Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
zuricheko ipuina
Suitzako lehena
Egurra eta soka
Neba-arrebak inoiz ez dira urkatuak ikustera joan. Badakite jende asko biltzen dela urkatuak daudenean, ikuskizun handia dela, leku guztietako merkatariak hurbiltzen direla, diru eta pertsona asko mugitzen dituela. Inoiz urkamendia bera ikustera heldu dira, exekuzioa eta egun batzuetara, ez baitute egurra egun batzuk geroagora arte kentzen. Urkatuak ordu batzuk baino ez dituzte zintzilik uzten, biharamunera arte asko jota, baina urkamendia bera, egurra, zenbait egunez uzten dute dagoen moduan.
Ezagutzen duten gizon bat urkatuko dute iluntzean, horregatik erabaki dute neba-arrebek joatea. Nebak eskatu zion arrebari, biek ezagutzen zutelako gizona... Ondoko etxean bizi izan zen umetan, makina bat ordu egin zuten elkarrekin, jolasean, animaliekin, baina mutilak hamalau urte zituela alde egin zuen familiak. Horregatik harritu zen arreba, umetatik ez zuen gizon hura ikusi, auskalo zer izango zen orain, nolakoa, urkatu egingo zuten, jainkoarren. Konbentzitu egin zuen nebak azkenean... Oinez egingo dute bidea baserritik, hamalau kilometro baino ez dago. Inoiz ez dute elkarrekin horren bide luzerik egin.
Lehen zatia, hiruzpalau kilometro, kosta partetik egingo dute, ekialderantz, baina momentu jakin batean mendi aldera sartu beharko dute. Arrebak zorro txiki bat darama, arropa gehiagorekin, jatekoarekin; nebak oinetako batzuk baino ez, euritarako, lepo inguruan lotuta. Izan ere, goizetik dago zerua pisu, kargarekin, argia ilun. Oraindik ez du tantarik bota, baina neba-arrebak gora begira doaz. Haizeari ere erreparatzen dio arrebak, hezeari; etxeko abereen azaletan ere igartzen da hori. Bidea luzea da euritan egiteko.
Bidearen lehenengo zatia ezaguna da, askotan egin dute, abereekin, aitarekin herrira... Harri bakoitza ezagutzen dute, zuhaitz bakoitza. Bakarrik ere egiten dute hamasei urte egin zituztenetik: herriraino joaten ziren, medikuaren etxeraino, badira urte batzuk...
Herrira heldu baino apur bat lehenago aitortu dio nebak gaur urkatuko duten gizona gehiagotan ikusi duela berak, familiak ondoko etxetik alde egin ostean ere harekin egon dela, hiru aldiz, lau, eta kontatu izan diola zertan dabilen... Egunen batean urkatu egingo zutela ere kontatu izan dio, harrapatzen bazuten. Gauza da mundu guztia harrapatzen dutela, horretan dabiltzan guztiak harrapatzen dituztela, ez duela inork urte asko egiten... Horregatik nahi du gaur urkatuko duten gizona ikusi, bizirik azken aldiz, nola urkatuko duten, nolakoa den soka, hori guztia ikusi nahi du.
Urrunetik hiru gizon ikusi dituzte euren bide berean, kontrako noranzkoan. Distantzia horretan arropak egin zaizkie arraro neba-arrebei, ez dirudite ingurukoak, ilea ere oso beltza dute. Hurreratu ahala, ohartu dira azala beltzaranagoa dutela, begitarte iluna. Arrebak zimikoa sentitu du sabelean, beldurra izatera heldu ez dena, neba ondoan daukalako.
Neba-arreben parera heldu direnean, gelditu egin dira hiru gizonak. Ahotsa loratuz agurtu dituzte, adeitsu ere esango luke arrebak, eta Galiziara doazela esan die batek, oso erromantze berezian, Santuaren hilobia ikustera.
— Esango diguzue, gizona, emakumea: bide egokia al da hau?
— Bai.
Erantzun dio nebak behar baino arinago. Galizia oso urrun egiten zaio, oinez, baina handik behar du, mendebaldera. Zuzen begiratzen dio gizonari, beste zerbait galdetuko ote dion. Azentuari ez dio oraindik antzeman... Arreba ere hari begira dago, lasaiago orain: adina ez daukate gizonek min ematekoa, gorpuzkera ere ez, nebaren aldean ezer gutxi. Berriro hitz egin du gizonak:
— Hemen ingurukoak zarete?
— Bai. Zuek?
— Armeniarrak.
Elkarri begiratu diote neba-arrebek. Armenia non dagoen, zer den, ez zuten esaten asmatuko, begiratuan igarri zaie. Arrebak ez du armeniarrik ezagutzen, behin edo behin entzun du izena, gutxitan... Jakin-mina piztu zaio beldurra erabat joan zaionean. Galdetu egin die:
— Eta handik zatozte orain?
— Ez: Zipretik.
Beste izen arrotz bat, lekutakoa. Arrebak gauza gehiago galdetu nahiko lizkieke, eurekin hizketan egon, tarte batez behintzat, baina ez daki zer esan, zer galdetu, nondik jo. Kanpotarrak mugitzen hasi dira gainera, hitzik esan ez duten biak batez ere, bide bazterretik, aurrera egin nahi balute bezala. Horregatik hartu dute ezustekoa gizonak berriro hitz egin dienean:
— Eta zuek, gizona, emakumea, nora zoazte?
— Urkatuak ikustera.
Erantzun du nebak lehen bezain arin. Kanpotarrak harritu dira orain, elkarri begiratu, hitz egiten ez duenetako batek sabelera eraman du eskua, min itxurak egin ditu, tripak nahasita dituela ematen du.
— Pertsonak urkatzen dituzue hemen orduan?
— Guk ez dugu inor urkatzen.
Arrebak esango luke erantzunaren zakarrarekin apur bat atzera egin duela kanpotarrak. Burua makurtu du orduan, agur moduko bat entseatu, gizona, emakumea, bere hizkera berezian, eta gurutzearen seinalea egin du airean eskuaz. Eskerrak eman die gero bidea erakusteagatik eta barkamena eskatu, traba egin badiete. Nebak esan du ez dela trabarik eta arrebak zorte ona opa izan die, ez zitezen eurengandik haserre aldendu.
Kanpotarrak bistatik desagertu arte atzera begira joan da neba, badaezpada ere. Zerbait ikusi dio begiradan armeniar bati, hitz egin ez duenetako bati. Hala azaldu dio arrebari, ez zaiola fidatzekoa iruditu; arreba ez dago ados.
Tanta batzuk bota ditu orduan, baina segundo eskasetan atertu du, ilea bustitzera ere ez dira heldu. Neba-arrebek lasaiago hartu dute arnasa.
Kosta uzteko puntua heldu da halako batean, mendi aldera sartzekoa. Lehen metroak izan dira gogorrenak, ohitu egin zaie arnasa gero, hankak ere bai. Euri giroa den arren, sargori puntua ere bada sasiak haizea eteten duenean, izerdian nabaritu dute.
Ehun bat metro aurrerago, soilune batean, zuhaitz maskal batzuen ondoan, lagun talde bat ikusi dute, eserita; ematen du bazkaltzen ari direla. Bost direla iruditu zaio arrebari eta hurreratu ahala egiaztatu du.
Eguerdia uste baino lehenago pasatu zaiela ohartu dira neba-arrebak, eurek ere jan beharko dute zerbait. Mokadua apur bat aurrerago hartzea erabakiko zuketen, beste soilune batean, beste zuhaitz batzuen ondoan, baldin eta lagun talde horretako gizonetako batek energia bereziz agurtu izan ez balitu, taldearekin gelditzera ia behartuz. Gazta zati bat eskaini dio nebari, beste zati bat hasi da ebakitzen arrebarentzat. Esertzeko leku bana erakutsi die. Ezin izan dute ezetz esan, jateko ugari daukatela ikusi dute. Arrebak ogi zati bat atera du erdi lotsaz, kaparen gainean jarri du, eta lagun taldeko batzuek burua mugitu dute eskerrak adierazteko. Gehien hitz egiten duenak gehiegi hitz egiten duela iruditu zaie neba-arrebei, baina ez du ematen ingurukoa denik; hizkera, ordea, ez dauka oso urrunekoa.
— Senar-emazteak? Seme-alabarik bai?
— Neba-arrebak.
— Ingurukoak?
— Bai.
Isildu egin da une batez. Sakonago begiratu die neba-arrebei, neurtu nahi balitu bezala. Ematen du zehatzago kalkulatu nahi duela nongoak diren. Neba-arrebak baino urte batzuk zaharragoa da gizona, zati bat; baliteke gurasoak ezagutzea.
— Euria dakar. Euria dakarrela jakin beharko zenukete.
— Badakigu.
— Oso urrun zoazte? Oso urrun nahi duzue joan?
— Urkatuak ikustera.
— Gu biok ere bai —bere ondoan dagoen gizona seinalatu du—. Hauek ez dakigu.
Beste hiru gizonei begiratu diete neba-arrebek, ez doaz elkarrekin beraz. Orain ulertu dute: gehien hitz egiten duena eta laguna izan daitezke ingurukoak, baina beste hirurak nekez. Hobeto erreparatu diete, arropei, aurpegierei, keinuei, jateko modua ere berezia da. Ez du ematen bertako hizkuntza ulertzen dutenik ere.
— Juduak dira.
Esan du gehien hitz egiten duenak inork galdetu gabe. Neba-arreben zalantzak asmatu dituela ematen du. Azaldu du eurek esan dietela juduak direla, erdi alemanez, erdi frantsesez, hori ulertu dutela. Nora doazen ere esan omen diete, baina hori ez dute hain argi ulertu. Kapa gainean dauden jaki gehienak juduenak dira, intxaurrak izan ezik.
Ahalik eta arinen jatea eta handik berehala altxatzea erabaki dute neba-arrebek. Izan ere, arrebak behintzat, ez du gehiegi hitz egiten duen horrekin gainerako bidea egin nahi, urkatuak ikusterainokoa. Eskerrak eman eta, elkarri ezer esan gabe, zutunik jarri dira neba-arrebak. Ogia beste jakiekin batera utzi du arrebak, kapa gainean, ez du berriro zorrora sartu.
Juduak apur bat harritu dira neba-arrebak horren gutxi janda zutundu direnean. Elkarri begiratu diote, jateari utzita; bidaideei begiratu diete gero, gauza handirik ulertzen ez dutela adierazi nahi dute.
— Bazoazte? Hain gutxi janda? —galdetu du gehiegi hitz egiten duenak juduen ordez—. Joan behar duzuela uste duzue?
— Bai.
Esan du nebak beti bezain arin. Azalpen moduko bat ematen ahalegindu da arreba, baina erdizka utzi du, eten egin da, ez du gauza handirik esan. Juduetako batek orduan, zutunik eta ulertu ez duten zerbait esanez, gazta oso bat eman die neba-arrebei.
— Biderako.
Itzuli du gehiegi hitz egiten duenak, juduarena ulertu ez badu ere. Aztoratu egin dira neba-arrebak, ez dakite zer esan, eskerrak eman nahi dizkiete frantsesez. Ematen du juduek ulertu egin dutela. Zorroan sartu du arrebak eta, handia izan ez arren, pisua nabaritu du sorbaldan. Bidean gora egin dute gero.
Hiru kilometro aurrerago hasi da benetako euria, goizetik espero zutena. Tanta lodiekin hasi da, berehala busti dizkie arropak, ilea, uste baino deserosoago doaz hasieratik bertatik. Nebak zulo bat ezagutzen du handik hurbil, bidetik apur bat apartatuta, leize txiki bat, leizea izatera ere heltzen ez dena. Arrebak non dauden ere ez luke zehatz esango, are gutxiago euria hasi denez geroztik. Zentzumenak lausotu dizkio euriak, deserosotasunak. Ez da lehenago paraje hauetatik gehiegi ere ibili gainera, ez neba bezainbeste.
Zuloa bilatzera abiatu dira, baina bide batzuk lokazten hasita daude. Nekeza da zenbait tartetan aurrera egitea, sasia ere sarriagoa baita, azken euri horri esker hazi izan balitz bezala. Nebak gogoratu baino urrunago egon da zuloa... Euriak nahastu du bera ere nonbait, baina, topatu dutenean, konturatu dira leku egokia dela atertu arte itxaroteko, ez dela euri hondakinik ere sartzen, ez duela inongo itoginik.
Hotzik ez dago behintzat udaren hondar honetan, eta arropak astiro baina lehortzen ari zaizkiela sumatu dute neba-arrebek. Iruditzen zaie etorri behar duen aterrunea ordu batzuetakoa bada, arropak guztiz siku dituztela helduko direla urkatuak ikustera. Nebak oinetakoak aldatu ditu zuloan bertan; arrebak ez ditu arropak guztiz atertu arte aldatu nahi. Une batzuetan ez du ematen zaparrada horren itxia denik, baina eteteko asko falta duela iruditzen zaie.
Zuloaren babesean daudela, ez dute gehiegi hitz egin neba-arrebek, baina une jakin batean ohartu dira bertan askoz denbora gehiago emanez gero, ez direla urkatuak ikustera helduko, erabaki bat hartu behar dutela, aurrera ala atzera. Jakaren barruko poltsikotik ordenagailu txikia atera du arrebak orduan eta trenen ordutegia kontsultatu du. Herrira hogeita bost minututan ailegatzen badira, eta laurdenetakoa har dezakete. Gehiago pentsatu barik abiatu dira, arreba aurretik, neba atzetik.
Ozta-ozta heldu dira eta laurdenetako trenera. Eskerrak hainbat minututako atzerapena ekarri duen, bestela alferrik izango zuten lokatz arteko presazko martxa hori. Guztiarekin ere, oinez baino askozaz lehenago helduko dira orain urkamendira.
Bero handia dago tren barruan. Neba-arrebek ez dute orain arropen hezetasuna hainbeste nabaritzen. Igartzen da treneko bidaiari gehienak urkatuak ikustera doazela. Bidaia bera, askotan egin izan dute, ordu erdikoa baino ez da, gutxiago beharbada, nahiz eta geldialdi ugari egin. Urkamendia zenbat eta hurbilago, argiago daukate hara doazela trenean sartzen diren gehienak, larunbata baita, ordu ezohikoa, ez da trenean hainbeste jende egoten bestela. Bakan batzuk baino ez doaz aurpegi neutroarekin, gainontzekoak aldarte piztuan datozela esango luke arrebak.
Tren-geltokitik urkamendiko egurra jarri duten lekuraino tarte handi samarra daukate neba-arrebek, eskerrak ateri dagoen orain. Taldean egin dute bidea, trenean etorri diren gehienekin. Urkamenditik nahiko urrun ikusi dituzte merkatarien lehenengo postuak, batez ere jatekoak saltzen dituztenetakoak. Exekuzio-tokira hurreratu ahala, ikaragarri ugaldu dira salmentan ari direnak, bizimodua ateratzeko beste modurik ez balego bezala. Nebak erloju merke bat erosi die, arrebak begiratu ere ez du egin nahi.
Urrunetik ikusi dute urkamendiko egurra, plazaren beste aldean. Aurrekoetan baino inpresio handiagoa hartu du arrebak, egur horrekin, harako eskailerekin... Eraikitzeko modua askotan ikusi duen arren, handiagoa iruditu zaio hau. Plazaren hasieran, kale-aho guztietan, segurtasun kontrolak daude, eskanerrak, arkuak, poliziak... Oinetakoak kendu behar izan dituzte, zoru bustian ortozik itxaron, jakak eta zorroak eskanerretik pasatu, poltsikoak hustu... Ordenagailu txikia ere kendu diete, baina polizia-puntuan berreskuratu ahal izango dute gero, urkatuak sokatik jaitsi eta gordetzen dituztenean.
Exekuzio-eremura goizegi sartu direla ulertu dute orain, berrogeita hamar minutu falta direla. Arrebak unean-unean dauka nahasiago sabela, damutzen hasi da. Urkamendiaren esparruan bertan, hurbilegi ere bai, salmenta postuak daude, jatekoak gehienak, guztiak ez badira; lekuz kanpo iruditu zaizkio arrebari. Hala ere, infusio bat hartu du, tripa barruak baretu nahi ditu.
Urkatuak ikusteko lehenengo ilarak hartuta daude dagoeneko, denbora falta den arren. Ematen du orduak eman dituztela lehen lerrokoek han. Poztu egin da arreba, ez zuelako aurrean nahi, baina ondo ezagutzen du neba, ahalik eta hurbilen jarriko zen hura ahal izanez gero... Infusioa lar bero dago eta goiko ezpaina erre dio.
Urkamendian bost soka daude, bost korapilo. Arrebak ez daki banaka-banaka urkatuko dituzten ala bostak batera, inoiz ez baitu ikusi, ez baitiote kontatu. Nahiago luke bostak batera balira, segundo bat eta bakarrean, minutu batean dena amaituta, eta handik alde egin. Plaza horretatik alde egiteko gero eta beharrizan larriagoa dauka, beharrizan fisikoa ia. Botaka egitea kostatzen zaio, izan ere oso gutxitan egin izan du bizitzan, baina gazta likidoa sentitzen du eztarrian, eztarria baino apur bat beherago. Neba lasai dagoela iruditzen zaio.
Urkatuko dituztenak igo dituzte urkamendira halako batean, eta bi baino ez dira. Ez du ulertzen arrebak: ez banaka, ez guztiak batera... Binaka orduan? Eta soberakoa? Lehenengo bi eta hiru gero? Zorabiatzen hasi da, berdin dio, berdin dio zenbat, berdin dio nola, amaitzea nahi du, handik aldendu nahi du... Nebarengandik hurbilago jarri da, burua nebaren besapea ukitzen ia. Aurrekoen oinetakoei begiratu die zati batez.
Euren txikitako auzoa da urkamendian dauden bietako bat. Berehala ezagutu du arrebak, nahiz eta ilea luzeagoa izan, bizarra aurpegian. Bestela ez zaio ezelango keinu berezirik antzematen, ematen du askotan aurreikusi duela egoera hori, bere burua egoera horretan. Lehen ere nahiko lehorra zen, neba-arrebek ezagutu zutenean, mutikotan. Urkatuko duten besteari gehiago igartzen zaio larria, ospela. Inork ez luke esango kideak izan direnik, antzeko gauzetan ibili direnik...
Arrebak imajinatu baino askozaz azkarragoa izan da dena, inongo zeremoniarik gabekoa. Inork ez du hitz bakar bat ere esan, ez borreroak, ez urkatuek, ez agintariek... Ez diote jendeari abisurik eman nahi, urkatuekin nahikoa dela iruditzen zaie. Segundoak baino ez beraz; berehala amaitu dira gorputzen balantzak, berehala geratu da urkamendia mugimendurik gabe.
Arrebak sumatu du ikusleek ez dakitela orain zer egin, zer gertatuko den. Ez dute urkatzeko preso gehiago ekarri, jendeak ez daki hortaz norentzat diren beste hiru sokak, beste hiru korapiloak, dena dago geldi. Urkamendira begira dago mundu guztia, lepoak luzatzen dituzte, borreroari adi, zaindariei adi, inor ez da mugitzen. Amaitu ote den galdetu dio arrebak bere buruari.
Hasieran jendea ez da ohartu, ordea, ikusleen artean hasi dela mugimendua orain, polizia batzuk sartu direla jende artera, errespetuz baina nolabait bultzaka ere bai. Hirunaka doaz poliziak, eta ikusleetako batzuk korrika hasi dira plazaren irteeretarantz. Kontroletako poliziek harrapatu dituzte gehienak, baina itzuri egin zaizkie zenbait, ezin izan dute guztiekin.
Arrebak ez daki zer egin behar duen, zer ari den gertatzen, normala ote den... Inoiz ez da exekuzio batean egon, inork ez dio kontatu. Ezkerretara begiratu du orduan, atzera ere bai. Gizon bat ari da nebaren ondoan beso altxatua mugitzen; zapi beltz bati eragiten dio airean. Lerro batzuk atzerago beste zapi beltz bat ikusi du airean... Ez daki zer ari diren, zer esan nahi duten.
Hiruko polizia talde bat heldu da eurak dauden lekura orduan. Agenteetako bat neba-arreben artean jarri da eta nebaren besapeari heldu dio. Arrebak imajinatu du beste aldeko agenteak ere heldu diola nebaren beste besoari. Hirugarren poliziak bidea egin du jende artean atxilotu berria pasarazi ahal izateko. Nebaren aurpegiari begiratu dio arrebak zerbait ulertu nahian; lasai dago. “Aitak badaki” esan dio nebak.
Urkamendira igo dute neba, norabide guztietan ostikoak jotzen dituen beste batekin batera, harik eta hankak lotu dizkioten arte; tatarrez eraman dute gero urkamendiraino. Hirugarren urkagaiak alde egin ahal izan duela entzun du arrebak apur bat atzerago.
Aurrekoak bezain arin urkatu dituzte hauek biak ere, zeremoniarik gabe, espanturik gabe. Ikusleak plazatik aldentzen hasi dira, orain bai, orain badakite amaitu egin dela, ez dela horren ostean beste ezer egongo, ezin dela egon.
Arreba bakarrik geratu da plazan, harrizko zutabe baten kontra, belauniko, begiak oso zabalik, lurrera begira. Jarrera horretan hilekoa sentitu du oso argi, espero zuena baino bederatzi egun lehenago.