak ere ez. Mon apur bat. Zeu ere ez zinen itsusia izango gaztetan... Ezkonduta zaude?... Goian bego... Urteak ere izango zituen.
Osaba gutxigatik libratu zen, aitak baino zorte handiagoa... Ez dakit zergatik ez zuten osaba eraman: eramateko modukoa zen, bere moduko asko eraman zituzten. Berak ere ez zekien zergatik ez zuten eraman, zergatik ez zuten fusilatu, nik ez diot sinesten ez dakiela. Zabalduko duzu leihoa, Rosa?
Zizta egin dio belaunak Rosari altxatu denean. Eguzkia ikusi du leihoa irekitzean, baina zikin zerua; ez da hodeirik baina zikin dago zerua. Azazkaletako bat odoletan daukala ikusi du Rosak leihoa zabaldu duenean. Eguzkia grisa iruditu zaio, azazkaletako odola gris iluna. Ohe ondora itzuli denean ahizparen belauna ukitu du, izara odolez ez zikintzeko kontuz ibili den arren. Ahizpak belauna apartatu du.
Neuk esango dizut zenbat denbora egin nuen gaixorik, ez daukat ahazteko: lau hilabete eta bost egun. Ez daukat ahazteko, Rosa. Etxean irten gabe hori guztia. Ohean asteak: indarrik gabe, kalenturarekin, eztularekin... Asteak horrela. Ez daukat ahazteko, Rosa. Dendatik igotzen zen aita ni ikustera. Ez beste ezertara: ni ikustera. Eta leihora eramaten ninduen, ohetik jasota, besoetan, leihora eramaten ninduen, nik kalea ikusteko, pasatzen ari zen jendea, autoren bat, gurdiak, umeak... Hori bai ez daukadala ahazteko, Rosa, aitarekin leihoan egoten nintzenean, kalea ikusten, laurogei urterekin ere gogoratuko dut hori, aitaren gainean, egunero egiten zuelako aitak bizarra, usain hori leihoan... Horregatik esan nien beharbada. Ez nien esan behar aita non zegoen, hori orain dakit, baina ez nien asko ere esan... Entzungo zuten beste lekuren batean ere non zegoen aita goiz hartan, nik esan ez arren. Azaldu amari guztia... Hona ez da asko etortzen ama.
Ahizparen aurpegia eta leihoa, biak ikus ditzake Rosak aldi berean ahalegin berezirik egin gabe. Orain ulertu du zergatik iruditu zaion zerua zikin dagoela: lanbroa sartzen ari da itsasotik, lehen lanbro-besoak heldu dira ospitalera, aparkalekura eta leiho aurreko zabalgunera. Rosaren ahizpa ez da konturatu, aurrera begira dago, hizketan jarraitu du. Zeharka begiratzen dio Rosari noizean behin, nor den asmatu nahi izango balu bezala, edo nondik datorkion usain hori.
Erizainak beti dira diferenteak hemen, ospitale honetan, gutxitan errepikatzen dira, atzokoa bezala. Atzo etorri zena orain egun batzuk ere etorri zen, ezagutzen nuen, ondo gogoratzen nintzen, eta poza hartu nuen, neska ederra zelako, gaztea, igartzen zen azal guztiak bere lekuan zituela. Ez txarto pentsatu, ez nion ezer esan, ez nuen ukitu, hemen ez ditut horrelako gauzak egiten, ezta pentsatu ere, hemen ez. Zuri kontatzen dizut hau ez zaitudalako ezagutzen, ez nauzulako ezagutzen; familiako bati ez nioke kontatuko, ahizparen bati beharbada bai, baina ez edonori...
Gizonezkoak garbitzera etortzen dira batez ere eta desatseginagoak dira, ikusteko eta eurekin hitz egiteko. Freskatu egin du baina ez itxi leihoa.
Rosa konturatu da lanbroak dena hartu duela orain, zuri ikusi du aparkalekua. Auto batzuen zatiak sumatzen ditu, kolore bizikoak bereziki, gorriak, horiak. Eguzkia asko moteldu da, eta lanbroa gelan bertan sartzen ari dela nabaritu du, freskuragatik hasieran, koloreagatik gero.
Esan egin diote amari? Esan diote azkenean non dagoen aita? Badakit galdetzera joan dela... Askotan joan da eta jarraitzen du, hori badakit, baina ez dakit erantzun dioten. Hona ez da etortzen ama... Hori ez dakit zergatik den, haserre dagoen nirekin... Urte asko egin ditu bakarrik amak, hori ere egia da. Bakarrik eta gurekin. Nik bederatzi urte, zuk sei. Hori ere ulertu behar da. Horregatik ez da etortzen? Umeak zaindu beharko ditu, ahizpak eta Mon. Laurogeita zortzi urte zuk? Nik esku hau daukat nahi dudan moduan ezin mugituta...
Atzo hil zen hor ondokoa, horko ohekoa. Atzo edo herenegun. Zahar-zaharra hori ere, zelako oihuak batzuetan. Hirurogeita hamar urte baino gehiago ere bai, zahar-zaharra, ni baino zaharragoa. Batzuetan ez nekien zer egiten zuen, oihua, kantua... Melodia batekin hasten zen, ei, ei, astiro, entzuteko zaila. Gero eta gogorrago gero oihua... Zer zen hori, gauez ere bai. Amari ere deitzen zion, eta non egongo zen haren ama, duela hogei urte hilda beharbada. Nik uste dut harena zela usain txarra, dena egiten zuela aldean. Eta hemen utzi du. Iruditzen zait ezin kenduta ari direla garbitzaileak. Ez zara zu haren familiakoa izango, ezta? Hemen nago zirina bota eta bota haren kontra, eta familiakoa zara zu beharbada...
Lokartzen nautenean haren kantu hori entzuten dut oraindik batzuetan, hori iruditzen zait. Aitarenak bezala. Aitaren kantu bat edo bi gogoratzen ditut, ez gehiago.
Leihoa itxi nahi du Rosak, lanbroa uste baino gehiago sartu da gelan. Ondoko ohea ere ez du ikusten, afarirako mahaia ere ez. Ahizparen ezpainen kontra jotzen du lanbroak hitz egiten ari den bitartean.
Aitaren kantua, gogoratzen duzu, Rosa? “Bide bat, bide bi, begi bat, hiru begi...”
Leihoa ixtera altxatu nahiko luke Rosak, baina ezin duela sentitzen du, zuritasun horretan.
Botikak baino ez, hori ematen didate hemen, eta nik ezetz beti. Aita inoiz ez nuen botikak hartzen ikusi.
Erabat zuri dago ospitaleko gela orain, lanbroak hartu du zeharo, ozta-ozta ikusten ditu Rosak ahizparen ezpainak, begiak, itxi, zabaldu, bekainak, lanbrotan daude, kotoi artean bezala.
Leiho aldera begiratu du Rosak eta orduan ikusi du lehenengoa: lehen arraina, lanbrotan igerian, gela barruan, lanbroan zehar, arrain laranja bat... Lasaia ematen du, bakean dagoela, ez diola inori traba egin nahi.
Aita eta ama etorbidetik elizara, nola joaten ginen gu atzetik, edo aurretik, hori gogoratzen dut batzuetan; ez eliza bera, hori ez, baina bidea bai, eta nolako altua zen aita, eta bizarra egiten zuenean...
Gelako atea egon beharko lukeen aldera begiratu du Rosak eta beste bi arrain ikusi ditu han, laranjak, lanbrotan igerian horiek ere. Ematen du gorputz barruan argindarra daukatela, hegal bat bestearen kontra, bakean igerian.
Amak amets egiten zuen aitarekin, hori kontatzen zigun; urteak eman zituen aitarekin amets egiten. Orain ere egingo du beharbada. Kontatu dizu zuri? Aitarekin amets egiten duela, gu umeak ginenekoak, aitarekin, gu jaio aurrekoak ere bai.
Hotza handia da orain, Rosak ezin du leihoa itxi, ez daki zergatik, ezin da altxatu.
Tapatu oinak, mesedez. Tapatuta daude? Ikusten dituzu nire oinak? Tapatuta daude?
Rosa ohartu da gela osoan daudela arrainak, laranjak guztiak, eta ardurarik gabe egiten dutela igeri, lanbro-itsasoan, natural. Eurengandik oso hurbil pasatzen dira batzuetan. Iruditu zaio baten ezkatak sentitu dituela ezkerreko sorbaldan, baina mugitu ere ez da egin.
Larritu egin da: ahizpa guztiek galdu dute burua momenturen batean, gehiago, gutxiago, amak ere bai. Berak bakarrik ikusten ditu arrainak? Lanbroa? Gaixorik dago bera ere? Zer gaixotasun modu da hori? Zer dauka buruan? Asko ugaldu dira arrainak orain, esango luke hamabost baino gehiago direla gela osoan.
Amak esaten du aita almazenetik eraman zutela, osabak ezetz, kalean zegoela, edo dendako atean, han harrapatu zutela. Amak almazenera sartu zirela esaten du beti, almazena, almazena. Nik ez nien esan, nik ez nien guztia esan. Esango diozu amari? Hona ez da etortzen...
Rosa ahalegina egiten ari da orain arrainei ez begiratzeko, larrituta dago, larritu egin dute, ez du burua galdu nahi... Ahizparen ezpainetan jarri du arreta, ahizpak esaten dituen hitzetan kontzentratu da, arrainei ez begiratzeko, laranja bizi hori ez ikusteko.
Rosa eta ahizparen aurpegien artean pasatu dira bi arrain ordea, hirugarrena. Rosak zentimetro eskasera ikusi ditu, ezin izan du ezer egin, ezin izan du begirada apartatu, ez du astirik izan. Larritasunak gainezka egin dio, ezin du arnasa natural hartu.
Hori dio amak, almazenarena, handik eraman zutela aita... Zer dira arrain hauek, Rosa? Nondik sartu dira?